174. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAGASETA

Herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Honen bitartez, aditzera ematen da Sagasetako Kontzejuak, 2014ko ekainaren 16an egin bilkuran, behin betiko onetsi duela kontzeju horretako herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, jarraian ematen baita:

ORDENANTZA, SAGASETAKO KONTZEJUAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Sagasetako Kontzejuaren mugapeko herrilurretako ondasunen administraziorako, xedapen egintzetarako eta babes, berreskuratze eta aprobetxamendurako arauak ezartzea.

2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Sagasetako Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri ondasunen inguruan Sagasetako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Sagasetako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri ondasunak desafektatu ondoan bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Sagasetako Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Sagasetako Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Sagasetako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Sagasetako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Sagasetako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Sagasetako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Sagasetako Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Sagasetako Kontzejuak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimenaren txanda izanen da, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Sagasetako Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

–Laborantzarako herrilurren aprobetxamendua.

–Herrilarreen aprobetxamendua.

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

–Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. Sagasetako Kontzejua herrilurrak hobetzen eta egoki eta modu jasangarrian aprobetxa daitezen ahaleginduko da, bat eginez duten izaera sozialarekin eta baliabideen zainketarekin.

16. artikulua. Onuradunak.

1. Orokorrean, Sagasetako Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Sagasetako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunez.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Sagasetako Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

17. artikulua. Laborantzako herrilurren aprobetxamenduak bi modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

b) Enkante publikoan esleitzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

18. artikulua. Herritarrendako esleipen zuzenaren onuradun izateko, familia unitateko bizilagun titularrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

19. artikulua. Kontzejuak zehaztuko du herritarren arteko zuzeneko esleipeneko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

20. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Aprobetxamendu modu horren bidez herrilurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

–Lehorreko lurrak: 250 euro/erregua/urtea.

Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, gehienez ere nekazaritzako K.P.I. aplikatuz.

22. artikulua. Esleipen hartzaileek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurrak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

23. artikulua. Baldin eta Kontzejuaren mugapean herrilur egokirik bada, toki entitateak familia baratze izateko edo antzekorako lurzatiak ematen ahalko ditu, zozketa bidez, eskaera aurkezten duten herritarren artean, haiek halako lurrik ez badute.

Baratze horien azalera, kanona eta aprobetxamendu baldintzak hauek izanen dira:

–Lotearen azalera: lotearen azalera osatuko dute Kontzejuko Osoko Bilkurak, eskabideak aurkezteko epea irekitzean, zehazten dituen lurren azalerek.

–Kanona: 100 euro erreguko, urtean.

–Aprobetxamenduaren baldintzak:

A) Laborantza zuzenekoa eta pertsonala izanen da.

B) Esleipena bost urterako izanen da.

Epea amaitzean, berriz ere zozketa eginen da eskatzaileen artean.

Helburu horietarako bideratzen den azalera osoa ez da inola ere laborantzako herrilurretako azalera osoaren ehuneko hamarretik gorakoa izanen.

2. ATALA

Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

24. artikulua. Sagasetako Kontzejuak, lehen atalean ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek nekazaritzako KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

3. ATALA

Esleitzeko prozedura

25. artikulua. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

26. artikulua. Eskaerei honako hauen zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez bost urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak beteak izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak.

d) Familia unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai kontzeju honetan bai bertzeetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal mugape honetan bai bertze batzuetan, lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuta.

f) Familia unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal mugape honetan bai bertzeetan.

Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du zuzeneko esleipenean onartukoen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

27. artikulua. Onartutakoen behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki oholean jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, bertzerik gabe.

28. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

29. artikulua. Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

30. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

31. artikulua. Sagasetako Kontzejuaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

32. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nafarroako Gobernuan dagokion Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

33. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

34. artikulua. Esleipena zortzi urterako izanen da.

35. artikulua. Sagasetako Kontzejuak kalkulatu duenez, herrilarreetako hektarea bakoitzak jasan dezakeen abere-zama hau da:

–10 buru ardi azienda.

Honi dagokionez, Sagasetako Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

–Behor buru bat 5 ardi buru adina da.

–Behi-aziendako buru 1 ardi-aziendako 5 buru adina da.

–Ahuntz azienda buru bat 1 ardi buru adina da.

36. artikulua. Zenbat azienda hartzen ahal duten, larreen kalitatea eta eskortak diren ala ez kontuan harturik, Sagasetako Kontzejuak honako kanon hauek finkatu ditu bazkalekuetarako:

Prezioa: 60 euro/azienda larriko abelburua (behi edo zaldi azienda).

37. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI) kontuan hartuz.

38. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da.

–Lehenbiziko epea. Urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, esleipena egin eta sei hilabeteren buruan.

–Bigarren epea. Urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, esleipena egin eta hamabi hilabeteren buruan.

39. artikulua. Onuradunak esleipenaren egunetik 5 eguneko epean esleipenaren zortzi urteei dagokien diru kopuru osoaren %4 utzi beharko du fidantzatako.

40. artikulua. Sagasetako Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du urtero esleitu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.

41. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

42. artikulua. Prozedura. Sagasetako Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuko iragarki oholean ediktua agertuta, 5 eguneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

43. artikulua. Sagasetako Kontzejuak behin-behinekoz eginen du esleipena, baldintza hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.

b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera esleituko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.

44. artikulua. Behin-behineko esleipena eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

45. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

46. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Sagasetako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

47. artikulua. Sagasetako Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

48. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

49. artikulua. Egurra banatzerakoan Sagasetako Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.

50. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Kontzejuak aurrekontu arruntean.

51. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere landazainek eta Kontzejuak ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

52. artikulua. Esleipen prozedurari dagokionez, Kontzejuaren osoko bilkuraren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten.

V. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

53. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

54. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Sagasetako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretan

55. artikulua.

1. Sagasetako Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

56. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalean ebatzi beharko dira.

57. artikulua. Ordenantza honen xede diren herrilurretako aprobetxamenduen esleipen-hartzaileak bere gain hartuko du lursailen itxitura mantentzeko lana, aprobetxamenduak irauten duen bitartean, eta hura bukatzen denean, itxiturek egoera ezin hobean egon beharko dute.

Herrilurretako aprobetxamenduen esleipen-hartzaileen betebeharra da lursailen itxitura egoera ezin hobean mantentzea, bere kontura, aprobetxamendua bukatu arte.

VII. KAPITULUA

Erantzukizun zibila

Herrilurretako ondasunen esleipen-hartzaileak aprobetxamendua egiterakoan edo haren ondorioz partikularrei eragiten dizkien kalte edo galeren erantzukizun zibila izanen du, eta, horretarako, aseguru poliza egin beharko du (erantzukizun zibilekoa), Kontzejuak momentu bakoitzean ezartzen duen zenbatekoarekin. Aseguru hori indarrean izanen du aprobetxamenduak irauten duen bitartean.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

58. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako esleitzen den herrilurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Aprobetxamenduaren xede diren lursailen itxiturak egoki ez mantentzea.

l) Erantzukizun zibilaren poliza indarrean ez mantentzea.

m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

58. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

–g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bortz gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 200 eurotik 3.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Argitara ematen da, orok jakin dezan, eta ohartarazten da ezen, ordenantza honen kontra, errekurtso hauek paratzen ahal direla:

1. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Sagasetan, 2014ko abuztuaren 14an.–Kontzejuko burua, Itziar Artzellus.

Iragarkiaren kodea: L1411411