108. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Ikastetxeetan jateko diru-laguntzak emateko deialdia,
2015-2016 ikasturterako

Berriozarko Udalak aditzera ematen du Gobernu Batzarrak 2015eko maiatzaren 20an hartutako erabakiaren bidez onetsi zirela 2015-2016 ikasturtean ikastetxeetan jateko diru-laguntzak ematea arautzen duten oinarriak.

Berriozarren, 2015eko maitzaren 26an.–Alkatea, sinadura ulertezina.

ERANSKINA

1. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da 2015-2016 ikasturtean ikastetxeetan jateko diru-laguntzak (“jantokiko bekak”) emateko prozedura ezartzea.

Ikastetxeetan jateko udal laguntza hauen helburu nagusiak hauek dira:

a) Adingabeen elikadura egokia bermatzea, haien familiek, arrazoi ekonomiko edo sozialak direla-eta, ezin dutenean hori bermatu.

b) Familia eta lana bateratzea, gurasoen lan ordutegia eta seme-alaben zaintza, bazkaltzeko orduan, bateragarriak izan daitezen.

c) Familia gunean desegituraketa duten umeek, dieta oso eta orekatuaren beharra baitute, jantokian parte har dezaten erraztea. Halaber, ohitura osasungarriak bultzatuko dira, jantokian gainerako umeekin bazkalduz.

Egia da aipatutako arrazoiak mota askotakoak direla. Hala ere, normalean horiek guztiek zerikusi nahiko zuzena dute familiaren egoera sozioekonomikoarekin. Hori dela eta, emanen den laguntza batez ere ekonomikoa da, gizarte eta hezkuntza arloko beste esku-hartze batzuekin batera koordinatuko den arren.

Deialdi honi dagokionez, familia unitatea da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 71. artikuluan definitzen dena.

2. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Interesdunek eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko dute Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean (Kaleberri, 12, Berriozar). Eskabidea ereduaren araberakoa izanen da eta bertan emanen zaio.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko ekainaren 15etik 30era bitartekoa izanen da, biak barne, horretarako ezarriko den ordutegian.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu. Eskabideekin batera 4. oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.

Hala ere, salbuespen gisa, epetik kanpo aurkeztutako eskabideak onartuko dira, betiere eskatzaileak objektiboki frogatzen badu zergatik ezin izan duen epearen barnean aurkeztu.

3. Betebeharrak.

Udal laguntza hauek eskatzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Udalerriko bizilaguna egiazki izatea eta bertan erroldaturik egotea, eskabidea aurkezten den unean.

b) Adingabeak derrigorrezko irakaskuntza mailetan dagokien ikastetxe publikoan eskolatuta egotea, edo hezkuntza administrazioak bideratutako beste ikastetxe publiko batean, herrian aukeratu duten hizkuntza eredua ez egoteagatik.

c) Administrazioaren beste esparru batzuetan gauza bererako laguntza eskatu izana.

d) Diru-laguntza edo laguntza eman aurretik Udalarekiko betebeharrak eguneratuak izatea, horiek edozein motatakoak direla ere. Onuraduna Udalarekin zorretan badago, jakinarazi eta 10 egun balioduneko epea emanen zaio, haiek kita ditzan.

Dena dela, Udalak diru-laguntza eman ahalko die Udalarekiko betebeharrak eguneratu gabe dituzten pertsonei, haiek edozein motatakoak direla ere, udal organo eskudunak kasu bakoitzean ezartzen dituen irizpide eta baldintzetan oinarrituz.

e) Familia unitatearen urteko etekinak, kontzeptu guztiengatik, ondorengo taulan ezarritakoak baino txikiagoak izatea (2014ko ekitaldiko Errenta Aitorpena):

