209. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Trafikoa arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2013ko urtarrilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Berriozarko trafikoa arautzen duen udal ordenantza. Hura 2013ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriozarren, 2013ko urriaren 9an.–Alkatea, Xabier Lasa Gorraiz.

BERRIOZARKO TRAFIKOA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Gaur egun Berriozarko Udalak Trafikoa arautzen duen udal ordenantza dauka, 1998ko irailaren 30ean egin osoko bilkuran behin betiko onetsi zena. Ordenantza horrek erantzuna ematen dio bide publikoak erabiltzea Udalak arautzeko beharrari, trafikoari dagokionez, eta bereziki ibilgailuei dagokienez.

Izan ere, azken urteotan abantaila horiek udalerriaren arazo nagusietako bat bilakatu dira. Pilaketak, kutsadura, asotsa, aparkatzeko zailtasunak, trafikoak sorrarazitako segurtasun eza, horra nork bere autoa gehiegi erabiltzearen ondorioetariko batzuk.

Horregatik guztiagatik, Berriozarko Udala hasi zen lanak egiten mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko asmoz; hala bidegorria sortu eta trafikoa berrantolatu du hiriko zenbait kaletan.

Horrenbestez, ordenantza honen xedea da handitzea Trafikoaren egungo ordenantzaren xedea, lehen paragrafoan biltzen dena, eta hartarako arautzea eremu publikoen erabilera, oinezko, txirrindulari, moto gidari eta garraio publiko nahiz pribatuaren erabiltzaile eta gidariez den bezainbatean, hori guztia trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruz indarra duen legeriari jarraikiz.

INDIZEA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

2. artikulua. Udalaren eskumena.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

II. TITULUA

Zirkulazioko portaera arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Erabiltzaileak. Arau orokorrak.

5. artikulua. Eroaleak.

6. artikulua. Gidariaren betebeharrak.

7. artikulua. Hiri-garraioa.

8. artikulua. Hiri arteko garraio kolektiboa.

9. artikulua. Segurtasun uhalak.

10. artikulua. Kutsadura, asotsa eta ibilgailuen erreforma debeku.

11. artikulua. Ibilgailuen karga eta okupazioa.

12. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

13. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

14. artikulua. Eremu publikoko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

II. KAPITULUA

Oinezkoak

15. artikulua. Oinezkoendako lehentasun eremuak edo sarbide murriztukoak.

16. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

17. artikulua. Trafikoarendako eremu murriztuetara sartzeko baimenak.

18. artikulua. Oinezkoak.

19. artikulua. Debekuak.

III. KAPITULUA

Patinekin edo monopatinekin ibiltzea

20. artikulua. Zirkulazioa.

21. artikulua. Monopatinak.

IV. KAPITULUA

Bizikleta eta ziklomotorren zirkulazioa eta erabilera

22. artikulua. Bizikletak.

23. artikulua. Bizikleten argiak, txirrina, osagarriak eta aparkalekuak.

24. artikulua. Zirkulazioa bidegorrietan barna.

25. artikulua. Bizikletak espaloietan barna.

26. artikulua. Bizikletak parke, pasealeku eta oinezkoendako eremuetan.

27. artikulua. Bizikletak galtzadan barna.

28. artikulua. Ziklomotorrak.

V. KAPITULUA

Abiadura

29. artikulua. Abiadura mugak.

30. artikulua. Abiadura, noiz eta horrela.

31. artikulua. Neurriko abiadura.

VI. KAPITULUA

Zamalanak

32. artikulua. Arau orokorrak.

33. artikulua. Denborak.

34. artikulua. Kasu bereziak.

III. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Elbarriek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkatzea

35. artikulua. Prozedura.

36. artikulua. Desgaitasuna dutenendako erreserbatuak.

37. artikulua. Bertzelako erreserbatuak.

38. artikulua. Ordutegia.

39. artikulua. Seinaleak.

40. artikulua. Debeku orokorrak.

III. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

41. artikulua. Arau orokorrak.

42. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak.

43. artikulua. Gelditzea.

44. artikulua. Aparkaldia.

IV. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

45. artikulua. Definizioa.

II. KAPITULUA

Prozedura

46. artikulua. Prozedura.

V. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

I. KAPITULUA

Zirkulazioa

47. artikulua. Zirkulazioa.

II. KAPITULUA

Aparkatzea

48. artikulua. Aparkaldia.

III. KAPITULUA

Ibilgailu bereziak

49. artikulua. Ibilgailu bereziak.

50. artikulua. Bertzelako ibilgailuak.

VI. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Paratzea

51. artikulua. Ezartzea.

52. artikulua. Aplikazioa.

II. KAPITULUA

Edukia

53. artikulua. Edukia.

54. artikulua. Bidegorriak.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Zuhurtasunezko neurriak

I. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

55. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

56. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

57. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

58. artikulua. Bertzelako kasuak.

59. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera.

III. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

60. artikulua. Prozedura.

61. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

62. artikulua. Berehalako ordainketa.

63. artikulua. Instrukzioa.

64. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

65. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

66. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da zirkulazioa arautzea Berriozarko udal mugapeko bideetan.

Ordenantza honetako aginduak aplikatuko dira Berriozarko udal mugape osoan eta behartuko dituzte zirkulaziorako on diren bide eta lur publikoen titularrak, horretarako on ez izan arren erabilera komunekoak diren bide eta lurren titularrak eta, beste araurik ezean, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen dituzten bide eta lurren titularrak ere bai.

2. artikulua. Udalaren eskumena.

