162. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

284E/2015 EBAZPENA, uztailaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen diona Otxobiko hilerrian telekomunikazioetako antena bat paratzeko proiektuari, Itzako udal mugapean. Sustatzailea Sissecur Seguridad SL da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuko jarduketaren xedea Itzako ibarrean (Nafarroa) haririk gabeko sarea paratu eta konfiguratzea da, wifi estaldura eman, eta banda zabaleko Internet konexioa eta telefonia zerbitzu finkoa eskaintzeko ibarreko kontzejuetako bizilagunei. Kasu honetan, xedea antena bat paratzea da, Otxobiko hilerrian, Itzako 10. poligonoko 10. lurzatian; jarduketa bete da dagoeneko.

Espedientean Itzako Udalak alde emandako txostena jaso da. Era berean, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aurkako txostena eman du, adieraziz, Ingurumen Osasunaren Atalak 2015eko maiatzaren 28an emandako txostenarekin eta urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuarekin bat, Otxobiko hilerriak 50 metroko zabalerako babes-zerrenda bat izan behar duela, hilerriaren kanpoko perimetrotik neurtuta, eta zerrenda horretan ez dela inolako eraikuntzarik egonen, hileta zerbitzuekin lotutakoak ezin ezik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Otxobiko hilerrian telekomunikazioetako antena bat paratzeko Sissecur Seguridad SL enpresak sustatu duen proiektuari, Itzako udal mugapean. Izan ere, Ingurumen Osasunaren Atalak 2015eko maiatzaren 28an emandako txostenarekin eta urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuarekin bat, Otxobiko hilerriak 50 metroko zabalerako babes-zerrenda bat izan behar du, hilerriaren kanpoko perimetrotik neurtuta, eta zerrenda horretan ez da inolako eraikuntzarik egonen, hileta zerbitzuekin lotutakoak ezin ezik.

2. Uko honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Itzako Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko uztailaren 20an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1510665