136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa, Elbarrien ibilgailuetarako aparkatze txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2015eko ekainaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Elbarrien ibilgailuetarako aparkatze txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan eginiko aldaketa. Iragarkia 2015eko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 14an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikagarria den araubidea betez, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea, Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak banatzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota.

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Ondoko egoera hauetakoren batean daude pertsona fisiko desgaituak:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.

Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.

Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egin ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

5. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honetako I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskatzailearen izen-deiturak.

–Bi argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

–NANa.

–Herrian erroldaturik dagoelako ziurtagiria.

–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multifuntzionalek bete beharko dute.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatu ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatu ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela luzatuko da.

6. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabili ahal izanen da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

7. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago.

a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetara, eremuetara nahiz guneetara sartzea; betiere, helmuga aipatu eremu horren barnean badago.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio errailak txikiagotzen dituzten eremuetan.

8. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.

2. Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan aurreikusitako zigorrak ekar ditzake.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke interesdunei entzuteko espedientea bideratu aurretik ere.

Xedapen iragankorra.–Ordenantza hau onetsi aitzin luzaturiko txartelak baliozkoak izanen dira beti.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Jendaurreko epean inork ez badu alegaziorik aurkezten, ordenantza behin betiko onetsi, eta testua osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Jaitzen, 2015eko ekainaren 26an.–Alkatea, Francisco Eraso Azqueta.

Iragarkiaren kodea: L1509753