34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Aldaketa xehakatua, Arau Subsidiarioetako Hirigintzako Araudi Orokorrean. Behin betiko onespena

Osoko bilkurak, 2015eko urtarrilaren 29an hartutako erabakiaren bitartez, behin betiko onetsi zuen Esteribarko Arau Subsidiarioetako Hirigintzako Araudi Orokorreko aldaketa xehakatua, 19, 20, 21, 22 eta 29. artikuluetan. Hortaz, argitara ematen da haren araudia, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70. artikuluan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Esteribarren, 2015eko otsailaren 9an.–Alkatea, José Luis Larrainzar Eugui.

ALDAKETA, HIRIGINTZAKO ARAUDI OROKORREAN

19. artikulua. Erabilera motak.

Arau hauen ondorioetarako eta mendeko planeamenduaren bidez garatzeko, erabilera mota hauek ezarri dira:

1. Antolamenduaren xedeetarako duten egokitasunaren arabera:

–Aurreikusia: Bera garatzeko hautatutako erabilera da.

–Nahitaezkoa: Aurreikusiari nahitaez erantsi behar zaion erabilera da.

–Toleratua: Aurrekoekin batera gara daiteke, baina erabilera aurreikusia gainditu gabe.

–Debekatuak: Bateraezina delakoan eragozten den erabilera da.

2. Esleipen mailaren arabera:

–Orokorra.

–Xehakatua.

–Zehaztuak.

3. Funtzioaren arabera:

–Bizitegia.

Bizitegitarako dira pertsonen ohiko bizileku izateko balio duten eraikinak.

Mota hauek bereizten dira:

–Familia bakarreko etxebizitza bakartua.

–Binakako etxebizitza.

–Etxebizitza kolektiboa.

Industria.

Industria erraten zaio produktuak prestatu, eraldatu eta konpontzeko helburua duen eraikinari.

Merkataritza eta hirugarren sektorea.

Merkataritza eraikina esaten zaio jendeari zerbitzuak ematea helburu duenari.

Honako hauetarako izaten ahal da:

–Txikizkako merkataritza.

–Bulegoak.

–Ostalaritza.

Biltegiratzea.

Biltegia erraten zaio gorde eta kontserbatu nahi diren materialak edo saldu nahi direnak pilatzeko erabiltzen den eraikinari.

Honako hauetarako izaten ahal da:

–Biltegia.

–Jarduerari lotutako biltegia.

Abeltzaintza.

Abeltzaintza erabilera da gizakiak abereak haztea, haien produktuak eta azpiproduktuak lortzeko.

Mota hauek ezarri dira:

–Etxeko ukuiluak: gehienez ere ondoko abelburu kopurua duten abeltegiak.

  • 2 behi edo zaldi.
  • 2 zerrama ugalketarako.
  • Gizentzeko 3 zerri.
  • 5 ardi edo ahuntz.
  • 5 untxi eme.
  • 12 hegazti.
  • 4 zakur.

Etxeko ukuiluek baino abelburu gehiago dituzten ustiategiak.

Nekazaritza.

Nekazaritza erabilera da gizakiak nekazaritza laboreak haztea, haien produktuak eta azpiproduktuak lortzeko.

Ekipamenduak.

Ekipamendutarako da herritarrak hezkuntza, kultur aberastasuna, osasuna eta ongizatea lortzeko ekipamenduaz hornitzeko balio duen erabilera.

Honako hauetarako izaten ahal da:

–Eskola ekipamendua.

–Kirola.

–Erlijio ekipamendua.

–Laguntza.

–Administrazioa.

–Kultur eta josteta ekipamendua.

Komunikazioak.

Bide sareari dagokio, eta galtzadak eta aparkatzeko eremuak biltzen ditu.

Espazio libreak.

Oinezkoendako ibilbildeak osatzen dituzten espazio libreen eta berdeguneen sarea.

Azpiegiturak eta hiri zerbitzuak.

Saneamendu sareak, ur hornidurarenak, argindar, telefono eta gas sareek eta gainerako hiri zerbitzuek ukitzen dituzten lurrak.

Goiko zerrendako “Komunikazioak” eta “Espazio libreak” erabilerak honela agertzen dira, hurrenez hurren, erabilera xehakatuen planoan: “Bide sarea eta espazio libreak” eta “Parkea eta berdegunea”.

Erabilera horien diseinua orientagarria da, espaloi, aparkaleku, bide, zuhaitz, berdegune eta plazen definizioari dagokionez.

Diseinu hori unitate bakoitzeko urbanizazio obren proiektuetan doitzen ahalko da.

20. artikulua. Erabilera orokorren esleipena.

Artikulu hori ezabatu egin da.

21. artikulua. Erabileren egokitasun taula.

–Bizitegiak.

