Iragarkia
128. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
334/2016 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, diru-laguntzetarako deialdia onesten duena suhiltzaile boluntarioen udal elkartea izan eta, haren funtzionamenduan laguntzeko, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu duten Nafarroako udalentzat.
Irailaren 9ko 16ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateak babes zibilaren arloan eta larrialdien kudeaketaren arloan dituen zerbitzuak kudeatzea.
Bestalde, udalak dira larrialdi egoera bati aurre egiteko oinarrizko eta lehen instantzia. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 27. artikuluak aitortzen die udalei babes zibilaren udal egitura bat sortzeko ahalmena.
2016ko maiatzaren 18an sinatu zen lankidetzarako esparru-hitzarmena Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren eta Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalen artean, babes zibileko gaiari buruz suhiltzaile boluntarioen taldeentzat. Horren bidez, larrialdiak kudeatzeko sistema publikoan sartu ziren eta aukera eman zitzaien babes zibilaren eta larrialdietako arretaren eremuan mugitzeko, eta ekintza koordinatu baterako jarraibideak ezartzeko. Horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartzen du parkeen jardueretarako diru-laguntzak emateko.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluak ezartzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra, eta xedatzen du diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri beharko dituela eta horiek argitaratu beharko direla. Horrela, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratu ahalko dituzte eta bermatuko dira publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak.
Horrenbestez, espedienteko txostenak ikusirik, eta Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatuaren aldeko txostena badelarik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Suhiltzaile boluntarioen udal elkartea duten Nafarroako udalentzako diru-laguntzetarako deialdia onestea, 2016. urtean haren funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.
2. Guztira, 191.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:
–119.000,00 euro, 2016ko aurrekontuko “Udalentzako diru-laguntza, suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 4609 134200 kontu-sailaren kargura, suhiltzaile boluntarioen parkeetako gastu orokorretarako.
–72.000,00 euro, 2016ko aurrekontuko “Udalentzako diru-laguntza, suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 7609 134200 kontu-sailaren kargura, suhiltzaile boluntarioen parkeetako inbertsioen gastuetarako.
3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluarekin bat.
5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari, Boluntarioen Bulegoari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialari.
Iruñean, 2016ko ekainaren 17an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea eta helburua.
2016. urtean suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamenduan laguntzeko Barne Zuzendaritza Nagusiak emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea du xede deialdiak, alderdiek 2016ko maiatzaren 18ko esparru-hitzarmenean adostutakoaren arabera.
Babes Zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Hortik diru-laguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala izatea helburu.
Suhiltzaile boluntarioen elkarteak zein bere udal esparruan eta ondoko ingurune geografikoan aritzen dira, eta, elkarrekin adostuta, beste eremu batzuetan aritzeko ere ematen ahal zaie abisua.
2. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa izanen da (2016ko aurrekontuko kontu-sailen arabera):
–119.000,00 euro, gastu arruntetarako, “Udalentzako diru-laguntza (gastu arruntak), suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 4609 134200 kontu-sailaren kargura.
–72.000,00 euro, inbertsioetarako, “Udalentzako diru-laguntza (inbertsioak), suhiltzaile boluntarioentzat” izeneko 054000 02800 7609 134200 kontu-sailaren kargura.
3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Suhiltzaile boluntarioen udal elkarte bat izan eta babes zibilaren arloan Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu duten Nafarroako udalak izaten ahal dira laguntza hauen onuradunak.
Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
4. Eskabideen aurkezpena eta eskatzen den dokumentazioa.
Udaleko idazkari edo esku-hartzaile lanetan ari den pertsonak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, herriko alkatetza duenak ikus-onetsita daudela, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduaren arabera; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.
Laguntza eskabideak 20 egun balioduneko epean aurkeztuko dira, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan edo Nafarroako Gobernuaren web orrialdearen bidez http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1.
Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora (Agoitz kalea, 35 bis; 31004 Iruña) igorri beharko dira.
Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda, lege beraren 42. artikuluan ezarritako moduan.
