136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

492/2015 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak emana, Gendulaingo alderdian, Galarko eta Zizurko udal mugapeetan, bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko araudian egindako aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko xedatzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 24an hartutako Erabakiaren bidez Iruñerriko Mankomunitateak Nafarroako Gobernuaren 2014ko abenduaren 17ko Erabakiaren kontra aurkeztutako aldez aurretiko errekerimendua ebatzi da. Erabaki horren bidez, Gendulaingo alderdian, Galarko eta Zizurko udal mugapeetan, bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoak sustatua.

Erabaki horretan xedatu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki honen xedapen zatiaren 2. eta 3. atalen bidez UGPSaren araudian sartutako aldaketak, eranskinean jaso direnak.

Horiek horrela,

EBATZI DUT:

Gendulaingo alderdian, Galarko eta Zizurko udal mugapeetan, bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko araudian Nafarroako Gobernuaren 2015eko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez egindako aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen xedatzea. Planaren sustatzailea NASUVINSA sozietate publikoa da. Hauexek dira aldaketak:

1. UPSaren 6. artikuluari honako testu hau eranstea:

“Araztegia handitzeko egin beharreko lanak udalez gaindiko proiektu sektorial baten bidez arautuko dira”.

2. UPSaren 28. artikuluari honako testu hau eranstea:

“1. Barneko azpiegituren urbanizazioari dagokionez, exekuzio unitateen eta haien garapen orientatiboaren faseen arteko koordinazioaz, nabarmendu behar da haietako bakoitza banaka garatu daitekeela.

Exekuzio unitate bakoitzaren barne urbanizazioa eta fase bakoitza garatzean, lehentasuna emanen zaio “bide nagusiak” izena dutenak gauzatzeari, hau da, trafiko handia hartuko dutenak eta zerbitzu orokorretarako erabiliko direnak. Bide nagusi horiek etxe-sail handiak eratzen dituzte; aurrerago, bigarren mailako bideak eginen dira horietan, inguruan izanen dituzten eraikinei zerbitzua emateko.

Exekuzioaren lehen fasean, exekuzio unitate bakoitzean gainerako exekuzio unitateekiko lotura, bilbearen jarraikortasun orokorra eta lurzati bakoitzerako sarbide bat gutxienez ziurtatuko duten bideak eginen dira, hau da, “lehen mailako bideak” izenekoak. Lehen mailako bideak egin ondoren, bigarren mailakoak edo aipatutako etxe-sail handietako barne bideak eginen dira, lurzatietarako aurreikusi diren azpiegiturekin eta harguneekin batera; azken horiek eraikinekin batera egiten ahal dira, beharrezkoa baldin bada.

2. Esparrutik kanpoko azpiegituren urbanizazioari dagokionez, berriz, exekuzio unitate bakoitzak behar dituen azpiegituretarako lanen arabera aztertzen da urbanizazioa. Azterketa bi puntu nagusitan banatuta dago, kanpoko bide sistema eta kanpoko zerbitzuen azpiegiturak.

2.1. Kanpoko bide sistema.

–Hasiera batean UE-1 exekuzio unitateak dituen lehen bi fase orientatiboetarako beharrak aztertzen dira. Funtsean, lan hauek dira: Galarko egungo lotunearen aldaketa, egoera berrira egokitzeko; lotune zentral berria; A-12an erreien kopurua handitzea Galarko egungo lotunetik lotune zentral berri horretaraino; A15-A12 bidegurutzearen birmoldaketa (Zizurko lotunea); UE-1 lotzeko behin-behineko bide bat, UE-2 unitatean barna. Ondoren, UE-1 unitatearen azken bi faseak egiteko beharrezkoak diren bide lanak erantsiko lirateke; funtsean A12 A15eko mendebaldeko ingurabidearekin lotzen duen hegoaldeko bide perimetralaren tartea egitea litzateke.

–UE-3 unitatea garatzeko, bide sistema egina egonen litzateke UE-1 unitatean, salbu eta lan txiki batzuk, Galarko A-12rekiko lotunearen aldaketarekin lotutakoak.

–UE-2 garatzeko, autobiaz bestaldean dagoenez, autobia estali beharko da, Asteraingo lotunetik lotune zentralera bitarte hiru errei egin beharko dira eta hegoaldeko lotuneko lanak amaitu.

–UE-4 unitatea garatzeko, bide sistemari dagokionez ez da ezer egin beharko, dena eginik egonen delako.

–UE-5 unitatea garatzeko ez da beharrezkoa kanpoko bide sistema berririk egitea.

2.2. Kanpoko zerbitzuen azpiegiturak:

2.2.1. UE-1 unitatearen lehendabiziko bi faseetarako beharrezkoa den hornidurari dagokionez, lotura bat eginen da Zizur Txikiko egungo 400 mm-ko hoditik. Horretarako, hodi berria paratuko da Tebas aldera, ondoren Zizurko hodiarekin lotuko dena. Hodi berria UPS osoan amaierako soluziorako aurreikusi den diametroarekin eginen da. UE-1 unitatearen amaierako bi faseak garatzeko, Tebaseraino joanen den hodi nagusia osorik eginen da.

