34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52E/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Tuterako udal mugapean papera fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena ofizioz. Instalazioaren titularrak Papertech SL eta Papertech Energía SL dira.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 21eko 350/07 Foru Aginduaren bidez eman zitzaion, zein Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 196E/2014 Ebazpenak eguneratu baitzuen.

Papertech SLk proposatu zuen instalazioaren hondakin uren tratamendutik datozen lohi biologikoak Udalaren saneamendu kolektorean isurtzea. NILSA sozietate publikoak ontzat eman du proposamen hori, eta baldintza batzuk jarri ditu isurketarako. Bestetik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak uste du aldaketarekin instalazioaren funtzionamendua egokia izanen dela ingurumenaren aldetik, eta aldaketa bat datorrela sektorearen eskura dauden teknika hoberenak aplikatzearekin. Hortaz, bidezkotzat jotzen da instalazioak isurketak egiteko dituen baldintzak aldatzea.

Halaber, hainbat akats antzeman dira maiatzaren 9ko 196E/2014 Ebazpenean, eta beharrekoa da horiek zuzentzea. Batetik, instalazioak hondakinen kudeatzaile izateko baimena duenez, ez da bidezkoa hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa inskribatzea, dagoeneko hondakinen sortzailea bada Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Bestetik, maiatzaren 9ko 196E/2014 Ebazpenaren laugarren puntuan akatsak daude: hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena ematen dira, baina ez da bidezkoa azken hau ematea; horrez gain, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroaren inskripzio kodea ez da zuzena.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuaren) 105. eta 106. artikuluek ezartzen dute Administrazioak bere egintzak alda ditzakeela, aldaketa antolamendu juridikoaren kontrakoa ez bada.

Horregatik guztiagatik eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Tuterako udal mugapean papera fabrikatzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea ofizioz. Instalazioaren titularrak Papertech SL eta Papertech Energía SL dira. Aldaketak ebazpen honen eranskinean zehazten dira, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak maiatzaren 9an emandako 196E/2014 Ebazpenaren eranskinetan ezarritako funtzionamendu-baldintzei dagozkie. Ebazpen horren bidez, instalazioaren ingurumen baimen integratua eguneratu zen.

Bigarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratua eguneratu zuen maiatzaren 9ko 196E/2014 Ebazpena aldatzea, atzemandako akatsak zuzentzeko, ebazpen honen II. eranskineko zuzenketen arabera.

Hirugarrena.–Papertech SL eta Papertech Energía SL, instalazio osorako balio duen Ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Papertech SLri, Tuterako Udalari, NILSAri eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 26an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1501443