Berriozarko Udalak eskumen hauek ditu:

a) Trafikoaren antolamendua eta kontrola bere udal mugapearen barnean, baita haren zaintza ere Udaltzaingoaren eta haren laguntzaileen bitartez, bide horietan egiten diren arau-hausteen salaketa eta beraien zehapena, lan hori espresuki beste administrazio baten eskuetan ez dagoenean.

b) Xedapen orokorren bitartez hiribideen erabilerak arautzea, bateragarri eginez aparkalekuen banaketa bidezkoa erabiltzaile guztien artean ibilgailuen trafikoaren nahitaezko arintasunarekin eta oinezkoen karriken erabilpenarekin.

c) Ibilgailuak hiribideetatik kentzea eta gero altxatzea, araudiak horrela jasotzen duenean.

d) Kirol proben baimena, oso-osorik Berriozarko udal mugapean barna baizik pasatzen ez direnean.

d) Bide segurtasunaren zaintza eta kontrola atxikirik dituen tokietan, erregelamenduak ezarritako probak egitea bide horietan barna dabiltzan gidarien intoxikazio maila zehaztu beharrez, dela alkoholak, dela sorgorkariek, dela substantzia psikotropikoek edo dela estimulatzaileek ekarria.

e) Bideak ixtea, beharrezkoa denean.

f) Pasabideak eta espazioen erreserbak baimentzea, hala aldi baterakoak nola iraunkorrak, eta trafiko murriztuko eremuetan sartzeko baimenak.

3. artikulua. Aparkatzea eta zirkulazioa antolatzea.

Udal agintaritzari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea.

Horren ondorioz, Udalaren baimena izan ezean partikularrek debeku dute aparkatzea antolatzea, espazioak erreserbatzea, zirkulazioa moztea eta seinaleak paratu edo kentzea, arau-hauste larritzat hartuko baitira.

II. TITULUA

Zirkulazioko portaera arau orokorrak

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

4. artikulua. Erabiltzaileak. Arau orokorrak.

1. Hiribideen erabiltzaileak behartuta daude jokatzera zirkulazioa ez trabatzeko, jendearentzat arrisku, kalte edo trabarik ez sortzeko eta ondasunak ez hondatzeko maneran.

2. Hiribideetan barna dabiltzan gidari edo oinezko guztiek kasu egin beharko diete agintaritzako agenteek egiten dizkieten oharrei, eta begiratu beharko dituzte zirkulazio seinaleek ematen dituzten aginduak.

5. artikulua. Eroaleak.

Behar bezain arduratsu eta behar bezain kontu handiz gidatu beharko dute, kalterik ez egiteko ez beren buruari ez besteei, kasu emanez arriskuan ez jartzeko gidaria bera nahiz ibilgailuaren gainerako bidaiariak eta bidearen beste erabiltzaileak.

Abiatu nahi duten gidari guztiek aitzinetik ziurtatuko dute bere maniobrak ez diela inolako arriskurik ekarriko bertze erabiltzaileei ezta batere trabarik ere zirkulazioari; bide emanen die ibilgailuei, kontuan hartuko ditu haien kokalekua, norantza eta abiadura, eta iragarriko du bere nahia behar den antzinatasunez, horretarako erabiliz ibilgailuek dituzten norabide adierazleak.

6. artikulua. Gidariaren betebeharrak.

Ibilgailu baten gidariak (txirrindularia barne) izan behar du mugitzeko aisetasuna eta behar den ikus eremua, eta gidatze lanera jarria izan behar du gogoa, etengabe izan ere, bere segurtasuna, ibilgailuaren gainerako bidaiariena eta bidearen bertze erabiltzaileena bermatu beharrez. Alde horretatik, kasu handia eman beharko du, behar den jarreran egoteko, bai bera, bai gainerako bidariak ere, eta garraiatzen diren gauzak eta animaliak ere behar den tokian egoteko, gidariari trabarik egin ez diezaioten.

Espresuki debeku da:

a) Gidatzean etengabe izan behar den arretarekin bateraezinak diren ikusizko pantailak erabiltzea,eta orobat telefonia mugikorreko tresnak edo komunikatzeko beste edozein baliabide edo sistema, salbu eta komunikazioa eskuez, kaskoz, entzungailuz edo gisako tresnez baliatu gabe egiten denean.

Alde horretatik salbuetsirik dago gidariak ikusmen dituen monitoreak erabiltzea, haren erabilpena beharrezkoa bada oinezkoen sarrera edo jaitsiera ikusteko, edo gibeleko maniobrak ikusteko kamerak dituzten ibilgailuetakoak badira, eta GPS gailua ere bai, baina hura gidariaren lagunek baizik ez dituzte erabiliko edo aparkaturik egotean bakarrik.

Agintaritzako agenteak ere salbuetsirik daude debeku horretatik, manaturik dauzkaten egitekoetan ari direnean.

Halaber salbuetsirik dago taximetroa edo autotaxien flotak kudeatzeko sistema erabiltzea.

b) Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen dituen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea.

c) Ibilgailua gidatzean, edozein arrazoirengatik bidea garbi ikusten uzten ez duten kristalak izatea.

d) Ibilgailuko ateak irekitzea arruntik gelditu baino lehen, edo ateak irekiz bideko beste erabiltzaileei traba egitea edo arriskua sortzea.

e) Bidezainen zaintza saihesteko erabil daitezkeen sistema edo gailuak paratzea.

f) Bideko bertze erabiltzaile batzuei seinaleak egitea, bidezainen zaintza saihets dezaten.

7. artikulua. Hiri-garraioa.

Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuen zirkulazioa erraztu beharrez, gainerako ibilgailuen gidariek alde batera egin beharko dute posible duten guztietan, edo abiadura mantsotu, baita gelditu ere, beharrezkoa bada, garraio kolektiboko ibilgailuek beren bideari segitzeko behar diren maniobrak egin ahal ditzaten geraleku seinalatuetatik ateratzean.

Udal agintariek bide lerro batzuk erreserbatzen ahal ditu halako kategoria bat duten ibilgailuak ibiltzeko; kategoria horretakoak ez direnek debeku izanen dute haietan barna ibiltzea.

Erabilera murriztuko lerroen eta erabilera orokorrekoen arteko tartea, zoladuran seinaleak pintatuz markatuko da, edo bestela argi seinaleak edo bereizle fisikoak erabiliko dira, betiere gidariek ikusteko modukoak badira.

8. artikulua. Hiri arteko garraio kolektiboa.

Udal organo eskudunak bertzelako garraio mota baterako (eskolakoa, lanekoa etab.) erabiltzen ahalko ditu geralekuak, Berriozarko udal mugapeko bideetan.

