156. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

53/2014 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa, “San Migel mendilerroa” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua (BGL) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena eta haren kudeaketa plana onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

San Migel mendilerroa izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Burgiko, Gardeko eta Erronkariko udal mugapeetan. Gune horretan Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarriak diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna daude; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egin dutelako bai berez eremu murritza dutelako. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren interesekotzat hartu diren basa florako eta faunako espezie eta habitat natural guztien adierazpenak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, “San Migel mendilerroa” izeneko ES0000128 gunea dago.

Batasunaren Garrantzizko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Garrantzizko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.

2006ko uztailaren 19ko 2006/613/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko mediterraneoaren barreneko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek.

“San Migel mendilerroa” gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, hortaz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Nafarroako Gobernuak 1990eko abenduaren 27an hartutako Erabakiaren arabera, “San Migel mendilerroa” gunea Hegaztien Babesgune Berezia da (HBB B-128).

HBB horren mugak berraztertu ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia dirudi horiek berriz ere definitzea, “San Migel mendilerroa” gunearen mugekin bat etor daitezen.

Apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuaren bidez, Hegaztien Babesgune Berezien (HBB) barneko basa fauna babesteko eremuak (BFBE) deklaratu ziren, horien artean BFBE-4 eremua, “Mendibeltza” izena daukana eta aurretik aipatu den HBBn dagoena.

Bere garaian APFS deklaratzea eragin zuten balioak eta haren kontserbazioa bermatzeko beharrezko araudi esparrua “San Migel mendilerroa” eremuan sartzen dira modu zabalagoan, eta, beraz, ez dirudi beharrezkoa babes mota horri eustea.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko uztailaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. “San Migel mendilerroa” izeneko ES0000128 Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

2. “San Migel mendilerroa” izeneko B-128 Hegaztien Babesgune Bereziaren (HBB) mugak berriz zehaztea eta Kontserbazio Bereziko Eremuko mugekin bat etorraraztea.

3. Onestea “San Migel mendilerroa” izeneko ES0000128 Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta “San Migel mendilerroa” izeneko B-128 BFBEren kudeaketa plana, foru dekretu honi erantsia.

2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

“San Migel mendilerroa” izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 3.113,52 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren lurralde mugak:

–Ekialdean eta iparraldean:

Zaragozako eta Huescako mugarekin bat egiten du, Pintanotik Contiendako atakaraino. Puntu horretan, muga Nafarroan sartzen da eta, Gardalar ibaiari segika, Ezka ibaiarekin bat egiten du.

–Mendebaldeko eta hegoaldeko mugak:

Mendeabaldean, Bordaxarratik aurrera egiten du mugak, beti Ezka ibaitik tarte bera utzita, Ugañain erreka-zuloarekin bat egiten duen punturaino. Puntu horretatik aurrera, erreka-zulo horretan gora egiten du Pintanoraino, Zaragozako mugaraino alegia.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 115., 189. eta 190. OPMak ukitzen ditu, eta 175,53 hektareako azalera du.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. “San Migel mendilerroa” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

d) Foru Komunitateko Administrazioari adieraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lotutako araudia.

Leku honen barrenean, onura publikoko mendi gisa katalogatutako eremuan, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–”Mendibeltza” izeneko BFBE-4aren deklarazioa indarrik gabe uztea.

Basa fauna babesteko eremuak (BFBE) deklaratu zituen apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa indargabetuko da, “Mendibeltza” izeneko BFBE-4ari dagokionez.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Kudeaketa Planaren indarraldia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planaren indarraldia:

a) Mugagabea, funtsezko elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 10 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, plana berraztertuko da.

2. Hala ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen zainketan eragina izan dezakeena, plana berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa Plana ukitzen ahal duen edozein aldaketa edo berrikuspen foru dekretu bidez onetsi beharko da.

Azken xedapenetako bigarrena.–Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko uztailaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINA

“San Migel mendilerroa” izeneko ES0000128 Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta “San Migel mendilerroa” izeneko
B-128 BFBEren kudeaketa plana

Aurkibidea

I.–Planaren helburua.

II.–Kontserbatu beharreko balio naturalak.

