148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALESBES

0-3 urtekoendako Haur Eskola arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2015eko apirilaren 16ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen 0-3 urtekoendako Haur Eskola arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa, eta 2015eko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ean.

Jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu aipatu ordenantza horren edukiaren aurka.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtuko da, erreklamazio, kexa edo oharrik aurkezten ez bada.

Horrenbertzez, bidezkoa da ordenantza horren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Alesbesen, 2015eko uztailaren 3an.–Jarduneko alkatea, Arantza Romeo Arizala.

ALESBESKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Alesbesko 0-3 urtekoendako Haur Eskolan umeak inskribatu eta onartzeko araubidea ezartzea du xede, baita haren funtzionamenduaren zenbait alderdi arautzea ere.

2. artikulua. Onarpen prozedura, garapena, bajak eta hautaketa baremoa.

Umeak eskolan onartzeko prozedurari dagokionez, ordenantza honetan berariaz adierazten ez den orotan arloan eskumena daukan Nafarroako Gobernuko organoak urtero ematen duen ebazpenean xedatutakoa aplikatuko da.

2015-2016 ikasturteari begira, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 14ko 2/2015 Ebazpenean xedatuak izanen du indarra.

II. KAPITULUA

Eskolako egutegia eta ordutegia

3. artikulua. Ordutegia eta sartzeko eta ateratzeko arauak.

–Haur Hezkuntzako ikastetxeko ikasturtearen jarduna irailean hasiko da eta bukatu, berriz, abuztuan.

–Eskola astelehenetik ortziralera egonen da irekita, 7:30etik 18:00etara.

–Tokia eskatzeko epean, gurasoek ikasturte bakoitzean eskaintzen diren ordutegiak eskatzen ahal dituzte.

–Haurrak gehienez ere zazpi orduz egoten ahalko dira ikastetxean, ordutegia arrazoi justifikatuengatik malgua izanen bada ere haurraren sarrera-irteerei dagokienez. Debeku da haurrak ikastetxean zazpi ordu baino gehiago egotea.

  • Haurra zer ordutan sartzen den, halakoa izanen da ateratzeko ordua.
  • Debeku da ikastetxeko haurrak normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jasotzea, salbuespenez ez bada; halakoetan, haurren guraso, tutore edo arduradunek ohar bat igorriko dute ikasturtearen hasieran eta hartan agertuko dira haurrak jasotzeaz arduratuko direnen izen-deiturak, haurrekiko ahaidetasun maila zehaztuta. Salbuespenez normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jaso behar badituzte, garaiz emanen zaio abisu idatzia hezitzaileari, eta halakoetan zehaztuko dira egunak, ahaidetasuna, eta ikastetxetik haurra salbuespenez jasoko duenaren izen-deiturak.

Ikastetxearen funtzionamendua egokia izan dadin, puntualtasuna nahitaezkoa dute haurren guraso, tutore edo arduradunek haurra ekartzean nahiz jasotzean.

III. KAPITULUA

Ordainketak eta tarifak

4. artikulua. Ordainketak.

A) Dirubilketaren arduradunak ordaindu gabeko kuoten berri eman beharko dio berehala Hautapen Batzordeari, eta horrek behar diren erabakiak hartzen ahalko ditu ondoko puntuei jarraikiz.

Bi kuota ordaintzen ez badira, idatziz eginen zaio errekerimendua familiari, eta ohartaraziko ikastetxea utzarazteko bidea dagoela, berriz ere beste kuota bat ordaindu ezean.

Hautapen Batzordearen ustez bi kuota arrazoirik gabe ordaindu gabe utziz gero, nahikoa da haurra ikastetxetik botatzeko.

B) Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, bidezko arrazoiak direla kausa ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean kuotak ordaintzeko konpromisoa dakar berarekin.

C) Jantokia ordaindu beharra hileko kuota osoetan sortuko da, hilaren lehenbiziko egunetik aitzina. Eskolako oporraldia dagoen hiletan jantokiaren prezioa murriztuko da.

Ikasturtea hasitakoan ere izena ematen ahal da jantoki zerbitzuan, zuzendaritzari garaiz aditzera ematen bazaio. Horrela, hilaren lehen hamabostaldian izena emanez gero, hileko kuota osoa ordaindu beharko da, eta bigarren hamabostaldian eginez gero, berriz, hileko kuota osoaren %50.

Jantoki zerbitzua ikasturte osoan etenik gabe egitekoa dela ulertzen da. Beraz, jantokia uzteko, arrazoi egokiak eman beharko dira eta horiek Hautapen Batzordeak onartu beharko ditu.

5. artikulua. Tarifak.

Tarifak Udalak onetsiko ditu, 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen arau fiskalean.

IV. KAPITULUA

Udalaren informazio batzordea eta Hautapen batzordea

6. artikulua. Udalaren Informazio Batzordea.

Udalean ordezkaritza duen talde politiko bakoitzak udalkide bat izanen du bertan ordezkari.

7. artikulua. Hautapen batzordea.