9. artikulua. Segurtasun uhalak.

Ibilgailuko plaza guztietan nahitaezkoa izanen da segurtasun uhalak edukitzea, edo bestela, atxikitzeko bertze sistema behar bezala homologatu batzuk, zuzen lotuak, Berriozarko udal mugapeko bide guztietan. Hona hemen salbuespenak:

1. Osasun arrazoi larriak direla edo elbarritasuna dela-eta salbuespen ziurtagiria duten pertsonak.

2. Gidariak, gibelka joateko edo aparkatzeko maniobra egitean.

3. Autotaxien gidariak, zerbitzuan aritzean 50 km/h-ko edo gutxiagoko abiadura muga duten hiriko bideetan barna ibiltzen direnean.

4. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuen gidari eta bidaiariak, 50 km/h-ko edo gutxiagoko abiadura muga duten bideetan barna ibiltzen direnean.

5. Hiri garraio publikoko autobusen gidariak.

6. Hiri garraio publikoaren erabiltzaileak.

7. Salgaien banatzaileak, 50 km/h-ko edo gutxiagoko abiadura muga duten hiriko bideetan hainbat aldiz elkarren segidan aritzen direnean salgaien zamalanetan, batetik bertzera tarte txikia izanik.

10. artikulua. Kutsadura, asotsa eta ibilgailuen erreforma debeku.

Ibilgailuak ez dira ibiltzen ahalko ordenantza honetan arautzen diren bideetan, ateratzen duten asotsa eta aireratzen dituzten gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak badira.

Debeku da bideetan barna ibiltzea hodia libre duen ibilgailu edo ziklomotorrean.

Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

Baimendu gabeko erreforma izan duten ibilgailuak ere ez dira bide horietan ibiltzen ahalko.

Ibilgailuen gidari guztiak beharturik daude aipatu akatsak egiaztatzeko egiten diren erregelamenduzko detekzio frogetan laguntza ematera.

Lehentasunik ez duten ibilgailuek debeku dute hots seinaleak erabiltzea. Hona hemen salbuespenak:

–Gerta daitekeen istripua eragozteko.

–Inguruabar bereziki larriak gertaturik, normalean lehentasuna duten ibilgailuek egin beharreko zerbitzua egitera beharturik daudenean.

Debeku da bozgorailuak dituzten ibilgailuak ibiltzea, Udalak baimendu ezik; horrelakoetan, ordutegiak zehaztu beharko dira, baita asots mailaren muga eta zirkulazio murriztuko aldea ere, halakorik dagoenean.

11. artikulua. Ibilgailuen karga eta okupazioa.

1. Debeku da baimendu baino lagun kopuru gehiago eramatea edo haiek egokitzea gidariaren ikuspegia edo haren maniobrarako gaitasuna trabatzeko maneran edo Zirkulazioaren Araudi Orokorrean xedatua urratzeko maneran. Bidaiarien soberakina baimendu baino %50 gehiago bada, gidaria kanpo, arau-haustea oso larritzat hartuko da.

Eramaten den lagun kopuruari dagokionez, adin txikikoak kontatuko dira, ume guztiek loturik joan behar baitute haurrak atxikitzeko sistema ondoko puntuaren arabera homologatuak erabilirik, eta bakoitza bere jarlekuan daudela.

2. Segurtasun uhalen eta haurrak atxikitzeko bertzelako sistemen erabilera:

a) Ibilgailuaren aitzineko jarlekuei dagokienez:

1. Hiru urtetik beheitiko haurrek atxikitzeko sistema gibelera norabideturik dagoenean eta aurrealdeko airbagik ez dagoenean edo indargabetua dagoenean baizik ez dituzte erabiltzen ahalko ibilgailuaren aitzineko jarlekuak.

2. Aitzineko puntuan jasotakoa kenduta, debeku da hamabi urtetik beheitikorik ibilgailuaren aitzineko jarlekuan eramatea, salbu eta horretarako gailu homologaturik erabiltzen badute eta airbagik ez badago edo indargabetua badago.

Salbuespenez, 135 zentimetro luze edo gehiago direnean, hamabi urtetik beheitikoek erabiltzen ahalko dute, atxikigailu gisa, aitzineko jarlekuek duten helduendako segurtasun uhala.

b) Ibilgailuaren gibeleko jarlekuei dagokienez, 135 zentimetro luze egiten ez duten lagunek atxikitzeko gailu homologatua erabiliko beharko dute, beren luzerari eta pisuari egokitua, salbuespenak izan badaitezke ere Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrean jasoak.

3. Debeku da inor garraiatzea ibilgailuetan jendearendako ezarria eta egokitua ez den bertze inon.

4. Lagun bakar batendako eginak diren zikloetan, garraiatzen ahalko da, gidaria adinez nagusi denean, adin txikiko bat, gehienez ere zazpi urtekoa, jarleku gehigarri eta homologatu batean. Adin txikikoak kasko homologatua jantzi beharko du.

5. Debeku da hamabi urtetik beheitikoak ziklomotor edo motozikletetan bidaiari eramatea, haiek sidekarra izan ala ez, eta bide mota guztietan.

Salbuespenez baimendurik egonen da 7 urtetik goitikoak eramatea, betiere gidariak aita-amak, tutoreak edo beraiek baimendutako adinez nagusiren bat badira, kasko homologatua eta zangoendako euskarria erabiltzen badituzte eta segurtasunaren gainean erregelamenduz ezarritako baldintza berariazkoak betetzen badira.

6. Debeku da animaliak eramatea, non ez den maletategian, hura gidariaren aldetik bereizia bada, kaiola horretarako homologatuetan, edo gidariarengandik sistema homologatuen bitartez bereizitako gailuetan.

7. Ezin izanen da ibilgailuko karga erregelamenduz ezarri ez bezala antolatu.

12. artikulua. Larrialdiko zerbitzuan ari diren ibilgailuak.