III.–Planaren azken helburuak.

IV.–Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

V.–Araudia.

VI.–Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

VII.–Jarduketak.

VIII.–Kudeaketa planaren finantzaketa.

IX.–Mugak.

X.–Jarraipen-programa.

XI.–Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

I.–Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari koherentzia ematen laguntzea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babesteko arrazoi diren balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.

II.–Kontserbatu beharreko balio naturalak.

Kontserbazio Bereziko Eremuaren azalera gehiena (ia %70), basoek okupatzen dute. Baso nagusiak ordezkapenerako ler gorriez osatuak dira, horiek eremuaren barna zabaldu baitziren, XX. mendean abandonaturik utzi ziren alorrak eta larreak azkar kolonizatuz. Beste baso batzuk ere nabarmentzen dira, hala nola pagadi basofilo eta xerofilo prepirinioarrak, artadi gaztelar-kantauriarrak, haritz ilaunduak eta pinu gorri basofiloak. Halaber, azalera txikiagoak edukita, ezkidiak eta erreka-zuloetako baso mistoak, Corylus avellana-ren multzoak eta izeidi prepirinioarrak inbentariatu dira. Izeidi horiek endemikoak dira Nafarroako Mendebaldeko Pirinioetako azpisektorean.

Sastraketan eta larreetan ertzeko ezpeldi ez iraunkorrak dira nagusi, Kontserbazio Bereziko Eremuko azalera irekien %50 baino gehiago baitira. Modu apalagoan, intereseko beste habitat batzuk ere nabarmentzen dira, hala nola ezkai eta elorri-triska submediterraneoak, Echinospartum horridum-en sasiak, larre mesoxerofiloak eta Helictotrichon cantabricum-en larre submediterraneoak. Floraren aldetik, larreek eta sastrakek floraren espezie singularren habitatak osatzen dituzte (Teucrium pyrenaicum subsp. guarensis-a, Narcissus asturiensis subsp. jacetanus-a eta Allium pyrenaicum-a).

Harkaitz azaleramenduak eta hartxingadiak tarteka agertzen dira. Batasunaren intereseko hiru habitat biltzen dira bertan (mendiko harkaitz karetsuen multzoak, hartxingadi karetsuen multzo prepirinioarrak eta Buxus sempervirens-en formazio iraunkorrak), baita florako espezie ezohiko bat ere, Ramonda myconi-a, zein Pirinioetako landare endemikoa baita, eta, Nafarroan, kokapen hori baino ez zaio ezagutzen.

Faunari dagokionez, hartzaren (Ursus arctos) bizi-eremuaren parte da mendilerroa, eta Aragoin du jarraipena. Halaber, ugatzaren (Gypaetus barbatus) ugaltzeko eremuaren parte da eta toki interesgarria da eper grisak (Perdix perdix hispaniensis) negua pasatzeko. Katalogatuta dago hiru espezie horiek galtzeko zorian daudela Nafarroan.

Ugatzaz gainera, beste hegazti harkaiztar enblematiko batzuek habia egiteko tokia ere bada, hala nola sai zuriarena (Neophron percnopterus), sai arrearena (Gyps fulvus) eta arrano beltzarena (Aquila chrysaetos)

Fauna aipagarriaren artean, Batasunaren intereseko bi intsektu daude: Osmoderma eremita koleopteroa, espezie ezohikoa eta urria Iberiar Penintsulan, haritz helduei lotuta aurkitzen dena, eta Graellsia isabelae lepidopteroa, Europako hego-mendebaldeko tximeleta endemikoa, Pinus sylvestris-eko pinudietan bizi dena.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk eta KBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei “funtsezko elementu” esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio “aktiboa” oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, arauak, kudeaketako jarraibideak eta jarduketak proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.

Hona hemen KBEa kudeatzeko “funtsezko elementuak”:

1. Baso autoktonoak.

2. Sastrakak, larreak eta harkaitzeko habitatak.

3. Graellsia isabelae-a.

4. Ugatza eta beste hegazti harkaiztar batzuk.

5. Eper grisa.

6. Hartz arrea.

Gainera, lan-arlo hau zehaztu da:

–A. Erabilera publikoa.

