108. ALDIZKARIA - 2015eko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

29/2015 FORU DEKRETUA, maiatzaren 20koa, 2015eko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria Ramón Andrés González-Cobo jaunari ematea xedatzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 1990ean, “Vianako Printzea” Kultura Saria sortu zen, kulturaren edozein arlotan pertsona, talde edo erakunde jakin batek egindako lana aintzat hartzeko asmoz, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Nafarroako Kulturaren Kontseiluak erabaki du 2015. urteko “Vianako Printzea” Kultura Saria Ramón Andrés González-Cobori eman diezaiola proposatzea Nafarroako Gobernuari, haren baitan biltzen diren merezimendu nabarmenengatik.

Ramón Andrés Iruñean sortu zen 1955. urtean. Haurtzaroa eta nerabezaroa Nafarroako hiriburuan emanik, Bartzelonara aldatu zen hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran. Han, musika ikasi zuen, eta, ia hamar urtez, antzinako musikaren interpretazioan eta kantuan aritu zen. Horri esker, Europako leku askotan egin zituen emanaldiak. Baina 1983an interpretazioa bazter utzi zuen, horrek bidaiatzera eta aktibitate handiegiko bizimodua egitera behartzen baitzuen. Horri esker, benetan maite zuen lanean murgildu zen: ikertzen eta idazten.

Saiakera-egile, historialari eta jakintsu honek liburu sail handia idatzi du, bipiltasunez eta diskrezioz, eta, liburu haietan, jakintza multzo zabala landu du, koherentziaz eta zehaztasunez duda izpirik gabe. Musikaz, musikariez eta musika trenez edo isiltasunaz egindako ikerlanetan, Ramón Andrések hainbat diziplina landu ditu: musikaren eta musika tresnen historia, musikologia, filosofia, literatura, artearen eta zientziaren historia, antropologia, edo erlijioen historia eta teoria. Horretan guztian aritu da lanean, bere sormen-lanaren beste arlo batzuk ahantzi gabe, poeta eta zuhur-hitzen sortzailea ere baitugu, baita itzultzaile, editore, beste idazle batzuen liburuen hitzaurre-egile, artikulu-egile, irakasle eta hitzaldi-emaile ere.

Bere lan egiteko moduan, esaten duenaren eta egiten duenaren arteko barren-loturan, maila intelektual handia dago, baina baita lezio moral nabarmena ere. Ramón Andrés ez da eguneroko txikikeriei eta gauza iheskorrei begira bizi. Hedabideetatik urrun, moden eraginetatik at lanean buru-belarri, gogoeta patxadatsu, iraunkor eta sofistikatuan: hori du lanerako modu noblea. Ramón Andrés musikan murgildurik bizi da, baina baita isiltasunean ere, baitezpadakoa baita ikerlanari eta sormen-lanari ekin baino lehen. Eta bizimodu hori hertsiki lotua dago jardun intelektualari aurre egiteko modu pausatu eta itzalpekoarekin.

Ramón Andrések ez du sekula eten Nafarroarekiko lotura, ez ahaideen bidezko lotura ez adiskideen bidezkoa. Gainera, Ramón Andrések, azkeneko hogeita hamar urteotan, parte hartu du Nafarroan argitaletxeetan sortu diren iniziatiba zenbaitekin: Pamiela argitaletxearekin batera, edo Archipiélago, Pasajes o Goldberg aldizkariekin, konparaziora. Eta aipatzekoa da, adibidez, Goldberg aldizkaria, antzinako musika duena aztergai, ospe handikoa dela nazioartean. Baina, datu horiek guztiak ahantzi gabe, Ramón Andrések, bere lanean, bere azterlanen emaitzetan, laburbilduz, bere liburuetan, gizakiaren oinarrizko kezkak izan ditu beti jomuga. Ramón Andrés, hortaz, sari honen orain arteko irabazle ospetsu asko bezala, nafar unibertsala da, urrutira begiratzen duen nafar bat, aintzatespena eta miresmena merezi dituen obra handi baten egile.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2015eko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko maiatzaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1.–2015eko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria Ramón Andrés González-Cobo jaunari ematea.

2.–Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta sarituari jakinaraztea.

Iruñean, 2015eko maiatzaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1507850