34. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Deialdia, Lorezaintzako eta Agenda 21eko lanpostua aldi baterako kontratuarekin betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez eratzeko. Oinarri arautzaileak

Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburuak, 2015eko otsailaren 5eko ebazpenaren bidez, oinarri hauek onetsi ditu:

OINARRIAK:

1.–Deialdiaren xedea, bete beharreko eginkizunak eta lanpostuaren ezaugarriak.

Deialdi honen xedea da Noain Elortzibarko Udalaren zerbitzuko lorezaintzako enplegatu lanpostua betetzeko izangaien zerrenda eratzea, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioetan oinarritutako hautaproben bidez.

Hautatutako langileek bete beharreko eginkizunek berdeguneen mantentze-lanak dituzte ardatz, eta honako hauek izanen dira batik bat: mantentze-lanak egitea herriko belardietan, zuhaixketan, zuhaitzetan, ureztatze sistemetan eta baso eremuetan.

Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Bi hilabeteko probaldia ezartzen da.

Kontratuaren iraupena deia egiten den unean adieraziko da.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan funtzionarioentzat ezarritako xedapenek arautuko dituzte lanaldia, oporrak, baimenak, lizentziak eta antzinatasuna.

2.–Eratutako zerrendaren indarraldia.

Deialdi honen bidez aldi baterako kontrataziorako eratuko den zerrendak indarra izanen du amaitzen den arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen prozedurak hasi arte edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

Gainerako atzerritarrek legezko bizilekua Espainian eduki behar dute edo, bestela, indarra duen lan baimena.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Erdi mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, lorezaintzako edo basogintzako espezialitatean.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren Estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

f) B mailako gidabaimen indarduna izatea.

Baldintza horiek guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eduki behar dira, eta gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.

4.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Noain Elortzibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Foruen plaza, 3 - 31110 Noain) 09:00etatik 14:00ak bitarte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 20 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute: nortasun agiri nazionalarena, eskatzen den titulazioarena (edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko maneran dela frogatzen duen agiriarena) eta gidabaimenarena, puntu erabilgarrien ziurtagiriarekin batera. Orobat, 5. ordenantza fiskalean ezarritako 14,97 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria.

Minusbaliotasuna duten izangaiek honako hau erantsi beharko diote parte hartzeko eskabideari: minusbaliatu egoera frogatzeko agiria, organo eskudunak luzatua, eta osasun ziurtagiria, horren bidez frogatzeko desgaitasuna ez dela lanpostuko ohiko lana egitea eragotziko dien eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat (II. eranskineko eredua erabiliko da).

Izangai horiek ariketak egiteko epeak eta moduak egokitzeko eskatzen ahalko dute, hala behar izanez gero. Kasu horietan eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna daukaten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

5.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, jendaurrean paratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Noain Elortzibarko Udalaren iragarki oholean eta webgunean (http://www.noain.es).

Bost egun balioduneko epean, iragarkia aipatu tokietan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin edo eskabideko akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

Inor baztertzen ez bada, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, eta zerrenda horretan bertan jarriko dira hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

6.–Behin betiko zerrendak.

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, Noain Elortzibarko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko; hura Noain Elortzibarko Udalaren iragarki oholean eta webgunean (http://www.noain.es) jarriko da jendaurrean, hautapen proba egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Epaimahaia.

7.1.–Osaera:

–Mahaiburua: Sebastián Marco Zaratiegui, Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Miguel Muñoz Murillo, Noain Elortzibarko Udaleko zinegotzia.

–Lehen mahaikidea: Raúl León Goñi, Noain Elortzibarko Udaleko Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko langilea.

Ordezkoa: María José Goienetxe Camino, Noain Elortzibarko Udaleko Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko langilea.

–Bigarren mahaikidea: Silvia Landiribar Rodríguez, Noain Elortzibarko Udaleko Lorezaintza Alorreko eta Agenda 21eko lorezaintzako langilea.

Ordezkoa: Alfredo García Falces Larrañeta, Antsoaingo Udaleko Lorezaintzako arduraduna.

–Hirugarren mahaikidea: Mikel Baztán Carrera, Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Ignacio Zubillaga Eugui, Noain Elortzibarko Udaleko langileen ordezkaria.

–Mahaikide idazkaria: Isabel García Layana, Noain Elortzibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Carlos Revilla Pascual, Noain Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.

