108. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20an hartua. Honen bidez onesten da Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala. Sustatzailea Palacio de Arozteguía SL da.

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an egindako bilkuran, erabaki zuen Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren plana Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, eta berrogeita bost egunez jartzea jendaurrean eta, aldi berean, entzutea ematea udalari, haren mugapean baitu eragina. Hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean (aurrerantzean LAHFL) eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean (aurrerantzean IBEFL) aurreikusitako ondorioetarako. Erabaki hori 2015eko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 19an.

Aurkeztutako planaren (Lekarozko eta Elizondoko hiriguneen artean kokatzen da) xede nagusia da hotel, kirol eta egoitza eremu bat garatzea. Hartan ostatu hartzeko eskaintza oso espezializatua izanen da, honako hauek izanen dituena: hotel-bainuetxe-spa bat eta golf zelai bat, 9 zulotakoa, eta golfeko eta lorezaintzako eskolak. 228 etxebizitza eraikiko dira Lekarozko (Baztan) Aroztegia jauregiaren ingurunean, 45 hektareako eremu batean.

II.–Jendaurrean jartzea.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean bost alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondoren laburtu eta erantzuna ematen zaie:

II.1. Alejandro Martín Ibarra jaunak, Baztango Garapenerako Elkartea-Asociación para el desarrollo de Baztan elkartea ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia.

Laburpena:

Idazki honen arabera, Nafarroako Gobernuak onetsitako Plan Sektorialak onura handia ekartzen dio Baztani. Alegatzailearen ustez, inguruneko paisaia- eta natura-balioak errespetuz eta modu jasangarrian aprobetxatuz, turismoa bulkatuko da, eta Baztanen jarduera ekonomikoa eta enplegua sortuko ditu, eta onura ekarriko die merkataritzako, ostatuetako eta lanbideetako arlo eta jarduerei, baita hezkuntzako arlo eta jarduerei ere, eta, gainera, eraginen du beste ekimen eta jarduera batzuk agertzea eta garatzea.

Horregatik, eskatzen du Nafarroako Gobernuak UPSa behin betiko onets dezala.

Erantzuna:

Proiektuak proposatutako helburuak berresten ditu idazkiak; hortaz, ez dago deus esaterik.

II.2. Baztango alkate Garbiñe Elizegi Narbarte andreak Baztan ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkia. Aurkeztutako idazkiak 12 alegazio ditu.

–1. eta 2. alegazioak. Parte-hartze Publikorako Plana.

Laburpena:

Alegatzailearen ustez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearekin bat, UPSari gehitutako Parte-hartze Publikorako Plana Nafarroako Gobernuak egin behar zuen, eta ez enpresa sustatzaileak. Horregatik, uste du egindako tramitea iruzur prozesala dela, eta ez dituela inola ere betetzen parte-hartze publikoko prozesuen betebehar legezkoak, Nafarroako Gobernuak ez baitu horretan parte hartu.

Bigarren alegazioan, interesdunak auzitan jartzen du parte-hartze publikoko prozesua, zeren, bere ustez, ez dira bete 11/2012 Foru Legeak ezarritako eskubide eta bermeak. Ildo horretan, auzitan jartzen du ea aurkeztutako informazioa egiazkoa eta inpartziala ote den. Hori esateko, honako hauetan oinarritu da: Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialaren erabilera, ongi identifikatu ez izana ukitutako gizarte eragileak eta lurralde eragileak, proposamenaren edukia –haren ustez publizitatea da, eta ez du datu errealen eta egiaztatuen babesik eta oinarririk– eta proposamena bateraezina izatea berehalakoan onesteko aurreikusia dagoen Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduarekin.

Erantzuna:

35/2002 Foru Legearen 42.4. artikuluak hau dio: “4. Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bat udalez gaindikoa dela deklaratzea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako. Horretarako, ondokoak arrazoitu eta justifikatu beharko ditu espedientean: ... c) Nafarroako Gobernuak onetsi edo ezetsi aurretik proiektu edo planaren udalez gaindiko eraginaren deklarazioa, foru lege honetako 45.1.b) artikuluak aipagai duena, deklarazio horrek izan duela ukitutako gizarte- eta lurralde-eragileen bidezko gizarteratzea eta parte-hartzea Parte Hartzeko Plan publiko baten bidez.

Aipatutako manuan argi eta garbi ezartzen da Nafarroako Gobernuaren eskumena dela plan edo proiektu baten udalez gaindiko eragina deklaratzea, betiere aldez aurretik justifikatuta parte-hartze prozesu baten menpe jarri dela. Parte-hartze prozesu hori, ekimen pribatuko proiektuetan, logikoki, sustatzaileek egin beharko dute, tresna hori prestatzeko proposamen fasean, izan ere orduan egin ditzakete ekarpenak herritarrek, betiere, jakina, Nafarroako Gobernuari aurkeztu aurretik, plan edo proiektu sektorial gisa tramitatzeko.

Ildo horretan, 42. artikuluak bakar-bakarrik aipatzen du parte-hartze prozesu horretan 11/2012 Foru Legean aurreikusitako berme eta eskubideak errespetatu behar dira. Aipatutako foru legearen 35. artikuluan jaso dira berme horiek, eta honelako gaiei egiten diete erreferentzia: informazioa ohar publikoen bidez eman dakiela herritarrei, proposamenei buruzko informazioa ulergarria izan dadila, herritarrek eskubidea izan dezatela jendaurreko aldian oharrak eta iritziak adierazteko...

Kasu honetan, esan daiteke ezen gauzatutako parte-hartze prozesuan behar bezala eta justifikatuki bete direla aipatutako bermeak.

Logotipoaren erabilerari dagokionez, nonbait alegatzaileak nahasten ditu Nafarroako Gobernuaren logotipoa edo erakunde-logotipoa (armarria) eta turismoko logotipoa (“Nafarroako Erresuma”).

Turismoko “Nafarroako Erresuma” logotipoa, Parte-hartze Planean erabilia, eskuragarri dago turismoko sektore guztiarentzat; halako aterki-marka da, helmuga turistikoari erreferentzia egiten diona, eta haren babespena jar daitezke Nafarroa turistikoko proiektu, enpresa eta toki guztiak. Hortaz, Parte-hartze Planean Turismoko “Nafarroako Erresuma” logotipoa erabiltzeak ez du plan hori ez indargabetzen ez baliogabetzen.

Parte-hartze prozesuari dagokionez, zabalkunde teknika gisa, sustatzaileak batez ere erabili ditu zabalkunde-bilerak, Internet eta iragarkiak prentsan, jakinarazteko parte-hartze prozesua ireki dela eta parte-hartzeko webgune bat badela. Parte-hartzea errazteko bitarteko gisa, web orriaz gain, berri emateko bilerak erabili dira.

Aurreko guztiarengatik, ez zaio alegatzaileari arrazoirik ematen, esaten duelarik parte-hartzea eragile interesdunei zuzendu zaiela, zeren erabilitako bi teknika, Internet eta prentsa iragarkiak, herritar guztien esku egon dira.

Bestalde, nahiz eta parte hartzeko teknikak ez dira berberak izan herritar guztientzat, biak ere baliozkoak dira, eta inola ere ez dute prozesua indargabetzen.

