89. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Burlatarrek euskara ikasteko diru-laguntzen deialdi publikoa: 2013-2014 kurtsoa

Burlatako Udalak, Alkatetzaren 2014ko apirilaren 15eko 261/2014 Ebazpenaren bidez, burlatarrek euskara ikasteko diru-laguntzen deialdi publikoa onetsi zuen, norgehiagokako lehiaren bidez, 2013-2014 kurtsorako.

Deialdiaren xedea: diru-laguntzak ematea, lehia irekiaren araubidea erabiliz, Burlatan erroldatuta egonik 2013ko uztailaren 1etik 2014ko ekainaren 30era euskara ikasteko ikastaroak egiten dituztenei. Onetsitako oinarriak arautzen dituen udal ordenantzaren araberakoa da deialdia, eta oinarriak 2012ko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 16an, argitaratu ziren.

Diru-laguntzak eska ditzakete baldintzak aurkezteko epea bukatzen denean horrelako baldintzak betetzen dituztenek:

–16 urtetik goitikoak izatea.

–Burlatan erroldatua egotea. Baldintza hori betetzeari uzten baldin bazaio diruz lagundutako ikastaroak iraun bitartean, Burlatan erroldatu gabe egondako denboraren arabera murriztuko da laguntzaren zenbatekoa.

–Burlatako Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea. Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari itzuli beharreko zenbatekorik.

–Diruz lagundutako ikastaroaren %80an gutxienez parte hartu duela frogatzea.

Diruz lagunduko diren ikastaroen baldintzak:

Ikastaro estentsibo eta trinkoetarako eta barnetegietarako emanen dira diru-laguntzak. Autoikaskuntzako ikastaroetarako, Udalak eskaerak bideragarriak ote diren aztertuko du, banan-banan eta aurrekontuko kontusailaren arabera. Udako unibertsitateko ikastaroetarako ere jaso ahalko da diru-laguntza.

Eskatzaileek bitan baizik ezin izanen dute jaso maila bereko ikastaroa egiteko laguntza; Hau da, aurretik diruz lagunduriko maila bera egiteko bigarrenez jaso ahalko da laguntza, betiere eskola orduen %80an gutxienez parte hartu izana frogatuta.

Eskaerak non eta noiz aurkeztu:

Eskaerak eskabidearen bitartez aurkeztuko dira, eskatzaileak sinatuta eta ondoko hauek erantsita:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak azalduko ditu: iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua.

–Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

–Diru-sarrera zer banku-libretatan jaso nahi duen, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Euskaltegiak egindako asistentzia-agiria gehitu beharko da. Asistentziak %80tik gorakoa izan beharko du, laguntza kobratu nahi bada. Gainditutako urratsa edo urratsak ere azalduko dira.

–Langabetuek Seguritate Sozialak emandako bizitza laborala izeneko agiria aurkeztu ahalko dute, udalak, inguruabar horri begira, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkula dezan. Ez da langabeziaren txartelaren fotokopia ziurtagiritzat onartuko.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo kopia egiaztatuak.

Eskabideak aurkezteko epea 2014ko irailaren 1etik 30era da. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Larrainetako plaza, z. g., 31600 Burlata) edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan aipatu moduetako batean.

Testu honetan arautu ez den orotan, oinarri arautzaileetan ezarritakoari lotu beharko zaizkio eskatzaileak. Oinarri horiek 2012ko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 16an, argitaratu ziren.

Burlatan, 2014ko apirilaren 15ean.–Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.

Iragarkiaren kodea: L1405857