209. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PITILLAS

Bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Pitillasko Udalak, 2013ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea bide publikoen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Pitillasen, 2013ko irailaren 20an.–Alkatea, Amador Jiménez Herrero.

PITILLASKO UDAL MUGAPEKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da honako arau hauetan ezarritakoari jarraikiz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25-2.B eta D artikuluetan landa bideen eta kamioen zainketari buruz ezarritakoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Pitillasko bide publikoen sarea Pitillasko herritar guztien ondarea da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta nekazaritzako finketako aberastasuna zaintzeko eta haietara sartzeko. Ezinbesteko elementua da nekazariak, abeltzainak, herritarrak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Pitillasko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek eta herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Aplikazio eremua

2. artikulua. Ordenantza hau Pitillasko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bide publikoetan ibiltzeko behar badira.

Erabilera

3. artikulua. Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Pitillasko bide publikoak.

4. artikulua. Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Nolanahi ere, berariaz debekatuta daude lehiaketak, lasterketak eta nekazariei, abeltzainei, txirrindulariei, etxeko animaliei, basa-faunari eta gainerakoei arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Erakunde eta entitate publikoek agindutako lanak direnean, ibilgailuek ez dute baimenik beharko beren eginkizunetan ari badira.

Erabilera debekatuak

5. artikulua. Pitillasko bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

b) Areka eta bideak goldatzea.

c) Nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, soroetan nekazaritzako lanak egiten direnean.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Zuhaitzak landatzea edo finketan hesiak paratzea, bideak berdintzeko kanpoko ertzetik hiru metroko distantzia baino txikiagoa utzita. Beharrezkoa bada, Udalari eskatuko zaio baimena.

f) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

g) Finketako hustubideak areketara ateratzea, proiektuan eta berrantolamendu obraren exekuzioan aurreikusita ez badago edo Udalak ez badu baimentzen.

h) Hustubideen sarea ez errespetatzea.

i) Urari finketatik bideetara ematea irteera, finketako sarbidean barna.

j) Ureztatze finketatik ura bideetara botatzea. Saihestuko da bideak ureztatzea aspertsore edo pibotekin. Horretarako, babesleak edo txapak jarriko zaizkie. Haizea badabil, saihestuko da ureztatzea ibilgailuak pasatzen diren garaian. Gauaz ureztatzea lehenetsiko da.

k) Bideetan egurra edo beste material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

l) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (aihenak, belarrak, adarrak...) bideetara, areketara, erretenetara eta herrilurretara botatzea.

m) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

n) Pitillasko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo hein batean trabatzea.

Erabiltzaileen betebeharrak

6. artikulua. Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

–Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari baimena eskatu beharko zaio eta hura eskuratu. Eragiketa hauek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez.

–Garbi eduki beharko dira norberaren finketako areka gaineko pasabideak eta arekak, ura erraz igaro dadin.

–Dauden seinaleetan ezarritako pisu eta abiadura mugak errespetatuko dira. Seinalizaziorik gabeko bideetan ezin izanen dira honako muga hauek gainditu:

  • Gehieneko pisuaren muga: 18 tona oro har, eta ez dago mugarik udalerrian kokaturiko nekazaritzako, abeltzaintzako eta industriako jardueretarako, finketan eta instalazioetan sartzeko.
  • Abiadura, gehienez ere: 40 kilometro/ordua.

–Uhinbikoak deitzen diren metalezko hesiak baldin badaude, bere horretan utziko dira, segurtasuna dela eta.

–Hodiren bat hondatzen baldin bada, diametro bereko beste bat jarri beharko da haren lekuan.

Adarrek areka ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak bide ondoan.

7. artikulua. Bideen gehiegizko erabilera sortzen duten jarduerak.

Bideetan edo bide zehatz batean gehiegizko joan-etorria sortzen duten jarduerak erabilera berezitzat joko dira, eta Udalak erabakitzen duenari jarraikiko zaio, haiek zaintzeko.

8. artikulua. Bideen zaintza eta hobekuntza.

Pitillasko Udalak Pitillasko landabideen gaineko mantentze, zaintze eta hobetze lanengatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza onesten ahalko du.

9. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

10. artikulua. Zehapenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza honen arau-hausteak zehatuko dira 300,00 euro arteko isunarekin, gutxieneko isuna izanen delarik 150,00 euro gehi desegiten edo hondatzen direnak lehengoratzeko obren kostua. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

Azken xedapenak

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1313646