Bestalde, esaten duelarik proposamenaren edukia publizitatea dela, eta ez duela datu errealen eta egiaztatuen babesik eta oinarririk, aipatu behar da parte-hartze publikoaren menpe ez dela jarri behar UPSaren agiri osoa, determinazio guztiekin eta legez derrigorrezkoa den dokumentazio guztiarekin, baizik nahikoa den informazioa ezarri nahi den proposamena deskribatzeko, datu ulergarri eta irisgarriekin, horrela herritar eta eragile interesdun guztiek parte hartu ahal izateko, eta behar diren iradokizunak egiteko, kasua bada.

Dokumentua bateraezina ote den tramitean den Udal Plan Orokorraren Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua agiriarekin, horri buruz adierazi behar da ezen aipatutako agiria udalak Sustapen Departamentuan aurkeztu zuela tramitaziorako, 2015eko apirilaren 7an, eta, alegazioan agertzen denez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak onetsi gabe dagoela.

Udalerri baten Udal Plan Orokorraren agiriak, hots, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua agiriak eta Hirigintzako Udal Planak dimentsio desberdinak dituzte: zuzendaritza eta egitura dimentsioa du Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduak, eta esparru estrategiko bat ezartzen du lurraldearen garapenerako, hor kokatuko dira hirigintzako determinazioak, eta, beste alde batetik, Hirigintzako Udal Planak dimentsio exekutiboa eta operatiboa du, hots, berez hirigintzakoak diren xehetasun-determinazioak ezartzen ditu. (2010eko martxoaren 29ko epaia, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salarena).

Horrenbestez, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua agiriak ezartzen ditu udal antolamenduko garapenaren egiturazko helburu eta konponbide orokorrak, gero, Udal Plan Orokorreko zati izanik, exekutibo edo operatibo eginen direnak Hirigintzako Udal Planean. Ulertu behar da ezen behin betiko onesten eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den arte ezin dela ulertu indarrean dela, eta, beraz, ezin da aplikatzekoa izan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 81. artikulua). Hala ondorioztatzen da Auzitegi Gorenaren jurisprudentziatik, izan ere hark, 2002ko urriaren 10eko epaian, esaten du “Sala honek behin baino gehiagotan deklaratu du plan urbanistikoak ez direla indarrean sartzen harik eta haren arauak egoki den aldizkari ofizialean argitaratzen diren arte, eta argitaratu arte eta indarrean sartzeko ezarritako epea igaro arte ezin dela onetsi garatzeko egintzarik (1999ko uztailaren 8ko eta 2001eko azaroaren 12ko eta abenduaren 3ko epaiak, besteak beste)”.

Ildo horretan, planek eta beste tresnek ezarritako hirigintzako antolamenduak, kontuan izanik horien izaera arauemailea, eskatzen du ez bakarrik tramitazioa bukatzea behin betiko onespenaren bidez –tramitatzen ari diren tresnek ez dute indar erregulatzailerik–, baita, gainera, ofizialki argitaratu izana ere.

Erregulazio hau ez dago onetsia, eta, horregatik, ez dago indarrean eta ez du eraginkortasun juridikorik.

Aurrekoa, galarazi gabe Foru Legearen 42.3 artikuluak dioena, alegia, udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialetan biltzen diren determinazioak lotesleak direla dagokien toki entitateen planeamendurako. Horretaz gainera, ukitutako toki entitateek beren hirigintza-planeamendua egokitu beharko dute harentzat ezartzen diren determinazioetara, planeamendu hori berrikusi edo aldatzen denean, betiere aipatu determinazioek zuzenean ukitzen badute berrikuspen edo aldaketa horren xedea. Hortaz, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduak eta Hirigintzako Udal Planak UPS honen determinazioak jaso beharko dituzte, baldin azkenik onesten bada.

Horregatik guztiagatik, alegazioak ezetsi dira.

–3., 4. eta 5. alegazioak. Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzeari buruz.

Laburpena:

Hiru alegazioek auzitan jartzen dute aurkeztutako proposamenaren Udalez gaindiko Plan Sektorial izaera. Hala, udal alegatzaileak dioenez:

–Nafarroako Gobernuak plana UPS deklaratzea kontraesanean dago kasik berdin-berdina den beste kasu batean Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak emandako txostenarekin, izan ere, aurkeztutako kontsultaren aurrean, hauxe esan baitzuen: “ikusirik indarreko lege esparrua, proposamena ukitzen duena (Lurraldearen Antolamenduari buruzko 35/2002 Foru Legea, Ingurumena Babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea eta Golf zelaiak ezartzeari buruzko 128/1992 Foru Dekretua), hasiera batean ez da ikusten inguruabarrik beharrezko bihurtzen duenik proposamena Udalez gaindiko Plan Sektorialaren bidetik tramitatzeko. Horregatik, salbu Baztango Udalak, arrazoiturik, figura hori proposatzen badu, Udal Planaren aldaketa puntual egituratzaile gisa tramitatu beharko litzateke”.

Udalak dio aipatutako 2008ko idazkian ez zela bidezkotzat jotzen UPS gisa tramitatzea, eta, hala, ulertzen du Administrazioa lotua gelditu dela, norberaren egintzen printzipioaren bitartez.

–Erreferentziako erabakiak ez du behar bezala justifikatu udalez gaindiko eragina, LAHFLaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera. Alegatzailearen ustez ez da arrazoirik agertzen azaltzeko zergatik hirigintzako garapen honek “ukitzen duen lurraldearen antolamendua udalez gaindiko esparruan.”

–UPSaren udalez gaindiko interesaren deklarazioa ez dago behar bezala justifikatua. Jarduketaren udalez gaindiko eragina zehazteko nahikotasuna baloratzeko txostenak auzitan jartzen ditu.

Erantzuna:

Lehenik, adierazi behar da alegazioan aipatzen den kontsulta informatiboa dela, ez duela erabakitzeko ahalmenik, Auzitegi Gorenak behin baino gehiagotan aldarrikatu bezala, besteak beste 1990eko maiatzaren 3ko epaiaren bidez, eta, izaera horrengatik, kontsulta horretatik ezin da ezinbestez ondorioztatu, alegatzaileak nahi bezala, Administrazioa ezin dela bere egintzetatik bereizi, are gehiago baldin jarduketak edo aurrekari administratiboak ez badu izaera loteslerik. Gainera, aurrekariak izaera hori balu ere, 30/1992 Legearen 54.1.c) artikuluak ahalbidetzen du aurreko jarduketetan erabilitako irizpidetik bereiztea, baldin irizpide aldaketa hori behar bezala arrazoitzen bada, eta kasu horretan frogatu behar da halako arrazoibiderik ez dela izan, justifikatzeko jarduketa hau ez dela bidezkoa, eta, ondoren justifikatzen den bezala, alegatzaileak ez du behar bezala frogatu.

Gainera, kontuan hartu behar da 2008ko kontsultaren xedea nabarmen desberdina dela 2014an aurkeztutako proiektutik, honako hauei dagokienez: azalera, eremu eta lurzati ukituak, hoteletarako edukiera, jarduketa elementuak, erabilera berriak eta, funtsean, helburu desberdinak. Horiek denek oinarritzen dute proposamenaren udalez gaindiko izaera, eta hala azaltzen da aurkeztutako memorian. Ez da, beraz, “kasik berdin-berdina” den proiektu bat, alegatzaileak dioen bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean golf zelaiak ezartzeko lurralde eta hirigintza baldintzak arautzen dituen martxoaren 30eko 128/1992 Foru Dekretuaren 3.b artikuluak, kasu honetan ere aplikatzekoak, babesten du badirela jarduteko bi modu: batetik, golf zelaiari lotutako etxebizitzen jarduketa erregulatzea, huts-hutsean udalekoa den esparruan, Plan Orokorraren edo Arau Subsidiarioen bidez arautuz, eta, bestalde, Udalez gaindiko Planak erabiltzea.

