34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Aldaketa Eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2014ko irailaren 30ean egin osoko bilkuran, besteak beste erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako udal mugapean “Eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa”.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, 2014ko 207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urriaren 22an.

Jendaurreko aldi hori bukatu ondoan, 2015eko urtarrilaren 27ko osoko bilkuran emandako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsitako testuaren iradokizunak ebatzi dira eta ordenantza horren testua behin betiko onetsi da. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratibo bat baita– ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

ERANSKINA

Aldatutako artikuluen testuak

Ordenantzaren honako artikuluak aldatu dira:

9. artikuluan. Baimena eskatzea.

–a) puntuko lerroaldea aldatu da, honako hau ezabatuz:

“haize-babesen edo bestelako hiri-hornigarrien kasuan”

–b) puntu osoa ezabatu da.

10. artikuluan. Ebazpena.

Bigarren lerroaldea aldatu eta honela gelditu da:

“Eskabidea ordenantza honetan zehaztutako moduan eginik, eta bidezko txosten teknikoak prestaturik, legez ezarritako epeetan emanen da ebazpena. Dokumentazio guztia Udalaren Erregistro Orokorrean aurkezten denetik hasiko da epea kontatzen.”

12. artikuluan. Indarraldia eta berritzea.

Hirugarren lerroaldean, gaztelerazko testuan, “acuerda” beharrean “acuerde” jarri behar du.

Hirugarren lerroaldearen ondotik beste lerroalde bat gehitu da:

“Lizentziak automatikoki berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko non ez den terrazan aldaketarik egin nahi; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoa aplikatuko da eta berriz eskatuko terrazarako baimena”.

Egungo laugarren lerroaldea aldatu da eta idazketa berriarekin bosgarrena izatera pasako da:

“Besterik gabe berritzeko, Udaletik dagokion tasa kobratzeko abisua igorriko da eta ondotik tasa hori kobratuko. Instalazioaren titularraren betebeharra izanen da tasaren ordainketa frogatzea kobraketak helbideratu gabe baditu, bai eta ere aseguru polizaren eta jarduera ekonomikoen zergaren ordainketa eta indarraldia frogatzea. “

Aurrekoaren ondotik beste lerroalde bat gehitu da, testu honekin:

“Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan besterik gabe berrituko da”.

13. artikuluan. Funtzionatzeko aldia.

–Azkeneko bi lerroaldeak ezabatu dira.

17. artikuluan. Hornigarriek bete beharreko baldintzak.

–Bigarren lerroaldean hitz hauek gehitu dira: “upelen, mahai osagarrien eta bankuen”; beraz, atal hori honela gelditu da:

2. Baimenean, ezartzen ahal diren mahaitxoen, mahai eta aulkien, upelen, mahai osagarrien eta bankuen gehieneko kopurua eta gehieneko azalera adieraziko dira; azken hori lehenetsiko da. Ondotik deskribatzen dira mahai eta aulkien gehieneko kopurua kalkulatzeko moduluak, teorian okupatzea dagokien azalera adierazita:

–Bigarren atalean bi puntu gehitu dira, d) eta e), testu hauekin:

d) Upela edo mahai osagarria (0,71 m-ko diametroa).

e) Bankua. Neurriak kasu bakoitzean zehaztuko dira.

–4. atalean, bigarren lerroaldean, testu hau gehitu da: “terrazaren alde guztietan; terraza angeluzuzenen kasuan alde bat behintzat irekita egonen da (ez du kontatzen portxe baten barnealdeak edo eraikin baten albokoak). Terraza ez bada angeluzuzena asimilazioz jokatuko da”; beraz, azkenean honela gelditu da lerroaldea:

“Olanak ere jartzen ahal dira, baina debekatua dago haien ingurua goitik behera ixtea terrazaren alde guztietan; terraza angeluzuzenen kasuan alde bat behintzat irekita egonen da (ez du kontatzen portxe baten barnealdeak edo eraikin baten albokoak). Terraza ez bada angeluzuzena asimilazioz jokatuko da. Haien egituraren gutxieneko altuera 2,20 m-koa izanen da eta gehienekoa, 3,50 m. Olanak zoladuran bermatzen diren sistemen bidez eutsiko dira, baina ez dira inola ere lurzoruari lotuko. Fatxadari lotu nahi bazaizkio, eraikinaren jabeek berariaz emandako baimena izan beharko da. Lurrean bermatutako olanak eremu publikotik kendu beharko dira, sasoia bukatutakoan, kasu guztietan”.

–Aldatu da 4. atalaren laugarren lerroaldearen idazketa, eta honela idatzirik geldituko da:

“Onartuta dago establezimenduaren izena eta logotipoa olana eta eguzkitakoen hegaletan, olanetan haien luzeraren %25 arte eta 0,30 m-ko altuera emanez gehienez ere eta eguzkitakoetan, 0,20 X 0,20 m-koak”.

