148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CAPARROSO

Aldaketa, Lizentziak eman, hirigintzan bertzelako jarduketak egin eta kontrolatzeko administrazio jarduerak egiteko tasak eta irekitzeko lizentziak eman edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egiteko tasak arautzen dituzten ordenantza fiskaletan. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2015eko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Lizentziak eman eta hirigintzan bertzelako jarduketak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean eta irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Erabakia 2015eko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu aldaketak behin betiko onetsi, eta horiek argitaratzeko agindu da.

Bi ordenantzen testu bategina, onetsi aldaketak biltzen dituena, I. eta II. eranskin gisa argitaratu da.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2015eko ekainaren 30ean.–Alkatea, Aquilino Jiménez Pascual.

I. ERANSKINA

Aldaketa, Lizentziak eman, hirigintzan bertzelako jarduketak
egin eta kontrolatzeko administrazio jarduerak egiteko
tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean

Oinarria.

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza.

2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza, bertzeak bertze, hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

–Partikularrek aurkeztu antolamendurako plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, aurrerapen azterlanak, antolamendurako planen aurreproiektuak, birzatiketak eta planeamenduko aldaketak tramitatzea.

–Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.

–Aldez aurretik kontrolatzeko administrazio egintzak —lizentzia ematea Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan aipatu diren eta lizentzia behar duten egintzengatik— eta erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak ondoren kontrolatzeko egintzak, lege horren 189.ter artikuluan, besteak beste, aipatutakoak.

Aipatze aldera, ondokoak dira:

–Lurzatiketak egiteko lizentziak.

–Honako obra lizentzia hauek: etxe berriak egitekoak, etxeak eraberritzekoak, tramitazio laburrekoak, obra txikiak, etxeak mantendu eta apaintzekoak eta eraikuntza txikietakoak.

–Lehen erabilerako lizentziak.

–Bereizteko, banatzeko edo elkartzeko lizentziak.

–Lizentziak eraikinak eraisteko, eta bota, hustu eta apeoa egiteko obretarako.

–Lurrak mugitu, zelaitu eta lurrerauzteko lizentziak.

–Emandako lizentzien aldaketak.

–Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen testu bateginaren 136. artikuluaren babesean emandako behin-behineko lizentziak.

–Ondorengo kontrolari dagokionez, 189.ter artikuluan aipatutako jarduketak, adibidez: itxiturak, hesiak, kartelak, zundaketak, laginak, garrantzi txikiko obrak edo merkataritza jarduerei lotutakoak, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Ordaindu beharra.

4. artikulua. 1. Orokorrean, zergak ordaintzeko betebeharra lizentzia ematen den unean sortzen da. Uko egiten bazaio, lizentzia eskatzen den unean hasten da ordaintzeko betebeharra.

2. Plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, birzatiketak eta urbanizazio proiektuak eta planeamenduko aldaketak tramitatzean, haiek ebatzi edo behin betiko onesten diren unean sortuko da zerga ordaindu beharra.

3. Plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, birzatiketak eta urbanizazio proiektuak eta planeamenduko aldaketak tramitatzean, haien tramitazioa hasierako onespenaren egintzarekin hasi bada eta ez badira ebatzi edo behin betiko onetsi, ordaindu beharra sortuko da, Foru Komunitateko egunkarietako iragarkien gastuei dagokienez, espedientea hasiera batean onesten den unean.

4. Erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzei dagokienez, ordaindu beharra sortuko da, Udalak txosten teknikoetan edo ikuskapen bisitako aktetan adierazitako egiaztatu, kontrolatu eta/edo ikuskatzeko jarduera gauzatzearekin batera.

Subjektu pasiboa.

5. artikulua. Tasa hauek ordaintzera beharturik daude pertsona fisikoak edo juridikoak, heredentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta Tributuei buruzko Lege Orokorraren 33. artikuluak aipatzen dituen gainerako entitateak, zerbitzuak eta lizentziak edo ondoren kontrolatzeko egintzak eskatu, sorrarazi eta haien onura izaten dutenean.

Tarifak eta karga-tasak.

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Lizentzien eta ondoren kontrolatzeko egintzen tramitazioa eta ondorioak.

7. artikulua. Hirigintzako jarduketak egiteko eskabide guztiak aplikatzekoa den araudian aurreikusten den bezalaxe bete beharko dira. Erantzukizuneko aitorpenek edo aurretiazko komunikazioek aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

8. artikulua. Lizentzien iraungipenaren inguruko orotan, lizentzia emateko erabakian xedatutakoari jarraituko zaio.

9. artikulua. Lizentziaren titularrek uko egiten ahalko diote eskatutako obrak egiteari, Udalari ukoa idatziz aurkeztuz gero, betiere aipatu lizentzia iraungirik ez badago. Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen egiten bada uko eta obrak hasi gabe badaude, lizentzia emandakoan legokiokeen tasaren %20 ordaindu beharko da. Lizentzia eman eta gero egiten bada uko, tasak %50 baizik ez dira gutxituko.

Kudeaketa arauak.