5. Diru-laguntza jaso dezakeen gastua.
Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteen funtzionamendurako eta haien parke, ekipamendu eta ibilgailuen mantentze-lanetarako behar denari esaten zaio diru-laguntza jaso dezakeen gastua, eta zehazki:
–Funtzionamendu gastu orokorrak:
- Suhiltzaile boluntarioen udal elkarteko kideen eta ibilgailuen aseguruak.
- Ibilgailu bereziak gidatzeko baimenak lortzeko gastuak.
- Langileen ekipamendua.
- Suteen aurkako ordezko material xehea.
- Ura eta hondakinak, elektrizitatea, gasa.
- Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet.
- Material xehea, osasun arloko materiala.
- Esku hartzeko ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
- Beste ekipamendu batzuen (bulegokoak...) eta instalazioen konponketa.
- Eraikinen konponketa.
- Bulegoko material suntsigarria.
- Esku-hartzeetarako material suntsigarria: apar-hautsa, sepiolita, koipegabetzailea, eta abar.
- Langile boluntarioen prestakuntza.
- Maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko behar diren inbertsioak:
- Parkeko eraikinetako obrak, hura aldatzen dutenak, fatxadak barne, proiektu teknikoa behar dutenak.
- Material inbentariagarria erostea larrialdietarako.
- Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, larrialdietan esku hartzeko.
Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Diru-laguntzaren xedetik propio baztertzen dira gastu hauek:
–Parkeko behar operatiboei ez dagozkienak.
–Zehaztugabeko gastuak.
–Maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.
6. Balorazio irizpideak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak irizpide hauen arabera emanen dira, eta ordena honetan (kontu-sailetako zenbatekoak zer ordenatan emanen diren zehazten du, eta haietan zer geldintzen den, haren banaketa):
–Pertsona eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko diru-laguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako boluntarioen segurtasunerako.
–Larrialdietako ibilgailuak eta suhiltzaileenak eramateko berariazko gidabaimenak: ibilgailu berezi bakoitzeko 5 gidabaimen beharrezko dira. Beraz, %100eko diru-laguntza izanen da gidabaimen kopuru hori parke bakoitzean lortzeko.
–Segurtasunerako eta funtzionamendu egokirako nahitaezko elementuak: %100eko diru-laguntza izanen da horiek erosteko parke bakoitzean gutxieneko bat izan dadin, taula honen arabera.
PARKE BAKOITZEAN | GUTXIENEZ IZAN BEHAR DIREN ELEMENTUAK |
Arnasketa Autonomoko Ekipoak | Arnasketa Autonomoko 6 ekipo eta 10 botila (ordezko 4) |
Esku-argiak | Boluntario bakoitzak bana (kaskoetan itsatsi daitezkeenak barne) |
Emisorak (Talkiak) | Bi boluntariok bat (gehienez: parke bakoitzean 8) |
Norberaren Babes Ekipoak | Boluntario bakoitzak bana |
GPSak | 3 parkeko |
–Jantziak, norberaren ekipoa eta esku hartzeko berariazko materiala: eskatutako materialak %100eko diru-laguntza izanen du, baldin eta 7. atalean aurreikusitako batzorde teknikoak hala irizten badio, bestela parkearen funtzionamendua bertan behera geldituko litzatekeelako.
–Obrak eraikinetan edo ibilgailuak, motorrak, eta motoponpak eta bestelako ekipamendu inbentariagarria erostea, larrialdietan esku hartzeko: eskatutako materialak %100eko diru-laguntza izanen du, baldin eta 7. atalean aurreikusitako batzorde teknikoak hala irizten badio, bestela parkearen funtzionamendua bertan behera geldituko litzatekeelako.
–Beste inbertsio batzuk (nahitaezkoak ez direnak): inbertsioen kontu-sailean gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute diru-laguntza, aurkeztutako eskaeren proportzioan (aurreko ataletan sartutakoak kenduta, horiek %100 laguntzen baitira).