Erabilera orokorra

Bizitegiak

Erabilera aurreikusia

Bizitegia

Nahitaezko erabilera

Aparkalekua

Erabilera toleratuak

Merkataritza

Ekipamendua

Biltegiak, lantegiak eta industriak < 400 m²

Etxeko ukuiluak

Erabilera debekatuak

Bizitegitarako erabilera, eraikin osagarri bakartuan

Bizitegitarako erabilera, goiko pisuari lotu gabeko estalkipean

Biltegiak, lantegiak eta industriak > 400 m²

Gainerako guztiak

Artikulu honen aplikazio eremuan ibarreko herrigune guztiak sartzen dira, Ollokiko AR-1 eremua izan ezik, horretan berariazko araudia aplikatuko baita.

22. artikulua. Sistema orokorrak.

Lurraldearen egitura orokor eta organikoa zehazten duten elementuak dira, lehendik daudenak nahiz arau hauetan proiektatuak. Haien helburua da planeamenduan komunikazioez, espazio libreez, zerbitzuez eta komunitate-ekipamenduez ezarritako aurreikuspenak egituratzea. Ondokoak dira:

–Komunikazioen sistema orokorra.

–Azpiegituren sistema orokorra.

–Komunitate ekipamenduen sistema orokorra.

–Espazio libreen sistema orokorra.

29. artikulua. Lurzoruaren araubidea aldatzea.

Hirigintzako arau hauen 21. artikuluko egokitasun taularen bidez arautuko da erabilera xehakatuen aldaketa edo egungo eraikuntzaren xehetasuna, hirigintzako prozeduraren gaineko ordenantzan kasu bakoitzerako aurreikusitako tramiteari jarraituz.

Katalogoan sartu gabeko egungo eraikinen bolumen baldintzak aldatzeko, xehetasun azterlan bat tramitatu beharko da aldez aurretik.

Oinarrizko unitateetan sartutako eraikuntzarako, gehienekotzat joko dira bolumen baldintzak (okupazioa, lerrokadura, altuera eta solairu kopurua), eta zilegi izanen da fatxadak atzera eramatea, haien luzera osoan eginez gero; orobat, zilegi da solairu gutxiago egitea. Etxebizitza beheko solairuan badago, sarrera eremu publikotik izanen du.

Jasotzen ez diren gainerako aldaketak onesteko, xehetasun azterlana tramitatu beharko da; haren esparrua lurzatia izanen da, oinarrizko unitateetarako, eta unitatea, jarduketa unitateetarako.

Jarduketa unitateetan sartzen ez den lurzoru librea oin berriko eraikuntzarekin okupatzeko, xehetasun azterlana tramitatu beharko da; haren esparrua lurzatia izanen da, oinarrizko unitateetarako, eta unitatea, jarduketa unitateetarako.

Jarduketa unitateetan sartzen ez den lurzoru librea oin berriko eraikuntzarekin okupatzeko, xehetasun azterlana tramitatu beharko da, muga hauek kontuan hartuz:

–Lerrokadurak ofizialak izanen dira, aldameneko eraikinekiko tartean izan ezik, han gehieneko lerrokadura 6 metrora kokatuko baita eta 8 metrora, tartean bidea baldin badago.

–Sestra gainean eraikitako azaleraren gehieneko eraikigarritasuna, lurzatiaren azalera bakoitzeko, 0,7 m²/m² izanen da, etxebizitza bakarreko edo biko eraikin bakarrean.

–Lurzatiaren mugaren eta bidearen ardatzetik 3 metrora dagoen paraleloaren arteko lur zerrenda lagako da.

–Lurzoru mota honetan banantzerik egiten bada, bermatu beharko da banandutako lurzatiak orube bilaka daitezkeela.

–Hiri lurzoruan gutxieneko lurzatia 300 m²-koa izanen da.

–Ez da bananketarik baimenduko, 300 m² baino gutxiagokoak badira.

Finken itxiturak opakuak izanen dira 1 m-ra arte gehienez. Bistako harlangaitzez egindako fabrika-hormatxoarekin eraikiko dira. Ezin izanen da lurzatiaren perimetro osoa itxi; eraikinaren fatxada nagusia espazio publikoaren gainean geldituko da eta bertatik izanen du eraikinak sarrera nagusia.

Araudi honetako 39-4 artikuluaren azken lerroaldean jasotzen den industria erabilerako lurzoru generikoaren partzelazio kasuetan, Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala tramitatuko da. Udalari unitatearen aprobetxamenduaren %15 zor izanen zaio, kargetatik libre.

Jarduketa unitateetatik kanpo utzitako lurzatiak banandu baino lehen, hirigintza antolamenduko tresna tramitatu beharko da, bide publikoen lerrokadura ofizial berriak eta eskuratzeko sistema zehaztuko dituena.

Iragarkiaren kodea: L1502214