1. Larrialdiko zerbitzuko ibilgailu publiko nahiz pribatuek, gisa horretako zerbitzuetan ari direnean, bide lehentasuna izanen dute bertze ibilgailuen eta bideko bertze erabiltzaileen aldean. Abiadura mugen gainetik ibiltzen ahalko dira eta, gidaria erantzule, bertze arau eta seinale batzuk betetzetik salbuetsirik egonen dira erregelamenduz zehazten diren kasu eta baldintzetan.

2. Zerbitzu hauetarako ibilgailuen gidariek araudi berezi honen erabilera zuhurra eginen dute larrialdiko zerbitzu batean dabiltzanean, eta saiatuko dira bideen gurutzaguneetan bide lehentasuna ez urratzera, lehenago behar diren ardurak hartuta, oinezkorik harrapatzeko arriskurik ez dela eta bertze ibilgailuen gidariak gelditu direla edo bide emateko prest daudela egiaztatu arte. Larrialdiko zerbitzu batean aritzean baizik ez dira erabiltzen ahalko lehentasuneko argi eta soinuak.

3. Agintaritzako agentek behar den bide atalean erabiltzen edo uzten ahalko dituzte beren ibilgailuak, haren erabiltzaileak sorosten ari direnean edo zerbitzuak edo zirkulazioak hala behar dutenean.

4. Larrialdiko zerbitzuetan ari diren ibilgailuek, argi seinalea eta hots seinale bereziak egiteko gailua erabiliz iragarriko dute heldu direla. Ibilgailu mota honen gaineko arauek aipatzen dituzte bata nahiz bertzea.

5. Lehentasuna duen ibilgailu bat hurbiltzen ari dela ohartarazten duten seinale bereziei ohartuta, gainerako gidariek behar diren neurriak hartuko dituzte, non noiz eta horrela, hari bide eman ahal izateko, eta baztertu edo geldituko dira, beharrezkoa bada.

13. artikulua. Larrialdietan nola jokatu.

1. Bideen erabiltzaileak, trafiko istripu batean nahasirik aurkitzen badira, halakorik ikusten badute edo horren berri badute, beharturik daude biktimak sorostera edo sorospena eskatzera, biktimarik bada, eta laguntza eman beharko dute, arrisku edo kalte handiagoak eragozteko, zirkulazioaren segurtasuna ahal dela berrezartzeko, eta gertatuak argitzeko, hori guztia Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 129. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Istripua edo matxura dela-eta, ibilgailuak edo haren kargak bidean traba egiten badute, gidariek, ibilgailua edo sortutako oztopoa behar bezala seinalatu ondoan, behar diren neurriak hartuko dituzte ahalik eta azkarrena ken dadin. Ahal dela, zuzen aparkatu beharko da edo behar diren neurriak hartu beharko dira ibilgailua eta karga ahalik era azkarrena ken dezaten bidetik.

14. artikulua. Eremu publikoko elementuei eta ibilgailuei egiten zaizkien kalteak.

Zirkulazioa arautzen duten seinaleei edo eremu publiko beste edozein elementuri kalte egiten dien gidariak Berriozarko Udalari eman beharko dio horren berri, ahalik eta lasterren eman ere.

Gidaririk gabe aparkaturiko ibilgailu bati kalte egiten dion gidaria ibilgailuaren titularra aurkitzera ahalegindu beharko da eta egin dion kaltearen berri eman beharko dio, baita nor den adierazi ere.

Aurkitzea posible ez bada, agintzaritzako agente hurbilenari emanen zaio aditzera, edo bestela, Berriozarko Udaltzaingoari.

II. KAPITULUA

Oinezkoak

15. artikulua. Oinezkoendako lehentasun eremuak edo sarbide murriztukoak.

Berriozarko Udalak, segurtasuna zaintze aldera edo zirkulazioaren arintasuna edo oinezkoen joan-etorria errazte aldera, murriztapenak ezartzen ahalko ditu herriko halako alde batzuetan sartzeko baita hango karriketan aparkatzeko ere, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 16. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Oinezkoendako lehentasun eremu edo sarbide murriztuetan ez zaio sartzen, ibiltzen edo aparkatzen utziko Udalaren behar den baimena ez duen ibilgailuari edo ordenantza honen 18. artikuluaren arabera debeku orokorretik kanpo dagoenari. Zama-lanetarako ibilgailuak baimenik gabe sartzen ahalko dira eremu horietan, lan horietarako ezarritako ordutegiaren barnean bada.

16. artikulua. Oinezkoendako eremuak.

Ordenantza honi dagokionez, oinezkoendako eremuak dira ibilgailu mota guztiendako sartzeko, ibiltzeko eta aparkatzeko debekua dutenak; ordenantza honen 1. eranskinean biltzen diren karrikek osatzen dituzte.

Oinezkoendako eremuak horretarako seinale zutikakoen bidez mugatuko dira, balizatzeko bertzeko elementu mugigarriak erabiltzen ahalko badira ere, haietan ibilgailuak sartzea eta ibiltzea eragozteko edo murrizteko.

Oinezkoendako eremuetan, ibilgailuen abiadura 20 km/h izanen da gehienez ere.

Oinezkoendako eremuetan ibilgailuak sartu eta aparkatzeko debeku orokorrarengatik ere, Udalaren organo eskudunak baimen berariazko edo generikoak luzatzen ahalko ditu, oinezkoendako eremuaren barnean diren garaje baimenduetan sartu ahal izateko, eta orobat bizilagun, merkatari eta taxilariendako, salgaien zamalanetan eta bidaiariak hartzen eta uzten ari ahal izateko.

17. artikulua. Trafikoarendako eremu murriztuetara sartzeko baimenak.

