162. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ULTZAMA

Deialdia, Ultzamako Udalaren zerbitzuan oihaneko lan eta mantentze-lanak, eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez aldi baterako betetzeko eta izangaien zerrenda eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren

Ultzamako Udalak, 2015eko abuztuaren 6an egindako osoko bilkura arruntean, jarraian emanen diren oinarriak dituen honako deialdi hau onetsi zuen.

Deialdia, Ultzamako Udalaren zerbitzuan oihaneko lan eta mantentze-lanak, eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez aldi baterako betetzeko eta izangaien zerrenda eratzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren.

OINARRIAK

1.–Deialdia iragartzen da, hautaproben bitartez oihaneko lan eta mantentze-lanak, eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, euskaraz jakin beharrekoa, aldi baterako betetzeko eta izangaien zerrenda osatzeko, Ultzamako Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.

Lanpostu honetarako hautapen sistema oposizio-lehiaketa izanen da.

Kontratazio hau lan araubidekoa, lanaldi osokoa eta aldi baterako izanen da, lanpostua legez ezarritako prozedurari jarraituz behin betiko bete arte, edo lanpostua amortizatzen ez den bitartean eta hura sortzeko izan zen premiak jarraitzen duen bitartean.

1.1. Izendatzen den izangaiak Udalak bere gain utzitako eginkizunak beteko ditu, berez basozain eta instalazioetako mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatuari dagozkionak; besteak beste, honako hauek:

Oihaneko lan eta mantentze-lanak: oihaneko mantentze-lanak, garbiketa, kimaketak, landaketak; pista eta bidexketako seinaleak eta mantentze-lanak, suteen prebentzioa eta zainketa, basoberritzea, lorezaintza eta Udalaren berdeguneak mantentzeko lanak. Koordinazio lana egitea Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuarekin. Aldi baterako kontratatutako langileak antolatzea eta koordinatzea, eta aipatutako eginkizunekin lotura duten beste batzuk, gehitzen ahal direnak.

Zerbitzu anitzetako lanak: Ultzamako Udaleko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako beste langileekin elkarlanean aritzea, dituzten egitekoetan: Udalarenak diren edo haren ardurapean dauden instalazio eta ondasunen mantentze, lehengoratze, zainketa eta kontrol lanak. Gai hauekin loturiko lanak egitea: ura, kaleko argiak, mantentze-lanak, festak, garbiketak eta lan orokorrak. Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea eta horiez arduratzea; eta horiei buruzko proposamen eta aurrekontu zehatzak egitea. Udal zerbitzuei laguntzeko lanak eta mandatuak kontrolatzea: jakinarazpenak, iragarkiak, bandoak, Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, baita bankuak ere, agiriak eramatea, gauzak garraiatzea eta pertsonak leku batetik bestera eramatea.

Bi alor horietan, hau ere egin beharko du: kanpoko zerbitzuekin koordinatzea eta kudeaketa egitea, eta haien lanak koordinatzea, beharrezko denean. Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea eta egitea, edo zerbitzuak kontratatzea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketa horiek kontrolatzea. Materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez arduratzea. Larrialdi eta ezusteko saihestezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo. Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.

Zerbitzuak hobetu daitezen sustatu eta laguntzea, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatuz. Lanerako ezarritako arau, prozedura eta argibide guztiak ezagutu eta aplikatzea. Noizbehinka, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

1.2. A-2 hizkuntz eskakizuna eskatuko da proba idatzirako eta B-2, ahozko probarako, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren baremoaren arabera, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazio bat, edo izangaiak behar den hizkuntza maila duen zehazteko proba bat gainditu beharko da, betiere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoetan euskararen ezagutza arautzen duen 55/2009 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat.

1.3. Udalean zerbitzu anitzetako edo mantentze-lanetako eginkizunekin zerikusia duen lanpostu baterako kontrataziorik egin beharko balitz, zerrenda honetako dagokion izangaiari deitu ahalko litzaioke, eta kontratuaren maila izanen litzateke bete beharreko lanpostuari dagokiona, betiere ez badago lanpostu horretarako izangaien zerrenda berariazkorik.

1.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda honek indarrik gabe eta ondoriorik gabe uzten du Ultzamako Udalaren zerbitzuko mendizain eta zerbitzu anitzetako langilearen lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko beste edozein zerrenda. Bost urtez egonen da indarrean eta haren kudeaketa eginen da aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

1.5. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

1.6. Lanaldiaren araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da, betiere urtero onesten den egutegia errespetatuz, nahiz eta biak aldatzen ahal dituzten noiznahi organo administratibo eskudunek.

