174. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

65/2014 FORU DEKRETUA, abuztuaren 27koa, Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Kontratazio Publikorako Batzordea sortzea izan zen Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen aurreikuspenetako bat; organo arau-emaile gisa sortu zen, zeregin nagusia izanen duena administrazioaren efizientzia hobetzeko eta araua behar bezala garatzeko.

Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 208.2 artikuluak adierazten du erregelamendu bidez zehaztuko direla haren osaera, antolaketa eta eginkizunak, eta hori azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren bidez burutu zen; horrexek arautzen baititu Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere karguko prozedura eta erregistroak.

Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatu zuen otsailaren 23eko 3/2013 Foru Legea onetsi ondoren, beharrezkoa da azken horren edukia aldatzea, arauzko aurreikuspen berriei egokitzeko. Berrikuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Batzordearen osaerari dagokionez, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kide bat gehitu zaio, eta, bestetik, eginkizun berri bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari baitagokio Auzitegi horretako kideak izendatzea. Auzitegi hori arduratuko da kontratazio publikoaren arloko erreklamazioak ebazteaz; hortaz, ez dira jada Kontratazio Publikorako Batzordearen eskumena. Gainera, une honetatik aurrera, beharrezkoa da Kontratazio Batzordearen urteko txostena Nafarroako Parlamentura igortzea.

Kontratazio Publikorako Batzordeak aldeko txostena eman zion testuari 2013ko ekainaren 10eko saioan.

Hori horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko abuztuaren 27ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretua aldatzea.

Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren hurrengo aginduak aldatu dira. Hona haien edukiaren testua:

Bat. Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 1. artikuluko aldaketa, honelako testua izanen duena:

1. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen izaera eta eginkizunak.

1. Kontratazio Publikorako Batzordea organo kolegiatua da, independentzia funtzionala du, ekonomia arloan eskumena duen departamentuari dago organikoki atxikita eta Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 2. artikuluan aipatzen diren entitateen kontratazio publikorako sistemaren funtzionamendu egokia zaintzea du eginkizun.

2. Bere eginkizunak gauzatzean, helburuak behar bezala betetzeko autonomia funtzional osoa du. Ez da, inola ere, jarraibide hierarkikoen mende egonen.

Bi. Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluko aldaketa, honelako testua izanen duena:

2. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen eginkizunak.

1. Kontratazio Publikorako Batzordeak eginkizun hauek ditu, besteak beste:

a) Txostenak egin eta, behar denean, kontratazio sistemaren alderdi administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak ukitzen dituzten arauak, neurriak edo jarraibideak proposatzea.

b) Esleipenerako irizpide eta baremoak prestatzea, Kontratu publikoei buruzko Foru Legearen mendeko pertsona eta entitateek erreferentzia gisa erabil ditzaten.

c) Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko pertsona eta entitateentzat eta kontratazio publikoak ukitzen dituen enpresa- eta lanbide-erakundeentzat arlo horretako gaiei buruzko txostenak egitea, bere esku-hartzea eskatzen zaionean.

d) Nafarroako Gobernuari proposatzea eredu normalizatuak, kontratuen prestaketari, esleipenari eta aldaketari buruzko agirienak, onar ditzan.

e) Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Kontratazio Administratiboaren Aholku Batzordeari erregelamenduz ezarritako kontratuen gainean eman behar zaion informazio estatistikoa zentralizatzea, nazioarteko arauak betetzeko.

f) Prezioen ezarpenaren inguruko arbitrajeak ebaztea Administrazioaren obra kontratuetan.

g) Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 45., 92., 97. eta 200. artikuluetan eta hirugarren xedapen gehigarrian arautzen diren aginduzko txosten eta irizpenak bideratzea.

h) Salbuespen egoeretan, kontratazio organoak eskaintza sobera apaltzat jotzen duelako eskatuta, bete ezin dela uste duen proposamenari buruzko txostena egitea.

i) Azterlanak, txostenak eta proposamenak egitea, Nafarroako administrazio publikoen eta haren erakunde publikoen, enpresen eta fundazioen kontratazioan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeari buruz.

j) Kontratatzeko debekua deklaratzen duten espedienteetan ebazpen proposamena prestatzea, legez aurreikusitako kasuetan.

k) Urteko memoria prestatu eta onestea, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko erakundeek egindako kontratazio publikoaren kudeaketari buruz.

l) Kontratazio publikoaren sistema hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren azterlanak egitea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetako eta haren erakunde publikoetako, enpresetako eta fundazioetako langileak prestatzeko jardueretan parte hartzea.

m) Harremanak, Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Kontratazio Administratiboaren Aholku Batzordearekin eta gainerako autonomia erkidegoetako organo baliokideekin.

n) Nafarroako Parlamentuari, horretarako erabakitzen den batzordeari, txosten bat aurkeztea urtean behin, bertan zehaztuta zer esku-hartze izan dituen organoak eta zer proposamen egin dituen kontratazio sistema efiziente bat lortzeko eta zama administratiboak errazteko.