III.–Planaren azken helburuak.

Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.

1. Baso autoktonoak.

1.1. Azken helburua: baso autoktonoak kontserbazio-egoera onean segurtatzea.

2. Sastrakak, larreak eta harkaitzeko habitatak.

2.1. Azken helburua: sastrakadi, harkaitz eta larreen habitatek kontserbazio-egoera ona izan dezatela bermatzea.

3. Graellsia isabelae-a.

3.1. Azken helburua: Graellsia isabelae espeziearen kontserbazioa bermatzea.

4. Ugatza eta beste hegazti harkaiztar batzuk.

4.1. Azken helburua: ugatzaren, sai zuriaren, sai arrearen eta arrano beltzaren kontserbazioa bermatzea.

5. Eper grisa.

5.1. Azken helburua: eper grisaren habitaterako behar diren baldintzak bermatzea.

6. Hartz arrea.

6.1. Azken helburua: hartz arrearen habitaterako behar diren baldintza egokiak segurtatzea.

–A. Erabilera publikoa.

A.1. Azken helburua: bertakoek eta bisitariek tokia hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea.

IV.–Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldiaren bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:

1. Baso autoktonoak.

1.1.1. Helburu operatiboa: baso autoktonoen gaur egungo azalerak kontserbatzea.

1.1.2. Helburu operatiboa: arboladiak hobetzea ekologia aldetik.

1.1.3. Helburu operatiboa: interes ekologikoa duen arboladiaren kontserbazioa bermatzea.

1.1.4. Helburu operatiboa: baso autoktonoei eta interes ekologikoa duen arboladiari lotutako intereseko faunako espezien ezagutza eta kontserbazio-egoera hobetzea.

2. Sastrakak, larreak eta harkaitzeko habitatak.

2.1.1. Helburu operatiboa: larre eta sastrakak haien kontserbazioa segurtatuko duen moduan erabiltzea.

2.1.2. Helburu operatiboa: sastrakadien, larreen eta harkaitzen habitatei lotutako intereseko flora eta faunaren espezieen gaineko ezagutza hobetzea eta haien kontserbazioa bermatzea.

3. Graellsia isabelae-a.

3.1.1. Helburu operatiboa: Graellsia isabelae-aren populazioaren bilakaera ezagutzea.

3.1.2. Helburu operatiboa: Graellsia isabelae-aren habitata kontserbatzea.

4. Ugatza eta beste hegazti harkaiztar batzuk.

4.1.1. Helburu operatiboa: ugatzaren, sai zuriaren, sai arrearen eta arrano beltzaren bilakaera ezagutzea.

4.1.2. Helburu operatiboa: ugatzak, sai zuriak eta sai arreak behar duten eskaintza trofikoa mantentzea.

4.1.3. Helburu operatiboa: hegaztientzako arrisku-faktoreak gutxitu eta ezabatzea.

5. Eper grisa.

5.1.1. Helburu operatiboa: ezagutzea zenbat eper grisek igarotzen duten negua bertan.

5.1.2. Helburu operatiboa: eper grisaren habitataren baldintzak hobetzea.

6. Hartz arrea.

6.1.1. Helburu operatiboa: bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea.

6.1.2. Helburu operatiboa: habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.

–A. Erabilera publikoa.

A.1.1. Helburu operatiboa: lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.

V.–Araudia.

–Araudi orokorra.

1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Foru lege horren arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortu, abian jarri edo gauzatzearen ondorioz ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kalte eragiten ahal dietenak.

3. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez direla ukitzen Batasunaren intereseko animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ezta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere.

4. Ematen diren baimen guztietan bermatuko da honako arau hauetan ezarritakoa beteko dela: batetik, Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea, eta bestetik, otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen Espainiako katalogoa garatzekoa.

–Berariazko araudia.

1. 92/43/EEE Zuzentarauan dauden eta kontserbazio-egoera onean dauden larreek eta sastrakadiek hartutako azaleretan ez da luberritzerik edo ereiterik eginen.

2. Intereseko flora eta fauna duten lekuneetan egiten diren erabilera eta jarduketetan, haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak sartu beharko dira.

