209. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

417/2013 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Murillo El Cuendeko udal mugapean, Arradako herrigunea gas naturalez hornituko duen adarra eraikitzea. Sustatzailea Gas Navarra, S.A. da.

2013ko apirilaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektatutako jarduketak helburu du gas naturalez hornitzea Arradako herria, gas naturalen lurpeko hodi bat paratuz. Oraingo sareko “Zero erpina V-0” (UTM: 615.564, 4.688.856) izeneko puntuan abiatuko da hodia, altzairuzko hodi bat, lurperatua, 4’ eta 8 m luzekoa, erregulazio armairu bateraino. Armairu horretatik (V-3) zati honen bukaeraraino (V-33), lurzoru urbanizaezinean, hodia 160 mm-ko polietilenozkoa izanen da. V-12-raino (580 m bat metro), hodia oraingo bidearen azpitik joanen da, La Recuejaraino (nekazaritza erabilera). Puntu horretan, bidea NA-128 errepidera iristen da, eta hodia errepidearekin parez pare joanen da, iparraldeko bazterretik, 75 bat metro, Arradarako NA-5520 errepidea hasten den gurutzeraino. NA-128 errepidea gurutzatu ondoren, V-24-raino (2000 bat metro), hodia NA-5520 errepidearen ekialdetik joanen da, eta gurutzatuko ditu laboreak, bideak, erretenak, isurbideak eta ibilgu artifizialak. Erpin horretatik bukaeraraino doan tarte horretan (300 m), hodiak errepidearen beste bazterrera gurutzatuko du, eta ondoren, bazterreko tokietan eta herriaren inguruko lurzatietan barna, herriguneraino igoko da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2013ko irailaren 20an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.

2013ko apirilaren 29an, eskaera Murillo el Cuendeko Udalari igorri zaio, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 13ko 1436/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, proiektu honetarako: Murillo El Cuendeko udal mugapean, Arradako herrigunea gas naturalez hornituko duen adarra eraikitzea. Sustatzailea Gas Navarra, S.A. da.

2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:

–Neurri zuzentzaileak hartu behar dira, hain zuzen ere sustatzaileak baimen hau eskatzeko agirietan proposatu dituenak, lurrak kudeatzeari eta landareztatzeari dagozkionak.

–Hondakinei buruz indarra duen ingurumeneko araudiaren arabera kudeatuko dira sortzen ahal diren lurrak eta eraispeneko beste hondakin batzuk.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, azpiegiturari lotutako aire zabaleko elementuek (itxiturak, armairua) 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Egin nahi diren jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Herri Lanetako zuzendari nagusiak maiatzaren 24ko 400/2013 Ebazpenean ezarritako baldintzak beteko dira.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Murillo el Cuendeko Udalari, Tutera aldeko 12. Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2013ko urriaren1ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1313601