148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NOAIN ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Alokairu sozialeko bi etxebizitzak esleitzeko irizpideak eta haien funtzionamendu eta erabilera arauak ezartzen dituena. Behin betiko onespena

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2015eko martxoaren 26ko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Alokairu sozialeko bi etxebizitzak esleitzeko irizpideak eta haien funtzionamendu eta erabilera arauak ezartzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2015eko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11n.

Argitaratu zenetik 30 egun iragan direnez eta erreklamaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsitzat jo da eta, 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, argitara ematen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ordenantzaren testua.

Noainen, 2015eko ekainaren 18an.–Mankomunitateko burua, Cristina Ardanaz Palacios.

ORDENANTZA, ALOKAIRU SOZIALEKO BI ETXEBIZITZAK ESLEITZEKO IRIZPIDEAK ETA HAIEN FUNTZIONAMENDU ETA ERABILERA ARAUAK EZARTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea Noaingo Errege kaleko 44an dauden bi etxebizitza erabiltzeko eskubidearen titularra da, hain zuzen ere horien titularrak, Noain-Elortzibarko Udalak, egindako lagapenagatik.

Esku hartu nahi da, zenbait arrazoiren ondorioz ohiko etxebizitza utzi behar izan duten pertsonek eta/edo familiek bizitzen ahal duten egoera dela eta.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak, toki entitateen eskumenak aipatzen dituenean, ezartzen du Udalak, bere eskumenen barnean bere interesak kudeatzeko, era guztietako jarduerak sustatzen ahal dituela eta behar adina zerbitzu publiko eman, herritarren behar eta nahiei erantzutearren. Noain-Elortzibarko Udalak, lege horretan oinarriturik, planteatu zuen alokairu sozialeko bi etxebizitza horiek Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari lagatzea, kudea ditzan.

Bizitegiaren eta egoera psikosozialaren aldetik egoera ahulean dauden pertsonentzako baliabide bat sortzea da helburua. Ez dira, berez, larrialdietarako ostatuak, nahiz eta uneren batean horretarako ere erabili ahalko diren. Nolabaiteko egonkortasuneko bizitegi baliabideak izanen lirateke; egonkortasun horrek etxebizitza ez izatearen estutasuna arinduko luke, segurtasuna ematen lagunduko, eta pertsonari edo familiari aukera emanen lioke bere gaitasun guztiak garatzeko, horrela bere egoera hobetzeko aukerak bilatu ahal izateko.

1.–Xedapen orokorrak.

A.–Xedea.

Ordenantza honen xedea:

a) Noaingo Errege kaleko 44an dauden alokairu sozialeko bi etxebizitzak okupatzeko baldintzak, horietan sartzeko betebeharrak eta erabileraren araubidea ezartzea. Etxebizitza horien helburua da jarraian aipatzen diren egoeretan dauden pertsonei eta/edo familiei ostatu ematea, zenbait arrazoiren ondorioz oso une ahulean badaude bizitegiaren eta egoera psikosozialaren aldetik.

b) Alokairu sozialeko bi etxebizitzak egoki hornitzea, bizitzeko baldintza duinetan egon daitezen.

B.–Araubide juridikoa.

1. Alokairu sozialeko bi etxebizitzak dituzten ondasun higiezinek jabari publikoko ondasunen izaera juridikoa dute eta zerbitzu publikoa ematea dute xede; hori horrela, etxebizitza horiek epe labur edo luzean okupatzeko akordioek izaera administratiboa izanen dute eta ordenantza honen mende egonen dira.

2. Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak administrazio araudiak udalerriei ematen dizkien ahalmenak izanen ditu, ordenantza honetan ezarritakoa interes publikoko arrazoiengatik aldatu eta interpretatzeari dagokionez, eta horien gainean sortzen diren aferak ebazteko eskuduna Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa izanen da.

3. Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak balorazio batzorde bat izendatuko du eta kide hauek izanen ditu: Mankomunitateko bi langile (teknikariak), lantzen den gaiarekin lotura zuzena dutenak; Mankomunitateko kudeatzailea, Mankomunitatearen Batzarreko kide bat, batzarrean izendatuak, eta batzordeko burua.

2.–Alokairu sozialeko etxebizitzetan sartzeko betebeharrak.

Alokairu sozialeko etxebizitzetan sartzeko aukera izanen dute eskaera egin eta baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen duten pertsonek eta/edo familia unitateek:

I.–Alokairu sozialaren kasuan:

a) Adin nagusiko eskatzailea edo adingabeko emantzipatua izatea, eta Noaingo Oinarrizko Eremua osatzen duten herrietako biztanleen erroldan inskribatuta egotea, gutxienez ere 6 hilabete lehenagotik.

b) Bizitegiaren eta egoera psikosozialaren aldetik egoera ahulean egotea.

Ordenantza honen ondorioetarako, pertsona bat bizitegiaren eta egoera psikosozialaren aldetik egoera ahulean dagoela esanen da baldintza hauek betetzen baditu:

–Zenbait arrazoirengatik, gaitasun hori garatu gabe badu eta, beraz, arrisku egoeran badago.

–Diru-sarrera gutxiegi izateagatik, pobrezian jaio eta bizitzeagatik eta psikologikoki osasungaitza den giro batean bizitzeagatik kalteak baditu osasun fisiko eta mentalean, eta arrazoi horien ondorioz ezin badu alokairu libreko merkatuan sartu, etxebizitza gainbegiratuen, diruz lagundutako etxebizitzen itxaron zerrendan badago eta/edo aldez aurretik lanpostu bat behar badu bizitegiaren helburura iristeko.

–8 puntutik 22 puntura bitarteko puntuazio baremoa badu ahultasun psikosozialaren balorazio eskalan.

II.–Larrialdi sozialeko kasuetan:

Presako egoeraren baten ondorioz larrialdi sozialeko etxebizitza gisa erabili behar badira, arrazoi hauek ekarriko dute berehalako aterpea eman beharra:

–Etxebizitza behar duen pertsonaren edo behar duten pertsonen ohiko bizilekua zen eraikina berehalako aurri egoeran deklaratzea Udalak.

–Familia barneko gatazken ondorioz familia harremanak eutsiezinak direnean.

–Ohiko etxebizitzan ezbeharra gertatzea (sutea, uholdea...), eta horren ondorioz etxebizitzarik gabe gelditzea.

–Larrialdiko egoerak, utzarazpenen, hipoteka-betearazpenen edo gauzatutako desjabetze espedienteen ondorioz.

Edonola ere, arrazoi horietako bat izateaz gainera, familia unitateak edo pertsonak etxebizitza beharrari berehala erantzuteko baliabide ekonomikorik gabe egon behar du egiazki.

3.–Familia unitatearen kontzeptua.

Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatea honako kide hauek osatzen dute:

a) Eskatzailea.

b) Ezkontidea edo afektibotasuneko antzeko harremana duen pertsona, indarra duen legediari jarraikiz.

c) Seme-alaba bizikideak, nahiz eta aldi batez etxetik kanpo bizi, ikasketak egiteko ikastetxetik hurbilago egon behar dutelako.

d) Administratiboki edo judizialki familia batean hartuta dauden adingabeak.

e) Eskatzailearekin batera bizi direnak bigarren gradura arteko odol-ahaidetasunez eta lehen gradura arteko ezkontza-ahaidetasunez.

f) Eskatzailearen anai-arrebak, adingabeak direnean edo erabateko ezintasuna edo iraunkorra dutenean, eskatzailea adin nagusikoa bada eta haien legezko tutoretza badu.

g) Desgaitasuna duten pertsonen kasuan, beren familia unitatea kide batez osatuta dagoenean eta hark beste pertsona bat behar duenean, eta hori behar bezala frogatzen denean, beste pertsona hori kide bat gehiago izanen familia unitatearen ondorioetarako.

