34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Ordenantza, Larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei diru-laguntza zuzenak emateko. Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2014ko abenduaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Agoitzen larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei diru-laguntza zuzenak emateko ordenantza. Horren iragarkia 2014ko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 23an. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan ondotik, bidezko da hura behin betiko onestea eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Agoitzen, 2015eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

ORDENANTZA, AGOITZEN LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI DIRU-LAGUNTZA ZUZENAK ETA GAUZAZKO LAGUNTZAK EMATEKO

1.–Kontzeptua.

Laguntza bereziak larrialdi egoerei aurre egiteko eta/edo diru-sarrerak lortzeko pertsonei edo familiei ematen zaizkien prestazioak dira, horrela funtsezko beharrei erantzun ahal izateko eta gizarte bazterketako egoerak saihestu edo arindu ahal izateko.

Laguntza bereziak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horrexetarako soilik erabiliko dira.

I. KAPITULUA

Diru-laguntzak

2.–Familiendako diru-laguntzen helburua.

Laguntza hauen bidez ekonomikoki laguntzeko tresnak sortu nahi dira, Itzagako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lan profesionalaren osagarri, Agoitzen bizi diren familientzat, betiere, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.

Laguntza hauen bidez krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.

Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako diru-esleipenik dagoen bitartean. Urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren halako hiru izanen da gehienez.

3.–Laguntzen xedea eta helburuak.

3.1. Xedea.

Udalak, erantzukizun sozialez jokatuz, berariazko tresna bat sortu nahi du beharra dutenei eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenei laguntzeko, gainerako gizarte laguntzei modu osagarrian aplikatuz.

3.2. Helburuak.

–Egoera desberdinen ondorioz diruaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premien betetzea bermatu nahi da, egoera horiek gizarte bazterketa ekartzen baitute.

–Gutxiengoetako edo kultur talde desberdinduetako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.

–Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea.

–Beregaintasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.

4.–Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak, bateragarritasuna eta gehieneko zenbatekoak.

Ondotik zehazten diren arloetan sartzen dira diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak:

4.1. Ohiko etxebizitzaren mantentzearekin ikusteko dutenak.

4.1.1. Errentamendu zorrak. Denbora aldetik, gehienez ere hiru hilabeteko laguntza emanen da, guztira 450,00 euro egiten duena gehienez.

4.1.2. Komunitate, ur, argi eta gas arloko zor orokorrak, eta gehienez ere hiru faktura argiarenak (100,00 euro) eta gasarenak (200,00 euro), zorraren faktura aitzinetik aurkeztuta.

4.1.3. Zorrak, ohiko etxebizitza eskuratzeko maileguen amortizazioengatik eta interesengatik.

4.1.4. Etxebizitzako zerbitzuen hornidura kontratatzeko altaren ondoriozko gastuak.

4.1.5. Utzarazpenaren ondoren etxebizitza aldatzearen ondoriozko gastuak, batetik bertzera igarotzea errazteko. Fidantzaren kontzeptua hartuko da kontuan eta gehienez ere alokairuko 2 hileko, eta gehienez ere 450,00 euro kontzeptu bakoitzeko.

Zor mota hauek ordaintzera bideratutako laguntzak gehienez ere urte bateko 3 hileko ordaintzeko izanen dira.

4.2 Oinarrizko premiak asetzeko diru faltarekin ikusteko dutenak.

4.2.1. Bertzelako bizitokien aukera (larrialdi egoerak berarekin dakarrenean ohiko etxebizitzatik berehala irtetea, utzarazpena, edo larrialdi egoeran helbide ezagunik ez duenean)...: Apopilo-etxeen, hostalen eta gela partekatuen ordainketa, gehienez ere hiru egunez.

4.2.2. Mantenu gastuak (familia unitateko kideen eguneroko jateko egokiak, higiene produktuak...). Urteko prestazioa gehienez ere hiru hilabetekoa izatera joko da.

BIZIKIDETASUN UNITATEA

EUROAK/HILEAN

Pertsona bat

150

Bi pertsona

200

Hiru pertsona

250

Lau pertsona edo gehiago

300

4.3. Hezkuntzarekin ikusteko duten laguntzak.

Gizarte zerbitzuetako taldeak baloratuko du kontzeptu honengatik laguntzarik eman behar ote zaien honelako egoeretan dauden familiei:

–Eskolatzeko adinean dauden adingabeak dauzkatenak.

–Gizartearen eta familiaren sostengurik ez dutenak, egoerari edo arazoei buru eman ahal izateko.

–Beharrezkotzat jotzea normalizazioa eta sozializazioa erraztea esparru ez arautuan.