ñ) Kontratazio publikoaren arloko arauen aplikazioari buruzko irizpideak hartzea, bere eskumenen esparruan.

o) Nafarroako Kontratazio Ataria, Kontratuen Erregistroa eta Nafarroako Foru Komunitateko Borondatezko Lizitatzaileen Erregistroa kudeatzea.

p) Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kideen izendapena proposatzea Nafarroako Gobernuari.

2. Edonola ere, Kontratazio Publikorako Batzordeak zainduko du kontratu publikoei buruzko araudia zorrozki betetzea eta, bereziki, objektibotasun, publizitate eta lehia printzipioak errespetatzea eta Administrazioak egiten dituen kontratuetan prerrogatibak behar bezala erabiltzea. Horretarako, kontratazio publikoari buruzko egiaztapenak eta azterlanak egin eta gomendio orokorrak zein partikularrak ematen ahalko dizkie entitate kontratatzaileei, dagokion eskumenaren arabera, eta, bereziki, kontratazio arloko dokumentazio administratiboa homogeneizatu eta sinplifikatzeari buruz.

Hiru. Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluko aldaketa, honelako testua izanen duena:

3. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen osoko bilkura eta batzordeak.

1. Batzordeak osoko bilkuraren eta batzordeen bidez lan eginen du.

2. Batzordean txosten eta agiri teknikoak onetsiko dituen batzorde iraunkor bat egonen da, honela osatua: batzordeko buruordea, batzordeburu lanetan ariko dena, osoko bilkurak bere kideen artean izendatuko duen batzordekide bat eta batzordeko idazkaria. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitako pertsona bat ariko da Batzordeko idazkari lanetan, hizpide eta botorik gabe.

Batzordeko osoko bilkurak Batzorde Iraunkorreko buruaren eta kideen ordezkoak izendatuko ditu, haren kideen artetik.

3. Batzordeek beren ebazpenen berri emanen diote osoko bilkurari, hurrengo bilkuran.

Lau. Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 4. artikuluko aldaketa, honelako testua izanen duena:

4. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordeko osoko bilkuraren osaera.

1. Honako hauek osatuko dute Kontratazio Publikorako Batzordeko osoko bilkura: batzordeburuak, buruordeak, idazkariak eta artikulu honen 4. atalaren arabera izendatzen diren kideek. Osaera Nafarroako Kontratazio Atarian argitaratuko da.

2. Kontratazio Publikorako Batzordeko kideek ez dute aldizkako ordainsaririk jasoko haien lanagatik. Hala ere, dietak jasotzen ahalko dituzte, deitutako bileretara joateagatik, baita kalte-ordainak ere, kide gisa jarduteagatik; betiere, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak erabakitzen duen zenbatekoaren arabera.

3. Batzordeko idazkariak eta kideek prestakuntza berezia izan beharko dute kontratazio publikoaren arloan.

4. Honela osatuko da Kontratazio Publikorako Batzordea:

a) Batzordeburua, Ekonomia eta Ogasun arloko kontseilari eskuduna edo, bestela, hark aldi baterako edo betiko gaitutako pertsona bat; gutxienez ere, zuzendari nagusiaren maila izanen du.

b) Buruordea, Ekonomia eta Ogasun arloko departamentu eskuduneko Ondare Zerbitzuko zuzendaria.

c) Batzordekide bat, Nafarroako Parlamentuak bere legelarien artetik izendatua.

d) Batzordekide bat, Lehendakaritza, Justizia eta Barne arloko departamentu eskuduneko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat izanen dena.

e) Batzordekide bat, Ekonomia eta Ogasun arloko departamentu eskuduneko Kontu-hartze Ataleko burua izanen dena.

f) Batzordekide bat, Toki Administrazioaren arloko departamentu eskudunak izendatua.

g) Batzordekide bat, Hezkuntza arloko departamentu eskudunak izendatua.

h) Batzordekide bat, Osasun arloko departamentu eskudunak izendatua.

i) Batzordekide bat, Gizarte Gaien arloko departamentu eskudunak izendatua.

j) Batzordekide bat, Herri Lanen arloko departamentu eskudunak izendatua.

k) Batzordekide bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratazio publikoan espezializatuta dituen funtzionarioen artean izendatua.

l) Batzordekide bat, Toki Administrazioko funtzionarioa eta Zuzenbidean, Enpresa Zientzietan edo Ekonomian lizentziatua, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

m) Batzordekide bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatua.

n) Batzordekide bat, Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen ordezkaria.

