108. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

331E/2015 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana, Gendulaingo Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-3 exekuzio unitatea birzatitzeko proiektua hasiera batean onesten duena. Proiektuak Galarko eta Zizurko udalerrietan du eragina, eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak, S.A.k sustatu du.

Indarrean dago Gendulaingo alderdian etxebizitza eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektorial bat, Galarko eta Zizurko udalerriak ukitzen dituena. UPS hori Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 17an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2014ko 254. Nafarroako Aldizkarian argitaratua, abenduaren 31n); planaren araudia 2015eko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 9koan, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiaren abenduaren 22ko 1234/2014 Ebazpenaren bidez onetsi ondoren.

Birzatiketa proiektua bat dator Nafarroako Gobernuak 2014ko abenduaren 17an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko determinazioekin, eta eremuaren mugapenari dagozkion determinazioak jasotzen ditu, Gendulaingo Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen bidez sartu baitira. Espedientearen tramitea Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakiaren bidez hasi da (2015eko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 14an).

Proiektuak behar diren determinazio guztiak jasotzen ditu finkak elkartzeko eta, gero, haiek planeamenduaren araberako lurzatitan banatzeko eta hirigintza antolamenduaren ondoriozko onurak eta kargak hainbanatzeko.

Birzatiketa proiektu honen tramitazioa eta onespena Sustapen Departamentuari dagozkio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorial bat gauzatzeko tresna delako.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 151. eta 76. artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hasiera batean onestea Gendulaingo Udalez gaindiko Plan Sektorialeko UE-3 exekuzio unitatea birzatitzeko proiektua, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak, S.A.k sustatua, Galarko eta Zizurko udalerrietan, eta determinazio hau egitea:

Behin betiko ebazpena eginen da Gendulaingo alderdian etxebizitza eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea onetsi ondoren, eremuaren mugapenari buruzkoa baita. Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak, S.A.k sustatu du eta tramitea Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 6an hartutako Erabakiaren bidez hasi da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta 20 egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Sustapen Departamentuaren bulegoetan (Alondegi kalea, 1-1. solairua; 31002 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, agiria Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, baita Sustapen Departamentuaren webgunearen “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau espedientearen sustatzaileari, unitate horretako lurzoruaren eta beste eskubide batzuen jabe titularrei, Galar eta Zizurko udalei, Iruñeko 3. eta 4. jabetza erregistroei eta Sustapen Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko ekainaren 2an.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.

Iragarkiaren kodea: F1508574