Sarbide murriztuko eremuetan ibiltzeko eta aparkatzeko ordenantza honetan ezartzen duen debekua ibilgailu mota guztiei dagokie, bizikletak eta ondotik zehazten diren zerbitzuetan ari diren ibilgailuak kenduta:

1. Suteei aitzintzeko eta itzaltzeko zerbitzukoak.

2. Segurtasun indar edo kidegokoak.

3. Zabor bilketakoak.

4. Bidaiarien eskualdeko garraio publikokoak eta taxiak.

5. Uraz, argindarraz, gasaz eta telefoniaz hornitzeko enpresenak eta gisakoenak.

6. Osasun garraioko ibilgailuak.

7. Hileta zerbitzuetako ibilgailuak.

8. Mugikortasun murriztuko jendeendako ibilgailuak aparkatzeko txartelak dituztenak.

9. Udal zerbitzu edo kontratetakoak, esleitutako lana egiten ari direnean.

10. Bereziki baimendutako ibilgailuak.

18. artikulua. Oinezkoak.

1. Oinezkoak ibiliko dira berendako espaloi, pasabide eta ibiltokietan.

2. Orokorrean, obren esleipen hartzaileek, espaloia okupatu behar badute, horretarako baimena eskatu beharko dute, eta hartan sartuko dira oinezkoak arriskurik gabe pasatu ahal izateko hartuko diren segurtasun neurriak, ordezko espaloiak etab. Udalaren baimen espresua beharko da, eta hark ezar ditzakeen neurri zuzentzaileak bete.

19. artikulua. Debekuak.

1. Galtzada gurutzatzea baimendu ez diren tokietan barna.

2. Laster edo jauzi egitea, edo gainerako oinezkoei traba egiteko maneran ibiltzea.

3. Autobusak eta zerbitzuko publikoko gainerako ibilgailuak itxarotea horretarako ezarri diren tokietatik edo espaloietatik kanpora, edo galtzadan sartzea geldi daitezela eskatzeko.

4. Ibiltzen ari diren ibilgailuetara igotzea edo jaistea.

5. Galtzadan eta bide gorrietan sartzea edo gelditzea.

III. KAPITULUA

Patinekin edo monopatinekin ibiltzea

20. artikulua. Zirkulazioa.

Motorrik gabeko patinak edo gisako tramankuluak erabiltzen dituztenak, ahal dela, bide gorrietan edo bizikletak ibiltzeko markaturiko eremuetan barna ibiliko dira, eta horretarako markaturiko bide lerrorik ez dagoenean baizik ez dira espaloietan edo oinezkoendako eremuetan barna ibiltzen ahalko, baina ez ibilgailu motordunak ibiltzeko lerroetan. Ari direnean, patinatzaileek oinezkoen ibiliari egokituko diote berea, eta betiere trabarik egin gabe edo arriskurik sortu gabe ariko dira. Inoiz ez dute lehentasunik izanen oinezkoen aldean.

21. artikulua. Monopatinak.

Monopatinak eta gisako tramankuluak horretarako berariaz seinalatu diren eremuetan baizik ez dira erabiltzen ahalko, kirol moduan erabili ere. Monopatinak ez dira erabiltzen ahalko ez espaloietan ez oinezkoendako eremuan, ezta bide gorrietan ere.

Inoiz ez da baimenik emanen patinak, monopatinak edo gisako tramankuluak erabiltzen dituztenak beste ibilgailu batzuei lotzeko edo beroiek herrestan eramateko.

IV. KAPITULUA

Bizikleta eta ziklomotorren zirkulazioa eta erabilera

22. artikulua. Bizikletak.

Bizikletak, trafikoaren arloan indarra duen araudiak loturiko bertze ibilgailu bat gehiago den aldetik, ahal dela bide gorrietan eta galtzadetan barna ibiliko dira, uzten bazaie ere gainerako bide eta ibilbide seinalatuetan ibiltzera.

23. artikulua. Bizikleten argiak, txirrina, osagarriak eta aparkalekuak.

Bizikletek txirrina eta argiak edo islagailuak izan beharko dituzte, indarra duen legeriak aurreikusten dituen baldintzetan. Orobat, adin txikikoak edo bertzelako karga eramateko elementu osagarri egokiez horniturik egon daitezke, hala nola aulki uztartuak, atoiak, erdi atoiak eta gainerako gailu behar bezala egiaztatu eta homologatuak, pisuaren aldetik agintzen diren mugak dituztela.

Bizikletak horretarako berariaz ezarri eta seinalatu diren tokietan aparkatu behar dira, eta behar bezala segurtatuak.

100 metroko inguruan halako aparkalekurik ez bada, bizikletak aparkatzen ahalko dira oinezkoendako eremuetan edo espaloien gainean eta hiri altzarietako elementuei loturik, betiere altzariei kalterik egiten ez bazaie eta haiek erabiltzea eta trabarik ikusi ahal izatea eragozten ez bada, haien egitekoa aldatzen ez bada eta ibilgailu edo oinezkoen joan-etorria trabatzen ez bada. Ez da bizikletarik aparkatzen ahalko, espaloiak lau metro zabal baino gehiago ez badu. Ezin izanen dira inola ere zuhaitzetan lotu.

24. artikulua. Zirkulazioa bidegorrietan barna.

Trafikotik eta oinezkoak ibiltzeko eremuetatik bereizitako bidegorriak bizikletaz, patinez, bizikleta elektrikoetan eta ezgaitasuna dutenendako aulkietan ibiltzeko baizik ez dira erabiliko. Bide horien erabiltzaileek neurriko abiadura eraman behar dute, 20 km/h-tik goitik egiten ez duena, eta kasu eman beharko dute eta kontuz ibili, bide osoan.

25. artikulua. Bizikletak espaloietan barna.

Debeku da bizikletak espaloietan barna ibiltzea.

Salbuespenez, bizikletak espaloietan barna ibiltzen ahalko dira, soil-soilik behar bezala seinalaturik badaude eta baldintza hauekin:

Bizikletak zerrenda seinalatuetan ibili beharko dute eta lehentasuna oinezkoak izanen du espaloi osoan; oinezkoak aitzinatu edo haiekin gurutzatzean, txirrindulariek metro bateko tartea utzi beharko dute haiengandik.

Oinezkoen kopuruak ez badu aukerarik ematen metro bateko tartea uzteko txirrindulariaren eta haien artean, txirrindulariak bizikletatik jaitsi eta oinez gurutzatu beharko du.