–Gastu arruntak, ibilgailu, anbulantzia eta beste ekipamenduekin lotuak (erregaia, IAT, konponketak eta mantentze-lanak, oxigenoa, osasun materiala, bide-sariak, eta abar); anoetako gastuak, maniobretan sortuak eta esku-hartzeetan eta prestakuntzan: gastu arrunten kontu-sailean gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute diru-laguntza, kontzeptu horietarako aurkeztutako aurrekontuen proportzioan.
–Nahitaezkoak ez diren gidabaimenak, jantziak eta ekipamendu ez-inbentariagarria lortzea (beraz, aurreko ataletan sartu ez direnak): gastu arrunten kontu-sailean gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute diru-laguntza, kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren proportzioan (aurreko ataletan sartutakoak kenduta, horiek %100 laguntzen baitira).
–Beste gastu arrunt batzuk (telefonia, Internet, argindarra, gasa, bulegoko materiala, eta abar): gastu arrunten kontu-sailean gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute diru-laguntza, kontzeptu horietarako aurkeztutako aurrekontuen proportzioan.
Udalek aurkezten duten eskaeran, argi eta garbi azalduko dira behar beharrezko gastuak, banaketa ezartzeko:
–Kopurua:
- Boluntario aktiboak.
- Gidabaimen bereziak.
- AAEak eta botilak.
- Esku-argiak.
- Emisorak (Talkiak).
- NBEak.
- GPSak.
–Aurreikusitako aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztuta:
- Aseguruak (pertsonak eta ibilgailuak).
- Gidabaimen bereziak lortzea (eta horien kopurua).
- Jantziak eta ekipamendua eta berariazko materiala (zehatz-mehatz).
- Obrak eraikinetan, eta ibilgailuak eta ekipoak erostea (eta horien deskribapena).
- Gastu arruntak, ibilgailu, anbulantzia eta beste ekipamenduekin lotuak, anoak eta abar.
- Beste gastu arrunt batzuk.
Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira. Gastu arrunten sail bakoitzak ezin du gainditu aurreko urtean egindakoaren %10.
7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, erosketa edo obra eskaera bakoitza egoki argudiatu behar da.
7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.
Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna laguntzak emateko prozedura instruituko duena.
Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskabideak:
–Epaimahaiburua: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.
–Mahaikidea: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.
–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.
Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.
6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den diru-laguntza osoa udal bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100 diru-laguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontutik desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea da beti lehenbiziko, aurrekontukoaren aldean.
8. Diru-laguntza emateko ebazpena.
Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira diru-laguntzak, eta hartan diru-laguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, diru-laguntzen helburua eta zenbatekoa agertuko dira, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Deialdi honi buruzko edozein komunikazio Babes Zibilerako Zerbitzuko Erregistroaren bitartez bideratuko da (Agoitz kalea, 35 bis; 31004 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinen bitartez.
9. Onuradunen betebeharrak.
I.–Diru-laguntza jasotzen duten udalek honako betebehar hauek izanen dituzte:
–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak eguneratuak izatea. Betebeharrak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea Nafarroako Zerga Ogasunaren sistemak kontsultatzeko, inguruabar horiek egiazta ditzaten.
–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpen proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatea.
–Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuta izatea, legeriak eskatutako moduan.
–Deialdi honen barreneko xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.
–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.
–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.
–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.
II.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo urte horretan gauzaturiko aurrekontua.
b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute ebazpen honen V. eranskineko eredua erabiliz:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kideen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.
Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetze kasuetan, onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
III.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, Udalak betebehar hauek ditu:
–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.
–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.
–Diruz laguntzen den jarduera esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.
–Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.
–2016ko urriaren 31 baino lehen obrak eraikinetan edo ibilgailuak eta material inbentariagarria erostea, 6. oinarrian zehaztu dena “%100eko diru-laguntza izan dezakeena” bezala.
–Gidabaimen berezia lortzeko diru-laguntza eman zaion boluntarioari eskatzea sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa.
–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
Oinarri hauetan propio jasotakoez gain, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak Udalaren betebeharrak dira.
10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.
Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da diru-laguntza, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2016ko azaroaren 5a baino lehen, ordaintzeko eskaerarekin batera:
–Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria.
–Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta diru-laguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, idazkariak/kontu-hartzaileak sinatua eta alkatearen ikus-onespena duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako formatuan, lagungarria izanen baita ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko.
–Jatorrizko fakturak. Behar bezala konpultsatutako haien kopiak ere aurkeztuko dira. Jatorrizkoei zigilua jarriko zaie, diruz lagundu direla dioena eta udalari itzuliko zaizkio. Kopia konpultsatuak espedientean geldituko dira.
–Egindako gastu bakoitzaren frogagiria edo haien fotokopia konpultsatuak.
–Egindako gastuaren erabilera eraginkorra bermatzeko, gidabaimen berezia lortzeko diru-laguntza eman zaion boluntarioari eskatuko zaio sina dezala udalarekin 4 urtez, gutxienez, irauteko konpromisoa eta taldeko jardueretan parte hartzekoa; konpromiso hori gastuen justifikazioan sartuko da.
Lehen bi ataletako dokumentazioa formatu elektronikoan ere aurkeztuko da, Worden eta Excelen. Fakturen zerrendak zehatz-mehatz jarraituko die 6. oinarrian definitutako blokeei. Fakturak eta ordainagiriak aipatu zerrendaren ordena berean aurkeztuko dira.
Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, zerrendek eta deskribapen laukiek lagunduta. Azken ordainketa doitzeko izanen da eta baldintza horretan eskatzen diren gainerako dokumentuak bilduko ditu.
Diru-laguntzak badu aldi bat. Ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik onartzen dira 2015eko azken bi hilabeteetako gastuak, lehenago ez badira diruz lagundu; aldiz, 2016ko azarokoak eta abendukoak hurrengo ekitaldiko deialdian aurkez daitezke.
Erosketak eta obrak urriaren 31 baino lehen bukatu behar dira, azken ordainketarako, urtea bukatu baino lehen frogak aurkeztu eta kitatu ahal daitezen.
Erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan egindako berariazko gastuak, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Hornitzailearen kontu orokorren kasuan, udalak egiaztatuko du ibilgailu horiei dagokien zatia. Orobat, egiaztatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa, eta abar) diruz laguntzeko sailekoak direla.
Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Udalaren gastuak eta zerbitzuak biltzen dituzten fakturen kasuan, boluntario unitate bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da.
11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.
Diruz laguntzen ahal diren kontzeptuak zehaztuta daude 6. oinarriaren arabera. Hortaz, diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik ez da sortuko. Eskaeran adierazitako kontzeptuak urtean zehar aldatu nahi badira, udalak kontzeptu horiek aldatzeko edo gehitzeko eskatu beharko du arrazoitutako idazki batean, eta kudeaketa-unitatearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa horiek onartzea edo ez.
11. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.
Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Laguntzen zenbatekoa, bakarka edo beste diru-laguntza batzuekin batera, ezin izanen da inoiz garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa izan. Horregatik, onuradunak ekitaldi honetan onartutako diru-laguntzen aitorpena aurkeztu beharko du, bidezko egiaztapenak egin daitezen.
12. Finantzaketaren publizitatea.
Egiten den edozein iragarki edo publizitate dela eta, elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela aipatuko da.
Jarduerarako ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia zabalduko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.
13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.
14. Diru-laguntzen araubide orokorra.
Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta, zein den xedea, haren arabera aplikatu beharreko gainerako arauak aplikatuko dira.
15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Oinarri hauek administratiboak dira; beraz, haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
ERANSKINAK
I. eranskina.–Eskabide eredua.
II. eranskina.–Suhiltzaile boluntarioen parkeari buruzko 6. oinarrian eskatzen diren datuak.
III. eranskina.–Suhiltzaile boluntarioen parkea osatzen duten pertsonen zerrenda.
IV. eranskina.–Suhiltzaile boluntarioen parkeak dituen ibilgailuen zerrenda.
V. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpenaren eredua.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1608093
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
