148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Udalkideen ordainsariak eta bilkura-sariak

Udal honek, 2015eko uztailaren 2an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

“7. Udalbatzako kideen ordainsariak edo bilkura-sariak, karguan aritzeagatik eta Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik.

Udal honetan orain arte halako kopuru jakin batzuk ordaindu izan zaizkie udalkideei beren karguetan aritzeagatik, 2011ko ekainaren 30eko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez finkatu zirenak.

Arau orokor arauemailea Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75.bis eta 75.ter artikuluetan dago, bertan ordainsarien modalitateak eta mugak ezartzen baitira. Nafarroan udalendako ordainak daude kontzeptu horrengatik, abenduaren 12ko 21/2014 Foru Legean arautzen direnak. Foru lege horren bidez, Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezarri ziren 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako.

Alkatetzak proposatuta. Eztabaidatu ondoren. Bozketa arrunta egin da: aldeko hamaika boto, kontrako botorik ez, abstentziorik ez. Quoruma: gehiengo soila.

ERABAKI DA:

1. Aurrekontuan behar den kontsignazioa ez badago ere, udal honetan ondoko ordainsariak eta bilkura-sariak ezarri dira Udalbatzako kideendako karguan aritzeagatik eta Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik:

1.1. Alkatea.–Udalak, alkate karguan dedikazio partzialean aritzeagatik, 23.978,89 euro ordainduko du, kontzeptu guztiak sartuta (soldata gordina: 18.090,45 euro; eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota: 5.888,44 euro), hilero pagatuko dena behar diren kenkariekin. Ordainsari hori jasotzeko gutienez ere behar den dedikazioa astean hogeita bortz ordu izanen da, karguaren edozein jardueratan (bulegoa, bilerak, bidaiak edo bertze). Titularrari ez zaio zenbatekorik deskontatuko alkateordeek egiten dizkioten ordezkapenengatik, ezta azken horiei ordainsaririk pagatu ere ordezkapen horiengatik. Karguan dedikazio partzialean aritzeagatiko ordainsarien kobrantza bateraezina da bilkura-sariak biltzearekin.

1.2. Lantaldeen ardura duten zinegotzi koordinatzaileak (gaur egun zazpi).–Bilkura-sariak bilduko dituzte Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik, osotara hirurehun euro bilkura bakoitzeko eta gehienez ere hiru mila euro Udalbatzako kide bakoitzak, seihileko bakoitza iragandakoan ordainduko direnak.

1.3. Gainerako zinegotziak (gaur egun hiru).–Bilkura-sariak bilduko dituzte Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik, osotara hirurehun euro bilkura bakoitzeko eta gehienez ere bi mila eta bortzehun euro Udalbatzako kide bakoitzak, seihileko bakoitza iragandakoan ordainduko direnak.

2. Sistema honek eta zenbatekoek 2015eko uztailaren 1etik aitzina dituzte ondorio ekonomikoak, gaurko sistema ordezkatuko du, eta indarra izanen du, bertzerik xedatzen ez den bitartean.

3. Gizarte Segurantzako kuotengatik ezartzen diren errekarguak, atzerapenen ordainketari dagozkionak, Alkatetzaren titularrak ordainduko dizkio Udalari.

4. Udalbatzako kide guztiek kalte-ordainak jasoko dituzte karguan aritzeak egiazki sorrarazten dizkien gastuengatik, hala nola bidaia (Udaleko langileei beren ibilgailuetan ibilitako kilometro bakoitzeko ordaintzeko erabiltzen den zenbateko bera aplikatuko da), egonaldi eta bertzeengatik.

5. Udalak Udalbatzako kideei beren karguan aritzeagatik ordaintzen dizkien ordainsariak eta bilkura-sariak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ezarritako araudian ezarritakoari lotuko zaizkio.

6. Alkatetzak erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalbatzaren iragarki oholean osorik argitararaziko du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7. Erabaki hau irmoa da bide administratiboan eta, haren kontra, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

1.–Hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, errekurtso hori ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da ez gora jotzekorik ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz aurkeztu.

2.–Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, ebatzi edo ustez ezetsi bitartean ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik paratu.

3.–Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).”

Argitara ematen da erabaki dena bete beharrez.

Lodosan, 2015eko uztailaren 3an.–Alkatea, Pablo Azcona Molinet.

Iragarkiaren kodea: L1510018