162. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

283E/2015 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Honen bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da oinarrizko estazio bat instalatzeko proiekturako, Puiuko 3. poligonoko 81. lurzatian. Telefónica Móviles España SAk sustatu du.

2015eko martxoaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuko jarduketa honetan datza: orain Orangek duen telefonia mugikorreko oinarrizko estazioa behar den azpiegiturez hornitzea, Telefónica Móviles España SAk optimiza dezan hartu nahi den eremuko abonatuen estaldura erradioelektrikoa. Horretarako, Telefónicaren oinarrizko estazioa ezarriko da, konpartitzen den landako BTS motakoaren barnean, Orangek duen kokalekuan, operadore horren azpiegiturak partez konpartituz (oraingo sareta motako dorrea erabiliko da). Honako hauek eratuko dute estazioa: oraingo Orangeren irrati eta antena ekipoek, irrati-lotura ekipoek (parabola bat dorreko euskarri batean) eta Telefónicak ezarri beharreko sistema erradiatzaileek (bi euskarri, bi antena jartzeko).

Espedientean Tafallako Udalaren Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoak emandako aldeko txostena jaso da, 2015eko martxoaren 16koa, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak emandako aldeko txostena ere, 2015eko ekainaren 24koa. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea oinarrizko estazio bat instalatzeko proiekturako, Puiuko 3. poligonoko 81. lurzatian. Telefónica Móviles España SAk sustatu du.

2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

Hirigintza arlokoak:

–Proposatu den kokalekuak jasota egon behar du sustatzaileak maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legearen arabera tramitatu duen Azpiegituren Lurralde Planean. Aipatutako legea Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeari buruzkoa da.

–Hala, aipatutako foru legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, udal lizentzia eman aurretik frogatu behar da aurreko atalean adierazitako determinazioa bete dela, eta oroitarazten da ezen Azpiegituren Lurralde Planean jaso gabeko kokaleku bati emandako lizentzia zuzenbide osoz deuseza dela.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, obrak herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen arlokoak:

–Hondakinak Kudeatzeko Plana, proiektu teknikoan jasoa, beteko da.

–Behin lanak bukaturik, garbiketa orokorra eginen da, eta utzitako hondakin guztiak kenduko dira.

–Obrak hasi aurretik, horren berri emanen zaio, baita obretan izaten den edozin ustekaberen berri ere, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari (mail: ogfotafa10@cfnavarra.es; Tel.: 609-907084).

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Puiuko Udalari, Tafalla-Zangoza aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko uztailaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1510519