108. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR

Etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza

Zizur Zendeako Udalak, 2014ko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. Hura 2015eko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 5ean.

Espedientea jendaurrean egoteko epea amaitu eta alegaziorik jaso ez denez, Udalak behin betiko onetsi zuen 2015eko apirilaren 15eko osoko bilkuran.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, haren testu osoa argitara emanen da, eragin juridikoa indar dezan.

Zizurren, 2015eko apirilaren 20an.–Alkatea, Jesús Antonio Barricarte Sarabia.

ETXEBIZITZAK ETA ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Udal honek bere mugapeko etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko ezarri dituen laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Jarduketa babesgarriak.

Udalaren laguntzak etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko obretarako erabiliko dira, baldin eta betetzen badituzte arlo horretan aplikatu beharreko foru legedian ezarritako determinazioak, maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legekoak (2010eko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 17koa) eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretukoak (2013ko 185. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 25ekoa).

3. artikulua. Baldintza orokorrak.

Babesgarritzat jotzeko, eta aurreko artikuluan aipatu legedian ezarritakoa gorabehera, eraikinak edo etxebizitzak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) 10 urte baino gehiago izatea.

Egokitzapen funtzionaleko obretarako, hau da, kanpoaldeko akabera orokorretarako eta eraikinaren hiri irudia hobetzeko, 15 urte baino gehiago izan beharko ditu eraikinak.

Oztopo fisiko edo sentsorialak kentzeko obretarako, edo nahitaez bete beharreko arau teknikoen betetzea ukitzen dutenetarako, ez dago antzinatasun mugarik.

b) Hirigintza arloan indarra duen planeamenduak xedatzen duenera egokitzea.

c) Etxebizitzen bizigarritasunaren aldetik behar bezainbat baldintza bete ahal izatea bermatuko duten eraikuntza ezaugarriak eta espazioaren antolaketa izatea.

Fatxadak eraistea edo erabat hustea ekarriko duten jarduketak kanpoan gelditzen dira. Salbuespenez, hirigintzako egokitzapenak egiteko (derrigorrezko lerrokadurak) onartzen da fatxadak hein batean eraistea edo erabat hustea, betiere eraikinak 100 urte baino gehiago baditu, andeatze egoerak komenigarri egiten badu eta ezaugarri tipologikoei eusten bazaie.

Obrek koherentzia teknikoa eta eraikuntzaren aldetiko koherentzia bermatu beharko dute. Obrak ez dira babestuko, Udaleko zerbitzu teknikoek edo haiekin parekatutakoek nahitaezkotzat jotzen dituztenak egiten ez badira.

d) Ordenantza honen aplikazio esparruan sartutzat jotzen dira, espresuki, honako hauek: eraikin bat etxebizitzen barne egokitzapenerako zatitzea helburu duten zaharberritze obrak, baldin eta horri buruzko planeamenduko determinazioak betetzen badira.

4. artikulua. Udalaren laguntzak.

Laguntza banakakoa izanen da, eta Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren %50aren pareko zenbatekoa izanen du.

5. artikulua. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunak jarduketa babesgarritzat jotzen diren obren sustatzaileak izanen dira, betiere aipatu baldintzak betetzen badituzte; gainera, Hirigintzako Informazio Batzordearen aldeko txostena eduki beharko da.

6. artikulua. Prozedura.

Laguntzaren kontzesioa hasiera batean ebatziko da, obra gauzatu baino lehen, eta Alkatetzaren lizentzia emateko ebazpenean sartuko da.

Dirua lortzeko eta laguntzaren behin betiko kontzesioa egiteko, interesdunak eskatu beharko du eta obra gauzatu dela frogatu; lizentzian emandako epearen barnean egina izan behar du obrak, bertan ezarritako determinazioak betez. Sei hilean behin eginen du ordainketa Udalak.

7. artikulua. Aurrekontuko zuzkidura.

Ordenantza honetan aurreikusita dauden laguntza guztiei aplikatzen ahal zaizkien baliabide ekonomikoak ekitaldi bakoitzean indarrean dauden udal aurrekontuetan agertzen direnak izanen dira. Dena dela, aparteko baliabide batzuk gaitzen ahalko dira komenigarritzat jotzen bada.

8. artikulua. Lege araubidea.

Xedapen hauek interpretatzeko eskumena Udalak besterik ez du.

Ordenantza honen babesean ematen diren eta tramite hutsa ez diren egintzen edo ebazpenen aurka, baita ordenantzaren aurka ere, errekurtso hauek aurkez daitezke, aukeran, jakinarazi eta aipatzen diren epeetan: berraztertzeko errekurtsoa, organo emaileari zuzendua, edo gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, horien ezespenaren aurka edo zuzenean, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian aurkeztuko den errekurtsoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Eraikinak eta etxebizitzak zaharberritzeko laguntzen ordenantza, Zizur Zendeako Udalarena, 2005eko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27an, argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Iragarkiaren kodea: L1506896