Bizikletak oinezkoei egokituriko neurriko abiaduran joanen dira, betiere 10 km/h-tik beheiti, eta axolagabekeriaz edo ausarkeriaz oinezkoen segurtasunean eragiten duen maniobrarik egin gabe.

Espaloi seinalatuetan eta bide gorrietan barna ibiltzen diten txirrindulariak, galtzadetara ailegatzen direlarik oinezkoendako pasabidea dagoen tokietan, gelditu beharko dute, zangoa lur gainean ezarri eta galtzadan barna dabiltzan ibilgailuetatik ikusi dituztela egiaztatuta, segitzen ahalko dute aitzina. Pasabide horietan txirrindulariek lehentasuna dute galtzadan barna ibiltzen diren ibilgailuen aitzinetik.

26. artikulua. Bizikletak parke, pasealeku eta oinezkoendako eremuetan.

Bizikletek parke publiko, pasealeku eta oinezkoendako eremuetan ibiltzeko baimena dute, betiere, espaloietan bezala, beren abiadura oinezkoenera egokitzen badute, neurriko abiadura eramaten badute, 10 km/h-tik beheitikoa, eta axolagabekeriaz edo ausarkeriaz oinezkoen segurtasunean eragiten duen maniobrarik egiten ez badute. Lehentasuna oinezkoena izanen da beti, eta txirrindulariek metro bateko tartea utziko beharko dute, gutxienez, oinezkoekin.

Parke publikoetan bizikletak eremu zolatuetan barna ibiliko dira, inoiz ez berdeguneetan barna.

Parke, pasealeku eta oinezkoendako eremuen barnean ibilbide seinalatu edo markaturik baldin bada, bizikletek zerrenda seinalatuetan barna joan beharko dute nahitaez.

27. artikulua. Bizikletak galtzadan barna.

Galtzadan barna dabiltzan txirrindulariak eskuineko lerroan barna ibiliko dira, bat baino gehiago izanez gero. Bertze ibilgailu batzuendako erreserbaturiko lerrorik bada, ahal dela, lerro erreserbatuaren ondokoan ibiliko dira, non ez duen seinale batek adierazten bertan bizikletaz ibiltzen ahal dela. Orobat, eskuinaldetik ibiliko dira lerroaren barnean. Gainerako ibilgailuek bezala, trafikoko arau guztiak bete beharko dituzte.

Gainerako ibilgailuek, ziklistak aitzinatzean edo haien ondoan joatean, segurtasun tartea utzi beharko dute, gutxienez ere 1,5 metrokoa.

Zenbait txirrindulari batera ibiltzen badira, paraleloan joaten ahalko dira, betiere trafikoari traba egiten ez badiote eta bide-lerro bat baino gehiago okupatzen ez badute. Halakoetan, semaforoak, gurutzaguneak eta gisakoak gurutzatzeari dagokionez, ibilgailu bakartzat hartuko da txirrindulari talde osoa.

28. artikulua. Ziklomotorrak.

Ziklomotorrek betiere pizturik izan beharko dituzte gurutzatze-argiak.

V. KAPITULUA

Abiadura

29. artikulua. Abiadura mugak.

1. Orokorrean, 50 km/h da hiribideetan eta zeharbideetan ibilgailuek goititu behar ez duten abiadura. Hona hemen salbuespenak:

a) Ibilgailu bereziak, balaztatze-seinalerik ez dutenak, atoiak eramaten dituztenak edo motokultoreak edo haiekin parekaturiko makinak direnak: 25 km/h.

b) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, gainerako ibilgailu bereziak, bizikletak eta ziklomotorrak: 40 km/h.

2. Aitzineko atalean adierazi den muga beheititzen ahalko da oinezkoendako trafikoaren handiak edo bestelako inguruabarrek komenigarri egiten duten aldeetan.

30. artikulua. Abiadura, noiz eta horrela.

Gidari guztiek errespetatu beharko dituzte ezarritako abiadura mugak eta gainera kontuan hartu beharko dituzte beren baldintza fisiko eta psikikoak, bidearen ezaugarriak eta egoera, baita ibilgailuarenak eta haren kargarenak ere, eta orobat eguraldiaren, ingurunearen eta zirkulazioaren baldintzak, eta orokorrean une bakoitzean gertatzen ahal diren inguruabar guztiak, ibilgailuaren abiadura haietara egokitzeko, haren abiada betiere gelditzeko maneran bere ikuspenaren mugan eta edozein oztoporen aitzinean.

31. artikulua. Neurriko abiadura.

Neurriko abiaduran ibiliko da eta, beharrezkoa bada, ibilgailua geldituko da, inguruabarrek hartaratzen dutenean, bereziki halakoetan:

a) Erabiltzen ari den bide zatian oinezkorik bada, edo aurreikusten ahal bada oinezkoak sartuko direla, bereziki haurrak, zaharrak, itsuak edo modu nabarmenean ezindurik daudenak.

b) Erabiltzen ari den bide zatian animaliarik bada, edo aurreikusten ahal bada animaliak sartuko direla.

c) Oinezkoendako pasealekuetara hurbiltzean, semaforoak edo bidezainak arautu gabe daudenean, eta orobat ikastetxeetara edo oinezko anitz dauden tokietara hurbiltzean.

d) Geralekuan dagoen autobus batera hurbiltzean, aurrekontuekoa baita erabiltzaileak jaitsi edo igoko direla.

e) Zoru lerrakorretan barna ibiltzean, edo bidearen erabiltzaileak urez, legarrez, lokatzez edo bertze edozertaz zipriztintzen ahal direnean edo halakoak jaurtitzen ahal zaizkienean.

f) Biribilguneetara, lehentasunik gabeko bidegurutzeetara, obretan dauden lekuetara edo galtzadaren meharguneetara hurbiltzean.

g) Laino trinkoa, euri handia, elurra, horma, errauts lainoak edo ke adarrak direnean.

VI. KAPITULUA

Zamalanak

32. artikulua. Arau orokorrak.

1. Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak haietarako erreserbatutako guneen barnean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

2. Hiribideetan salgaiak banatzeko dauden ibilgailuendako gehieneko pisu baimendua 8.000 kg izanen da; pisu handiagoa eramaten duten ibilgailuek behar den udal baimena eskuratu beharko dute lan horiek egin ahal izateko.

3. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

4. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots guti aterata.

5. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aitzinaldea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatu den eremutik kanpora atera.

33. artikulua. Denborak.

Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

34. artikulua. Kasu bereziak.

Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (aldaerak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada.

III. TITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

I. KAPITULUA

Elbarriek aparkatzeko txartela, erreserbatuak eta aparkatzea

35. artikulua. Prozedura.

Txartela eskuratzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu behar dute, eta harekin batean honako hauek:

–Elbarritasun mailaren ziurtagiria, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan eskuratutako puntuak agertuko dituena. Baremo hori abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinean heldu da, 3410. orrialdean.

–Karneterako argazki bat.

–Desgaitasuna duenaren nortasun agiri nazionalaren fotokopia eta, halakorik bada, gidariaren lagunarena.

–Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia.

–Gidabaimena.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Instituturen mendeko Minusbaliatuen Oinarrizko Zentroko Baloratzeko eta Orientatzeko Lan taldeak aplikatuko du baremoa.

Eskumena duen udal alorrak aztertuko du eskaera.

Eskatzen diren baldintzak betez gero, behar den aparkatzeko txartela luzatuko da.

Eskumena duen udal organoak ebazpena emanen du eta hartan onetsi diren txartel guztiak jasoko dira.

Orobat, ukazioen ebazpen arrazoitua emanen du.

Baldintzak:

1. %33 edo gehiagoko elbarritasun maila aitortua izatea.

2. 3 urtetik gorakoak izatea.

3. Osasun egoera dela edo bertze arrazoi batzuk direla-eta, etxetik kanpo joan-etorriak egiteko ezindurik ez bizitzea.

4. Egoera hauetariko batean egotea:

1–Elbarriak, baremoaren A edo B ataletan daudenak eta, gehienetan, beren muga funtzionaletara egokiturik dagoen ibilgailu baten jabe eta gidariak direnak.

2–Elbarriak, baremoaren D, E, F, G eta H ataletako puntuazioen baturak 7 puntu edo gehiago egiten dutenean, eta ibilgailu baten jabe eta gidariak direnak.

3–Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, elbarriak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek 4.1 atalean sarturik daudenean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean.

4–Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, elbarriak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek 4.2 atalean sarturik daudenean, 65 urtetik beheitikoak direnean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean.

5. Bizikideak eta etxe berean bizi direnak, ezgaitasuna duten pertsonak laguntzen edo garraiatzen dituztenak, pertsona horiek 4.2 atalean sarturik daudenean, 65 urtetik goitikoak direnean eta ibilgailu baten gidariak ez direnean. Horiek titularrak izaten ahalko dira, halako eremu batzuei mugaturiko txartelenak (osasun etxeen edo zentro publikoen inguruak, etab.). Eskabideak beren premiak azaldu beharko dituzte.

Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan argitaraturiko arauei jarraikiz, elbarritasun mailaren balorazioa egiteko, oinarria da gaitz iraunkorrak zehaztea, eta hala izaten da inor alterazio organiko edo funtzionaletatik oneratzerik ez denean, erran nahi baita ukituriko organoaren egitura edo eginkizuna ez dela lehengoratzen edo hobetzen ahal. Hori dela-eta, aparkatzeko txartelak behin betikoz emanen dira, salbu eta osasun txostenaren tramitazioan kontrakoa adierazten denean; halakoetan zenbat denboratarako ematen den adieraziko da, baina inoiz ez da izanen sei hilabete baino gutxiagorako.

Hala ere, administrazioaren kontrola bermatu beharrez, txartelek 5 urteko iraungipena izanen dute. Epe hori iraganik, txartela eskatu beharko da berriz. Lehengo txartela eskuratzeko baldintzak aldatu ez badira, eskaera aski izanen da besterik gabe berritzeko.

Desgaitasuna duen pertsona ibilgailuan lekualdatzen denean baizik ez da erabiltzen ahalko aparkatzeko txartela, orduan baizik ez baita baliozkoa izanen. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, bertzerik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

Txartelak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak aldatuz gero, horien berri eman beharko dute txartelen esleipen hartzaileek, horren arabera erabaki beharko baita berritzen edo deuseztatzen zaion. Aldaketen berri ematen ez bada, txartela bertzerik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea, dagozkien zehapenez aparte.

Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira, baina berritzen direnean beroriek eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak bete beharko dituzte. Baremoa:

A) Gurpil-aulkira beharturiko erabiltzailea.

B) Mugitzeko behar-beharrezko ditu bi makila.

C) Mugitzeko gauza da, baina eskasia intelektual larrien ondorioz kontrolatzen zailak diren portaera erasokor edo gogaikarriak agertzen ditu, eta horrek garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen.

Zailtasunik ez du

Muga arina

Muga larria

Muga oso larria

(ezin du)

D) Bazter zelaietan ibiltzea

0

1

2

3

E) Oztopoak dituzten bazterretan ibiltzea

0

1

2

3

F) Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea

0

1

2

3

G) 40 cm-ko eskailera maila gainditzea

0

1

2

3

H) Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea

0

1

2

3

36. artikulua. Desgaitasuna dutenendako erreserbatuak.

1. Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelek beren titularrari aukera ematen diote, Udalaren eskumeneko bideen barnean, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko toki erreserbatuetan ordu mugarik gabe aparkatzeko.

2. Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko tokiek izan beharko dituzte behar bezalako seinaleak, zutikakoak nahiz etzanak. Toki horiek erabiltzen dituztenean, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelen titularrek ikusteko maneran utzi beharko dituzte txartelak.

3. Partikularrek elbarriendako toki erreserbatuak eskatzea: txartela zer ibilgailutarako den, haren gidariak bizi diren etxebizitzaren inguruan badira baizik ez dira onartuko desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuak sortzeko eskaerak.