VI.–Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendio gisa hartu behar dira, eta kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago, aplikatu beharko dira.

1. Zuhaiztietarako jarraibideak.

1.1. Gaur egungo baso autoktonoen azalerak gutxienez kontserbatzen direla bermatuko da.

1.2. Interes ekologikoa duten zuhaitzek irautea bermatuko da.

1.3. Basoetan lurrean zein zutik dagoen zur hila errespetatuko da.

1.4. Hostozabalen kontserbazioa bermatuko da, koniferen baso handien artean multzoka daudenean.

1.5. Bigarren mailako espezieak errespetatuko dira, eta haien zainketa bermatuko da. Birsortzeko mozketak egin behar diren guneetan baldin badaude bigarren mailako zuhaitz espezie horiek, behar diren neurri guztiak hartuko dira bigarren mailako espezieek mendian iraun dezaten eta haien berezko birsorkuntza berma dadin, haien behar ekologikoekin bat datozen jarduketen bidez.

1.6. Motzaldiak saihestuko dira 2-3tik gorako hektareako azaleretan edo higadura-arrisku nabarmena duten lurretan.

1.7. Baso-aprobetxamenduetan erreka bazterretako landareak errespetatuko dira.

2. Larre eta sastrakadietarako jarraibideak.

2.1. 92/43/EEE Zuzentarauan adierazitako habitatak diren eremuak ongarritzeko eta/edo medeatzeko, tratatu beharreko eremuak, osagaiak eta erabiliko den dosia zehaztuko dira. Nolanahi ere, bermatu beharko da landaretza naturala ez dela ukituko, ezta lurzoruaren eta uren ezaugarriak ere. Gainera, iraganean gauzatu diren jarduketei dagokienez proiektu jakin batek izan dezakeen metatze efektua aintzat hartu eta aztertuko da.

2.2. Belar-sastrakak garbituko dira, ondoriozko paisaia-egitura larreen eta sastrakadien mosaiko heterogeneo eta orekatua izateko moduan.

2.3. Larreak hobetzeko ez da belar-sastrakarik garbituko edo erreko %50etik gorako maldetan. Gainera, jarraibide hori aldatzen ahalko da eta murriztaileago bihurtu eremu ahulenetan.

2.4. Belar-sastrakak garbitu beharreko guneetan, babestu beharreko elementu ekologiko interesgarriak mugatuko dira.

2.5. Ez da belar-sastrakarik garbituko edozein troka edo errekatatik 10 metroko tartea baino gutxiago badago.

2.6. Laborantzan ibilitako lurzatien eremuetan belar-sastrakak garbitzeko, haien arteko muga eta ezpondetako landare zerrendak errespetatuko dira.

3. Faunarako jarraibideak.

3.1. Basoilarra badela ikusten den eremuetan ehiza arautzeko, behar diren tresnak emanen dira ehiza antolatzeko planetan.

3.2. Baliabide trofikoen hornikuntza bermatuko da, halako moduz non ugatzak, saiak eta gainerako hegazti nekrofagoek elikagaiak izanen dituzten urte osoan.

3.3. Ehizaren kudeaketaren ardura dutenei tresna arin bat emanen zaie ehiza-uxaldien tokia edo eguna aldatzeko, ugatzaren habiagintzako eremuetan egitekoak direnean.

3.4. Hartz arrearen kontserbaziorako Pirinioetan ezartzen diren dokumentu estrategikoetako erabaki eta neurriak babestuko dira, eta horien aldeko lankidetza izanen da.

3.5. Ehizaren kudeaketaren ardura dutenei tresna arin bat emanen zaie ehiza larriko uxaldien eguna edo lekua aldatzeko, hartz arrearen hibernazio eremuetan egitekoak direnean, edo udazkeneko elikagaiak dituen eremuetan, hartz arrearen presentzia detektatu den tokietan.

3.6. Giza jarduerek eta erabilerek sortutako eragozpenak saihestuko dira eremu kritikoetan eta hartz arrearentzat kalitate handienekoak diren habitatetan.

4. Beste jarraibide batzuk.

4.1. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek paisaiara egokitzeko neurriak izanen dituzte.

