136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 24an hartua, “Vianako Perizuelas alderdian egin beharreko bizitegietarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungitzen duena, Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako erabakiaren bidez onetsi baitzen.

Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako erabakiaren bidez “Vianako Perizuelas alderdian egin beharreko bizitegietarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen, Vianako Udalak eta Valles Nubes SLk sustatua. Erabakia 2007ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 25ean.

Aipatu plan sektorialaren xedea dentsitate txikiko bizitegi-eremu bat ezartzea da: 1.498 etxebizitza eta 18 zuloko golf zelai bat. UPSak hartzen duen eremua (112,94 hektareakoa) Vianako herrigunetik mendebaldera dago, 1.600 metrora gutxi gorabehera, eta muga egiten du, hegoaldean, Iruña-Logroño N-111 errepidearekin; handik sarbidea proiektatu da.

2015eko maiatzaren 6an, Joaquín Villanueva Rodríguez jaunak, Perizuelas SR-5 bizitegietarako sektorearen konpentsazio batzordeko zuzendaritza kontseiluko idazkari gisa arituz, idazkia aurkeztu du honako hau eskatuz:

1.–Vianako Perizuelas SR-5 sektorearen UPSa iraungita deklaratzea, Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako erabakiaren bidez onetsia (65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 25ean).

2.–Itzultzea, berehalakoan deuseztatzeko, urbanizazioaren exekuzioa bermatzeko bere garaian sustatzaileek aurkeztutako abala.

Idazki honi atxikita Konpentsazio Batzordeak hartutako erabakien ziurtagiri bat dago. Bertan UPSaren iraungitzea eskatzen da, baita itzultzea eskatzen den abalaren kopia bat ere.

Aurkeztutako eskaerak ez du motibazio bat ere aurkezten; dena den, Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legeak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 45. artikuluari ematen dion idazkeraren arabera, honako hau ezartzen da: Udalez gaindiko Plan Sektorialek mugarik gabeko indarraldia duten arren, Nafarroako Gobernuak, ofizioz edo parte batek eskatuta, erabakitzen ahalko du horiek iraungitzea, besteak beste, sustatzaileak uko egiten dionean horien exekuzioari.

Gainera, gogoratu beharra dago UPSa onetsi zenetik ez dela birzatitzeko proiektua tramitatu, ezta urbanizatzekoa ere. Egindako jarduketa bakarra da Nafarroako Gobernuak 2014ko irailaren 17an hartutako erabakiaren bidez onetsitako UPSaren aldaketa, babes ofizialeko etxebizitzak kentzeari eta hartan jasotako urbanizazio eta eraikuntza jardueren programazioari buruzkoa baita. Aldatzeko proposamena arrazoituta dago egungo egoeran higiezinen merkatuari eta hirigintza garapenari eragiten dizkioten zailtasunetan eta krisi ekonomikoan.

Aipatu artikuluan araututakoari jarraikiz, UPSa iraungitzea bidezkoa dela ulertzen da. Horrenbestez, gaur egun UPSak ukitutako eremuan aplikatzekoak izanen dira Vianako Udal Planak horretarako ezartzen dituen determinazioak, lurzoru urbanizaezineko sailkapena berreskuratuz nekazaritzako edo abeltzaintzako eta basogintzako produktibitate ertaineko lurzoruarekin.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko ekainaren 23ko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Vianako Perizuelas alderdian egin beharreko bizitegietarako jarduketa eta 18 zuloko golf zelaia” izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungitzea, Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako erabakiaren bidez onetsia.

2. Erabaki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, Etxebizitza Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, Osasun arloko Ikerketa, Berrikuntza eta Prestakuntzarako Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari.

3. Erabaki hau Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzari, Jurramendiko Mankomunitateari, NILSAri, Vianako Udalari eta Perizuelas SR-5 bizitegietarako sektorearen konpentsazio batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko ekainaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1509704