4.–Egonaldiaren iraupena.

Alokairu sozialeko etxebizitzetan egoteko epea 3 hilabetekoa izanen da hasiera batean, eta epe hori gehienez ere urtebetera arte luzatzen ahalko da, baldin eta oinarrizko gizarte zerbitzuko teknikariak kontuan hartu eta balorazio horixe egiten badu.

Teknikari horrek uste badu beharrezkoa dela okupazio epea urtebete baino gehiago luzatzea, aldez aurretik izendatutako Balorazio Batzordean planteatuko da.

Denbora horretan, oinarrizko gizarte zerbitzuko langileek etxebizitzen erabiltzaileekin batera lan eginen dute etxebizitzari dagokionez beste irtenbide bat bilatzeko eta, horrela, tokiak beharra duten beste batzuentzat libre uzteko.

5.–Tokiak esleitzeko prozedura.

A.–Prozeduraren hasiera: Eskabidea.

1. Alokairu soziala behar duen pertsona edo familia unitatea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langileek hartuko dute, eta zerbitzuaren egoitzan aurkeztuko da eskaera. Ezinbestekoa izanen da aipatu diren egoeretakoren batean egotea.

2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langileek hartu ez dituzten pertsonak edo familiak badira eta etxebizitza kontuan larrialdia dutela adierazten badute, ordenantza honetan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita zerbitzuko langileek eskatzen ahal dietena ere; Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kasua aztertu eta beren eskumenekoa den txostena eginen du, zeinean larrialdi egoera baloratuko baita eta, beraz, baliabide hau erabiltzeari dagokiona.

B.–Okupatzeko baimena.

Etxebizitzak eta/edo gelak eskariaren arabera esleituko dira, Mankomunitateko buruak emandako ebazpenaren bidez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikarien aldeko txostena ikusi ondoren.

Etxebizitzak hutsik daudenean eta pertsona batek edo familia unitate batek baino gehiagok eginez gero eskaera (betiere etxebizitza hori erabili ahal izateko baldintzak bete behar dituzte), lehentasuna emanen zaio diru-sarrera gutxien duen eskatzaileari eta/edo dagokion unean ahultasun psikosozialeko arriskuaren ebaluazioan puntu gehien lortzen duenari.

C.–Okupaziorako konpromisoa sinatzea.

Alokairu sozialeko etxebizitzak okupatu aurretik, pertsona eta/edo familia onuradunek okupaziorako prestatu den konpromisoa sinatu beharko dute, esku-hartze planaren konpromisoarekin batera. Konpromiso hori hiru hilabeteren buruan berrituko da, esku-hartze planaren konpromiso berriarekin batera.

Etxebizitzako gauzen inbentarioa eta ordenantza honen kopia bat erantsiko zaizkie konpromisoari eta esku-hartze planari.

6.–Hilabeteko kanona.

Onuradunek ordenantza honetan ezarritako hileko kanona ordaindu beharko dute, alokairu sozialeko etxebizitzaren kontserbazio eta mantentze gastuak direla eta:

a) Gela: 80 euro.

b) Etxebizitza: 200 euro.

Okupaziorako konpromisoa sinatzean erabiltzaileari ematen zaion bankuko kontuan sartuko da kanona. Ordainketa aldez aurretik eginen da, hilabete bakoitzeko lehen 10 egunetan.

Dena dela, zilegi izanen da kanona ordaintzetik salbuestea, baldin eta zerbitzuko teknikariek egiaztaturiko baldintza objektiboak badaude.

