1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
282E/2015 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Allingo udal mugapean, Galdioko uraren goi horniduraren proiektuari Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Galdioko Kontzejua da.
2014ko azaroaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.
Proiektatutako jarduketan, Galdion ur hornidura eginen da; herri horrek 68 biztanle baino ez du erroldatuta, baina udaldian hainbat zerbitzu turistiko ezartzearekin batera eta azken urteotan hornidura arazoak ekarri dituzten uda lehorrak direla eta, Udalak iturburutik datorren beste ur-hargune bat eskatu behar izan du, etorkizunean egoten ahal diren beharrizanei erantzun ahal izateko.
Ur-hargunea Intzurako iturburuko iturrietatik eginen da, hori hautatu baita agorraldietan besteek baino hobeto funtzionatzen duelako. 80 m³/eguneko ponpaketa behar omen da udaldiko asteburuetan. Intzurako iturriak haien artean oso hurbil dauden hainbat tokitan azaleratzen dira, eta horiek guztiak biltegiaren sarreraraino bideratuko dira. Ponpaketa estazioa ur-harguneetatik hurbil eraikiko da. Zati batean lurpean egonen da, eta neurri hauek izanen ditu: 7,75 × 4,5 × 2,4 m. 20 m³-ko metatzeko ontziak eta ponpaketa estazioak berak osatuko dute hori. Ponpaketarako beharrezko energiaren hornidura eguzki-energia fotovoltaikoko 50 m²-ko 12 panel paratuz emanen omen da, baina proiektuan ez dira zehaztu instalazioaren ezaugarri teknikoak, ezta kokapena ere. Energia lortzeko sistema hori oso garestia denez, proiektuaren sustatzaileak proposatu du iturburuko ura benetan behar dutenean baino ez ponpatzea, traktore baten indarra erabiliz. Alderdi hori ez da finkatu, eta proiektuan ere ez da zehaztu. Ura ponpatzeko hautatu den energia iturriari buruz eman informazioa zehaztugabea dela kontuan hartuta, baimenak ez ditu eguzki plakak barne hartuko. Horrenbestez, plaka horiek haien ezaugarri teknikoak zehatz-mehatz zehazten dituen eta haien kokapena finkatzen duen beste proiektu batean tramitatu beharko dira.
Ura garraiatuko da goi dentsitateko polietilenozko PE-100 tutu baten bidez; tutuak 75 mm-ko diametroa izanen du, eta 60 cm-ko zabalera eta 90 cm-ko sakonera dituen zanga batean lurperatuta egonen da. Tutua 2.070 m luze inguru izanen da, iturburutik herriaren goialdean dagoen ur biltegi-araztegiraino. Zangaren ibilbidea Intzurako bidearekiko paralelo joanen da ia osorik. Obra, ur-hargunea eta hoditeria Natura 2000 Sareko ES2200022 “Lokiz mendia” BILaren barnean daude, “Spiraeo obovatea-Quercetum faginea” (erkametzen eta ametz kanariarren baso iberiarrak) Batasunaren intereseko habitataren barnean, hain zuzen.
Espedientean Allingo Udalaren 2014ko azaroaren 14ko aldeko txostena jaso da, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2015eko ekainaren 24ko aldeko txostena ere. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Galdioko uraren goi horniduraren proiektuari Allingo udal mugapean. Sustatzailea Galdioko Kontzejua da.
2. Baimenak neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:
Hirigintza arlokoak:
–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, obrak herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Ingurumen arlokoak:
–Aldatutako errealitate fisikoa leheneratu, eta egindako pistaren egoera orokorra hobetuko da, basoko makinak pasatzeko pista funtzionala izaten jarrai dezan eta paisaia bere osotasunean hobe dadin. Horretarako honako jarraibide hauei helduko zaie:
–Lurrak berdinduko dira lur mugimenduak izan dituzten tarteetan, eta topografia naturalera egokituko dira.
–Pista egitean sortu diren ezponda bertikal eta gorriak atondu eta leunduko dira. Gehienez, honako malda emanen zaie: 1:1.
–Pistaren alboetan metatu diren lurrak barreiatu, eta lurra berdinduko da. Horiek erabiliko dira, pistaren tarte zabalenak estutzeko.
–Landareen gainean barreiatu diren harriak bildu, eta pistaren mugetan pilatuko dira.
–Aurretik aipatu neurriak erabiliz, pistaren zabalera 3 m-raino estutuko da. Zenbait tartetan zabalera handiagoa bada, zonako berezko espezieak landatu edo ereinen dira.
–Pistaren ibilbidea bikoiztuta duten tarteetan horietako bat kendu eta leheneratuko da. Horretarako, bideetako batetik pasatzea eragozteko sistema egokiena hautatuko da (harrien blokeak, elementu mekanikoak...). Leheneratu beharreko tartea luberrituko da, eta, beharrezkoa bada, lurra zabalduko zaio gainean. Zonako berezko espezieak (erkametza, gurbitza) landatuko dira.
–Landareen bidezko leheneratzea hartzen duten tarteetan beharrezko mantentze-lanak (hutsarteak betetzea, ureztaketak) gauzatuko dira hurrengo bi urteetan, gutxienez.
–Lanak abiarazi baino lehen, ukitutako zona leheneratzeko proiektua aurkeztuko da, hartu beharreko neurrien egitaraua, jarduketen kronograma eta horien aurrekontua bilduko dituena.
–Halaber, lanak amaitu eta gero, jarduketa zonaren egoera zehazten duen azken txostena aurkeztuko da. Honako hauen berri emanen da: benetan hartu diren neurriak, jarduketen arrakasta maila, hartu beharreko neurrien aurreikuspena, argazkiez osaturiko erreportajea, eta erabilitako aurrekontuari buruzko txostena.
–Obrak abiarazi aurretik eta behar bezalako aurrerapenaz Lizarra Iparraldeko Basozaintzari jakinaraziko zaio (helbide elektronikoa: ogfoeste9@navarra.es; tel.zk.: 686 503176). Halaber, obrak gauzatzen diren bitartean aldi horretan sortzen den edozein gorabeheraren berri emanen zaio.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Galdioko Kontzejuari, Allingo Udalari, Basozaintzari (Lizarra Hegoaldea) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko uztailaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1510452