4.2. Pistak eta zura ateratzeko bideak drainatzeko sistemak ez du utziko solidoak erreketara iristea.

4.3. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek eta baso-aprobetxamenduen baldintzen agiriek erreken gaineko ukipena ahalik eta txikiena izateko behar diren neurriak jasoko dituzte.

VII.–Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Zuhaiztiei lotutako neurriak.

1.1. Interes ekologikoko zuhaiztiei buruzko inbentarioa prestatzea (tamaina handiko zuhaitz helduak edo zuhaitz lepatuak).

1.2. Interes ekologikoko zuhaiztiak kontserbatu eta hobetzeko jarduketak egitea.

2. Larre eta sasidiei lotutako neurriak.

2.1. Larre eta sastrakadiak kontserbatzeko plana prestatzea habitat horiek ageri diren eremu nagusietan.

2.2. Nekazaritza bultzatzen duten jarduketak egitea, larre eta sastrakadiak kontserbatzeko planaren arabera.

2.3. Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (ITGG) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseiluaren laguntzaz (NNPEK), entitate titularren eta abeltzainen artean sustatzea larreak “produkzio ekologikoko eremutzat” jotzea, interesa duten ekoizleek horiek erabili ahal izatea bermatzeko.

2.4. Larreen azalera handitzea 10 ha-tan gutxienez ere belar-sastrakak garbituta, plan honen indarraldian.

3. Faunari lotutako neurriak.

3.1. Habitatei buruzko zuzentarauan sartutako intsektu saproxilikoen espezieen kontserbazio-egoera ezartzea, arreta berezia Osmoderma eremita-ri emanez, eta espezie horiei jarraipena egiteko protokoloa abiatzea.

3.2. Parnassius apollo-ren presentzia eta kopurua zehazteko prospekzioak egitea.

3.3. Nafarroako Gobernuak Graellsia isabelae-ari urtean egiten dion jarraipenarekin segitzea.

3.4. Aldian aldiko prospekzioak egitea basoilarrak edo haien presentziaren zantzuak aurkitzeko.

3.5. Okil beltzaren zentsuak aldika-aldika egitea.

3.6. Eper grisaren neguko zentsuak egitea.

3.7. Sai arreari, arrano beltzari eta sai zuriari Nafarroako Gobernuak egiten dien jarraipena mantentzea.

3.8. Nafarroako Gobernuak ugatzari urtean egiten dion jarraipena mantentzea.

3.9. Hegaztientzat arriskutsuak diren linea elektrikoak egokitzea.

3.10. Azterlan bat egitea, habitata eper grisarentzat egokia izan dadin eredu bat ezartzeko.

3.11. Nafarroako Gobernuak hartz arrearen kontrolaz, babesaz eta azterketa sustatzeaz urtean egiten dituen programak mantentzea.

3.12. Nafarroako Gobernuak hartz arrearen kalteen kontrolerako eta kudeaketarako dituen protokoloak mantentzea.

3.13. Aztertzea komeni den eremu hori sartzea Nafarroan Hartz Arrea Berreskuratzeko Planaren aplikazio eremuan.

3.14. Hartz arrearentzat egokiak diren tokietan, bigarren mailako espezieetako zuhaiztiak landatzea, ahal dela fruitu mamitsuak ematen dituzten espezieekin (sagarrondoak, elorriak, gurbeondoak, gereziondoak, elorri beltzak, etab.).

4. Florari lotutako neurriak.

4.1. Sastrakadi, harkaitz eta larreen habitatei lotutako intereseko flora espezieei buruzko diagnostikoa egitea, eta jarraipena egiteko protokoloa abian jartzea.

5. Erabilera publikoari lotutako neurriak.

5.1. Lekuaren balioei buruzko materialak prestatzea, gizartea sentsibilizatzeko asmoz zabal daitezen.

VIII.–Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:

–Guneko kontserbazio egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren zenbatekoak.

–Ekipamenduak eta kudeaketaren egitura mantentzeko behar diren diru-zenbatekoak.

–Erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

–Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX.–Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko kalte-ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak ematea edo bestelako sustapenak.

X.–Jarraipen programa.

