162. ALDIZKARIA - 2015eko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

315/2015 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez 2015-2016 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako bi irakasle-lanaldi mantentzen dira ikasle etorkinei eta ikastetxera berandu sartu direnei sostengu programa emateko, ikasteko zailtasunei heltzearren desfase akademikoari dagokionez eta gaztelaniaren ezagutza faltari dagokionez, Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 78. artikuluak hauxe xedatzen du: “Administrazio publikoei dagokie beste herrialde batzuetatik etortzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleei laguntzea. Sartze hori beti bermatuko da nahitaez eskolatzeko adinean”.

79. artikuluak hauxe dio: “Hezkuntza administrazioei dagokie hizkuntzaren, gaitasunen edo oinarrizko ezagutzen aldetik gabezia larriak dituzten ikasleendako berariazko programak garatzea, haiei kasuan kasuko ikasmailan integratzen laguntzearren”.

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuak aldeko txostena aurkeztu du, Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako zenbait itunpeko ikastetxek irakasle-lanaldia mantentzeko, 2014-2015 ikasturtean aipatutako programa egin dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko irakasle-lanaldi bana mantentzea Bigarren Hezkuntzako “Hijas de Jesús” eta “Salesianos” itunpeko ikastetxeei (Iruñekoak biak). Haietako bakoitzean eskualdeko ikasgela bat egonen da funtzionamenduan, gehienez 12 ikaspostu izanen dituena eta amankomuna izanen dena Bigarren Hezkuntzako beste itunpeko ikastetxe batzuekin.

2. Hezkuntza Departamentuak zuzkidura ekonomikoak ematen ahalko ditu programa horrek sortutako gastuak konpentsatzeko, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuak txostena egin ondotik. Ikasturte bateko indarraldia izanen du, ikastetxe horiendako baimena ere ikasturte batekoa baita, eta hurrengo ikasturteetarako luzatu nahi izanez gero, eskatu egin beharko da.

3. Administrazioak ordainduko ditu zuzenean irakasleen soldatak, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan-harremana galarazi gabe, eta Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean inolako lan harremanik sortzen ez duela.

4. Zuzkidura horiek Hezkuntza Ituna gauzatzen delarik emanen dira, eginbide bat betez eta itunari atxikiz. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

5. Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalak interesdunei jakinaraziko die ebazpen honen edukia, bai eta aurreko puntuan aipatutako eginbidea sinatzera zein egun, toki eta ordutan agertu behar duten ere. Jakinarazpena egiten denetik eginbidea sinatzen den arte gutxienez ere berrogeita zortzi orduko epea utzi beharko da.

6. Ebazpen honen aurka ikastetxe interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

8. Ebazpen hau igortzea ikastetxe interesdunei, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari, Eskolatze Batzordeko buruari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuari, Nomina eta Gizarte Aseguruen Atalari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, eta Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 23an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Iñigo Huarte Huarte.

Iragarkiaren kodea: F1510385