7.–Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Alokairu sozialeko etxebizitzetako batean tokia lortzen dutenek ohiko etxebizitza gisa eta modu iraunkorrean erabili beharko dute toki hori kontzesioak iraun bitartean, etxea eta bertako altzari eta gauzak egokiro erabili beharko dituzte eta eman zitzaizkienean zeuden egoeran mantendu eta zaindu. Epea bukatutakoan, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari itzuli beharko diote, eman zitzaieneko egoera berean.

b) Balkoiak eta patioak ezin izanen dira gauzen biltegi moduan erabili, hots, bizikletak, butano bonbonak, garbiketarako tresnak (lanbasak, ontziak...), arropa zikina etab. edukitzeko biltegi gisa. Era berean, balkoietan ez da, ahal dela, arroparik esekiko kanpotik ikusteko moduan (zeregin horretarako prestatuta dagoen tokian eseki beharko da arropa).

c) Erabat debekatuta dago zerbitzu eta elementu komunak beste xede baterako erabiltzea. Debekatuta dago, gainera, eraikineko elementu komunetan (ataria, sarrera, eskailerak, eskailera-buruak etab.) gauzak uztea edo pilatzea, behar den baimenik izan gabe.

d) Esleipen-hartzaileen ardura izanen da bai etxebizitza bai altzariak garbitzea, aparteko kasuetan izan ezik; kasu horiek aldez aurretik baloratuko dira, argi azaltzen bada erabiltzaileek ezin dutela garbiketaren betebehar hori bete.

e) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langileak edozein unetan ager daitezke etxebizitzen mantentze egoera baloratzera eta, beharrezkoa iruditzen bazaie, bere esku izanen dute eremu komunak garbitzeko aukera.

f) Zerbitzuaren onuradunek etxebizitza behar ez bezala edo axolagabekeriaz erabiltzeagatik gauzak hondatuta badaude, nahitaezkoa izanen dute horiek konpondu edo berritzeko gastuak beren gain hartzea.

g) Eraikineko elementu komunetan izaten diren kalte guztiak eraikinean bizi diren esleipen-hartzaile guztien kargura izanen dira, denek zati berdinak ordainduz, baldin eta kalteen sortzailea bereizterik ez badago.

h) Guztiz debekatuta dago eremu komunetan erretzea.

i) Nahitaez bete behar dira okupaziorako konpromisoak, laguntza plana eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, eta bizikidetzaren arauak ere bete beharko dituzte etxebizitzan bizi diren bitartean.

Hiru dokumentuetako edozein ez betetzeak berarekin ekarriko du okupaziorako baimena berehala baliogabetzea.

j) Debekatuta dago auzokoei zaratak eta eragozpenak sortzen dizkieten jarduerak egitea, zaratei buruzko araudiak betetzen ez direnean, batez ere gaueko 10:00etatik goizeko 08:00ak arte.

k) Nahitaezkoa da hilero ordaintzea, aldez aurretik (hilabeteko lehen hamar egunetan), alokairu sozialeko etxebizitza okupatzeko konpromisoan ezarritako kanona.

l) Debekatuta dago okupaziorako konpromisoan espresuki ezarritako pertsonak baino gehiago egotea alokairu sozialeko etxebizitzetan. Arau hori ez betetzeak baimena deuseztatzea ekarriko du, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariak baloratuko beharko dituen aparteko kasuetan izan ezik. Kasu horretan, berrikusi eginen da ordaindu beharreko kanona, ahaidetasun mailaren eta beste inguruabar batzuen arabera, eta horiek kontuan hartuko dira, egindako txostenean agertzen denarekin bat.

m) Erabat debekatuta daude bisitak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariarekin batera araututakoak izan ezik.

n) Etxebizitza ezin izanen zaie osorik zein hein batean hirugarren batzuei laga, eta baldintza hori ez betetzeak ere okupaziorako baimena deuseztatzea ekarriko du.