FAMILIA UNITATEAREN KIDE KOPURUA

URTEKO ETEKINAK, GEHIENEZ

2 kide

12.139 euro

3 kide

13.050 euro

4 kide

14.280 euro

5 kide

15.305 euro

6 kide

16.330 euro

7 kide

17.354 euro

8 kide

18.478 euro

Salbuespen gisa eta aldez aurretik Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen aldeko txostena izanik, udal organo eskudunak aurreko taulan adierazitako etekinak gainditzen dituzten espedienteak baloratu ahalko ditu, betiere eskabidean eskatzen bada eta frogatzen bada baldintza sozio-ekonomikoen aldaketa nabaria dagoela 2014ko errenta aitorpena aurkeztu zen egunetik eskabidea aurkeztu den egunera.

4. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabide betea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.

b) Aurreko urteko errenta aitorpenaren kopia (2014ko diru-sarrerak).

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu erroldatzea eta Udaleko zorrei dagokien egoera. Zorraren egoera ofizioz egiaztatuko da, baita laguntza eman aurretik Udalarekin dituen betebeharrak ere.

Halaber, Udalak eskatzaileari edozein motatako agiri osagarriak eskatu ahalko dizkio, deialdiaren betebeharrak frogatzeko beharrezkoak badira.

5. Prestazio ekonomikoaren estaldura.

Udalaren diru-laguntza osagarria izanen da beste administrazio publikoen edo ente publiko nahiz pribatuen aldetik xede bertsuarekin etortzen diren beste laguntza edo beken aldera, eta ez da familiek eskola jantokiaren zerbitzuagatik ordaintzen duten tarifaren %45 baino handiagoa izanen. Familia guztiek eskolako jantokiaren tarifaren %10 ordaindu beharko dute gutxienez.

Udalak bere aurrekontuetan kontu-sail bat sortuko du deialdi honetako laguntzetarako eta bertan finkatuko da helburu horretarako erabili beharreko diru kopurua, kontuan hartuta ikasturteari bi aurrekontu ekitaldi dagozkiola eta diru-laguntza jaso daitekeen garaia urritik maiatza bitartekoa izanen dela, biak barne.

Proposatutako diru-laguntzek aurrekontuko muga gainditzen badute, diru-laguntzak muga horretara egokituko dira modu proportzionalean.

6. Tramitazioa eta ebazteko proposamena.

Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak izendatutako pertsona batekin eta Udalak izendatutako beste batekin osatutako batzordeak dokumentazioa egiaztatu eta baloratuko du, eta interesdunei akatsak zuzentzeko edo aurkeztutako dokumentazioan zerbait argitzeko eskatu ahalko die. Horren ondoren ebazpen proposamena eginen dio Udaleko organo eskudunari.

7. Ebazpena, jakinarazpena, justifikazioa eta laguntzen ordainketa.

Udaleko Gobernu Batzarrak 2015eko irailaren 18a baino lehen ebatziko du diru-laguntza ematea edo ukatzea, eta hori familiei, ikastetxeari eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari igorriko die.

Ebazpen horretan oinarrituz eta aurrekontuan eskura dagoen diruaren arabera, diru-laguntzak ikastetxeei emanen zaizkie, arduradunek adierazitako kontu zenbakian, bi ordainketa eginez: bata, hasierakoa, diru-laguntzaren %40a, laguntza ematen denean, eta bigarrena, %60a, ikasturtearen amaieran, onuradunak ikastetxeko jantokira joan direla frogatu ondotik.

Ikastetxeak, 2016ko ekainaren 15a baino lehen, Udaletxeko bulegoetan ziurtagiria aurkeztu beharko du eta bertan zehaztuko du ikasle bakoitza diruz lagundutako ikasturtean jantokira zenbat egunetan joan den egiazki. Horretarako Udalak aldez aurretik emanen dion eranskina erabiliko du.

8. Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi honetan jasotzen ez den orotan honako hauetan aurreikusitakoa aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea eta, osagarri gisa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legea eta arlo horretan aplika daitekeen gainerako araudia.

9. Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

1.–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

3.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1507987