–Ezabatu egin da 5. atalaren azken zatia; beraz, honela gelditu da testua:

“5. Onartuta dago haize-babesak jartzea, Hirigintzako Zerbitzuen Alorrak ordenantza honek indarra hartu aurretik homologatutako modeloaren araberakoak. Horiek kokatuko dira terrazak oinplanoan hartzen duen poligonoaren aldeetako batean”.

–7. atalean “gasezko” hitza ezabatu da eta atalaren bukaeran esaldi hau gehitu: “Energia aurrezteko berogailuak erabiliko dira batez ere”; beraz, testua honela gelditu da:

“7. Kanpoan berogailuak paratzea ere zilegi da, klimatologiak behartuta terrazen tenperatura egokitzearren. Urteko baimena beharko da. Haien altuera 2,20 m-tik gorakoa izanen da. Energia aurrezteko berogailuak erabiliko dira batez ere.”

18. artikuluan. Alde Zaharreko eta Udaletxeko Plazako hornigarrien baldintza bereziak.

–1. atala aldatu da eta honela gelditu da idatzita: “merkataritzako enpresek propaganda egiteko erabili ohi dituzten horien antzekoak”; beraz, 1. atalaren testua honela gelditu da:

“1. Debekatua dago plastizkoko mahaiak eta plastikozko egitura duten aulkiak jartzea, merkataritzako enpresek propaganda egiteko erabili ohi dituzten horien antzekoak”.

–Ezabatu egin da “okre” hitza 2. eta 3. ataletan.

–3. atalari beste lerroalde bat gehitu zaio, hona haren testua:

“Alde Zaharrean eta Udaletxe Plazan araudi hau aldatu aurretik ezarritako olanak eta eguzkitakoak finkatu ahalko dira Lehenengo Xedapen Iragankorrean ezarritakoari jarraituz”.

Hona hemen 2. eta 3. ataletan aldatutako testua osorik:

“2. Ahal dela, kolore argiak (artile koloreko eskala guztia) eta lauak erabiliko dira. Espres debekatuta daude kolore nahasgabeak (gorria, horia etab.) edo tono nahasgabeetatik hurbil direnak.

3. Eguzkitakoak eta olanak lonazkoak izanen dira edo antzekoak, kolore argi eta lauekoak (artile koloreko eskala guztia). Alde Zaharrean eta Udaletxe Plazan araudi hau aldatu aurretik ezarritako olanak eta eguzkitakoak finkatu ahalko dira Lehenengo Xedapen Iragankorrean ezarritakoari jarraituz”.

–5. atala erantsi da. Hona testua:

“5. Udaletxe Plazan ezartzen diren olan guztiak altuera berdinean jarriko dira”.

20. artikuluan. Terrazak hartu gogo duen eremuko baldintzak.

–1. atala aldatu da; honela gelditu da testua:

1. Eremu publikoan terrazak paratzen direnean, haien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez da oztopo izanen oinezkoendako, ez dio kalterik eginen haien segurtasunari edo ibilgailuenari, ez da traba izanen inguruko finketako atarietatik galtzadara sartu nahi dutenendako, eta ez ditu zailduko legez baimendutako pasabideetako sarrera-irteerak.

Terrazak kokatuko dira haien inguruan oinezkoak aise ibiltzeko maneran, eta ez dira ezarri aurretiko baldintzak okertuko.

Uko eginen zaio instalazioaren eskaerari toki hauetan ezarri gogo bada:

–Galtzadan, aparkalekuan edo lorategian.

–Oinezkoen pasabideetan, seinalatuta egon edo ez, eta elbarrientzako espaloi-janguneetan.

–Lokalaren eta terrazaren artean ibilgailuentzat irekitako galtzada bada eta hartaz arduratzeko galtzada hori zeharkatu behar bada, oinezkoen kaleetan, “bizitegiko kalean”, edo trafiko murriztuko kaleetan izan ezik.

–Bide segurtasunari kalte egiten bazaio (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen badu. Kasu horretan, hori egiaztatzen duen Udaltzaingoaren txostena beharko da nahitaez.

–Eraikinen eta inguruko lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina badu.

–Ekipamendu edo hornigarrien (bankuak, iturriak, telefono kabinak, etab.) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

–Salbuespen gisa, eta beste konponbiderik ez bada, baimendu ahalko da terrazak ibilgailuen aparkalekuetan ezartzea (gehienez ere bi aparkalekuren gainean). Kasu horretan, terrazaren mugetan segurtasuna bermatu beharko da eta irisgarriak izanen dira espaloiaren mailatik. Hirigintza Zerbitzuetako Alorraren eta Udaltzaingoaren aldeko txosten berariazkoak izan beharko dituzte.

–5. atala aldatu da hitz hauek gehituta: “salbu eta trafiko murriztua duten espazioetan”.

21. artikuluan. Okupatzeko moduak.

–1. atalari testu hau gehitu zaio:

“Salbu eta ondokoek fatxadan baorik ez dutenean beheko solairuan. Baimenaren ondotik ondokoek beheko solairuan baoak irekitzen badituzte aurreko salbuespena bukatuko da”.

–4. atalean adierazitako tartea aldatu da eta “2,00 m-koa” izanen da.