ñ) Ezin izanen da inolako obrarik egin, alokairu sozialeko etxebizitzetan bizi direnen ekimenez. Instalazioetan matxuraren bat izanez gero, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio berehala.

o) Norberaren diru-sarreretan edo inguruabarretan edo familia unitatean aldaketaren bat izaten bada, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio nahitaez, etxebizitzetan egotea ekarri duten alderdi garrantzitsuak eguneratzeko.

p) Esleipena hartu dutenen betebeharra da beren etxebizitzan sartzen uztea, baita Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langileei ere, bai egiaztapen teknikoak egiteko bai beharrezkoak diren konponketak egiteko, zerbitzuek funtzionamendu orokor ona izan dezaten.

q) Alokairu sozialeko etxebizitzetako okupatzaileek ezin izanen dute animaliarik eduki (gida txakurrak izan ezik, beharrezko izanez gero), eta ezin izanen dute higienearen kontrako materialik eta/edo arriskutsurik pilatu.

r) Ezarritako okupazio epea bukatutakoan, alokairu sozialeko etxebizitzen onuradunek giltzak utzi beharko dituzte Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren egoitzan.

s) Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ez du inolako erantzukizunik izanen alokairu sozialeko etxebizitzetan bizi direnek bertan uzten duten dirua edo baliozko beste gauzak batzuk galtzen badituzte.

t) Erabat debekatuta dago etxebizitzetako termostatoak eta ixteko giltzak maneiatzea, baita etxebizitzetan sartzeko giltzen kopia egitea ere.

u) Udaltzaingoak esku hartzen badu zaratak, auzokoen kexak, liskarrak eta abar direla eta, aztertu eginen da Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariarekin batera, eta halako egoerek baimena baliogabetzea ere ekar dezakete.

8.–Aldi batez okupatzeko eskubidea iraungitzea.

1. Alokairu sozialeko etxebizitzak aldi batez okupatzeko eskubidea hiru hilabeteren buruan berrituko da, eta berrikusterik izanen da 12 hilabetera arte, gehienez. Onuradunak berak eskatzen duenean besterik gabe amaituko da.

2. Aldi batez okupatzeko baimena baliogabetzen ahalko da, lagapen epeak oraindik indarra izan arren, arrazoi hauetakoren bat izanez gero:

–Onuraduna hiltzea.

–Etxebizitza erabiltzeko arrazoiak desagertzea (etxebizitza propioa izatea, baliabide ekonomikoak lortzea...).

–Ordenantza honetan, okupaziorako konpromisoan eta/edo esku-hartze planaren konpromisoan ezarritako betebehar eta baldintzetako edozein ez betetzea.

–Etxebizitza uztea, aldez aurretik abisatu gabe eta 7 egun baino gehiago kanpoan egoteko arrazoirik izan gabe.

–Datu edo agiri faltsuak ematea edo horiek ezkutatzea.

–Ezarri den hileko kanona ez ordaintzea.

–Zerbitzua kentzea, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak osoko bilkuran erabaki hori hartzen badu.

3. Alokairu sozialeko etxebizitza okupatzeko eskubidea automatikoki iraungi ondoren, interesdunak alde egin beharko du eta libre utzi, etxebizitzak hasieran zuen egoera berean, 48 orduko epean. Giltzak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren egoitzan utzi beharko ditu.

4. 48 orduko epean etxebizitza edo gela Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen esku ez badago, utzarazpen administratiboaren prozedura hasiko da, Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onetsi zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 62. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

5. Aterarazteak edo ondasunen gordailuak sortzen dituen gastuak etxea utzi behar duen pertsonaren edo familiaren kargura izanen dira. Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak atxiki eginen ditu utzarazpena gauzatzeko gastuak ordaintzeko beharrezkotzat jotzen dituen ondasunak.

9.–Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratutako datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren etxebizitzak kudeatu beharrez. Eskatutako datu guztiak beharrezkoak dira etxebizitzetan sartzeko larrialdiari buruzko eskaerak baloratzeko. Eta aurkezte hutsak berarekin dakar baimena ematea datuak eskuratzeko, kontsultatzeko eta agiriak luzatzeko. Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bestalde, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

1. ERANSKINA

Bizitegiaren eta egoera psikosozialaren
arloko ahultasun arriskuaren ebaluazioa

Iragarkiaren kodea: L1509379