136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 24an hartua, “Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoak” izeneko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazio berria jendaurrean jarri eta, aldi berean, mugapean eragina duten udalei entzutea ematen diena. Proiektuaren sustatzailea “Renovables de la Ribera SL” enpresa da.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2012ko apirilaren 18an hartutako erabakiaren bidez, Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu zen “Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoak” proiektua, “Renovables de la Ribera SL” enpresak sustatua, eta onetsi zen espedientearen bi tramiteak aldi berean egitea, alegia hogeita hamar egunez jendaurrean jartzea eta entzutea ematea proiektuko trazadurak ukitutako mugapeak dituzten toki entitateei, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz. Erabaki hori 2012ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 9an.

Proiektuaren xedea bost parke eoliko eta haiekin lotutako instalazioak ezartzea da; udal mugape hauek ukitzen dituzte: Cadreita, Valtierra, Arguedas, Castejon eta Tutera.

Proiektuko datuen arabera, parke horietan 694.782 MW.h/urteko produkzioa izanen da guztira; hau da, Nafarroako elektrizitate kontsumoaren %13,36; 5.198 GW.h, 2010. urtean.

58 haize-sorgailu instalatzea aurreikusita dago, ezaugarri hauekin: hiru palako errotorea, 128 metroko diametrokoa, eta 120 metroko garaiera abatzeraino.

Elektrizitatea azpiestazio bakar batetik ateratzea proposatu da, Iberdrola DESAUren egungo Valtierra TAtik hurbil, goi tentsio 66 kV-eko linea bat erabiliz, 15.100 metrokoa, trazadura ia osoa airetik eginez, La Serna azpiestazioraino.

II.–Dokumentazio berria.

Jendaurreko epea amaituta, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu du aipatutako erabakiari, aurkeztutako alegazioei eta ukitutako erakundeek eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2014ko ekainaren 19an eta 20an emandako txostenei erantzunez; dokumentazio berriak lehenago aurkeztu zena ordezten du, eta katastroko lurzati ukituen zerrenda jasotzen du, haien titularrak ere adierazita, bai eta hasierako proposamenari egindako aldaketa hauek ere:

–4 haize-sorgailu kentzea, eta Cavar-1, Cavar-2 eta Cavar-3 parke eolikoetako zenbait haize-sorgailuren mikrokokapena.

–Elektrizitatea ateratzeko linearen potentzia eta trazaduraren aldaketa. Linea berria, 220 kV-ekoa linea nagusia izanen da inguruko proiektu batzuetarako, haren ezaugarriak direla eta; horrez gain, La Serna azpiestaziora ere bidaliko du elektrizitatea.

Dokumentazio berria aztertuta, osatu beharra dagoela ikusi da, puntu hauek kontuan hartuta:

–Proposatutako araudia (Memoriaren 11.1 puntua), memoriatik bereizi beharko da, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2013ko abenduaren 23ko idazkian eskatutako puntu guztiak berrikusi beharko dira.

–2. eta 3. planoak kasuan kasuko legendekin osatu behar dira.

–“4-Araudia” izeneko dokumentua kentzeko aukera baloratu beharko da, haren edukia memoriaren 11. puntuan dagoen berbera delako. Kentzen ez bada, izena aldatu beharko da, nahasbiderik ez sortzeko eta hauxe jarri: “sustatzailearen identifikazioa eta hirigintza arloko indarreko determinazioak.

III.–Txosten sektorialak.

Emandako txostenak eta sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazio berria ikusita, txostenak eskatu dira berriro: Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari eta Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiari, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Babes Zibilerako Zuzendaritza Nagusiari.

Orain arte emandako txosten sektorialen artean, aipagarria da hauetako edukia:

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua.

Zerbitzu honek txosten batzuk eman ditu, azkena 2014ko ekainaren 26koa da eta hauxe dio amaieran:

“Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren iritziz, Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 parke eolikoen Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialak ukipen larria du egungo ureztalurretan. Horrenbestez, baimena emateko baldintza hauek bete beharko dira:

1. Egungo ureztaketa sistema, piboteen bidezkoa, bateraezina da haize-sorgailuekin, eta, beraz, horren ordez aspertsioaren bidezkoa erabiltzea, ukitutako eremuetan lurperatutako estaldurarekin.

2. Haize-sorgailuen plataformek, eraikin berriek eta bide berriak egiteak nahiz egungoak zabaltzeak eragindako okupazioaren ondorioz galduko den azalera ureztagarria 10 hektareakoa izanen da gehienez ere.

Horrez gain, hobe da azpiestazioa aukeratutako tokitik hurbil dagoen lehorreko alor batean eraikitzea.