7.2.–Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe. Halaber, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, eraketa baliozkoa izan dadin.

7.3.–Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

7.4.–Epaimahaiak aholkularien laguntza eska dezake proba guztietan edo batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7.5.–Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

7.6.–Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

8.–Proben nondik norakoa.

Oposizioak hiru ariketa izanen ditu eta, guztira, 100 puntu.

1. Lehenbizikoa ariketan (40 puntu) “test” motako galdera sorta bat izanen da, berrogei galderaz osatua, bai ezagutza orokorrei buruz bai lanpostuko jardueren inguruko berariazko gaiei buruz, eta erantzunetako bakarra izanen da zuzena.

Proba hori 0tik 40 puntura bitarte kalifikatuko da. Galdera guztiek balio bera izanen dute, eta erantzun okerrengatik %25 kenduko zaio galderaren balioari. Ariketak 60 minutu iraunen du, eta baztertu eginen dira gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

2. Ariketa teoriko-praktikoan bi kasu garatu beharko dituzte izangaiek. Ez da baztertzailea izanen eta, guztira, 20 puntu emanen dira. Kasu bakoitza egiteko 30 minutu izanen dira.

Probak plika bidezko gutun-azal itxien bidez eginen dira, eta gehienez ere 3 eguneko epean argitara emanen dira kalifikazioen zerrenda eta esleitutako plika zenbakia, eta adieraziko da plikak noiz eta non irekiko diren (eguna, ordua eta tokia), hori egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez. Irekitze hori jendaurrean eginen da.

Plikak irekitzeko egintzan berean bigarren ariketaren eguna finkatuko da, eta ariketak berrikusteko epea ezarriko da, horretarako eskaera egiten dutenentzat.

3. Bigarren ariketak 40 puntuko balorazioa izanen du, lanpostuko lanetakoren baten inguruko ariketa praktikoa izanen da eta gehienez ere 30 minutu emanen dira. Izangaien gaitasunak baloratuko ditu epaimahaiak.

Ariketa egin bitartean, epaimahaiko kideek edo teknikari aholkulariek izangaiak egiten ari diren lanari buruzko galderak egin ditzakete, eta horiek ere azken puntuaziorako ebaluatuko dira, egindako lanaren kalitatearekin edo bukatzeko behar izan duten denborarekin batera.

Proba hau baloratzeko, aurreko lerroaldean ezarritakoaz gain, beste kontu batzuk ere aintzat hartuko dira, hala nola sortutako hondakinen tratamendua, garbitasuna eta materialak erabiltzean izaten den ordena eta txukuntasuna, bai eta norberak, “motu propio”, laneko arriskuen prebentziorako neurriak hartzea ere.

Probaren ezaugarrien arabera, epaimahaiak zuzenean deskalifikatzen ahal ditu, eta proba egiten jarraitzea galarazi, ariketa laneko arriskuetatik babesteko gutxieneko neurriak hartu gabe hasten dutenak, beren osotasun fisikoa edo ariketa unean bertan dauden gainerakoena arriskuan jartzen dela eta.

Ariketaren garapena izangai kopuruaren arabera programatuko da.

Lortzen diren azken kalifikazioen hurrenkeran emanen da izangaien zerrenda.

Probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek beren NANa, pasaportea edo AIZ eraman beharko dute, bestela ez baitute proba egiterik izanen.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1.–Ariketak bukaturik, emaitzak jendaurrean jarriko dira Noain Elortzibarko Udalaren iragarki oholean eta http://www.noain.es webgunean, eta probak egin diren tokian.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera jarria, Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, behin betiko onespena eman dadin.

Berdinketa baldin bada, zozketa eginen da izangaien artean.

9.2.–Agiriak aztertu eta ikusten bada izangaiek ez dutela betetzen deialdian ezarritako baldintzetakoren bat, deuseztatu eginen dira haien jarduketak, hasierako eskaeran informazio faltsua emateagatik egozten ahal zaien erantzunbeharra galarazi gabe.

9.3.–Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.4.–Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera; aldez aurretik, Noain Elortzibarko Udalak hautaturiko mediku zerbitzuek bateragarritasunari buruzko adierazpena eginen dute, lanpostuko zeregin eta eginkizunak normal betetzeari dagokionez.

10.–Zerrendaren kudeaketa.

–Behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratu ondoren, dei eginen zaie izangaiei puntuazio hurrenkerari zorrotz jarraituz. Alkatetzaren ardura izanen da zerrenda kudeatzea.