Kasu honetan bi eskumen daude tartean, eta bata nahiz bestea erabil daitezke: batetik lurraldearen antolamenduko eskumena, Nafarroako Foru Komunitatekoa, eta bestetik hirigintzako eskumena, udalarena, eta nahiz eta bi eskumen desberdin gisa agertu, tresna edo lanabes desberdinak dituztenak, eginkizun publiko berari egiten diote erreferentzia: lurraldearen erabilera antolatzea.

Legeriak bi material mota hauek bereizi nahi izan ditu, aitortzeko badirela desberdintasunak, jokoan dauden interesen eskalari eta neurketari dagokienez. Udalez gaindiko eragina gertatu gertatzen denez, eskala dela-eta eskumena Nafarroako Foru Komunitatearena da, eta, kasu horretan, KAk ezarria du “...lurraldearen antolamenduari buruzko eskumenak helburu du, hain zuzen, haren titularrak aukera izan dezala bere lurralderako politika orokor bat egiteko, hartan eragina duten jarduketa publiko eta pribatuak koordinatzeko, eta, horrenbestez, administrazioek ezin izanen dituzte saihestu”.

Alegatzaileak arrazoia du esaten duelarik LAHFLaren 42.4 a) artikuluak agintzen duela bi beharkizun bete behar direla: bat, jarduketak edo azpiegiturak lurraldearen antolamendua udalez gaindi ukitu behar duela, eta bi, hiru alternatibaren arteko aukera eratu behar dela. Honaino, alegatzailearekin ados. Alegazioan azaldu ez bezala, Gobernuak 2014ko abenduaren 23an hartutako Erabakiak nahikoa argudio ditu justifikatzeko jarduketaren udalez gaindiko interesa, oinarri harturik inguruabar estrategiko eta sozioekonomikoak, aintzat harturik nolako ekarpena egiten duen proiektuak Nafarroako Lurralde Estrategiako eta Nafarroa Atlantikoko Lurralde Antolamenduko Planeko jarraibideak garatzeko. Horretaz gain, eragin nabarmena du inbertsioan, enpleguan, Nafarroako erakargarritasuna sendotzean eta eskualdeko beste azpiegitura batzuen aprobetxamenduan. Hori dena aski justifikatua dago espedientean. Beraz, aurreikusitako jarduketak udalez gaindiko eremu batean ukitzen du lurraldearen antolamendua, hartzen duen lurraldea ardazten eta egituratzen baitu, baina, era berean, eta ekuazioaren bigarren zatiari helduz, balio du Nafarroako Gobernuak turismoaren arloan dituen politika sektorialak garatzeko eta gauzatzeko, hori baita Foru Komunitatearen jarduera ekonomikoaren arlo bat, baita Nafarroako Foru Komunitatea garatzeko eta Estatuan eta nazioartean proiektatzeko arloa ere. Halaber, lehen aipatu den bezala, bat dator Nafarroako Foru Komunitatean golf zelaiak ezartzeko foru araudiarekin.

Irakurrita aurkeztu den plana eta ikusita zer lurralde- eta hirigintza-erabilera erregulatu nahi diren harekin, ondoriozta daiteke proiektu turistikoak duela halako irismen, eduki eta tamaina bat Baztan udalerriko eremua gainditzen duena, baita udalerri hori bere baitan duen eskualdea ere, nahiz eta, fisikoki, jarduketak Baztango udal mugapean bakarrik eginen diren.

Bidezkoa da, hortaz, aurkeztutako alegazioak ezestea.

–6. alegazioa. Herri lurzatia.

Laburpena:

UPSaren barnean Baztango herri lurzati bat dago. Herrilurren Atalak ohartarazten du “Baztango Udalak xedatu beharko duela aipatutako lurzatiari emanen zaizkion erabilera eta helburua.” Alegatzaileak dio udalari ez zaiola kontsultarik egin lurzati hori gehitzeari buruz, eta udalak ez duela inolako asmorik proiektu honetarako erabiltzeko, haren iritziz oso larri kaltetzen baititu Baztanen interesak.

Erantzuna:

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2014ko abenduaren 16an emandako txostenak adierazi bezala, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 103.3 a) artikuluarekin bat, UPSa onesteak berarekin dakar aipatutako lurzatiaren izaera, hots, herri ondasun izaera, juridikoki aldatzea automatikoki. Horrenbestez, kalifikazio hori aldatzen duen planak erabilera bat ezartzen du, eta erabilera horrexek erabakitzen du herri ondasunaren aldaketa, eta ezartzen du, orobat, ondare ondasuntzat hartuko dela, eta, horregatik, Udalez gaindiko Plan Sektorialean ezarritakoa izanen da erabilera.

Horregatik, kasu guztietan, plan sektoriala behin betiko onetsita eta lurzorua urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta, herri ondasunen aldaketa juridikoa gertatzen da automatikoki, eta ondare izaera hartzen dute, eta jarduketan parte hartzen dute gainerakoen hirigintzako eskubide eta betebehar berberekin.

Hortaz, bidezkoa da aurkeztutako alegazioa ezestea.

–7. alegazioa. Dokumentazio osatugabea.

Laburpena:

Entitate alegatzaileak uste du ez dela aurkeztu, ez parte-hartze publikoko prozesuan ez alegazioen unean ere, legez beharrezkoa den dokumentazioa; hortaz, uste du prozedura osoa hasieratik egin beharko litzatekeela. Alegazio honek hiru lerrotan garatzen du bere arrazoibidea:

Lehenik, LAHFLaren 43. artikuluari egiten dio erreferentzia, eta, zehazki, azpimarratzen du UPSek behar diren agiriak izanen dituztela beren determinazioak argi eta nahikotasunez agertzeko.

Aurkeztutako agiriak osatugabeak direla arrazoitzeko, entitate alegatzaileak erabiltzen duen arrazoi bakarra da Nafarroako Gobernuaren Erabakiak hala jasotzen duela. Orobat, adierazten du UPSaren dokumentazioa ez dela parte-hartze prozesurako aurkeztutakoa, eta, hala, ulertzen du 11/2012 Foru Legearen lege-betebeharrak urratzen direla.

Bigarren puntuak Ingurumen ondorioen azterlanari egiten dio erreferentzia, eta adierazten du ingurumeneko inpaktuari buruzko alternatiben azterketa bat falta dela.

Azkeneko puntuan esaten da ez dela aurkeztu LAHFLaren 43. artikuluan ezarritako bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlanetako bat.

Erantzuna:

LAHFLaren 43. artikuluak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak adierazi bezala, ulertu behar da aipatutako erabakian eta erakundeek emandako txostenetan jasotako agiri eskaerak direla hobetzeko eskaerak, ez zuzenketa egitekoak. Hori oinarritzat harturik, ez da ulertu behar jendaurreko espedientea osatu gabe dagoela.