Jarraipena egiteko programa bat ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez, helburu bakoitzerako.

Urtero, programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzei erreparatuta, ikusten bada espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean ezin direla lortu, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak eransten ahalko zaizkio planari.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN HELBURUA

HELBURU OPERATIBOA

JARRAIPENERAKO ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTAREN IRIZPIDEA

1. Baso

autoktonoak

1.1. Baso autoktonoak kontserbazio-egoera onean segurtatzea

Kontserbazio-egoera onean dagoen baso autoktonoaren azalera

Ezezaguna

2153,3 ha

1.1.1. Baso autoktonoen gaur egungo azalerak kontserbatzea

Baso autoktonoaren azalera

2153, ha

2153,3 ha

1.1.2. Arboladiak hobetzea ekologia aldetik.

Zenbat zur hil dagoen, lurrean eta zutik

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

Bigarren mailako zenbat espezie dauden

Ezezaguna

Hasierako balioa baino handiagoa

Hostozabal multzoen kopurua koniferen baso handien artean

Ezezaguna

Bigarren mailako basoen %100 kontserbatuak

Erreketan ondorio txarra duten jarduketak

Ezezagunak

Ez dago

1.1.3. Interes ekologikoa duen arboladiaren kontserbazioa bermatzea.

Inbentarioan sartutako interes ekologikoko zuhaiztien unada kopurua

0

Interes ekologikoko zuhaitz unaden %100 detektatuak

Zuhaitz helduak kontserbatzeko ekintzek ukitutako azalera

0

10 ha

1.1.4 Baso autoktonoei eta interes ekologikoa duen arboladiari lotutako intereseko faunako espezien ezagutza eta kontserba

Ornogabe saproxilikoen laginketak

Laginketak egin gabe

Laginketak eginak

Basoilarrari buruzko prospekzioak

Prospekzioak egin gabe

Prospekzioak eginak

Okil beltzari buruzko zentsuak

Zentsuak egin gabe

Zentsuak eginak

2. Sastrakak,

larreak eta harkaitzeko habitatak

2.1. Sastrakadi, larreen eta harkaitzen habitaten kontserbazio-egoera ona bermatzea

Kontserbazio-egoera onean dauden larre, sastrakadi eta harkaiztien azalera

Ezezaguna

725,66 ha

2.1.1. Larre eta sastrakak haien kontserbazioa segurtatuko duen moduan erabiltzea

Larreen eta sastrakadien azalera

717,99

717,99 ha

Larre eta sastrakadiak kontserbatzeko plana

Egin gabe

Egina

Abeltzaintzari laguntzeko ekintzak

Zenbait ekintza egin dira abeltzaintzari laguntzeko

Abeltzaintzari laguntzeko jarduerak indartu dira

2.1.2. Sastrakadien, larreen eta harkaitzen habitatei lotutako intereseko flora eta faunaren espezieen gaineko ezagutza hobetzea eta haien kontserbazioa bermatzea.

Intereseko floraren populazioari buruzko diagnostikoa

Diagnostikoa egin gabe

Diagnostikoa egina

Flora espezieen aldizkako monitorizazioa

Ez da egiten

Egiten da

Parnassius apollori buruzko prospekzioak

Prospekzioak egin gabe

Prospekzioak eginak

3. Graellsia isabelae-a

3.1. Graellsia isabelae-aren kontserbazioa bermatzea

Graellsia isabelae-aren kontserbazio-egoera

Ezezaguna

Kontserbazio-egoera ona

3.1.1. Graellsia isabelae-aren populazioaren bilakaera ezagutzea

Populazioaren jarraipena

Urtean bat

Urtean bat

3.1.2 Graellsia isabelae-aren habitata kontserbatzea

1.1.1. Helburu operatiboaren adierazleak aplikatzen dira, hau da,”Baso autoktonoen gaur egungo azalerak kontserbatzea”, “Baso autoktonoak” funtsezko elementuaren barrenean.