1.7. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik D mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, Ultzamako Udaleko plantilla organikoan lanpostu honetarako finkatzen diren osagarriak ere bai.

2.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

c) Lanpostuaren egitekoa betetzeko gai egiten duen titulazioa izatea (edo hura eskuratzeko maneran izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean); titulu hori, gutxienez ere, Lanbide Heziketako lehen mailakoa izanen da honako materia hauetako batean:

–Oihan lanak, nekazaritza eta abeltzaintza eta natur ingurunearen zainketa, lorezaintza eta loreen salmenta edo antzekoa.

–Mantentze-lanak, produkzio zerbitzuak, eta instalazio elektrikoak eta automatikoak edo antzekoa.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Gidabaimena izatea B motako ibilgailuak gidatzeko, eta ibilgailua ere izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Euskaraz jakitea eta hori frogatzea idatzizko probarako “A-2” titulua eta ahozkorako “B-2” titulua aurkeztuta, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta NAPIren arabera egun indarra duen baremoarekin bat; edo maila horiei dagokien beste titulazio bat, ofizialki baliokidetzat onartua dagoena.

Izangaiak maila horiek badituela frogatu ahalko du, orobat, behar adinako hizkuntza maila –deialdi honetako 1.2 oinarrian adierazia– ote duen erakusten duen berariazko proba gaindituta. NAPIko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalak eginen du proba hori.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Ultzamako Udaleko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira. Eredu hori Ultzamako Udalaren bulegoetan eskura daiteke edo Internet bidezko www.valledeultzama.net gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako tituluaren eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia aurkeztuko dute izangaiek; orobat lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Esperientzia baloratzeari begira, ezinbestekoa izanen da entitate kontratatzaileen ziurtagiriak aurkeztea, non agertuko baita zer lan mota egin den, maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta zerbitzu horien iraupena.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Ultzamako Udaleko alkate andreak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Ultzamako Udalaren iragarki oholean, baita Ultzamako Udalaren webgunean ere.

Egun horretatik aitzina eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6.–Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Ultzamako Alkatetzaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Ultzamako Udalaren iragarki oholean jarriko da jendaurrean, baita Ultzamako Udalaren webgunean ere, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Epaimahaia.

7.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiburua: M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea, Ultzamako Udaleko alkatea edo haren legezko ordezkaria.

Ordezkoa: Martín Picabea Aguirre, Ultzamako Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Nicasio Doray Bengoechea, Ultzamako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Saioa Otxandorena Satrústegui, Ultzamako Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Pedro Román Erviti Goicoechea, Ultzamako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Francisco Javier Tornaría Iguelz, Ultzamako Udaleko zinegotzia.

–Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuko teknikaria, erakunde horrek berak izendatua.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuko teknikaria, erakunde horrek berak izendatua.

–Mahaikidea: Fermín Izco Cabezón, EKILAN SL enpresako basogintzako ingeniaria, Ultzamako Udalari aholkularitzako zerbitzuak ematen baitizkio oihangintzaren alorrean.

Ordezkoa: basogintzako ingeniariaren titulua edo antzeko beste bat duen pertsona, EKILAN SLk izendatua.

–Mahaikide idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Ultzamako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: eskualdeko beste udal bateko idazkaria.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egin duen organoari hala jakinarazi, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

8.1. Oposizioaldia hasi baino lehen, euskara proba eginen dute deialdi honen 1.2 oinarrian eskatutako euskara maila agirien bidez egiaztatu ez dutenek.

Idatzizko proba eta ahozkoa eginen dira, jakiteko pertsona hori gai den ala ez deialdi honen 1.2 oinarrian adierazitako hizkuntza eskakizunari dagokionez.

Proba hori Nafarroako Gobernuko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Ataleko teknikariek eginen dute eta horren ondoren oposizioko berariazko probak eginen dira.

8.2. Oposizio-lehiaketako gehieneko balorazioa 100 puntu izanen da; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 80 puntu oposizioaldiari.

8.2.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (15 puntu gehienez):

A.1 Udalen zerbitzuan, mendizain lanak edo instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa (D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

A.2 Beste entitate publiko batzuetan, mendizain lanak edo instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa (D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

A.3 Entitate pribatuetan, mendizain lanak edo instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa (D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 1,5 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (5 puntu):

B.1. Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetako unibertsitate tituluengatik (lizentzia edo diploma): 3 puntu, gehienez ere 3 puntu.