10. artikulua. Lizentziak eta planeamendurako espedienteak tramitatzeko edo, txosten teknikoen edo ikuskapen bisitako akten bidez, ondoren kontrolatzeko egintzak gauzatzeko ardura duten bulegoetatik, udal teknikariek aldeko txostena eman eta gero, zergak likidatuko dituen bulegora igorriko dira espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

11. artikulua. Urbanizazio proiektuak tramitatzeko, proiektua onesterakoan likidatuko dira tasak. Orobat, prentsan argitaratzeko gastuak likidatuko dira, betiere argitaratu ondotik.

12. artikulua. Lizentziak emateagatik edo ondoren kontrolatzeko egintzak egiteagatik ordaindu beharreko tasak behin-behinean likidatuko dira, obraren aurrekontuaren kostuaren arabera.

Obra bukatu edo behin-behineko onartu eta hurrengo hilabetean, hori eman dela ziurtatzen duen aitorpena aurkeztuko da, obraren zuzendariak luzatutako ziurtagiriarekin batera, behar den Elkargo profesionalak ikus-onetsia, bideragarria bada, zeinak obren kostu osoa ziurtatuko baitu.

Aipatutako kostua udal teknikariek aztertuko dute eta errealitateari ez zaiola egokitzen ikusten badute, egokitzen saiatuko dira. Behin betiko likidazioa eginen da eta onesteko aurkeztuko.

Partikularraren aldeko diferentziarik izanez gero, itzuli eginen zaio; Udalaren aldekoa bada, berriz, hura ordaintzeko hilabeteko epea emanen zaio. Ordaintzen ez badu, premiamendu bidez kobratuko da, besterik gabe.

13. artikulua. Ez dira tasaren zerga oinarriaren zati izanen bertze elementu batzuk, hala nola, altzariak eta bertze, ezta obra proiektuaren substantziatu ezinezko bertze batzuk ere.

Ordenantza honen eranskinean erraten denaz gain, tasaren ezarpen oinarriaren zatitzat hartuko da barne urbanizazioaren proiektuaren zenbatekoa. Horretarako, interesdunek barne urbanizaziorako proiektua aurkeztu beharko dute, aurrekontu eguneratuarekin batera.

14. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

15. artikulua. “Tramitazio laburreko” lizentzien kasuan, eskatzaileak Udal Diruzaintzako Departamentutik hartuko du baimenaren agiria. Horrela geratuko da lizentziaz eta haren aplikazioaz jabeturik.

Arau-hausteak eta zehapenak.

16. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ERANSKINA

1. epigrafea: Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa, aldaketa partzial edo bereziak, xehetasun azterlanak, lurzatien zatiketak eta birzatiketak, eta udal planeko aldaketa puntualak:

–600,00 euro espediente bakoitzeko. Horretaz gain, Nafarroako Foru Komunitateko prentsan argitaratzeko gastuak ere ordaindu beharko dira.

2. epigrafea: Partikularrek sustatutako eta eskatzaileek egindako urbanizazio proiektuak tramitatzea:

Proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, %1,5eko karga-tasa aplikatuz urbanizazio obrak gauzatzeko aurrekontuaren gainean (zerga-oinarria). Zenbateko horri Foru Komunitateko egunkarietan iragarkiak paratzeko gastuak gehituko zaizkio.

3. epigrafea: Obra lizentziak ematea edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egitea, lizentzia eskatu beharrean erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu behar denetan.

–3.1 azpiepigrafea: Obra gauzatzeko aurrekontua 15.025,30 eurokoa edo txikiagoa duten obretan bada, 33,20 euroko tasa.

–3.2 azpiepigrafea: 3.1 azpiepigrafean biltzen ez diren obrak. Tasa honen kuota aterako da, zerga-oinarriari (obra gauzatzeko aurrekontua, ordenantza honen 12. artikuluari jarraituz) %0,2198ko karga-tasa aplikatuz.

4. epigrafea: Bereizteko, banatzeko edo elkartzeko lizentziak ematea: 100,00 euro.

5. epigrafea: Eraikinak edo lokalak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak. Horien kuota aterako da, eragiketa hau egindakoan: metro eraikiak x 0,449 euro/metro karratu eraiki. (Zerga-oinarria: metro karratu eraikiak x 0,449 euro/metro karratu).

II. ERANSKINA

Aldaketa, Irekitzeko lizentziak eman edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean

Oinarria.

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ere.

Zergapeko egintza.

2. artikulua. Industriako eta merkataritzako establezimenduek, lasaitasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta haien funtzionamendu normala erregulatzeko indarra duten bestelako arauetan ezarritakoak betetzen dituzten ala ez egiaztatzeko, irekitzeko lizentzia eman aurretik edo kontrolatzeko administrazio jarduerak egin aurretik, lizentzia aurkeztu beharraren ordez erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa egiten denean, Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboen ondorioa da zergapeko egintza.

3. artikulua. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioak bete daitezen, irekitzea gertatuko da ondoko kasu hauetan:

a) Jarduerak hasteko establezimendua lehen aldiz instalatzea.

b) Establezimenduko jarduera aldatu edo handitzea, titularra aldatzen ez bada ere.

c) Establezimendua handitzea eta bertan ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan eragina duen bertze edozein aldaketa egitea. Horren ondorioz baldintzak berriz egiaztatu beharko dira.