Bestalde, bidezko da errepikatzea ezen parte-hartze prozesuan aurkeztutako agiriari ezin zaiola exijitu LAHFLaren 43. artikuluko dokumentazioa izatea, eta zentzuzkoa ere ez dela, jadanik azaldu den bezala.

Ingurumen ondorioen azterlaneko edukiari alegatutakoari erantzunez, kontuan har bedi Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 371E/2015 Ebazpena. Ebazpen horretan UPS horren Ingurumen ondorioen adierazpena egin zen.

Bukatzeko, eta aipatutako 43. artikuluaren interpretazio koherente batekin bat, ekimen partikularreko UPSei ezin exijitu zaizkie bideragarritasun ekonomikoko bi azterketa, begi bistako arrazoiengatik. Proposamen baten bideragarritasun ekonomikoaren kontzeptua bakarra da: edo proposamena bideragarria da edo ez da.

Ildo horretan, aipatu behar da bideragarritasuna aztertua dagoela eta tramitea betetzat jotzen dela. Balorazioan ez da ikusi proposamena baliogabetzen duten irregulartasunik. Ildo horretan, espedientea osatu egin da, SODENA sozietateak egindako proiektuaren inpaktu ekonomikoaren azterlan batekin.

Hortaz, bidezkoa da aurkeztutako alegazioa ezestea.

–8. alegazioa. Aprobetxamendu tipoa.

Laburpena:

Arrazoitzen da ez dela ezagutzen ezarritako eredu-aprobetxamenduaren (0,125 UA/m²) justifikazioa.

Erantzuna:

UPSean ezarritako eredu-aprobetxamendua da LAHFLaren 102. artikuluaren manua aplikatzearen ondorio matematikoa, hau da: UPSak banaketa eremurako (barnean direla ekipamendu pribatuak, behar bezala homogeneizatuak eta metro koadro eraikigarrietan adieraziak) aurreikusitako lurralde antolamenduari dagokion irabazizko aprobetxamendu guztizkoa zati guztizko azalera, salbu oraingo sistema orokorrei edo tokikoei atxikitako lurrak, manuak adierazi bezala.

Nolanahi dela ere, aipatutako erabakiari emandako erantzun gisa aurkezten den agiriak aztertzen eta zehazten du eredu-aprobetxamendua, eta balio hau ezartzen: 0,123 UA/m².

Horregatik guztiagatik, aurkeztutako alegazioa baietsi dela ulertzen da.

–9. alegazioa. Maldak eta ibilbideak.

Laburpena:

Urbanizazio Proiektuko Araudiaren 19. atalean ez zaio erreferentziarik egiten gai honi, alegia, gehieneko maldei buruz eta oinezkoen gehieneko ibilbideei buruz (Viv 561/2010 aginduan jaso dira).

Erantzuna:

Adostasuna dago alegatzailearekin, esaten duelarik aipatutako artikuluan aipu espresua egin behar zaiola otsailaren 1eko VIV/561/2010 aginduari. Agindu horren bidez garatzen da espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egoteko irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezako baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa.

Dokumentazio grafikoaz gain, eguneratu eta islatu beharko da Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea garatu eta aplikatzeko erregelamendua onesten duen ekainaren 29ko 154/1989 Foru Dekretua, aipatutako Ministro-agindua betetzeko.

Horregatik guztiagatik, alegazioa baietsi egiten da.

–10. alegazioa. Nafarroako Foru Komunitatean golf zelaiak jartzeko lurraldearen eta hirigintzaren arloko baldintzak arautzen dituen martxoaren 30eko 128/1992 Foru Dekretua.

Laburpena:

Alegatzaileak esaten du foru dekretu horren 5. artikuluak ezartzen duela “sozietatearen osaera” zehaztu behar dela, baita mugatutako eremuaren justifikazioa ere.

Erantzuna:

Alegazioan esaten den bezala, memorian agertzen da, jarduketaren pertsona sustatzaile juridikoaz gain, sozietatearen osaera eta nola dagoen inskribatua erregistro publikoan. Nolanahi ere, datu horien tratamenduari dagokionez, datuak babesteko indarrean den legeriari men egin behar zaio.

Eremuaren justifikazioari eta alegatutako “Nafarroako Gobernuaren departamentuen txostenena azaldutako beste gabeziei” dagokienez, jo bedi txosten honetako III. eta IV. ataletara.

Horregatik guztiagatik, alegazioa partez baiesten da.

–11. alegazioa. Beste golf zelai batzuk.

Laburpena:

Alegatzen da ez direla kasu honetan sartzen golf zelaiak ezartzeko aurrekariak, izan ere Nafarroan tramitatutako gainerako golf zelaiak udalek berek sustatu baitituzte.

Erantzuna:

Alegazio honen erantzunerako, jo bedi alegazio-idazki honen 3., 4. eta 5. alegazioei emandako erantzunetara.

–12. alegazioa. Ingurumen ondorioen adierazpena.

Laburpena:

Alegatzaileak dio Ingurumen ondorioen adierazpenari buruzko agiriak ez dituela betetzen agiri mota horien legezko betebeharrak, eta nahikotasunez ere ez diela heltzen horiei.

Erantzuna:

Ingurumen ondorioen azterlaneko edukiari alegatutakoari erantzunez, kontuan har bedi Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 371E/2015 Ebazpena. Ebazpen horretan UPSaren Ingurumen ondorioen azterlana egin zen.

II.3. Miren Meoki Plazak, Lekarozko herria ordezkatuz, aurkeztutako alegazio-idazkia.

Alegazio-idazki hau bat dator, edukian, Baztango alkate Garbiñe Elizegi Narbarte andreak Baztan ordezkatuz aurkeztutako alegazio-idazkiarekin; beraz, jo bedi alegazio-idazki horri emandako erantzunera.

II.4. “Aroztegia eta gero zer?” elkartearen lehendakari Joseba Otondok aurkeztutako alegazio-idazkia.

Laburpena:

Aurkeztutako idazkiak 12 alegazio eta eranskin bat ditu. “Palacio de Arozteguía SLk sustatutako turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren UPSaren prozedurak sortutako ingurumeneko informazioaren azterketa” izenburua du aurkeztutako eranskinak.

Honako puntu hauetan oinarritzen dira alegazioak:

1. Erabilitako ongarriek larriki uki ditzakete lurpeko eta azaleko urak.

2. Ez da berretsi Hondakin Uren Araztegia gai izanen denik UPSaren isurketak arazteko.

3. Ez da aztertu ea nitratoek lurpeko urak kutsa ditzaketen.

4. Aurreikusi da lurpeko urak ateratzea, eta horrek inpaktu inportanteak eragin ditzake eskualdeko errekastoetan.

5. Ez dira kontuan hartu energiaren aurrezpena eta efizientzia.

6. Ez da egoki aztertu habitat babestuetan izanen den inpaktua.

7. Ez da egoki aztertu paisaian izanen den inpaktua.

8. Ez da egin faunan izanen den inpaktuaren azterketarik.

9. Ez da egiazko azterketarik egin UPSaren alternatiba guztiei buruz.

Erantzuna:

5. alegazioa kenduta (hori ondoren laburtuko da eta erantzuna emanen zaio), kontuan harturik aurkeztutako gainerako alegazioen ingurumeneko edukia, erantzunerako jo bedi Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 371E/2015 Ebazpenera.

