148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

220/2015 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Abaurrepeko (Nafarroa) San Martin parrokia eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzen duena.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak honako hau adierazi du:

“Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak otsailaren 26an emandako 32/2015 Ebazpenaren bidez, Abaurrepeko (Nafarroa) San Martin parrokia eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea ireki zen. Ebazpenean xedatu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar zela eta 30 eguneko epea eman zen interesdunek egoki iruditzen zitzaizkien alegazioak aurkez zitzaten. Hala, ebazpena 2015eko apirilaren 10ean argitaratu zen. Ezarritako epea iraganik, ez da alegazio bat ere jaso.

Horrenbestez, proposatzen da Abaurrepeko (Nafarroa) San Martin parrokia eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzea.

Monumentuaren ingurunea espedientea irekitzeko ebazpenari erantsi zitzaion dokumentazioan zehaztuta dago. Ingurune horren barnean egonen dira, elizaren kokaleku den 2. poligonoko 1. lurzatiaz gain, 2. poligonoko 2. eta 6. lurzatiak, eta 2. poligonoko 638. lurzatiko zerrenda bat, 20 metroko sakonera duena, elizaren mendebaldeko hormatik hasita, eta karrikatik 2. lurzatiko kantoiraino joanen dena.

Mugatutako ingurunean nola edo hala esku hartzeko, beharrezkoa izanen da Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 43. artikuluan, ondasun inbentariatuetan esku hartzeko, aipatzen den baimena edukitzea, eta hori jakitera ematen da lege haren 42.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Abaurrepeko (Nafarroa) San Martin parrokia eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzea.

2. Adieraztea, mugatutako ingurunean nola edo hala esku hartzeko, beharrezkoa izanen dela Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 43. artikuluan, ondasun inbentariatuetan esku hartzeko, aipatzen den baimena edukitzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Iruñeko Artzapezpikuari, Abaurrepeko Udalari eta interesdunei jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakeela titularrak eta interesdunek, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Udalak, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 12an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ana Zabalegui Reclusa.

Iragarkiaren kodea: F1509100