Haur Eskolako zuzendariak eta Udalaren informazio batzordean parte hartzen duten ordezkari politikoek osatuko dute Hautapen batzordea, eta toki entitateko ordezkari batek jardunen du horretako buru.

Batzordeak honako eginkizunak gauzatuko ditu:

a) Tokia erreserbatzeko prozedura zehaztu eta gauzatzea.

b) Baremoa eta tramitazioaren epeak argitaratzea.

c) Araudian ezarritako onarpen irizpideen arabera eskatzaile bakoitzari dagokion puntuazioa esleitzea.

d) Onarpen prozesua ebaztea, onartuen eta ez onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzea –lortutako puntuazioa adierazita–, eta erreklamazioak ebaztea.

e) Plangintza egitea, umeak atalka banatuta. Horretarako, ikasturtearen lehenbiziko egunean umeek daukaten adina hartuko da erreferentziatzat.

f) Hezkuntza Departamentuari honako hauek igortzea: behin-behineko plangintzaren lehenbiziko txantiloia, aurreinskripzioaren datuak dituena, apirilaren 17a baino lehen; behin-behineko plangintzaren bigarren txantiloia, matrikularen datuak dituena, ekainaren 12a baino lehen; eta behin betiko txantiloia, ikasturtearen lehenbiziko astean bete diren tokien kopuruari buruzko datuak dituena, irailaren 30a baino lehen.

8. artikulua. Udalak tokiak gordetzea.

Udalak lau toki gordeko ditu beretako, udalerriko bizilagunek izan ditzaketen larrialdi, kasu berezi edo beharraldietan erabiltzeko.

V. KAPITULUA

Haur Eskolako funtzionamendu eta bizikidetza arauak,
betebeharrak eta eskubideak

9. artikulua. Elikadura.

–Otorduak ikastetxeko hezkuntza jarduerak dira.

–Menuak adituek prestatzen dituzte.

–Haurrendako menuak iragarki oholean egonen dira ikusgai, eta arrazoi berezirik ez bada, ez dira aldatuko.

–Haurrak elikadura berezirik behar izanez gero (alergiak, intolerantzia, etab.) medikuaren txosten batekin arrazoiturik egon behar du haurraren aita-ama, tutore edo arduradunen bidez, eta ikastetxeko zuzendaritzari horren berri emanen zaio, behar diren neurriak har ditzan.

–Tutoreak edo zaintzaileak ere horren berri izan beharko du, elikaduraren kontrola eramateko.

–Ez da haizu eskolara litxarreriak, opilak, etab. ekartzea.

10. artikulua. Osasuna.

–Ez da haizu Haur Eskolan umeak egotea, sukarra edo eritasun kutsakorrak badituzte. Haur bat eri dagoela ohartuz gero, haren guraso, tutore edo arduradunei jakinaraziko zaie berehala, laster batean ikastetxetik ateratzeko.

–Sukarra izateagatik ikastetxetik atera behar izan den haurrari ez zaio itzultzen utziko, harik eta bi egun iragan arte eskola horregatik utzi zuenetik.

–Debeku da edozein motatako sendagaiak ematea, ohikoak izan gabe gerta daitezkeen salbuespenetan izan ezik.

–Eritasun kutsakorra izan duen haurraren guraso, tutore edo erantzuleek umea artatu duen pediatraren txostena ekarri beharko dute, delako eritasuna inori kutsatzeko arriskurik ez dagoelako segurantza jasotzen duena.

–Larrialdirik edo istripurik gertatuz gero, ikastetxearen arduradunek haurra artatuko dute lehenik, eta gero familiari gaztigatuko diote.

–Haurrak gutxieneko baldintza higieniko sanitarioetan eduki behar dira eta hala eskatuko da, bai gorputzari bai erabili ohi duten arropari dagokionez.

–Haurrek azazkalak mozturik eta zaindurik ohi dituztela joan beharko dute ikastetxera.

–Izurrite edo bizkarroi aroetan, haurren guraso, tutore edo erantzuleek kasu handia emanen dute umeen gorputz higienean, eta arazoa konpontzeko produktuak emanen dizkiete.

–Haurrek, nahitaez, ahalik eta arroparik erosoena eraman beharko dute, eta kontuan hartu beharko da galtzak, botoiak, gerrikoak etab. traba direla haurrak arropa aldatzeko eta mugimenduetan bere gain moldatzeko tenorean.

–Haurrek poltsa bat izan behar dute, beren izenarekin, eta horren barrenean: aldatzeko arropa guztia, zapata eta galtzerdiak barne.

–Arropa guztiek (berokiak, txanoak, bufandak, etab.) markaturik egon beharko dute, haurraren izen-deiturekin; galduz gero, ikastetxeak ez du galera bere gain hartuko.

–Pixoihala erabiltzen duten haurrek sorta bat ekarri beharko dute ikastetxera, eta horiekin batean paper-zapi bustien beste bat ere bai; gehiago ekarri beharra dagoenean ikastetxeko begiraleek gaztigatuko diete haurren guraso, tutore edo arduradunei.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du behar den tramitazio prozesalaren ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1510022