5. alegazioaren laburpena. Energia aurreztu eta efizientziaz erabiltzeko baldintzak:

Alegatzaileak dio Nafarroako Energia Planaren helburuak direla energiaren aurrezpena eta efizientzia bultzatzea energia kontsumoa murrizteko, ahalik eta gehien baliatzea energia berriztagarrietako baliabideak (ingurumenarekin bateragarri izanik), eta energia mota asko eskura izateko azpiegituren sarea handitzea.

Alegatzen du proiektuak ez duela energia kontsumoaren balorazio bat, eta ingurumen ondorioen azterlanean ez zaiola erreferentziarik egiten energia aurrezpenari.

Gainera, adierazten du proiektuak bermatu beharko lukeela ekoefizientziako helburuak betetzen direla, baita honako hauek betetzen direla ere: energia berdeen sistemak, energia berriztagarrien ezarpena, eraikinen isolamendua eta hobekuntza helburuak erdiesteko faktoreak.

Erantzuna:

Alegatutakoari erantzunez, sustatzaileak azaldu du eraikuntza proiektuak idaztean errespetatuko dela honako hauetan ezarritakoa: Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretua, geroko aldaketak eta proiektua idazteko unean indarrean den araudia.

Bestalde, alegatutakoa aintzat hartuz, sustatzaileak honako neurri hauek hartu ditu espazio urbanoan jasangarritasun energetikoa izan dadin (argiteria publikoaren instalazioaren optimizazioan zentratzen dira):

–Koadro elektrikoetan, fluxua egonkortzeko eta murrizteko ekipoak jarriko dira.

–V.S.A.P. motako lanparekin instalatu beharreko argiek, baldintza egokiekin, ahalbidetuko lukete tentsioa jaistea eta argitasun maila uniformeki jaistea; hori dena lineaburuan. Kontsumoaren %40tik gora aurreztuko da, eta argiztapen maila %50 murriztuko da gutxi gorabehera, baldintza egokietan.

–Automatikoki pizteko eta itzaltzeko maniobra izanen du instalazioak, erloju astronomikoaren bidez (egunaren argitasunari egokitua), eta pizteko/itzaltzeko kontagailuan eraginen du, baita fluxu murrizgailuan ere.

Horregatik guztiagatik, alegazioa baietsi da.

II.5. Martín José Celaya Garcíak, Sustrai Erakuntza Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako alegazio-idazkia.

Alegazio-idazki hau bat dator, edukian, “Aroztegia eta gero zer?” elkartearen lehendakari Joseba Otondok aurkeztutako alegazio-idazkiarekin; beraz, jo bedi alegazio-idazki horri emandako erantzunera.

III.–Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 23an hartutako erabakiko oharrei buruz.

Nafarroako Gobernuaren aipatutako Erabakiak sustatzaileari adierazten dio ezen, espedientea ebatzi aurretik, erantzuna eman eta espedientea osatu beharko duela hartan jasotako irizpideekin.

Ondoren transkribatzen dira, kakotx artean, ohar horiek, eta, “Lurraldearen Antolamenduaren Departamentuaren txostenari emandako erantzuna” izeneko agiria aintzat harturik, sustatzaileak 2015eko martxoaren 11n aurkeztutako erantzunak jaso dira.

III.1. Lurralde antolamenduari buruz kontuan hartu beharrekoak.

–UPSa osatu egin behar da, eremua gurutzatzen duten errekastoak txertatuz, baita horien urek har ditzaketen eremuak ere, kontuan harturik LAP2-k PN3 eta PN5 eranskinetan eskatzen dituen irizpideak; zehazki:

  • Ibai bideak antolamenduaren egiturazko elementu gisa integratzea, parke, ibilbide natural, kirolgune... gisa, betiere uraren kalitatea eta funtzio ugariak murrizten dituzten eraikuntzako elementurik gabe.
  • Ibai eta sakanak gurutzatzen dituzten azpiegiturek gaitasun nahikoa izan beharko dute, uraren eta ingurumenaren funtzionaltasuna errespetatzeko eta etendurarik ez sortzeko.”

UPSaren eremua gurutzatzen dituzten errekastoak tratatu dira antolamenduaren egiturazko elementu gisa, eta, antolamenduaren barnean, kirolgunearen barnean (golf zelaia) integraturik. Gainerako gaiak, kontuan harturik ingurumeneko edukia, UPSaren Ingurumen ondorioen adierazpenaren xede dira.

–”Eta paisaiaren antolamenduari eta kultura ondarearen babesari dagokienez –horrela justifikatzen baita tokiko identitate-irudiari eustea eta guneko morfologia- eta paisaia-balioak zaintzea–, egonlekuaren profil urbanoaren azterketa/ikuspegi bat erantsi behar da, baita eremutik kanpo ikusgarritasun handiena duten puntuetatik begiratzeko pertzepzio bat ere, trantsiziorako konponbide egokiak gehitu ahal izateko. Azterketa horrek bere baitan izan beharko lituzke ingurune fisikoaren argazki panoramikoak, proposatutako jarduketen simulazioekin.”

Atal hau betetzeko, sustatzaileak jarduketaren hainbat argazki panoramiko gehitu ditu, ikusgarritasun handieneko eremuko, hots, Lekarozko landaguneko, kanpoko aldetik hartuak.

–”Komunikazioak, garraioa eta azpiegiturak: mugigarritasun jasangarria sustatzeari dagokionez, ikusten da ezarritako irizpideak eta neurriak justifikatu behar dituela UPSak, bermatzeko herritarrek sarbidea izanen dutela azpiegitura egokien bidez, printzipio hauek oinarri harturik: ekitate soziala, lurralde ekitatea eta pertsonen eta ondasunen segurtasuna. Halaber, joan-etorri horiek ingurumenean ekarritako eragina murriztu behar da.

Ildo horretan, irizten da trafikoko azterlana handitu egin behar dela, mugigarritasun azterlan bat erantsiz, non oinezkoen eta bizikleten ibilbideak ere aurreikusiko baitira, herrietako oraingo eta aurreikusitako ibilbideekin lotura izanen dutenak, eta bermatuko dutenak eskualde osora iritsi ahal izatea, bereziki hurbilen dauden hirigune eta zerbitzuetara.”

Eskatutako mugigarritasun azterlanarekin osatu da espedientea. Hartan aztertzen da nola irits daitekeen gaur egun eremu horretara oinez eta bizikletaz, garraio publikoko sarearen bidez (herri arteko autobusak eta taxia) eta ibilgailu pribatuaren bidez.

Oinez eta bizikletaz iristeari dagokionez, azterlanean ondorioztatzen da ezen antolamenduan aurreikusitako espaloiak batera erabiliko dituztela bai oinezkoek bai bizikletaz doazenek, eta oraingo bideen bitartez lotuko dira ibilbide horiek eta hurbileko hiriguneak eta zerbitzuguneak. Orobat, azaltzen da eremuaren barneko ibilbideek betetzen dutela irisgarritasunari buruzko araudia; ez ordea kanpoko edo loturako batzuek.

