136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZPOROGI

Udal ordenantza, Seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ezporogiko Udalak, 2015eko apirilaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzak arautzen dituen Ezporogiko Udalaren ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan ondoan, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da.

EZPOROGIKO UDALAREN ORDENANTZA, SEME-ALABA IKASLEAK GOIKO MAILAKO IKASKETETAN EDO UNIBERTSITATEKOETAN DITUZTEN FAMILIENDAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Araudi honen xedea da Ezporogiko udalerrian bizi diren eta seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzak arautzea eta horretarako irizpideak eta prozedura finkatzea.

Agezako Kontzejuak badu ordenantza honen antzeko ordenantza bat, eta, beraz, pertsona berak bitariko laguntzak jaso ez ditzan, dagokion ordenantza Agezako Kontzejuan indarrean dagoen bitartean, Agezako Kontzejuak kontzeptu honengatik emandako laguntza duten pertsonek ezin izanen dituzte ez eskatu ez jaso hemen eskaintzen diren laguntzak.

2. artikulua. Gaur egun, goiko mailako ikasketak edo unibertsitatekoak egiten ari den Ezporogiko pertsona orok beste herri batera joan beharra du eta horrek gastuak handitzen ditu, dela garraioagatik dela gaua kanpoan eman behar duelako.

Kontzeju honen nahia denez Ezporogi ohiko bizilekutako hautatu duten familiek bertan jarraitzea eta beste familia batzuek ere geroan beren bizilekua Ezporogin ezartzea eta Ezporogin bizitzeak gastu gehiago ez ekartzea beste herrietan bizi diren familien aldean, bada, onetsi da seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familiendako laguntzen araudi hau.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

3. artikulua. Laguntzak eskatu ahalko dituzte seme-alaba ikasleak goiko mailako ikasketetan edo unibertsitatekoetan dituzten familia guztiek.

4. artikulua. Eskaera familiaburuak eginen du. Ezinbestekoa izanen da, laguntzak eskuratzeko, baldintza hauek betetzea:

1.–Familiaburuak eta laguntzaren xede diren seme-alabak Ezporogin erroldaturik egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

2.–Familia unitateak (5. artikuluan definitzen baita) bere bizilekua egiazki Ezporogin ezarria izatea.

3.–Familia unitateak Udalean ordainketak eguneraturik izatea.

5. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, familia unitatetzat hartuko da higiezin berean bizi eta erroldako orri berean dauden lagun guztien multzoa.

III. KAPITULUA

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. Seme-alaba bakoitzeko 250 euroko laguntza emanen da.

Dena dela, zenbateko hori Udalak urtero xede horretarako bideratzen duen aurrekontuko kontu-sailaren menpe egonen da. Eskabideen ondoriozko zenbatekoak kontu-sailekoak baino handiagoak badira, hainbanaketa eginen da laguntza eskatu dutenen artean.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa eta tramitazioa

7. artikulua. Laguntzak eskatzeko, araudian eta dagokion deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.–Kontzejuak ezarritako eskaera orria, beteta.

2.–Ikasketak zein entitatetan egiten diren, haren ziurtagiria.

9. artikulua. Eskaerek urtebeteko indarraldia izanen dute.

10. artikulua. Laguntzak urtea bukatzean jasoko dira, ordainketa bakarrean.

11. artikulua. Udalak laguntza uka dezake, baldin eta Osoko Bilkurak uste badu eskaera ez dela ordenantza honetan ezarritako helburuetarako egin.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Agezan, 2015eko ekainaren 10ean.–Alkatea, Camino Landarech Zozaya.

Iragarkiaren kodea: L1508936