–Egokitzat jotzea eskolako esparrutik kanpo prestakuntza osagarria ematea.

–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.

–Nafarroako Gobernuan prestazio hauek, enpresetako gizarte onurak edo bertze batzuk eskatu dituztenak.

Eskatutako kontzeptuaren zenbatekoaren %50 arteko laguntzak emanen dira. Jantokiko kostuetan, tarifa publikoaren kostuaren %50 arteko estaldura aurreikusten da.

4.3.1. Eskolako materialerako eta ekipamendurako laguntzei dagokienez, gehienez ere kopuru hauek izanen dira urtean:

Eskolako materiala:

Haur hezkuntza: 30 euro.

Lehen hezkuntza: 50 euro.

Bigarren hezkuntza: 30 euro.

Arropa/ekipamendua:

Haur eta Lehen Hezkuntza: 60 euro.

Bigarren hezkuntza: 70 euro.

Liburuak eta koadernoak: kostuaren %90 arte. Eskaeren balorazioa egitean kontuan izanen dira kontzeptu horiengatik eskatzen diren bekak.

4.3.2. Laguntzak eskolako nahiz eskolaz kanpoko jardueretarako.

Laguntza hauek emanen dira dagokion teknikariak beharrezkotzat jotzen duenean ikaslearen parte-hartzea, berarekin gauzatzen ari diren planaren parte gisa.

–Eskolako indartze jarduerak.

–Kirol eta/edo arte jarduerak.

–Josteta jarduerak eta aisialdi osasungarrikoak.

Lehentasuna emanen zaio beti Agoizko Udaleko alorrek programatutako jardueretan parte hartzea sustatzeari.

4.4. Osasunarekin ikusteko duten laguntzak.

Gizartearen eta osasunaren ikuspuntutik arazoren bat duten pertsonak gizarteratzeari eta normalizatzeari on egiten dioten laguntzak emanen dira, arazo horrek lanean nahiz gizartean aitzina egitea nekezago bihurtzen badu, horren kostua Nafarroako Gobernuak edo bertze batek bere gain hartzen ez duenean, kasu bakoitzeko planaren arabera.

Gehieneko zenbatekoak.

Laguntzen zenbatekoak, gehienez ere, LGSa halako hiru eginen du, familia-unitate bakoitzeko.

Bateragarritasuna.

Kontzeptuak bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, betiere horien baturak ez badu urteko gehienekoa gainditzen eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badira.

5.–Onuradunak, baldintzak, betebeharrak eta baldintzak frogatzeko modua.

5.1. Onuradunak.

Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia unitateek jaso ditzakete laguntza hauek. Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aitzinetik kontuan hartuko dira bertzelako irizpide teknikoak, prebentzioa, egokitasuna, presa edo gisakoak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriko dituztenak.

5.2. Baldintzak.

5.2.1. Agoizko Udalean erroldatuta daudela frogatzea.

5.2.2. Itzagako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen programaren batean egotea.

5.2.3. Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbertzean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko, hala nola:

–Familiaren etxebizitzatik alde egitea tratu txarrak, banantzeak etab. direla eta.

–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, gaixotasunak, aparteko gastu justifikatuak.

–Krisi ekonomikoa langabezia luzearen eta bertzelako ezegonkortasun ekonomikoen ondorioz, eskaera egiten den unean.

–Bertze prestazio batzuek ekarriko luketen aukera, lana etab. itxaron bitarteko tarteak.

–Bertzelako egoerak, zehazten zailak.

5.2.4. Oinarrizko gizarte zerbitzuak emandako aurrerakinak itzuli gabe ez izatea, itzultzeko epeak jadanik iragan direlarik.

5.3. Onuradunen betebeharrak:

5.3.1. Dagokion teknikariarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Lehentasunez, kontuan hartzen dira bai gizarteratze erabakietan bai kasuko planetan hartutako erabakiak. Jarduera horiek ez betetzeak berarekin dakar emandako laguntza etetea, baita deuseztatzea ere. Hala denean, erabakiak ez betetzeak berarekin ekar dezake zehapenen araubidea abian jartzea (oinarri arautzaileen 11. puntua).

5.3.2. Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla; orobat, diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Itzagako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.

5.3.3. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza (ebazpenak ...). Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

5.3.4. Udalak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

5.3.5. Jasotako laguntzarekin egindako gastua frogatzea, 8.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.4. Betebeharrak frogatzeko moduak.

Aipatutako betebeharrak betetzen direla eta debekurik ez dutela frogatzeko, zortzigarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea.

6.–Gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko.

Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:

–Familia unitatearen hilabeteko baliabide ekonomikoak (hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean jasotakoak) eta horien egonkortasuna, nomina bidez frogatuta (diru-sarrera garbiak hartuko dira kontuan). Kontuan hartuko dira datu ekonomiko hauek: eskaeraren aurreko hiru hilabeteetan familiak izandako diru-sarreren banaz bertzekoa (aplikatzeko barne irizpide gisa utziko da eta ez da ordenantzan agertuko); pentsioak (erretiroa, baliaezintasuna, mantenua...); ondasun higigarrien kapitaleko errentak, indarra duen errenta aitorpenean agertzen direnak (aplikatzeko barne irizpide gisa utziko da eta ez da ordenantzan agertuko).

–Laugarren oinarrian kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoak.

–Eskatutako zenbatekoa.

–Eskatutako kontzeptuagatik diru-laguntza gisa eman daitekeen diru kopuruaren gainean halako ehuneko bat aplikatzearen ondorioa izanen da eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Ehuneko hori lortzeko oinarria izanen da bi hauen arteko zatidura: eskatzailearen eta familia unitateko kideen baliabide ekonomikoak zati familia unitate horren osaera dela-eta legokiokeen gizarteratze errentaren zenbatekoa.

Horri dagokionez eta orokorrean, tarte hauek ezarri dira:

a) Ateratzen den zatidura 1 edo gutxiago baldin bada, aplikatu beharreko ehunekoa %100 izanen da.

b) Zatidura 1 baino gehiago bada eta 2 baino gutxiago, aplikatu beharreko ehunekoa eragiketa honen emaitza izanen da: familia-unitate eskatzailearen kide kopuruari dagokion oinarrizko errenta bider 100 eta zati familia-unitate horren diru-sarrerak.

c) Zatidura 2 baino gehiago bada, laguntza ukatuko da.

7.–Diru-laguntzaren zenbateko egiazkoa.

Urteko laguntzen egiazko zenbatekoak, gehienez ere, LGSa halako hiru eginen du, familia-unitate bakoitzeko.

Kasu partikular bakoitzean aplikatzen ahal den gehieneko zenbatekoa hauen arabera aldatzen ahalko da:

–Aurrekontuetan dagoen dirua.

–Sortutako premiari dagokionez Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten duten balorazioa, bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko duen garrantzia edo haren lehentasuna.

–Zehazten zailak diren larritasun handiko egoerei erantzutea, haurren babesarekin, biziraupeneko egoerekin edo gisakoekin ikusteko dutenak.

8.–Prozedura.

8.1. Eskaerak. Dokumentazioa.

Laguntza hauek eskatzeko, udaletxean aurkeztu beharko da eskabidea.

Aldizkako laguntzen eguneratzeak izan ezik, Mankomunitateko gizarte zerbitzuko gizarte langileek eskaturik kudeatuko da laguntza, izan ere, taldeak egiten duen esku-hartze teknikoaren barnean kokatzen baitira laguntza horiek, laneko oinarrizko tresna gisa. Horregatik, aipatu profesionalekin banan-banan egiten diren elkarrizketen barnean eginen dira eskaerak.

Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

–Eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Familia Liburuaren fotokopia.

–Familia unitatearen urte bereko diru-sarreren frogagiria edo, halakorik ez bada, horren gaineko zinpeko aitorpena. Lehentasunez frogatuko da familia unitateak eskaeraren aurreko hiru hilabeteetan izan duen egoera ekonomikoa.

–Laguntza zer premia oinarrizko eta presakorako eskatzen den, horri loturiko aurrekontuak edo zorraren ziurtagiria.

–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bertzelako agiriak, aitzineko ataletan jaso ez direnak.

–Agoizko Udaleko erroldako eta bizikidetzako agiria.

–Errenta aitorpen indarduna.

–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.

Interesdunak udal erregistroetan aurkeztuko du dokumentazio hori.

Aldez aurretik eskatutako laguntza bat berritu edo eguneratu behar denean, buruz buruko elkarrizketa ez da beharrezkoa izanen, arau orokor gisa. Eskaera berri batekin batera aurkeztu beharko dira, soilik, eskaera berria baloratzeko behar-beharrezkoak diren datu eguneratuak:

–Eskaera data berrian eguneratutako datu ekonomikoak.

–Laguntza zer premia oinarrizko eta presakorako eskatzen den, horri loturiko aurrekontuak edo zorraren frogagiria.

–Familiaren egoerari buruzko bertze datu batzuk, aitzineko eskaerakoak ez direnak (osaera, arazoak etab.).

Dena dela, teknikariek edozein unetan eska dezakete hitzordua familia eskatzailearekin, informazioa biltzeko eta aurkeztutako eskaera eraginkortasun handiagoz aztertzeko.