Bestalde, Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketarako udalez gaindiko proiektu sektorialeko XII. eta XIII. sektoreetako lurzati berrantolamendurako eta ureztalur bihurtzeko etorkizuneko lanen gaineko ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen, etorkizuneko eremu ureztagarrian barna lurperatuta joanen diren zirkuituek 2 metroko sakoneran jarriko dira gutxienez. Profilean (harkaitza) material sendotua dagoenean, gutxieneko sakonera 50 cm-koa izanen da harkaitzaren goiko mailatik behera.”

–Red Eléctrica de España (REE).

Red Eléctrica de España-k 2012ko uztailean emandako txostenean eskatzen du espedientea osatzeko, “gurutzaketa tarteetan ukituta gertatuko diren bere jabetzako lineak eta euskarriak identifikatuta”, eta jakinarazten du “Red Eléctrica-n dugun informazioaren arabera, Castejonen aurreikusi diren 400 kV-eko Cavar 2, 3, 4 eta 5 parke eolikoek ez dituzte bete sarbide eta konexio prozedurak, maiatzaren 26ko 661/2007 Errege Dekretuari jarraikiz instalazioaren baimen administratiboa lortzeko beharrezkoak direnak, hain zuzen ere, Castejongo 400 kV-eko AE handitzea fisikoki ezinezkoa delako”.

–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

2015eko maiatzaren 26an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena eman du, eta bertan, Ingurumen eraginaren azterlana aski dela eta jendaurrean jar daitekeela esateaz gain, hauxe adierazi du:

“Aurreko txosten batean aipatu zenez, dauzkagun datuen arabera eta hegaztiek eremu hau nola erabiltzen duten ikusirik, baloratzen da proposatzen diren dimentsioak dituen parke eoliko batek arrisku handia ekarriko duela hegaztientzat, nahiz eta multzoaren barneko eremu batzuetan eraginak askoz txikiagoak izan. 4. eta 5. parkeak ez dira bideragarriak ingurumenaren aldetik, aintzat harturik eremuko jardueren eragin metakorrak, paisaiaren aldetik dauden balioak –lurraldea planifikatzeko dokumentuetan aitorturik daudenak– eta balio ekologikoak –jadanik azterturik daude, El Yugoko mendilerroa barnean hartzen duen eremu horri dagozkion espedienteetan–.

Jarduera eolikoa nagusia 1., 2. eta 3. parkeetako poligonalak hartzen duen eremuan egon liteke, baina horko eremu batzuetan ez da egokia haize-sorgailuak ezartzea, topografiarengatik, landaretzaren gaineko eraginagatik eta abeltzaintza guneak hurbil izateagatik. Abeltzaintza guneei dagokienez, horietan maiz hegaztiak izaten dira, eta haize-sorgailuekin talka egin dezakete.

Hortaz, Ingurumen eraginaren adierazpena egin aurretik, eta paratu beharreko haize-sorgailuaren neurriak kontuan harturik, sustatzaileak zapatak eraikitzeko beharrezkoak diren lur mugimenduen kalkulua aurkeztu beharko du, bai eta kokaleku bakoitzaren hasierako eta amaierako topografiaren egoera ere (profilak barne), sor litezkeen ezponden altuera ahalik eta txikiena eta maldak berriz landaretzeko modukoak izatea kontuan hartuta.”

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiaren txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Cavar-1, Cavar-2, Cavar-3, Cavar-4 eta Cavar-5 izeneko parke eolikoak” Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren dokumentazio berriaren bi tramiteak aldi berean egitea, alegia hogeita hamar egunez jendaurrean jartzea eta entzutea ematea proiektuko trazadurak ukitutako mugapeak dituzten toki entitateei, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraituz. Sustatzailea “Renovables de la Ribera SL” enpresa da.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura, Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Iruñeko Alhondiga kalea, 1, 1. solairua –31002–), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Era berean, agiria Sustapen Departamentuko web orriaren “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalean: http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Vivienda+y+Ordenacion+del+Territorio/Acciones/).

2. Orobat, espedientea jendaurrean jartzea, epe berean, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoaren ondorioetarako, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Horretarako, Ingurumen eraginaren azterlana interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (González Tablas kalea, 7 - 31005 Iruña).

3. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileek erabaki honetan eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan jasotako alderdiak berrikusi beharko dituzte, eta, hala behar izanez gero, proiektu sektorialean sartu.

4. Nolanahi ere, obrak egitean ukituta gelditzen ahal diren beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, edo exekuzio hori baldintzatzen ahal dutenei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Industria, Energia eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura, eta jakinaraztea Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Plangintza eta Proiektuen Zuzendariordetza Nagusiari, Ebroko Ur Konfederazioari, Iberdrola SAri, Red Eléctrica de España SAri, Acciona Energía SAri, Parque de la Naturaleza de Navarra SA enpresari, Cadreitako, Valtierrako, Arguedasko, Castejóngo eta Tuterako udalei, eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1509701