34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57E/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Esteribarko udal mugapean Saigosko Gau-Txori hotela eta Guardia Zibilaren etxebizitzak gas naturalarekin hornitzeko sarea handitzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Navarra SA da.

2014ko ekainaren 19an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Jarduketaren xedea da gas naturalarekin hornitzea Saigosko Kontzejuan, zehazki Zubiriko Kontzejuaren banaketa saretik hurbil dauden bezeroei (Guardia Zibilaren kuartela eta Gau Txori hotel-jatetxea).

Hodi nagusiak Zubiriko Kontzejuko Orreaga etorbideko sarean izanen du hasiera, eta Guardia Zibilaren kuartelean (N-135 errepidearen inguruan) eta hotelaren aparkalekuan, berriz, amaiera. Trazadura 354 bat metro luze da, eta inguruko azpiegitura batzuk zeharkatuko ditu, hauek zehazki: Frantziako tokiko errepidea (NA-138), Arga ibaia eta Iruña-Frantzia (Luzaidetik) errepidea (N-135).

Hasieran, Zubiriko hiriguneko sarearekin konektatuko da. Gero, banaketa-sareak (polietilenozko hodi batek) Orreaga etorbidearekin paralelo jarraituko du, eta NA-138 errepidea (Frantziako tokiko errepidea) zeharkatuko du 0+050 kilometro puntuan. NA-138 errepidearen bestaldean, hodiaren adar batek Gau-Txori hotelerantz jarraituko du. Hodi nagusiak Arga ibaian oinezkoentzat dagoen metalezko zubirantz jarraituko du. Altzairuzko hodi bat metalezko euskarriekin finkatuko da eta airean gurutzatuko du zubia. Arga ibaiko zubia gurutzatu ondoren, hodiak NA-135 errepidearekin paralelo jarraituko du 30 metroz, jabari publikoko eremutik kanpo, eta Guardia Zibilaren kuartelaren aparkalekuan amaitu.

Espedientean honako agiri hauek daude: Esteribarko Udalak 2014ko uztailaren 21ean, urriaren 7an eta azaroaren 13an emandako txostenak, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2014ko irailaren 30ean haren alde (zehaztapen batzuekin) emandako txostena, Herri Lanetako zuzendari nagusiak 2014ko irailaren 3an proiektua baimentzeko emandako ebazpena eta Ebroko Ur Konfederazioak 2014ko irailaren 16an emandako baimena.

Esteribarko Udalak txosten batean beharrezkotzat jo du hodiaren trazadura aldatzea, NA-135 eta NA-138 errepideak elkartzen diren puntuan egin nahi den biribilguneak ukipenik izan ez dezan, ezta metalezko zubiak ere (estetikoak azken kasuan).

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak txosten batean adierazi du proiektuaren garapenak ez duela ingurumen ukipen nabarmenik eraginen.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Esteribarko udal mugapean Saigosko Gau-Txori hotela eta Guardia Zibilaren etxebizitzak gas naturalarekin hornitzeko sarea handitzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Navarra SA da.

2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:

Hirigintza arloko edukiak:

–Esteribarko Udalak zainduko du udal-eskumeneko determinazioak bete daitezela, eta, ingurunean integratzeari dagokionez, lurzatiaren ezaugarriak eta bukaerako emaitza behatuko dira.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, enpresa sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eskatu beharko dion baimenean ezartzen diren determinazioak bete beharko dira, NA-135 (Iruña-Frantzia, Luzaidetik) eta NA-138 (Iruña-Frantzia, Aldudetik) errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Gomendatzen da arreta berezia jartzea Arga ibaia zeharkatzen duen zubiaren ondoko hodi tarteei; izan ere, Arga ibaiaren bazterrak ukitzen badira, behar bezala lehengoratuko dira obrak gauzatu ondoren.

–Lurzati pribatuetatik igarotzeari dagokionez, oroitarazten da jabetza eskubidea galarazi gabe ematen dela baimena.

Ingurumen arlokoak:

–Saihestuko da Arga ibaiaren bazterreko landaredia kaltetzea obrak gauzatzean. Ukitutako eremuak lehengoratuko dira ahalik eta hobekien.

–Isurtzen ahal diren materialak ongi zedarritutako eremuetan bilduko dira ustekabeko isurketak ekiditeko baliabideekin. Obra bukatuta, obrako hondakinak kenduko dira eremu osoan. Soberakinak, halakorik izanez gero, hondakin geldoen zabortegi baimendu hurbilenera eramanen dira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Esteribarko Udalari, Aezkoa-Kintoko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 26an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1501437