136. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1064/2015 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 23ko 826/2013 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez betearazi egin zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2013ko urtarrilaren 22ko 46 epaia, Alberto Antonio Fernández Díez jaunak sustatutako 247/2011 prozedura arruntaren ondoriozkoa.

Idazpuruan aipatutako ebazpenaren bidez, betearazi egin zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2013ko urtarrilaren 22ko 46 epai irmoa, 247/2011 prozedura arruntaren ondoriozkoa. Ebazpen horren bidez, interesduna praktiketako funtzionario izendatu zuten 2013ko irailaren 1etik aurrera. Horrez gainera, praktikaldia 2013-2014 ikasturtean egin behar zuela ezarri zen, eta, gaindituz gero, karrerako funtzionario izendatuko zutela 2011ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Inbertsioa sustatzeko eta enplegua sortzeko zerga eta lan arloko jarduketei eta jarduketa liberalizatzaileei buruzko abenduaren 3ko 13/2010 Errege Lege Dekretuaren 20. artikuluaren aplikazioaren ondorioz, ondoren azalduko den egoera gertatu da, berez lehenago izendatu behar baziren ere, epai bat betearaziz praktiketako funtzionario 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izendatu diren irakasleekin.

Ezagun den bezala, Inbertsioa sustatzeko eta enplegua sortzeko zerga eta lan arloko jarduketei eta jarduketa liberalizatzaileei buruzko abenduaren 3ko 13/2010 Errege Lege Dekretuaren 20.1 artikuluak ezartzen du ezen, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eta mugarik gabeko indarraldia duela, Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen Testu Bateginaren 2.1 artikuluan (testu bategin hori apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) aipatzen diren langileak, i) letran adierazten direnak alde batera utzita, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko direla nahitaez –bakar-bakarrik arau horretan eta haren garapenerako xedapenetan xedatutakoaren ondorioetarako–, betiere aipatutako egunetik aurrera eskuratu badute lanpostua.

Artikulu horrek indarra hartu zuenerako, Nafarroan baziren irakasleen kidegoaren funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesu batzuk deituak, praktiketako funtzionarioen izendapenak 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen egitea aurreikusia zutenak. Hortaz, irakasleen kidegoan deialdi horien bidez sartu direnei ez zaie aurreikuspen hori aplikatu, eta klase pasiboen araubidean segitzen dute.

Dena dela, hautapen prozesu horietan, hautagai batzuk epai baten betearazpenaren ondorioz sartu dira, aztergai dugun kasuan bezala. Hortaz, praktiketako funtzionarioen izendapena, eta, are gehiago, baita praktikak ere, geroago egin dira, nahiz eta karrerako funtzionario bihurtzeko izendapenak atzeraeraginezko ondorioak izan dituen, hain zuzen, oposizioko gainerako kideak karrerako funtzionario izendatu ziren egunera atzeratu ziren ondorioak, hau da, 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagora.

Interesdunaren egoerak eta hautapen prozesua epaitegietara jo behar izan gabe gainditu zutenen egoerak berdinak izan behar dute. Hortaz, haren aurreikuspen sozialeko araubidea, erretiroari dagokionez, Estatuko klase pasiboena izan beharko litzateke, betiere, hautapen prozesuaren aurreikuspenen arabera, praktiketako funtzionario izendatzeko eguna 2011ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bazen. Eta Araudia Antolatzeko eta Errekurtsoetarako Zuzendariordetza Nagusiaren 2011ko irailean eta 2013ko martxoan egindako txostenetatik horixe bera ondorioztatzen da. Txosten horien kopiak espedientean jaso dira.

Hortaz, bidezkoa da Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 23ko 826/2013 Ebazpena aldatzea, bertan jaso dadin 2010eko irailaren 1ean hasiko direla Alberto Antonio Fernández Díez jauna praktiketako funtzionario izendatzearen ondorio ekonomiko eta administratiboak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 3an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 23ko 826/2013 Ebazpenaren 1. atala aldatzea. Honela idatzita geldituko da:

“1. Hitzez hitz betetzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2013ko urtarrilaren 22an, Alberto Antonio Fernández Díez jaunak sustatutako 247/2011 prozedura arruntaren ondorioz, emandako 46/2013 epaia, eta horrenbestez:

A.–Alberto Antonio Fernández Díez jauna Geografia eta Historia (gaztelaniaz) espezialitatean hautatutako izangaien zerrendan sartzea eta 7,2183 puntu esleitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdiko oposizio-lehiaketan. Deialdi hori Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak onetsi zuen abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bidez.

B.–Alberto Antonio Fernández Díez jauna praktiketako funtzionario izendatzea, 2010eko irailaren 1etik aurrerako ondorio ekonomiko eta administratiboekin, eta adieraztea praktikaldia 2013-2014 ikasturtean egin beharko duela, eginen den jendaurreko ekitaldi batean destinoa aukeratuta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko lanpostu hutsen artean edo aldi baterako ordezkapenetarako lanpostuen artean, betiere Geografia eta Historia (gaztelaniaz) espezialitatean edo, hala denean, pareko espezialitateetan.

Praktikaldia gaindituz gero, karrerako funtzionario izendatuko da, 2011ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin, bere egoera Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 2470/2009 Ebazpenaren bidez deitutako hautapen prozedura gainditu zuten gainerako izangaien egoerarekin parekatzeko.”

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau honako hauei igortzea: Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalari, Langileriaren Plantillarako Bulegoari, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari, Estatuko Klase Pasiboei, Estatuko Administrazio Zibileko Funtzionarioen Mutualitate Orokorrari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan. Interesdunari adierazten zaio ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 7an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1509106