8.2. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerak aurkezteko epea ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31ra artekoa izanen da (hezkuntzako laguntzetarako ezarri epeak izan ezik), baldin eta aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, organo eskudunak oinarri hauek onetsi eta biharamunetik hasita.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Gizarte Laneko profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu. Itzagako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Oinarrizko gizarte zerbitzuan eskatuko dira.

8.3. Balorazioa, ebazpena, ebazpen epeak eta diru-laguntza ematea.

Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da diru-laguntza.

Ebazpenak administrazio bidea bukatuko du, eta Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko talde teknikoak egindako esleipen proposamenaren ondoren emanen da, eta bertan agertuko da zerrendaturik diru-laguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, ebaluazioa eta hura egiteko balorazioa zein diren zehaztuta.

Laguntza onartzeko ebazpenean honako hauek adieraziko dira: onartutako laguntzaren zenbatekoa eta eskatutako zenbatekoaren aldean egiten duen ehunekoa, salbu eta eskatua diru-laguntzan gehienez ere ematen ahal den zenbatekoa baino gehiago bada, orduan ehunekoa dagokion gehienekoaren aldean ezarriko baita; orobat adieraziko dira laguntza ordaintzeko bidea eta gero etor daitezkeen aldaketak aurkezten diren frogagirien arabera.

Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan ezarritako zenbatekoa.

Diru-laguntza ez da inolaz ere izanen diru-laguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa. Aurreratutako zenbatekoak gastuak baino handiagoak balira, pertsona onuradunak horren gainetik jasotako zenbatekoa itzuli beharko luke.

8.4. Ordainketak eta gastua frogatzea.

Aldeko ebazpena emanik, gehienez ere 15 eguneko epean ordainduko da laguntza, laguntzen berehalakotasuna kontuan harturik. Laguntza eskaeraren egunetik hasita zenbatuko da epea.

Fakturek edo gastuen frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion atala barne, halakorik bada. Orobat, pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriko zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte fakturek edo frogagiriek. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren erregistroan aurkeztu beharko dira, nahitaez.

Onartutako laguntza berezien ordainketa dena batera edo zatika egin daiteke. Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izanen da.

9.–Entitate laguntzaileak.

Laguntza behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, aukera izanen da, salbuespenez, laguntzaren zenbatekoa entitate laguntzaileei ordaintzeko, laguntza hobeki erabili ahal izateko.

Entitate horien laguntza izateko, onuradunaren baimen espresa behar da, laguntzaren dirua entitatearen kontuan sartu ahal izateko.

Halakoetan, entitateek Udalari frogatu beharko diote beren laguntzaren xede den kontzepturako ordainketa egin dutela.

10.–Laguntza bereziak, itzultzeko konpromisoari lotutako aurrerakina.

Kontzeptua: laguntza bereziko modalitatea, baldintza duena onuradunak laguntza horren zati bat edo guztia itzultzea.

Laguntza modalitate hau kudeatuko da kasuan kasuko profesionalaren irizpideari jarraikiz, hezkuntzako tresna gisa, onuradunen normalizazio sozialaren prozesuan, eta bertze diru-sarrera batzuk emateko epeen ondorioak arintzeko neurri gisa.

Prozedura honek xede zehatz bat eduki behar du esku-hartze prozesuan.

Prozedura / baldintzak:

Zenbatekoak:

Beharrezkoa den zenbatekoa izanen da aurkeztutako premiari erantzuteko kuantifikatzen dena. Edonola ere, ordaindu ahal izateko, horretarako egokia den kontsignazioa beharko da aurrekontuan.

Jasotako dirua itzuli beharra:

Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

1.–Justifikatu beharra ez betetzea.

2.–Eskatzen ziren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.

3.–Diru-laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean zantzuek erakusten badute jasotako diru-laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Udalak erabakitzen ahal du fakturak edo zantzu horiek erakusten dituzten agiri baliokideak atxikitzea.

11.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.

c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.

d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.

Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bortz urte arteko epean.

b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bortz urte arteko epean.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izanen dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.

12.–Aurrekontua.

Laguntza berezien zenbatekoa “Laguntza bereziak” izeneko aurrekontu lerroari egotziko zaio, udal aurrekontuetan dagokion kontu-sailean jasotzen baita.

13.–Indargabetzea.

Ordenantza honek indarrik gabe utzi du premia larriko egoeretarako funtseko laguntzen araubidea, egun indarrean dena (2005eko 145. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa).

Agoitzen, 2014ko abenduan.

Iragarkiaren kodea: L1502052