B.2. LHII edo baliokideren bat, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: 2 puntu, gehienez ere 2 puntu.

B.3 Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duen prestakuntza, 30 ordutik gorakoa: 0,10 puntu, eta gehienez ere 3 puntu.

Aurreko ataletako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira bai lan araubidean, behin-behineko nahiz finko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik, egindako zerbitzuak.

Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urteko osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bakoitzeko, hileko oso bat gutxienez beharko da.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Merezimendu hauek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

Lehiaketaldia bururatutakoan, Ultzamako Herriko Etxeko iragarki oholean argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8.2.2. Oposizioaldia.

Oposizioan 80 puntu lortu ahal izanen dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztergarria). Lanpostuarekin zerikusia duen test bat egin beharko da, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztergarria). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Gutienez, 20 puntu atera beharko dira, baztertuta geldituko baitira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

–Hirugarren ariketa: Buruz buruko elkarrizketa (ez da baztergarria). Lanpostuaren eta Ultzamako udalerriaren gaineko ezagupenari eta haien ezaugarriei buruzkoa izanen da; 15 minutukoa gehienez ere. 10 puntu emanen dira, gehienez.

8.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da; hartara, izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.4. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1. Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Ultzamako Udalaren iragarki oholean eta webgunean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, eta zerrenda helaraziko dio Alkatetzari, bai eta hautapen prozesuaren espediente osoa ere, hark onespena eman diezaion.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketaren proba praktikoan puntu gehien lortu duen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gainditu duten izangaiei Ultzamako Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.3. Deia egiterakoan kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa. Horren bidez, desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko moduaren xehetasunak arautzen dira. Horretarako, %33koa edo handiagoa den desgaitasun aitortua duten pertsonek organo eskudunak luzatutako agiriaren kopiaren bidez frogatu behar dute egoera hori.

9.4. Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko da; beraz, haren kontu izanen da dagokion kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

–Eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

Proba teorikorako gai-zerrenda (30 puntu)

1.–Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea: III. titulua “Mendiak zaindu, babestu eta aprobetxatzea”.

2.–Lurzoru urbanizaezineko araubidea:

2.1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, III. tituluko IV. kapitulua, “Lurzoru urbanizaezineko araubidea”.

2.2. Ultzamako Udal Plan Orokorreko lurzoru urbanizaezineko hirigintzako araudi orokorra.

3.–Herrilurretako ondasunak eta pistak:

3.1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa: Laugarren tituluko II. kapitulua, “Herrilurretako ondasunak”.

4.–Ultzamako ibarra:

4.1. Geografia. Zer eremu eta alderdi dauden jakitea.

4.2. Datu soziodemografikoak eta populaziokoak.

4.3. Udal ondasunen eta instalazioen ezaugarriak eta erabilera.

5.–Ultzamako oihan aberastasuna. Basoko espezieak, banaketa, ezaugarri botanikoak, ekologia eta garrantzia, kontserbazioaren ikuspegitik eta sortzen dituzten etekin materialak eta komertzialak.

6.–Oihan tratamenduak. Mozketa motak eta hobekuntzak, eta horiek jasotzen dituzten espezieak.

7.–Oihaneko gaixotasun eta izurriteak Ultzaman. Jasan ditzaketen espezieak eta intzidentzia Ultzaman.

9.–Baso-berritzeak. Metodologia, espezieak.

10.–Motozerra: deskripzioa, zainketa eta mantentze-lanak. Zuhaitzak motozerrarekin botatzea: alderdi praktikoak eta segurtasun ekipamendu beharrezkoa.

11.–Motosega: deskripzioa, zainketa eta mantentze-lanak, alderdi praktikoak eta behar duen segurtasun ekipamendua.

12.–Eremuko landare espezieen identifikazioa (hostoak, azala, haziak eta fruituak), eta gaixotasunak eta izurriteak.

13.–Lorezaintza: lorategietako zuhaitz eta zuhaixka espezien kimaketa eta mantentze-lanak.

14.–Elektrizitatea: oinarrizko kontzeptuak.

15.–Iturgintza: oinarrizko kontzeptuak.

Larraintzarren (Ultzama), 2015eko abuztuaren 6an.–Alkatea, M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenetxea.

Iragarkiaren kodea: L1511442