136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

410E/2015 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Castejongo udal mugapean barazki kontserbak egiteko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Instalazioaren titularra Riberega S. Coop. da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 427/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 277E/2014 Ebazpenak aldatu zuen foru agindu hori.

2015eko otsailaren 6an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, “barazki kontserben III. biltegirako eta etiketatzeko nabea handitzea” izeneko proiektua ezartzeko. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2015ko martxoaren 24an emandako irizpenaren arabera, aldaketa ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, horregatik, ez da beharrezkoa Ingurumen baimen integratu berria ematea; aldaketa nabarmena da ordea, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan, eta, horregatik, aldaketak Ingurumen baimen integratuan jaso eta hura aldatu beharra dago.

2015eko martxoaren 25ean, Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasi zen, proiektua gauzatzeko, hau da, 7.822 m²-ko nabe berri bat eraikitzeko, produktu amaituaren biltegitarako eta etiketatze lanak egiteko erabiliko dena.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan titularrari entzutea emateko tramitea bete da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera,

EBATZI DUT:

Lehena.–Castejongo udal mugapean barazki kontserbak egiteko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea, “barazki kontserben III. biltegirako eta etiketatzeko nabea handitzea” izeneko proiektua betetzearren. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Riberega S. Coop. da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratuaren aldaketa honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Riberega S. Coop.i, Castejongo Udalari, Errioxako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 29an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” izeneko kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1508550