–UE-3 garatzeko, ez da inolako jarduketarik aurreikusten, UE-1 unitatean sartuta daudelako, salbu eta biltegia egokitzeko lanak eta ponpaketarenak.

–UE-2 unitatea garatzeko, horniduran aurreikusi beharko da soilik biltegi orokorraren edukiera handitu egin beharko dela.

–UE-4 unitatea garatzeko, horniduraren arloan ez da jarduketarik aurreikusten, aurreko exekuzio unitateetan sartuta daudelako, eta, beraz, biltegiko eta ponpaketako egokitzapen txiki batzuk besterik ez da egin beharko.

–UE-5 unitatea garatzeko, kota altuagoan biltegi osagarri bat eraikiko da, zerbitzua emateko urbanizazioaren eremu horri, kota altuagoan baitago.

2.2.2. Saneamenduari dagokienez:

–Ur beltzetarako azpiegitura ez da fasetan banatuko, osorik eginen baizik. Kolektore berria Arazuriko araztegiraino eginen da, UE-1 unitatean. Exekuzio unitate desberdinetarako hustubideekin lotzeko adar txikiak egiteko lanak izanen lirateke azkenak, bai hustubide berriarenak bai egungoarenak.

–UE-3, UE-2 eta UE-4 unitateak garatzeko, ez da inolako jarduketarik aurreikusi ur beltzei dagokienez, ezpada adar bat gehitzea exekuzio unitate bakoitza hustubide nagusiarekin lotzeko.

–UE-5 unitatea garatzeko, ur beltzen emaria urria izanen da, eta bertatik hurbil dagoen kolektore batera bideratuko da.

–Euri-uretarako, UE-1 unitatean, UPSrako aurreikusitako lan guztiak egin beharko lirateke, eta dekantazio putzuen kopurua txikiagoa izan liteke UE-2 unitatea egin arte.

–UE-3 unitatea garatzeko, euri-urei dagokienez arroaren isurketa autobiaren azpitik eraman beharko da, eta, ondoren hustubide nagusira, kolektore baten bitartez.

–UE-2 unitatea garatzeko, euri-urei dagokienez arroaren isurketa errekaren amaierako tartean eraikiko den putzuraino eraman beharko da.

–UE-4 unitatea garatzeko, ez da jarduketarik aurreikusten.

–UE-5 unitatea garatzeko, egungo errekak baliatuko dira.

2.2.3. Sare elektrikoari dagokionez, UPSrako hargune elektrikoa UPS osorako egin beharko da hasieratik, eta, horregatik, UE-1 unitatearen kasuan, honakoak egin beharko dira: Iberdrolak Orkoienen duen azpiestazioa handitzeko lanak, lau zirkuituko linea Gazolatzeraino, Iberdrolaren energia E. Valdizarberi emateko planta, bi zirkuituko linea UPSraino eta makina berria jarri Ardoin, bai eta ukitutako lineak desbideratzea ere.

–UE-3 unitatea garatzeko, lan hauek aurreikusten dira: BTA berria jartzea, transformazio eta maniobra zentro berri bat, eta E.T.ko lineak, bai eta E. Valdizarbeko lineak desbideratzea ere.

–Gainerako exekuzio unitateak garatzeko, hau da, UE-2, UE-4 eta UE-5 unitateak, lan hauek eginen dira: haietako bakoitzean BTA berri bat paratuko da, transformazio eta maniobra zentro berri bat eta E.T.ko lineak, bai eta E. Valdizarbeko lineak desbideratzea ere.

2.2.4. Telefoniaren eta Telekomunikazioen arloan, exekuzio unitate guztiei zerbitzua emateko jarduketak UE-1 unitatean egin beharko dira. Horretarako, UE-1 unitatean egungo zentraletik berrira joan behar duen kanalizazioa eginen da, zentral telefoniko berria eraikiko da, sareen lotunea Zizur Nagusitik eta kanalizaziorako gehigarriak.

Aurrerago eginen diren exekuzio unitateetako bakoitza garatzeko, aurreko exekuzio unitatearekin lotzeko sareak eginen dira, lurperatuta.

2.2.5. Gas naturalaren sareari dagokionez, UPS osorako harguneak UE-1 unitatean eginen dira. Horretarako, kanalizazio berria eginen da (AP), Comarca II industrialdetik.

Aurrerago eginen diren exekuzio unitateetako bakoitza garatzeko, aurreko exekuzio unitatearekin (MPB) eta presio altuko ENE estazioarekin (MPB) lotzeko sarea eginen da, lurperatuta”.

Iruñean, 2015eko ekainaren 26an.–Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusia, José Luis Ruiz Ciruelos.

Iragarkiaren kodea: F1509772