209. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

146/2013 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Osasuneko kontseilariak emana, Adituen Batzordea sortzen duena paziente kronikoen tratamenduarekiko atxikipena adosteko eta hobetzeko.

Paziente kronikoari eta pluripatologikoari arreta emateko Nafarroako estrategiak berariazko helburuak definitzen ditu medikazioaren erabilera egokiari eta adostasunari buruz eta, hura garatzeko, beharrezkoa da berariazko batzorde aholku-emaile tekniko bat sortzea.

Estrategia horretan, beharrezkoa da medikazioa adosteko prozedura bat ezartzea, bereziki ospitaleratzean eta ospitaleko alta hartzean; klinikoari laguntzeko sistemak garatzea aurreikusi da, ondorio kaltegarriak prebenitu eta identifikatzeko, eta pazienteari lagunduko dioten sistemak garatzearen alde egiten da, terapiaren betekizuna hobetu dadin.

Pazientearen segurtasuna munduko osasun sistema aurreratuenen lehentasun bihurtu da. Munduko Osasun Erakundeak badu “Pazienteen segurtasunerako munduko aliantza” izeneko ekimen bat eta Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak “Pazienteen segurtasuna hobetzeko estrategia” du. Bestetik, Nafarroako Osasun Departamentuak indarrean du Ministerioarekin egindako lankidetza hitzarmen bat, osasun zentroetan jokabide seguruak bultzatzeko.

Gertaera kaltegarrien eragina handia da ospitaleratutako pazienteengan. Ondorio kaltegarrien azterlan nazionala (ENEAS) izeneko proiektuaren emaitzek adierazten dutenez, Espainiako ospitaletan ingresatuta dauden pazienteen %8,4k ondorio kaltegarriren bat dute, eta horietatik %40 saihesteko modukoak dira, maizen gertatzen direnak botiken erabilerari (%37) lotuak izanik. Bestetik, APEAS proiektuak erakutsi duenez, ondorio kaltegarrien maiztasuna %1,1ekoa da oinarrizko osasun laguntzan, horietatik %48 medikazioari lotuak daude eta %70 aurreikusteko modukoak dira.

Medikazio akatsen ia %50a osasun laguntzen trantsizioetan gertatzen dira, eta horregatik frogatu dira Osasun Departamentuak bultzatu gogo dituen medikazio adostasuneko prozeduren eraginkortasuna eta efizientzia.

Bestalde, pazientearen segurtasuna hobetzeko, beharrezkoa da klinikoari lagunduko dioten tresnak, historia kliniko elektronikoari lotuak, garatzea, elkarreraginak, kontraindikazioak eta ondorio kaltegarriak prebenitu eta identifikatzeko.

Azkenik, paziente kronikoari arreta emateko Nafarroako estrategiak, Farmazia Bulegoekin batera, pazientearen tratamendurako atxikipena ebaluatzeko prozedura eta sistema egokiak garatzearen alde egiten du, baita pazienteari laguntzen dioten sistemak bultzatzearen alde ere, terapiaren betekizuna hobetu dadin.

Aipatu helburuak lortzeko, beharrezkoa da osasun laguntzako zentro eta maila guztietako osasun arloko profesionalen lankidetza –farmazia bulegoetako profesionalak barne–, baita pazienteak berak inplikatzea eta teknologia berrien laguntza ere.

Horregatik, eta osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoarekin bat, beharrezkotzat jotzen da adituen batzorde bat eratzea paziente kronikoen tratamenduarekiko atxikipena adosteko eta hobetzeko.

AGINDU DUT:

1. Adituen Batzordea sortzen da, paziente kronikoen tratamenduarekiko atxikipena adosteko eta hobetzeko.

2. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

–Isabel Ansa Erice, Osasunaren Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendaria, talde lanaren buru izanen dena.

–Esther Lacalle Fabo, Nafarroako Ospitaleguneko botikaria.

–María Pío Asín, Miguel Servet fundazioko botikaria.

–Juan José Beloqui Lizaso, Tuterako Reina Sofía ospitaleko botikaria.

–Ana Azparren Andía, Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzako botikaria.

–Pilar Arroyo Aniés, Uharteko Osasun Etxeko familia-medikua.

–Arantza Muñoz Aramburu, farmazia bulegoko botikaria.

–Gabriela Elizondo Rivas, Nafarroako Farmakozaintza Zentroko teknikaria.

–Isabel Osacar Equisoain, Nafarroako Ospitaleguneko erizaina.

–Alberto Sola Mateos, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako medikua.

–Iñáki Berrozpe Beriain, Nafarroako Ospitaleguneko medikua, lantaldeko idazkari lanean ariko dena.

3. Batzordeari eginkizun hauek agindu zaizkio:

a) Paziente pluripatologiko eta plurimedikatuen medikazioa adostua dela bermatzeko behar diren prozedura eta sistemak ezartzea, bai ospitaleratzean bai ospitaleko alta hartzean.

b) Ospitaleko alta hartuta, tratamenduaren jarraipena bermatzea, tratamendu finituek behar dituzten dosiak ziurtatuta.

c) Paziente polimedikatuak identifikatuak izateko eta haiengan esku hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzea.

d) Pazientearen tratamendurako atxikipena ebaluatu eta hobetzeko prozedura eta sistemak garatzea, batez ere paziente kronikoentzat.

e) Pazienteari laguntzeko sistemak bultzatzea, terapiaren betekizuna hobetu dadin.

f) Klinikoari lagunduko dioten sistemen garapena bultzatzea, elkarreraginak, kontraindikazioak eta ondorio kaltegarriak prebenitu eta identifikatzeko.

g) Botikak erabiltzeko patroiak aztertzea lehentasunezko paziente kronikoen profiletan, eta hobetzeko helburuak proposatzea.

4. Adituen Batzordea Botiken Erabilera Arrazionalerako Batzorde Aholku-emaile Teknikoaren menpe egonen da.

5. Lantaldeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

6. Batzordeak foru agindu honi eta barne funtzionamendurako arauei jarraituko die.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2013ko urriaren 4an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1313773