34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21E/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Olaztiko udal mugapean teleaginteko ebakitze zentroaren eta “Altsasu-Gamarra 2” lineatik hura elikatzeko erdi tentsioko 30 kV-eko linea elektrikoen proiekturako. Iberdrola DESAUk sustatu du.

2014ko urriaren 24an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago (Energia-instalazioak). Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketan honako hauek instalatuko dira: lur gaineko ebakitze zentro aurrefabrikatu bat Olaztiko 3. poligonoko 3.079. lurzatian; zirkuitu bikoitzeko aireko linea bat, 15 metrokoa, 3.038. lurzatiko 9 euskarritik 3.079. lurzatiko 00.01 euskarri berriraino (euskarri berri hau konektatuta dago zirkuitu bikoitzeko lurpeko 70 metroko linea berri batekin, 00.01 euskarritik ebakitze zentroraino); lurpeko linea bat, 170 metrokoa, lurzoru urbanizagarrian eginen den 79 euskarritik ebakitze zentroraino; aireko linea bat, 79 euskarritik zementu enpresaren instalazioetan (hiri lurzoruan) dagoen 78 euskarriraino (“Altsasu-Gamarra 2” 30 kV-eko aireko tentsio erdiko linea bukatzen da hor).

Aurkeztu den ingurumen ukipenen azterlanean egokiro deskribatzen dira ingurunean espero diren ukipenak eta aurreikusitako neurri zuzentzaileak.

Proiektuak ez du ukitzen “Urbasa-Andia” Batasunaren Garrantzizko Lekua, 2 kilometrora baitago, baina badu abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzekoa den eremu bat. Dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren.

Lineak Olaztiko zementu fabrikatik hurbil dauden alorrak ukituko ditu, baita fabrikaren instalazioetako lurzati batzuk ere. Arakil ibaia gurutzatuko du, eta lurzartien arteko makal lerro batzuk ukituko ditu, baina ez Arakil ibaiaren bazterretako zuhaixkak (ibaia aireko linearekin gurutzatzen den puntuan).

Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin bat, basa-hegaztiak babesteko neurriak agertzen dira: metro batetik gorako U120AB132 motako isolagailuak erabiltzea lotzeko euskarri berrietan; U70AB30 motakoak esekidura euskarrietan; tentsioa duten elementuen arteko tarteak ezartzea; maniobratzeko edo babesteko elementuak izatea; hegaztiak babesteko balizak instalatzea Arakil ibaia gurutzatzen duen baoan. Hegaztiak babesteko, 78 euskarria babesteko sistema aldatuko da, aireko linea berria horrekin konektatuko baita.

Espedientean Olaztiko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Olaztiko udal mugapean teleaginteko ebakitze zentroaren eta “Altsasu-Gamarra 2” lineatik hura elikatzeko erdi tentsioko 30 kV-eko linea elektrikoen proiekturako. Iberdrola DESAUk sustatu du.

2. Baimen hau lortzeko, hegaztiak linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak (aurkeztutako dokumentaziokoak) aplikatu beharko dira, bereziki hauek:

–Balizak jartzea Arakil ibaiaren gainetik, 78 eta 79 euskarrien artean, doan aireko baoan.

–78 euskarriko gurutzetako isogailuak kendu eta U120AB132 motakoak edo antzekoak jartzea, gurutzetaren eta tentsioa duten elementuen artean gutxienez metro bat isolatuz.

–Euskarri edo gurutzeta berrietan isolagailuak, tentsioa duten elementuak, eroaleak eta abar instalatzean, proiektu honetarako 2015eko urtarrileko ingurumen ukipenen azterlanean (ingurumen ukipenetarako baimen hau tramitatzeko aurkeztua) agertzen diren jarraibide teknikoak eta zehaztapenak bete behar dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Olaztiko Udalari, 4. Basozaintzari (Ultzama-Arakil aldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 26an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1501440