Aurrekoa gorabehera, UPSak jaso behar du Urbanizazio Proiektuak aurreikusi behar duela, ibilbide horiek irisgarritasun araudia betetzeaz gain, bereziki Viv 561/2010 Agindua bete behar dela, honako hauekin lotura egiteko aurreikusitako ibilbideetan: Lekarozko landagunearekin, NA-4404 Irurita-NA-4403 eta NA-4403 Lekaroz errepideen arteko biribilgunearekin eta Elizondoko Mendinueta karrikarekin. Horretaz gain, behar diren jarduketak aurreikusi beharko ditu irisgarritasuna bermatzeko, gutxienez ere argiztapenari, seinalizazioari eta zolatzeari dagokienez. Besteak beste, lotura horiek beharrezkoak dira proposatutako antolamenduan biziko den jendea lotzeko herri arteko autobus sarearekin eta hezkuntza eta osasun sareekin.

Gainera, mugigarritasun azterlanaren planoa (hartan jaso dira oinezkoen eta ziklisten ibilbideak, udalerriko ibilbideekin lotura egiten dutenak) UPSaren dokumentazio grafikora eraman behar da, antolamendu plano gisa.

–”Orobat, UPSa LAP2ko irizpideekin osatu beharko da (65. eta 77. artikuluak). Horiek ezartzen dute ezen sektore urbanizagarri berri baterako telekomunikazioen sareak edo hoditeriak aurreikusiko direla, eta hirigintzako planeamenduan eta, kasua bada, lurraldeko planeamenduan behar diren determinazioak sartuko direla energia jasangarritasunari buruz, energia beharrak murritz daitezen bai hiri eremuan bai eraikinetan –batez ere etxebizitzetan–, hau da, berokuntza, hozkuntza edo argiteria beharrak, eta, hala, energia eskaera jaits dadin.”

Telekomunikazioen sare edo kanalizazioei dagokienez, sustatzaileak bete du determinazio hau, adieraziz urbanizazio proiektuan ezarriko direla telekomunikazo sareen baldintzak. O.20 planoan jaso dira eskematikoki. Horregatik, UPSeko araudian baldintza hori ere jaso beharko da.

Jasangarritasun energetikoari dagokionez, sustatzaileak adierazi du eraikuntza proiektuek beteko dutela Eraikuntzaren Kode Teknikoan eta indarreko araudian ezarritakoa. Horretaz gain, hainbat neurri bildu ditu argiteria publikoa optimizatzeko. UPSeko araudian edo ordenantzetan jaso beharko dira neurri horiek, eta Urbanizazio Proiektuan garatu.

III.2. Hirigintzaren gaineko gogoetak.

–”Planak mugatutako eremuaren justifikazioa” jaso behar du UPSak (128/1992 Foru Dekretuaren 5. artikulua). Puntu honi buruz, orain aurkeztutako dokumentazioak hau dio: “irizpide objektibo fisiko eta orografikoei erantzuten die eremuak, eta Lekarozko eta Elizondoko hiriguneekin konektagarritasuna izateko irizpideei; hala, eremu trinko bat eratzen da (salbu lege merezimenduagatik kanpoan gelditutako lurrak, suteen ukipena dela eta).”

Eskatutako justifikazioa aurkeztu du sustatzaileak; batez ere irizpide eta elementu orografiko eta zehaztuei erantzuten die.

–”Gainera, PD04 eta PD05 lurzatiak sartzea justifikatu behar da. Horien kokapenak eta morfologiak baldintzatu egiten dute proposameneko hirigintzako antolamenduan egiazki integratu ahal izatea.”

PD04 eta PD05 lurzatiei dagokienez, adierazten da eremuaren bazter batean sartzen direla oraingo edo etorkizuneko helburu baterako. Batetik, PD05 lurzatiak mugakide du Telleriko iturria eta harraska berritua dituen lurzatia. Lorezaintza Eskolako mintegietarako eta golf zelaitarako erabiliko da. Bestalde, PD04 lurzatiak ahalbidetzen du golf zelaiarekin loturik dagoen leku batean paratzea zenbait eraikuntza eta instalazio, golf zelaiaren eta erabilera publikoko berdeguneen mantentze eta kontserbazio lanetarako, beste toki batzuetan kokatu behar izan gabe.

–”Integrazioari eta irisgarritasunari dagokienez, UPSaren planoetan sartu behar dira lurren mugimenduak eta proiektatutako sestrak, halako moduz non behar bezala aztertzen ahalko baitira aurreikusitako antolamenduko ukipen topografikoak eta sortuko diren lurren mugimenduak.”

Horri buruz, sustatzaileak dio bideak eraikitzean sortzen diren lurren eta landare-lurren soberakinak hartuko direla UMR.06, UMR.08, UMR.10 eta UMR.19 unitate morfologikoetan eta golf zelaiaren topografiaren eraketan, eta bideak egiteko lur mugimenduak O.12-3 planoan jaso direla.

Aurrekoa hala izanik ere, eremuan berdegune gisa jaso ez diren toki libre publikoek tratamendu egokia izan beharko dute. Araudian, urbanizazio proiektuari buruzko artikuluan sartu beharko da baldintza hau.

-”Bestalde, 128/1992 Foru Dekretuak exijitzen duen moduan, proposamenaren plano bat aurkeztu beharko da, aurreikusitako jarduketa guztiak islatzen dituena, eraikuntzakoak eta eraikuntzakoak ez direnak (berdeguneak, golf zelaiko zuloak eta urmaelak, aparkalekuak, ibai parkea, eraikuntzak, bideak –espaloiak barne–, merenderoa, garbitokia, kiroletarako gunea...).”

Ohar horri erantzunez, sustatzaileak ez du aurkeztu eskatutako proposamen-planorik, nahiz eta eskatutako informazio gehiena jaso den plano hauetan: O.01, O.01-1etik -O.01-4ra, O.12-1etik O.12-3ra eta O.13-a-tik O.13-d-ra. Nolanahi ere, dokumentazio grafikoa osatu egin beharko da, honako hauek agerraraziz: golf zelaiko berdeguneak eta zuhaiztiak, ibai parkea, askaltegia, harraska eta kirolgunea.

–”Hori dena, halaber, araudian islatu beharko da. Horregatik, behar diren determinazioak sartu behar dira, jarduketa guztiak paisaian behar bezala integra daitezen, eta, bereziki, behar bezala txerta daitezen ezpondak eta eustormak, urbanizazioaren eta/edo eraikuntza proiektuaren ondoriozkoak.”

Sustatzaileak ohar honi erantzuten dio adieraziz UPSeko ordenantzen 10.08 puntuan jaso dela lurren euskarrien eta mailakatzeen egoera. Puntu horretan arautzen dira eustormen gehieneko altuerak eta akaberako materialak. Ezpondei dagokienez, maldak honako erlazio hau baino txikiagoak izanen dira: 3 horizontalean, 2 bertikalean.

–”85/1995 Foru Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat, UPSak bermatu eta ebatzi beharko ditu oinezkoentzako eta bizikletentzako loturak, honako hauen artekoak: batetik jarduketa bera eta bestetik Lekarozko, enpresa esparruko eta Elizondoko hiriguneak.”

Mugigarritasun azterlanarekin loturik, sustatzaileak honako hau erantsi du: “Ingurumen Kalitateko gomendioei jarraikiz, bideen zabalera ahalik gehien txikitu nahi izan dira, lurren mugimenduak murrizteko. Bizikletetarako bide bat ezartzeak berarekin ekarriko luke 2,5 metro zabaltzea bideak, lur mugimenduak eta lurrean eragindako inpaktua.”