ñ) Batzordekide bat, Nafarroako Herri Lanak egiten dituzten Nafarroako Enpresen Elkartearen ordezkaria.

o) Batzordekide bat, Nafarroako Herri Lanen Kontratisten Ganberaren ordezkaria.

p) Batzordekide bat, Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko burua.

q) Idazkaria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontratazio Ataleko burua.

5. Batzordekideek arrazoi hauengatik galduko dute kargua:

a) Hartutako eginkizunak independentziaz betetzeko ezintasunak bultzatuta uko egitea.

b) Izendatu zituen organoaren ezeztatzea.

c) Izendatu zituztenean zuten izaera galtzea.

6. Aurreko idatz-zatian aipatutakoa gorabehera, gizarte interesak ordezkatzen dituzten entitateek proposatuta izendatutako batzordekideak edozein unetan ordezten ahalko dira, batzordeko Idazkaritzan ordezkoaren izena egiaztatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Bost. Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 6. artikuluko aldaketa, honelako testua izanen duena:

6. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordeko Idazkaritza.

1. Idazkaritza da Kontratazio Publikorako Batzordearen laguntzarako, ikerketarako eta aholkularitzarako organo iraunkorra. Bertan funtzionalki sartuko dira esleituta dituen eginkizunak betetzeko behar diren langileak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuari atxikitakoak.

2. Idazkaritzako zuzendaria Kontratazio Publikoaren Batzordeko idazkaria izanen da.

3. Kontratazio Publikorako Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Batzordearen osoko bilkuraren deialdiak egin eta igortzea, batzordeburuak eskatuta.

b) Txosten eta dokumentu teknikoen proiektuak prestatzea, kontratazio publikoaren arloan.

c) Batzordearen urteroko memoria egitea.

d) Gastuen aurrekontuko aurreproiektua egitea, batzordeburuaren zuzendaritzapean.

e) Batzordekideei laguntzea haien eginkizunetan.

f) Batzordearen dokumentazioa zaintzea eta agirien sarrera-irteerak erregistratzea.

g) Batzordeari laguntza administratiboa ematea, oro har.

h) Batzordeak kontratazioari buruz beharrezkotzat jotzen dituen azterlan eta ikerketak egitea.

i) Nafarroako Kontratazio Ataria, Kontratuen Erregistroa eta Borondatezko Lizitatzaileen Erregistroa kudeatzea.

j) Batzordearen osoko bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

k) Laguntza unitate gisa dituen gainerako eginkizunak eta batzordeburuak agintzen ahal dizkion bestelakoak.

4. Idazkari kargua hutsik dagoenean, edo hura kanpoan edo eri dagoenean, batzordeko buruordeak erabakiko du nor izanen den haren aldi baterako ordezkoa.

Sei. Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 10. artikuluko aldaketa, honelako testua izanen duena:

10. artikulua. Kontratazio Publikorako Batzordearen urteko memoria.

Kontratazio Publikorako Batzordeak Nafarroako Gobernuari eta horretarako erabakitzen den Nafarroako Parlamentuko batzordeari urtero igorri behar dion memoria Idazkaritzak prestatu beharko du; Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen mendeko erakunderen kontratuzko jardueratik lortutako informazioan oinarrituko da, betiere osoko bilkurak onetsita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren testu osoan Ekonomia eta Ogasun Departamentuari buruz egiten diren aipamen guztien ordez, Ekonomia eta Ogasun arloko departamentu eskudunari buruzkoak jarri dira, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari buruzkoen ordez Ekonomia eta Ogasun arloko departamentu eskuduneko kontseilariari buruzkoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Kontratazio Publikorako Batzordea eta bere kargupeko prozedurak eta erregistroak arautzen dituen azaroaren 5eko 236/2007 Foru Dekretuaren 25.etik 32.era bitarteko artikuluak.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1411808