4. artikulua. Industriako edo merkataritzako establezimendutzat hartuko dira etxebizitza gisa bakarrik erabiltzen ez diren eta baldintza hauek betetzen dituzten eraikin edo instalazio guztiak, jendearentzako irekiak izan edo ez:

a) Enpresa, fabrikazio, artisautza, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzuetako jarduera bati lotua egotea.

b) Aipatu jarduera horiek egin gabe ere, haien lagungarriak edo osagarriak izatea, edo haietatik etekinak edo aprobetxamenduak ateratzea.

Salbuespenak.

5. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasaren ordainarazpenean ez da inolako salbuespen edo hobaririk emanen.

Subjektu pasiboa.

6. artikulua. Tasa hauetako subjektu pasiboak dira, pertsona fisiko edo juridikoak eta bertze entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen badute eta ordenantza honen 4. artikuluan aipatzen diren establezimenduetako bat ustiatzen badute zuzenean.

7. artikulua. Zergadunen ordezkoak izanen dira establezimendu edo lokal horien jabeak, eta haiek, horrela behar bada, egiten den edo egiteko asmo den jardueraren titularrei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.

Zerga-kuota.

8. artikulua. Irekitzeko lizentzia emateko edo egiaztatu, kontrolatu eta/edo ikuskatzeko administrazio jarduerak egiteko tasaren zerga-kuota zehazteko, lizentzia aurkeztu beharraren ordez abiarazteko erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa egiten denean, honako tarifa hauek aplikatuko dira:

1. Establezimenduak berritik paratzea: 100,00 euro.

2. Lokala tokiz aldatzea:

Berritik paratzen diren establezimenduenen %50 ordainduko da.

3. Handitzeak edo sailkapenaren aldaketak.

a) Merkataritzako jarduerak handitzeagatik, berritik paratzen diren establezimenduen tarifa berak ordainduko dira.

b) Sailkapenaren aldaketengatik, jarduera berriaren kuotaren eta lokal berean egiten den jarduerarenaren artean dagoen aldea ordainduko da, eta gutxienez 1.000 pezeta.

4. Negozioaren titulartasun aldaketak, lagapena edo eskualdaketa.

Berritik paratzen diren establezimenduen tarifa berak izanen dituzte, eskaera aurreko titularrari udal lizentzia eman zitzaionetik sei hilabeteko epearen barrenean egiten denean salbu, kasu horretan 12,02 euro ordaindu beharko baitira lizentzia emateak sorturiko udal eskubideen truke.

Sortzapena.

9. artikulua. Irekitzeko lizentzia berariaz eskatuz gero, tasa sortu, eta ordaindu beharra agertzen da hori ematearekin batera, Udalak txosten teknikoetan agertutako kontrolatzeko eta egiaztatzeko aurretiazko jarduera egin ondoren.

10. artikulua. Irekitzeko lizentziaren ordez, jarduera abiarazteko aitorpena egiten denean, tasa sortu, eta ordaindu beharra agertzen da, Udalak txosten teknikoetan edo ikuskapen bisitako aktetan agertutako egiaztatzeko, kontrolatzeko eta/edo ikuskatzeko jarduera egitearekin batera.

Kudeaketa arauak.

11. artikulua. Lizentzia erdiesteko edo, erantzukizuneko aitorpenaren bidez, jarduera abiarazteko interesa duenak behar den eskabidea edo aitorpena aurkeztuko du Udaletxean, egin beharreko jarduera(k) eta dagokion lizentzia fiskalaren epigrafea zehazten dituela; eskabidearekin batera, lokalaren alokairuaren kontratua edo erosketaren titulua aurkeztuko du, hala nola Zergen Kudeaketak likidazioa egiteko behar duen informazio guztia.

12. artikulua. 1. Udalak lizentzia eman ala ez erabaki arte, hori eskatu bada, interesdunek zilegi izanen dute espresuki atzera egitea eta kasu horretan, tasa izanen da lizentzia eman balitz ordaindu beharko zatekeenaren %20. Lizentzia ematen ez bada, zerga zenbateko berera murriztuko da.

2. Lizentzia iraungitzat hartuko da, hura eman ondoren sei hilabete pasatzen baldin badira lokalak ireki gabe, edo ireki ondoren, berriz ixten badira sei hilabetetik gorako aldian.

Arau-hausteak eta zehapenak.

13. artikulua. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:

a) Lokalak irekitzea lizentzia eskuratu gabe, nahiz eta hori eskatu den.

b) Zerga-oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.

c) Jarduera abiarazteko erantzukizuneko aitorpenean adierazitakoa gezurrezkoa izatea, indarreko araudian jarduera abiarazteko ezartzen diren baldintza guztiak betetzeari eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa izateari buruzkoa.

Bertzelako arau-hausteetarako ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo bertzenaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari eta harekin bat datozen arauei.

14. artikulua. Arau-hausteen ondorioz sortzen diren zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arau orori ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1509848