–”128/1992 Foru Dekretuaren 4. artikuluan exijitutakoarekin bat, UPSak determinazio zehatzak izan behar ditu bide publikoen jarraitutasuna bermatzeko, baita jarduketak eteten dituen lurzatietarako sarbideen jarraitutasuna bermatzeko ere.”

Sustatzaileak O.06 planoa aurkeztu du, eta han jaso dira eremuaren barneko bideak, ukitu direnak, eta bermatzen dira ukitzekoak diren lurzati guztietarako sarbidea.

–”Aparkalekuak: UPSak ez du aparkatzeko tokirik erreserbatzen golf zelaiaren erabiltzaileentzat. Erabilerarik handieneko baldintzetarako justifikatu beharko da erreserba hori.”

Horri buruz, sustatzaileak dio hotelerako jartzen diren aparkatzeko toki guztietatik gutxienez 40 gordeko direla golf zelaiko jokalarientzat (kalkulatuz gehienez 9 golf zulo izanen direla eta 4 jokalari zuloko, eta beste 4 zain), eta lurpeko bide publikotik izanen da sarbidea. Plano bat erantsi da, aparkalekuak gutxi gorabehera agertzen dituena.

Honi buruz esan behar da bide publiko hori ez litzatekeela lurpean sartu behar, besteak beste segurtasunagatik, jasangarritasun energetikoagatik eta mantentze-lanengatik. Gomendatzen da beste konponbide bat bila dadila golf zelaiko toki batetik bestera iragateko.

–”Antolamenduko planoek agertu beharko dituzte “oinezkoentzako, ibilgailuen trafikorako eta aparkalekuetarako azalera zolatuak, aparkatzeko toki kopurua eta eremu libreetarako, kirolerako eta berdegune eta zuhaiztietarako azalerak, xehakatuz zein diren elementu horiek okupatzen dituzten azalerak (128/1992 Foru Dekretuaren 5 c) artikulua). Bereziki, hotelerako eta golf zelairako aparkalekuak agertu beharko dira.”

Puntu horri erantzunez, sustatzaileak O.09 planoa aurkeztu du, agertzen dituena bideen, berdeguneen eta oinezkoentzako azalerak, aparkatzeko toki kopurua eta O.01, O.01 A, O.01 B, O.01 C eta O.01 D planoak, 1/2000 eta 1/1000 eskaletan, bide bakoitzaren egitura azaltzen dutenak. Nolanahi ere, sustatzaileak plano horiek osatu beharko ditu, hotelerako eta golf zelairako aparkalekuak agertuz. Halaber, informazio hori aurkeztean elementu horiek okupatzen dituzten azalerak xehakatu beharko ditu.

–”Berdeguneak: kudeaketa planoan, sistema orokorrari dagokion berdegune hau golf zelaiko zati gisa irudikatzen da, eta hori argitu egin beharko da.”

Atal honi erantzunez, kudeaketako G.02 planoa aldatu da, non azaltzen baitira jarduketako faseak, fase bakoitza kolore bakarraz adieraziz.

–”Lurzoruaren Foru Bankua: Etxebizitza Zerbitzuaren txostenean adierazten den bezala, justifikatu behar da Lurzoru Publikoaren Foru Bankurako den udalez gaindiko ekipamenduetarako lurzatiak bere baitan har dezakeela dagokion eraikigarritasuna, baldintza arruntetan, etxebizitza babestuak eraikitzeko, edo, bestela, aurreikusitako lurzatia ordezkatu eginen da, baldintza hori betetzen duen beste batekin.”

Ohar horri erantzunez, sustatzaileak, justifikatzeko ezen Lurzoru Publikoaren Foru Bankuak baduela edukiera nahikoa erabilera honi esleitutako eraikigarritasuna hartzeko (4.027,98 m²), antolamendurako aukerak dituzten plano batzuk aurkeztu ditu, non proposatzen baitu hiru eraikin egitea, beheko solairua gehi bi solairu eta estalkipea izanen dituztenak, 355 metro koadrokoak.

Zenbakiei eta grafikoei dagokienez, paperean behintzat LAHFLaren estandarrak betetzen dira. Nolanahi, honi buruz esan daiteke bi blokeen erpinen artean 20 zentimetroko tartea uzten dela, eta 3 metrokoa fatxaden artean, eta bizigarritasun baldintzetan hori da gutxienekoa argiztapen zulo bat ireki ahal izateko. Gainera, blokeetako bik, hiru erpinetan, eremutik kanpo dagoen bide publiko batekin egiten dute muga, hain zuzen ere lurzoru urbanizaezinean dagoen bide publikoarekin.

Sustatzaileak aurkeztutako sekzioan ikus daiteke blokeen kokapenak, eremuaren mugan, ez duela errespetatzen bide publikoetarako hiru metroko zortasuna, LAHFLaren 112.2 artikuluan ezarritakoa.

Aurreko guztiarengatik, eta galarazi gabe Etxebizitza Zerbitzuaren 2015eko martxoaren 17ko txostenean esandakoa, eraikin baten eraikigarritasuna mugitu egin behar dela uste da, berdeguneko irisgarritasun handieneko tokira (O.01 planoan “ZV02” gisa identifikatutakoa). Berdegune horretan Lurzoruaren Foru Bankuak okupatzen duen zatia konpentsatu beharko da, Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzatiko toki meharrenekin, eraikitzeko zailtasun handiena dutenekin.

Gainera, eta lehen esan bezala, justifikatu beharko da Lurzoruaren Foru Bankuaren lurzatietara sartzeko oinezkoen ibilbideak betetzen dituela VIV/561/2010 Ministro-aginduko baldintzak.

–”Lurzoru urbanizagarriaren jabeek dituzten betebeharrak. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 25. eta 100. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, memoriarko 4. puntua aldatu egin behar da, halako moduan non argi geldituko baita salbuespenekoa dela hirigintzako aprobetxamendua lagatzeko betebeharra horrela betetzea, ordezko zenbateko bat eskudirutan ordainduz, betiere behar den kudeaketa hitzarmena izenpeturik Udalaren eta ukitutako jabeen artean.”

Honi dagokionez, sustatzaileak erantzun du “eremuan integratutako erabileren hirigintza aprobetxamenduaren %10 lagatzeko betebeharra beteko dela udalari emanez, egoki den Birzatiketa Proiektuan, behar diren lurzatiak, hala gauzatu dadin Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutako lagapena. Birzatiketa Proiektuan ezarriko dira egoki diren determinazioak.”

III.3. Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko abenduaren 12ko txosteneko oharrak.

–Sustatzaileak, “Lurraldearen Antolamenduaren Departamentuari emandako erantzun txostena” izeneko agirian, erantzuna eman die Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiaren txostenean jasotako 13 oharri, hirigintza orokorreko araudiari buruzkoei.

–Halaber, sustatzaileak aintzat hartu ditu hirigintzako araudi partikularrei buruzko txosteneko 3 oharrak. Horregatik, egiturazko determinazioen zerrenda osatu du, eta adierazi du hirigintzako fitxa partikularren edukia berrikusiko dela, unitate morfologiko bakoitzean, txostenean aipatutako eraikigarritasun eta erabilera parametroak zehaztuz. Nolanahi ere, UPSeko dokumentazio grafikoa osatu beharko da, lerrokaduren plano batekin, non jasoko baitira behe solairuko eta goiko solairuetako gehieneko lerrokadurak, hirigintzako fitxa partikularretan jasotakoak. UPSetik kanpoko bide publikoekin muga egiten duten lurzatietan, ezarritako lerrokadurek, betiere, bete beharko dute LAHFLaren 112.2 artikuluan ezarritakoa.