–Hautatutako izangaiek, beste epe bat jarri ezean, kontratua sinatu beharko dute deia jaso eta 5 eguneko epean, eta lan kontratua prestatzeko behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte (NANa, langabeziako txartela, Gizarte Segurantzako txartela); horrekin batera, zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu administrazio publiko bateko inolako kargu edo lanpostutatik, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaituta.

–Eskainitako lanpostu bat betetzeari uko egiten diotenek edo eskatutako agiriak ezarritako epean aurkezten ez dituztenek zerrendetan egoteko eskubidea galduko dute, ezinbesteko arrazoiak frogatzen direnean izan ezik, Alkatetzaren ebazpenaren arabera. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da, besteak beste, deia egiten den unean lanpostu batean aritzea.

–Zerrendatik baztertuko dira, orobat, sinaturiko kontratuan agertzen den egunean lanpostuan hasten ez diren izangaiak, lanpostua beren borondatez uzten dutenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Noain Elortzibarren, 2015eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Sebastián Marco Zaratiegui.

I. ERANSKINA

Izena:

NANa/Nortasun agiria:

Jaioterria:

Nazionalitatea:

Helbidea:

PK / Herria:

Helbide elektronikoa:

Telefono finkoa:

Sakelakoa:

Bestelakorik:

Nire erantzukizunpean honako hau adierazten dut:

–Ez dudala deialdiko lanpostuaren egitekoetan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

–Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Deialdian eskatzen den titulazioa dudala, edo titulazioa izateko baldintzak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean.

–Eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Bidezkoa bada, jarri “x” laukitxoan:

Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana. Eta osasun ziurtagiria aurkezten dut, II. eranskineko ereduaren araberakoa, horren bidez frogatzeko nire desgaitasuna ez dela lanpostuko zereginak ongi betetzea eragotziko lidakeen eritasun edo urritasun fisiko edo psikiko bat.

Eskabideari agiri hauen fotokopia konpultsatuak erantsi dizkiodala:

–Nortasun agiri nazionala.

–Eskatzen den titulazio akademikoa.

–B motako gidabaimena eta puntuen erabilgaitasun ziurtagiria.

14,97 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu dut, 5. ordenantza fiskalean ezarritakoarekin bat.

Horiek horrela, eskatzen dut onar nazazuela Noain Elortzibarko Udalean Lorezaintzako eta Agenda 21eko lanpostua betetzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez eratzeko deialdian (argitara emana ........... (e)ko .......... zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofizialean).

Noain Elortzibarren, 2015eko ........................aren ...........(e)an
(Sinadura)

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betez, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Noain Elortzibarko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Erregistro Orokorrari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu.

II. ERANSKINA

................................................................ jaunak/andreak (medikuaren izena), elkargoko .................... zenbakia, ziurtatzen dut ....................... jaunak/andreak (NANa/AIZ ...........) duen minusbaliotasuna, .................. Ebazpenaren bidez aitortua, ez dela Noain Elortzibarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostuaren ohiko zeregin eta eginkizunak betetzea eragotziko liokeen eritasun edo urritasun fisiko edo psikikoa (deialdia argitara emana ........... (e)ko .......... zk.dun Nafarroako Aldizkari Ofizialean). Eginkizun horiek honako hauek dira (orientazio gisa):

–Motordun ibilgailuak gidatzea.

–Lorezaintzako makineria erabiltzea.

–Zuhaitzen eta zuhaixken mantentze-lanak.

–Baso eremuen maneiua.

……..………….(e)n, 2015eko …………….aren ....(e)an.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betez, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Noain Elortzibarko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Erregistro Orokorrari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu.

III. ERANSKINA

Probetako gai zerrenda

1. gaia.–Belardiak sortu eta zaintzeko lanak.

2. gaia.–Zuhaitzak, zuhaixkak, landare bizikorrak eta urte sasoiko loreak. Espezieak, ezaugarriak, instalazioa, ugalketa, mantentze-lanak eta zainketak. Xerolorezaintza. Lorezaintza ekologikoa.

3. gaia.–Noain Elortzibarko lorezaintza, baso ekosistemak eta landare espezieak.

4. gaia.–Ureztatze sistemak. Diseinua, instalazioa eta mantentze-lanak.

5. gaia.–Laneko segurtasun eta higienea.

Iragarkiaren kodea: L1502024