4. Ugatza eta beste hegazti harkaiztar batzuk

4.1. Ugatzaren, sai zuriaren, sai arrearen eta arrano beltzaren kontserbazioa bermatzea.

Ugatzen, sai arreen, sai zurien eta arrano beltzen bikote habiagileak edo lurralde aktiboak

Ugatza: lurralde aktibo 1; sai zuria: 2 bikote; sai arrea: 3 bikote; arrano beltza = lurralde aktibo 1

Hasierako kopurua bezalakoa edo handiagoa

4.1.1. Ugatzaren, sai zuriaren, sai arrearen eta arrano beltzaren bilakaera ezagutzea

Espezieen jarraipena

Urteko jarraipena ugatzari. Bosturteko jarraipena sai arreari. Hamarrurteko jarraipena sai zuriari eta arrano beltzari.

Urteko jarraipena ugatzari. Bosturteko jarraipena sai arreari. Hamarrurteko jarraipena sai zuriari eta arrano beltzari.

4.1.2. Ugatzak, sai zuriak eta sai arreak behar duten eskaintza trofikoa mantentzea

Ugatzak, sai zuriak eta sai arreak behar dituzten baliabide trofikoak

Bermatua

Bermatua

2.1.1 helburu operatiboaren adierazleak aplikatzen dira, hau da, “Larre eta sastrakak haien kontserbazioa segurtatuko duen moduan erabiltzea”, “Larreak, sastrakak eta harkaiztiaren habitatak” funtsezko elementuaren barrenean.

4.1.3. Hegazti harkaiztarrentzako arrisku-faktoreak gutxitu eta ezabatzea

Linea elektriko arriskutsuen kopurua

5 linea arriskutsu

Ez dago linea arriskutsurik

Kalteak habietan

Ezezagunak

Ez dago

Intoxikazio kopurua, pozoituta

Ezezagunak

Ez dago.

5. Eper grisa

5.1. Eper grisaren habitaterako behar diren baldintzak bermatzea

Eper griserako kontserbazio-egoera onean dauden larre eta sastrakadien azalera

Ezezaguna

717,99 ha

5.1.1. Ezagutzea zenbat eper grisek igarotzen duten negua

Eper grisaren neguko zentsuak

Bat ere ez

Urtean bat

5.1.2. Eper grisaren habitataren baldintzak hobetzea

Habitataren egokitasunaren eredua

Ezezaguna

Zehatza

2.1.1 helburu operatiboaren adierazleak aplikatzen dira, hau da, “Larre eta sastrakak haien kontserbazioa segurtatuko duen moduan erabiltzea”, “Larreak, sastrakak eta harkaiztiaren habitatak” funtsezko elementuaren barrenean.

6. Hartz arrea

6.1. Hartz arrearen habitaterako behar diren baldintza egokiak segurtatzea

Kontserbazio-egoera onean dauden baso habitat potentzialen azalera

2153, ha

2153,3 ha

Hartzaren presentziaren gainean eragin txarra duten giza jarduerak

Ezezagunak

Ez dago

6.1.1. Bateragarri egitea giza erabilerak eta hartz arrea

Kudeaketarako eta kalteak kontrolatzeko protokoloa

Urtean behin

Urtean behin

Kontrolerako, jarraipenerako eta ikerkuntzari laguntzeko programa

Urtean behin

Urtean behin

6.1.2. Habitataren baldintzak hobetzea, hartz arrea hobeki hartu ahal izateko.

Espezie frutikosoak dituen azalera

0

10 ha

Helburu operatibo hauen adierazleak aplikatzen dira: “1.1.1 Baso autoktonoen gaur egungo azalerak kontserbatzea”, “1.1.2 Arboladiak hobetzea ekologia aldetik” eta “1.1.3 Interes ekologikoa duen arboladiaren kontserbazioa bermatzea” (“Baso autoktonoak” funtsezko elementua)

A. Erabilera publikoa

A.1. Bertakoek eta bisitariek tokia hobeki ezagutzea eta aintzat hartzea.

Dibulgazio ekintzak

Ez da zabalkunderik egiten

Zabalkundea egiten da

A.1.1. Lekuaren balio ekologikoei buruzko informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea.

Zabalkunde eta sentsibilizazio materiala argitaratzea eta banatzea

Egin gabe

Egina eta banatua

XI.–Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

F1410202_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1410202