–Ordenantzei dagokienez, aurkeztutako agiriak, besteak beste, aldatzen ditu beheko solairuaren, sotoaren eta erdisotoaren definizioak, eta beste bat sartzen du, 7.23 puntua, eraikinaren altuerari buruzkoa.

–Halaber, dokumentazio grafikoari edo planoei buruzko oharrak kontuan hartu ditu sustatzaileak. Hala ere, osatu egin behar dira, erabaki honetako gainerako ataletako oharrekin, eta, horretaz gain, golf zelaia eta hotela hartzen dituzten lurzatietarako sarbideekin.

–Aipatutako txostenaren gainerako oharrak ere aintzat hartu ditu sustatzaileak. Hala ere, golf jokalariak eta langileak golf zelaiko alde batetik bestera iragateari buruzko auziari dagokionez (izan ere golf zelaia bi zatitan banatzen baitu bide publiko batek), bidezko da erabaki honen III.2 atalera jotzea (“Hirigintzaren gaineko gogoetak”).

Bestalde, LAHFLaren 43.3 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuz, sustatzaileak 295.476,00 euroko abala gordailutu du Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuan.

Azkenik, aipatu behar da ezen aipatutako erabakiko eta Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko abenduaren 12ko txosteneko ohar guztiei erantzuteko aurkeztutako agiriko edukia UPSeko agirietan bategin beharko dela.

IV.–Sektoreko txostenak.

Ondoren aipatzen diren txostenekin osatu da espedientea:

IV.1. Etxebizitza Zerbitzuaren txostena.

Etxebizitza Zerbitzuak, 2015eko martxoaren 17ko txosten bidez, honako hau adierazi du aurkeztutako dokumentazio berriari buruz:

–Babespeko etxebizitzak kendu dira, UPSean aurreikusitako sustapenaren izaera turistikoa dela eta, eta babespeko etxebizitzen eskaera gutxi dagoelako udalean. Horri dagokionez, egokitzat jotzen da, eta, gainera, bat dator Etxebizitzen Zentsuarekin.

–Udalaren salbuespen eskaerari dagokionez (2014ko urriaren 24ko txostenean aipatua), kontuan hartu behar da Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalaren 2009ko martxoaren 5eko txostena. Hartan adierazten da udalak lortu nahi duela, bere hirigintza planeamenduaren 22.5 artikuluaren bitartez, babespeko etxebizitzen gutxienekoaren estandarretik salbuestea, eta horri buruz dio “urrats zehatz bakoitzean justifikatu beharko da (...) ez dagoela horrelako etxebizitzen eskaerarik”. Justifikazio hori egin denez hemen, bidezkoa da babespeko etxebizitzetarako erreserbaren salbuespena egitea.

Aurreko guztiarengatik, zerbitzuak aldeko txostena egin du Lekarozko Aroztegia Jauregiaren UPSaren proiekturako.

IV.2. Telekomunikazioen eta Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren txostena.

2015eko martxoaren 23an, aipatutako Idazkaritzak txostena berretsi du, eta adierazten du ezen, behin proposamenen aldaketak azterturik, 2014ko abuztuaren 21eko txostenaren aldekotasuna indarrean dela, honako honi dagokionez: txostenaren xede den hirigintza tresna bat dator telekomunikazioetako indarreko legeria sektorialarekin.

IV.3. Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena.

Atalak, 2015eko martxoaren 13an, aldeko txostena eman zuen, bere eskumeneko esparruari dagokionez.

IV.4. Babes Zibilerako Zuzendaritzaren txostena. Nafarroako Larrialdietako Agentzia.

2015eko martxoaren 12an emandako txosten bidez honako hau azaldu du, proposatutako neurriei buruz sustatzaileak emandako erantzunaren gainean: argi dagoela sustatzaileak duen interesa kontrolerako eta prebentzioaren filosofia aplikatzeko, bereziki basoarekin mugakide diren lurzatietan. Horretarako, sustatzaileak babes neurrien 4 multzo zehaztu ditu, eta Urbanizazio Proiektuan sartuko dira.

Nafarroako Larrialdietako Agentziak honako hau ondorioztatzen du: “txosten honetan sartutako gomendioak gehiago dira operatiboak eraikuntzakoak baino; hortaz, ulertzen da aurkeztutako proposamenak egokitzen direla prebentziora eta basoko suteen arriskuaren kontrako babesera.”

IV.5. Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostena.

2015eko martxoaren 18an, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak beste txosten bat eman zuen, non adierazten baitu zaratari buruzko azterlan bat aurkeztu dela, eta, bere aurreko txostenean ezarritako determinazioetarako proposatutako konponbideei dagokienez, ados dagoela.

V.–Ingurumen ondorioen adierazpena.

Maiatzaren 13ko 371E/2015 Ebazpenaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Ingurumen Ondorioen Adierazpena egin zuen UPS honen gainean. Ebazpen horrek dio UPSa garatzean beteko direla, Ingurumen ondorioen azterlaneko prebentzio neurriez, neurri zuzentzaileez eta konpentsazio neurriez gain, hainbat baldintza, besteak beste biodibertsitatea, zuhaiztiak eta errekastoak kontserbatzeari buruzkoak, baita paisaiako integrazioari buruzkoak ere.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2015eko maiatzaren 15eko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Sustapeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DA:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Onestea Lekarozko Aroztegia jauregiaren inguruneko turismo, hotel, kirol eta egoitza eremuaren plana Udalez gaindiko Plan Sektoriala. Sustatzailea Palacio de Arozteguía SL da.

3. UPS dokumentuaren testu bategina eta dokumentazio grafikoa aurkezteko eskatzea sustatzaileari, honako hauen ondoriozko aldaketak sartuta: alegazio-idazkien ebazpenak, Erabaki honetako oharrak eta Nafarroako Gobernuaren 2014ko abenduaren 23ko Erabakiari erantzuteko aurkeztutako dokumentazioa eta txosten sektorialak. Gainera, egiturazko determinazioak agertzen dituen dokumentazio grafikoa aurkeztu beharko da, horiek xehakatuta eta formatu bektorialean daudela (shp, dwg edo dgn). Gogoraraztea behin testua balioztaturik, araudia argitaratuko dela 35/2002 Foru Legearen 29.2 artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

4. UPSa honako hauek betez garatu eta gauzatuko da: Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 371E/2015 Ebazpena, UPSaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin zuena, eta espedientearekin loturik egindako txosten sektorialak.

5. Nolanahi ere, obrak egiteagatik ukituta izan daitezkeen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalera eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Ondare Arkitektonikoaren Atalera eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Sustapen Departamentuko Etxebizitza Zerbitzura, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzura eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Osasun Departamentuko Obra eta Azpiegitura Zerbitzura, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kirol Azpiegituren eta Instalazioetako Segurtasunaren Zerbitzura eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zerbitzura.

7. Erabaki hau jakinaraztea Sociedad de Desarrollo de Navarra SAri (SODENA), Nafarroako Lurralde Behatokiari, Kantauriko Ur Konfederazioari, Telekomunikazioetako Estatuko Idazkaritzari, “Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri” (NILSA), Baztango Udalari, sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aldez aurreko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 20an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1507863