34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, Diseinuko Goi mailako Eskoletako aukerako irakasgaiak prestatzeko prozedura arautzen duten jarraibideak onesten dituena, baita Nafarroako Foru Komunitatean, behar bezala baimenduta, irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe pribatuetakoak ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako diseinuko goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak 7.1.c artikuluan xedatzen du ikasleen prestakuntza eguneratu, osatu edo handitzeko helburua duten edukiak garatzen dituzten aukerako irakasgaiak ezartzen ahalko direla.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan ezartzen ditu diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean. Diseinuko goi mailako ikasketak, espezialitate guztietan, osatzen dituzten lau kurtsoetako bakoitzerako ikasketa planean ezartzen diren 240 ECTS kredituetatik, 24 aukerako irakasgaiei dagozkiela xedatzen du 3.2.c artikuluan.

Foru agindu horren 3.3 artikuluak ezartzen duenez, ikastetxeek beraiek prestatuko dute beren aukerako irakasgaiak eskaintzeko proposamena, Hezkuntza Departamentuak horren gainean ematen dituen jarraibideen arabera.

Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak txostena aurkeztu du, Diseinuko Goi mailako Eskoletako aukerako irakasgaiak prestatzeko prozedura arautuko duten jarraibideak onestearen alde, baita Nafarroako Foru Komunitatean irakaskuntza horiek emateko behar bezala baimenduta dauden ikastetxe pribatuetakoak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean heldu diren jarraibideak onestea, haiei egokitu beharko baitzaizkie Diseinuko Goi mailako Eskolak eta irakaskuntza horiek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, behar bezala baimenduta, ematen dituzten ikastetxe pribatuak, aukerako irakasgaiak prestatzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3.º Ebazpen hau eta eranskina honako hauei igortzea, behar dituzten ondorioak izan ditzaten: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Unibertsitateen, Kalitatearen eta Prestakuntzaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 26an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

ERANSKINA

Diseinuko goi mailako ikasketetako aukerako irakasgaiak prestatzeko prozedura arautzen duten jarraibideak

I.–Maiatzaren 1a baino lehen, ikastetxeko zuzendariak aukerako irakasgaien zerrenda bat proposatuko dio Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariari, hurrengo dokumentuekin batera: irakasgaiaren izen osoa, esleituta dituen ECTS kredituak eta gaitasunak, edukien eta ebaluatzeko irizpideen deskripzioa, astebeterako aurreikusitako irakastorduak eta irakasgaiaren justifikazio pedagogikoa, onartua izateko.

II.–Aukerako irakasgaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaintzen diren espezialitate(ar)ekin zerikusia izan beharko dute, eta gainerako irakasgaien aldean desberdinak izan.

b) Gutxienez ere, 4 ECTS kreditu esleituta izan beharko dituzte eta 6 gehienez ere.

III.–Jasotako dokumentaziotik abiatuta, alde batetik, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuak eta, bestetik, ikastetxeko ikuskatzaileak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia dutela, bakoitzak bere balorazio txostena emanen du, zeinek bere eskumenaren eremuan.

IV.–Matrikulatzeko epea hasi baino lehen, Hezkuntza Departamentuak baimena emanen du, bidezkoa bada, eskatutako aukerako irakasgaiak emateko.

V.–Irakaskuntza horiek emateko baimenduta dauden ikastetxeetan, ikastetxeak diseinatutako aukerako irakasgaia onartutakoan, hura hiru urtez gutxienez eskainiko da. Epe hori bukatutakoan, ikastetxeak hura eskaintzen jarraitzen ahalko du, edo beste eskaera bat aurkeztu.

Iragarkiaren kodea: F1501363