1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
508E/2015 EBAZPENA, uztailaren 16koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Garraldako Udal Plan Orokorrari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Garraldako Udalak sustatu du plana.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B) 1. atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.
2008ko urtarrilaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Aezkoako lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren dokumentazioa ikusirik, txostena egin zuen, hirigintzako udal plana eta haren Ingurumen ondorioen azterlana prestatzean ingurumen arloan kontuan hartu beharreko alderdiei buruz.
Geroago, Udalak, 2014ko urtarrilaren 13an eginiko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen hirigintza plana; 2014ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 24an, argitaratu zen iragarkiaren bidez eman zitzaion hasiera jendaurreko epeari. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.
2014ko uztailaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ingurumeneko balorazioa eskatu zuen hondakindegi zaharreko industria eremuaz eta hiriguneko iparraldeko bizitegietarako lurzorua handitzeaz. Hirigintza Planean sartu beharreko ingurumeneko eta paisaiako balioetan, besteak beste hauek egin behar dira: Quercus petraea motako hariztiak (interes bereziko landaredia) mugatzea, habitatak egoki tratatzea, dagoen informazioaren eta eskalaren arabera eta Ariztokiko behatokia sartzea, paisaiaren aldetik duen balioarengatik.
2015eko otsailaren 9an sartu zen Garraldako Hirigintzako Udal Planaren dokumentazio osoa, behin-behinekoz onetsia, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan. Dokumentazio horretan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren txostenean ezarritako ingurumen baldintzak jaso ziren.
Garraldako Hirigintzako Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal mugape osoa ukitzen dute, hau da, 21,23 km². Hirigintza plana Aezkoako LOEEri (Lurraldea Okupatzeko Estrategiari eta Ereduari) erantzuna eman eta hura garatzeko ahalegina da; izan ere, ibarra modu orekatuan garatzearen eta bertako baliabideak batera ustiatzearen alde egiten da, jarduera eta lurraldea elkar lotuz eta udalerrien hazkunde moderatuaren alde eginez.
Hiri ereduari dagokionez, herriko inguruneko ezaugarriek hirigintza proposamena baldintzatu dute azkenerako: esaterako eremu istiltsuak Mauriturri errekaren ingurunean (Vegarako bidea) eta dolinak eta leizeak. Hortaz, azkenik hautatu da tximeleta erako hazkundea gauzatzea, meharguneekin eta eremu hutsekin, horietan hirigintza garapenik izan ez dadin. Hiri-lurzorua iparralderantz zabaltzeko (AR-001), erabaki da sektorearen eremua murriztea, halako moduz non errespetatuko baita topografia eta eutsiko baitzaio etxebizitzak paisaian egokitzeari eta txertatzeari, Aezkoako identitate elementu diren aldetik. Planaren beste hobekuntza bat izan da hiri inguruneko errekak, Laurensoa eta Mairuiturri, Sistema Orokor gisa hartu direla; horien eremua 10 metroko zerrenda bat da, erreken bi aldeetan, eta horietan dagoen sahastiari eutsi eginen zaio.
Horrenbestez, hirigunea handitzeak ez dakar berarekin ingurumeneko ukipen nabarmenik, zeren planteatzen da oraingo hirigunearen mugakide diren lurretan, eta horietan ez dago ingurumen balioko eremurik. Gainera, antolamenduan hainbat neurri hartu dira ingurumeneko integrazioa lortzeko, erreken trataeran, baita paisaia-integrazioa ere, etxebizitzak lurraldeko topografia naturalera egokitzeko.
Tramitazioan zehar planean sartutako aldaketa nagusietako bat izan da industria barrutia kentzea hondakindegi zaharretik, herriko hegoaldeko baso eremuan. Ikusirik proposamen honen ingurumeneko ukipenak eta aurkeztutako ingurumeneko balorazioa, nahikoa ez dena, uste izan da azkenik egindako aukera dela egokiena ingurumenaren aldetik.
Bestalde, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenarekin bat, udalerriaren zonifikazio akustiko berri bat sartu da, eta hartan zaratari buruzko azterlan bat dago, non egiaztatzen baita kalitate akustikoaren helburuak bete direla.
Landalurrari dagokionez, planaren helburuak dira jarduerak egokitzea lurralde horretako ezaugarrietara eta zaindu beharreko balioak dituzten eremuak zehaztea, lurraldeko ingurumen kalitatea hobetze aldera. Ingurumenaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basoaren, kulturaren eta paisaiaren arloetako balioak babestu eta zainduko dira lurzoru urbanizaezina sailkatuz eta haren erabileren araubidearen bitartez.
Lurzoru urbanizaezinerako proposamena bateragarria da dauden balioekin. Ingurumenaren aldetik duen balioarengatik, honako hauek sartu dira: “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremua, ibai sarea, Quercus petraea motako hariztiak, (interes bereziko landaredi gisa, eta ingurumen balioko landare formazioak. Paisaiaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren aldetik balioa duten lekuneen barnean daude soro eta laborantza lurretako kultura paisaiak, topografia leunena dagoen tokietan. Balio kultural gisa, bideak, bidexkak eta Ariztokiko behatokia sartu dira planean. Urak har ditzakeen eremuei dagokienez, Irati ibaialdean urak har ditzakeen eremuak sartu dira, eta erreken alubioi ordokiak.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela eta ingurumen baldintzak Hirigintzako Udal Planari nola gehitu zaizkion ikusita, aldeko txostena egin du.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Garraldako Hirigintzako Udal Planaren alde. Garraldako Udalak sustatu du.
Hirigintza planak kontuan hartuko du ezen uztailaren 2ko 54/2014 Foru Dekretuaren bidez “Irati, Urrobi eta Erro ibaien sistema” izeneko BILa onetsi zenetik Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dela, eta, beraz, baduela kudeaketa plan bat.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Garraldako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko uztailaren 16an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: F1510470