–6. puntua aldatu da; hona hemen testua:

Oinezkoen plazak direnean, terraza establezimenduaren fatxadari atxikita kokatzen ahal da, edo haren parean 2 metroko korridorea utzita gutxienez. Lehenbiziko kasuan, terraza establezimenduaren fatxada bezain luze izanen da; bigarrenean, ez ditu eraikinaren fatxadaren mugak gaindituko. Udaletxeko Plazaren kasuan, terraza arkupetik kanpo kokatuko da. Foruen Plazaren kasuan, terrazak kokatuko dira plazaren beraren ezaugarrien arabera, eskatzaileen artean banaketa orekatua eginez eraikin bakoitzaren fatxadaren luzeraren arabera. Luzera hori gainditu ahalko da eta Udalak kasu bakoitzean ezarriko ditu gehieneko neurriak.

Establezimenduak bata bestearen parean badaude, bi terrazen azaleren artean ez da baimendutako gehienekoa gaindituko. Terrazen multzoa homogeneoa izanen da plaza bakoitzean.

22. artikuluan. Azalera, neurriak eta distantziak.

–2. ataleko azken lerroaldean adierazitako tartea aldatu da eta “0,50 m-koa” izanen da.

–4. atala osorik aldatu da eta honela gelditu:

“4. Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera, terraza ezarri ondotik, 1,50 metro librekoa izanen da”.

24. artikuluan. Terrazaren titularraren betebeharrak.

–1. atalari lerroalde bat gehitu zaio, hona haren testua:

“Lizentziaren titularrak terrazaren okupazio eremua eta haren ingurua garbituko ditu egunero”.

–Honako testu hau gehitu da 3. atalaren bukaeran “altzarien kopuruaren eta kokalekuaren planoarekin eta iraungitze datarekin”.

–11. atala gehitu da. Hona testua:

“11. Terrazako altzariak egunero bilduko dira lokaletan edo biltegietan, terrazaren titularrak halakorik badu. Terrazaren titularrak ez badu halako lokalik edo biltegirik, eta hori behar bezala frogatzen bada, altzariak pilatu ahalko dira terraza ezartzeko baimeneko mugen barnean eta betiere, segurtasun, irisgarritasun eta igarotze baldintzak betez. Terraza funtzionamenduan dagoen bitartean, ezin izanen dira inolaz ere eremu publikoan pilatu edo gorde terrazaren elementuak eta altzariak”.

25. artikuluan. Debekuak.

–Lerroalde bat gehitu da 5. atalaren amaieran. Hona hemen:

“Salbuespen gisa, ikuskizun batzuk egin ahalko dira, Udalak ekitaldi bakoitzerako baimena eman ondotik”.

–6. atalaren testua aldatu da. Hona hemen testu berria:

6. Debekatua dago eremu publikoan edariak, elikagaiak edo bestelakoak saltzen dituzten makinak jartzea, baita haurrentzako erakargarriak, erakustaltzariak eta publizitateko kartelak ere, jarduerarekin zerikusirik ez dutenak.

26. artikuluan. Arau-hausteak.

1. atala, “Arau-hauste arintzat hartzen dira” aldatu da, beste puntu bat gehituta:

h) Baimena automatikoki berritzeko dokumentazioa izateko betebeharra ez betetzea.

2. atala, “Arau-hauste larritzat hartzen dira” aldatu da, beste puntu bat gehituta:

k) Terrazak paratzea Udalaren baimenik gabe, edo baimendu ez bezalako toki edo denboraldi batean.

3. atala, “Arau-hauste oso larritzat hartzen dira” aldatu da, b) atala kenduta.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

–Testuari xedapen iragankor bakarra erantsi zaio. Hona hemen:

“Alde Zaharrean eta Udaletxe Plazan ezarritako olanak eta eguzkitakoak, ordenantza honen 18.3 artikuluan aipatzen direnak, finkatu ahalko dira, baldin eta interesdunek eskabidea aurkezten badute haien egungo egoerari buruzko argazkiekin batera, ordenantza honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean. Aldatu beharra dagoen kasuetan, araudian ezarritako kolore eskalako elementuak aukeratu beharko dira eta horretarako, aldez aurretik laginak aurkeztuko dizkiete udal zerbitzuei, haiek onets ditzaten”.

1. ERANSKINA

Haize-babeserako alboko elementu bereizlearen definizioa

2006ko apirilaren 11ko Tokiko Gobernu Batzarrean haize-babesleen definizio hau adostu zen:

Haize-babeserako alboko elementu bereizlea:

–Behealde trinkoa, lorategiekin, 60 cm-koa gehienez.

–Goialdean beira edo elementu gardena, lurretik hasita gehienez ere 2 m-ko garaiera hartzen duena.

–Zabalera, gehienez ere 50-60 cm.

–Kolorea: gris ilunak, Udalak aldez aurretik onetsi beharrekoak.

Tafallan, 2015eko otsailaren 4an.–Alkatea, Cristina Sota Pernaut.

Iragarkiaren kodea: L1502025