1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
89/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi eta horiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren. Eredu horiek erabiliko dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.
Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren bidez, 210 eredua onetsi zen, hau da, establezimendu iraunkorrik gabe Nafarroako lurraldean errentak lortu eta ez-egoiliarren errentaren zerga dela-eta zergadunek erabiltzen dutena haiek aitortzeko eta dagokien autolikidazioa egiteko.
Aipatu foru aginduaren 9. artikuluak zerga aurkezteko eta ordaintzeko tokia ezartzen du, eta adierazten, aitorpenaren emaitza negatiboa bada, zergadunek aipatuko dutela zer kontu zenbakitara itzuli behar den transferentzia; kontu horrek, oro har, Espainian irekita egon beharko du Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein entitate laguntzailetan.
Dena dela, gehitzen du Espainiako lurraldean kokatuta dagoen entitate laguntzaile batean konturik irekita ez dagoenean, inguruabar hori adierazten ahalko dela, eta idazki bat gehituko zaiola aitorpenari Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko zuzendari kudeatzailearentzat, hark, hura aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, dagokion itzulketa egiteko agindua eman dezan.
Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren Estatutuen (abuztuaren 2ko 135/2015 Foru Dekretuak onetsiak) 43.etik 48.era arteko artikuluek Diru-bilketa Zerbitzuak garatuko dituen eginkizunak adierazten dituzte, bai eta zein diren haren menpeko Atalak ere; gainera, haren eginkizuntzat ezartzen du bidezko diren tributuak eta, zein den kasua, bidegabeko diru-sarrerak, ofizioz itzultzeko prozesuen kudeaketa, kontrola eta exekuzio materiala.
Bidezko da, hortaz, ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren lehen aipatu 9. artikuluaren testua aldatzea, haren edukia erakunde autonomoaren Estatutuetan ezarritakoari egokitzearren, eraginkorragoa izan dadin dirua itzultzeko ezarria den prozedura.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluaren arabera, Foru Komunitateko Administrazioak du eskumena establezimendu iraunkorrik gabe Nafarroan lortzen diren errentak aitortu eta ordaintzeko ereduak onesteko, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren arloan.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren titularrak arauzko agintea erabiliko du zerga arloan, legezko eta erregelamenduzko arauak betearazi eta aplikatzeko.
Horregatik, aurreko xedapenetan ezarritakoaren indarrez,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzea; izan ere, foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onesten dira, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen. Eredu horiek erabiliko dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.
Bat.–Testu berria ezarri zaio ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren 9.2 a) artikuluari, eta eduki hau du:
“a) 210 ereduko aitorpen-likidazioa aurkezteko garaian, zerga zorraren diru-sarrera eginen da edo autolikidazioaren ondoriozko itzulketa eskatuko da.
Diru-sarrera egin beharreko aitorpenen kasuan, Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein finantza entitate laguntzaileren bidez eginen da diru-sarrera, 773 ereduko ordainketa gutuna erabilita. Telematika bidez, Internet baliatuz, aurkezten diren aitorpenetan aurreikusita dago telematika bidez ordaintzeko aukera.
Autolikidazioaren emaitza itzuli beharreko kopuru bat denean, itzulketa eskatzeko erabiliko da aitorpena, IBAN kodea adierazita, transferentzia zer kontutara egin behar den jakiteko. Banku entitateak kontuaren eta titularraren datuak ziurtatu beharko ditu. Aitorpena aurkezten duen zergadunak edo erantzule solidarioak edo atxikitzaileak edo ordezkariak izan beharko du banku kontuaren titularra.
Aldi berean erantzule solidarioa edo atxikitzailea ez den zergadunaren ordezkaria titular duen kontu batean itzultzeko eskatzen denean, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan egiaztatuta egon beharko du ordezkaritzak, eta hori egiaztatzen duen dokumentuan klausula bat beharko da, ahalmena ematen diona zergadunaren aldeko itzulketa jasotzeko.
Ordezkari batek, atxikitzaile batek edo erantzule solidario batek aitorpena aurkezten duenean ere hala adierazita egoten ahalko da, zergadunaren banku-kontu batean itzulketa egiteko; betiere, Espainian irekita egon beharko du.
Aurreko lerroaldeetan xedatutakoa galarazi gabe, Espainiako lurraldean kokatuta dagoen entitate laguntzaile batean konturik irekita ez dagoenean, inguruabar hori adierazten ahalko da, Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoko Diru-bilketa Zerbitzuaren titularrarentzako idazki bat aitorpenari gehituta, hark, hura aztertu eta bidezko egiaztapenak egin ondoren, dagokion itzulketa egiteko agindua eman dezan.”
Bi.–210 eta 211 ereduetako jarraibide berriak.
Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean, argitaratuta daudenek ordezten dituzte ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan ageri diren 210 eta 211 ereduen jarraibideak.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Foru agindu honek indarra hartzen duenetik, indarrik gabe utzi dira, 214 ereduari dagokionez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abuztuaren 7ko 154/1998 Foru Agindua eta azaroaren 9ko 278/2001 Foru Agindua; lehendabizikoaren bidez, arauak eman ziren pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, sozietateen gainekoa eta ondarearen gainekoa, betebehar errealagatik sorraraziak, aitortzeko, bai eta entitate ez-egoiliarren ondasun higiezinen gaineko karga berezia aitortzeko ere; bestetik, merkataritza zikloa ixten ez duten eragiketak dituzten establezimendu iraunkorren gastuen portzentajea zehazten da, atzerriko monetan egindako ordainketak Espainiako monetan adierazteko araua ezartzen eta lotura pertsonala egiaztatzeko ziurtagiria arautzen; bigarren foru aginduaren bidez, F-67, F-69, J-10, J-20, J-30, CAT-06, CAT-08, FR-2, 038, 181, 182, 190, 199, 211, 212, 213, 214, 308, 309, 318, 319, 345, 480, 565, 600, 605, 610, 620 eta 630 ereduak, eurotan emanak, onesten dira.
Azken xedapenetan lehena.–Helbideratu daitezkeen ereduak.
Kendu egiten da 210 eredua Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean helbideratu daitezkeen artean ageri diren ereduetatik; foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 20an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1606346