Desgaitasuna dutenendako tokiak ez dira eskatzailearendako bakarrik erreserbaturik egonen; txartel ahalmen emaileak dauzkaten gainerakoek ere erabiltzen ahalko dituzte.

37. artikulua. Bertzelako erreserbatuak.

1. Administrazio publikoek eta bestelako erakunde publiko edo pribatuek beren egoitzen inguruan aparkatzeko erreserbatuak eskatzen ahalko dituzte.

Erreserbatzeko tokiak hagitz kasu mugatuetan baizik ez dira onartuko, eta betiere hala egitea trafikoarendako edo ibilgailuen joan-etorriarendako mesedegarri, eragozpenak kentzeko baliagarri edo nolanahi dela ere interes publikoarendako onuragarri gertatzen den neurrian.

Udalak bere aldetik erabakitzen dituen baldintzak paratzen ahal ditu ematen den lizentziari dagokionez, eta emate hori berritu edo bere aprobetxamendua aldatzen ahalko da noiznahi eta kalte-ordainik izan gabe.

2. Eskumena duen udal organoak, eskabidea eta bertzelako alderdi batzuk azterturik, hala nola alde horretako trafikoa eta aparkatzea, erreserbatua baimendu edo ezetsiko du. Ibilgailu bakoitzerako txartelak jaulkiko ditu, eta horiek ikusgai paratu beharko dituzte erreserbatua erabiltzen dutenean.

2. Eskaera eta dokumentazioa:

Tokia erreserbatzeko lizentziak eskatu nahi izanez gero, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Eskariaren xedea zehazten duen eskabidea, onura jasoko lukeen jardueraren titularrak sinatua.

–Eskatzen den erreserba beharrezkoa eta trafikoarendako oro har nahiz interes publikoarendako onuragarria dela egiaztatzeko txosten mardula.

–Planoa, erreserbatzeko eskatzen den tokia ahalik eta zehatzena adierazi eta mugatzen duena.

4. Toki erreserbatzeko lizentzia horien kontzesioa, oro har, nahi badakoa izanen da.

5. Erreserbatu horien ondorioz dagokien tasa sorraraziko da, Berriozarko Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasorik baitago.

38. artikulua. Pasabideen ordutegia.

Lizentziak ordutegi mugatuan edo gau eta egun erabiltzeko izan daitezke.

1. Ordu jakin batzuetarako lizentziek, ibilgailuak pasatzeko baimena emanen dute gehienez ere hamar orduz egunean, jaiegunetan izan ezik, non eta ez den horietarako ere erabakiren bat. Interesdunak eskatu beharko du nahi duen ordutegi zehatza. Ordutegia zatikatzen ahal da, establezimenduaren merkataritza ordutegira egokituta.

Ordu jakinetarako lizentzia horiek arau orokorra dira merkataritzako eta industriako establezimenduentzat, egonaldiko aparkalekuak ez badira.

2. Aldiz, gau eta eguneko lizentziak kasu bakan eta ezinbertzekoetan baizik ez dira emanen, konparaziorako, larrialdi zerbitzuentzat eta ibilgailuendako garajeak direnean eta Udalaren iritziz behar hori nahitaezkoa badute.

39. artikulua. Seinaleak.

Pasabideetan seinale zutikako nahiz etzanak paratu beharko dira, artikulu honetan biltzen den gisan.

Zutikako seinaleak erregelamenduzko debeku plakak izanen dira, lokal edo espazio pribatuko sarbidearen bi aldeetara ezarriko direnak; ordutegia eta aparkatzeko debeku gau eta egunekoa agertuko dituzte.

Pasatzeko zabalera baimenduak dakarren tartearekin paratuko dira plakak, tolerantzia ±%20 dutela. Plaken beheko aldea zorutik 1,50etik 2 metro bitarteko garaierara egonen da, Udaleko zerbitzu teknikoek salbuespenez bertzerik baimentzen dutenetan izan ezik.

Udalak tasa baten truke ematen duen eredu ofizialaren araberakoak izanen dira plakak, eta betiere plaka nagusiaren azpian bertze plaka tiki gehigarri bat izanen dute, pasabide bakoitzari dagokion espediente zenbakia edo matrikula zehazten dituena.

Gainera, pasatzeko lizentzia halako ordu jakin batzuetarako denean, hori erraz ikusteko maneran agertuko da seinaleetan.

Seinale etzanak paratzeko, pasabidea edo zintarriko oketsa horiz eta beltzez pintatuko da, kolore bakoitzari 50 zentimetroko zabalera emanen zaiola. Bertzalde, galtzadan pasabidea mugatzeko bi marra hori elkarzutak pintatuko dira, 2 metro luze eta 15 zentimetro zabal izanen direnak, kolore eta zabalera bereko marra hautsiak baturik, edo marra eten bat, aparkatzeko tokirik ez dagoenean.

Pasatzeko lizentzia berrietan eta zaharretan aldaketak egin behar direnean, gailu argidun izarniatzailea erantsi beharko da, oinezkoek aise ikusteko bezain beherean paratua, garajeko atea abian dela ohartaraz diezaien.

40. artikulua. Debeku orokorrak.

Hona hemen zer den espresuki debeku:

1. Edozein motatako ibilgailuei sarbidea edo zintarrietako igoera errazteko asmoz, gailu finko edo mugikorrak paratzea erabilera publikoko bide edo eremuetan. Bidezko kasuetan soilik onartuko da pasabidea edo zintarri oketsa paratzea, ordenantzako baldintzen arabera.

2. Pintura, errotulu, seinale edo adierazpen suerte guztiak, grafikoak izan edo bertzelakoak izan, baldin eta, tokia erreserbatzeko nahiz pasatzeko lizentziarik izan gabe, aipatu lizentziek aparkatzeko izan ohi dituzten mugapenen ordezko izan nahi badute edo mugapen horien gainean oker egitera bultzatzen badute.

3. Ibilgailu erabilezinak, gurdiak edo bertzelakoak uztea lokalen sarreraren parean edo inguruetan, aitzineko atalean zehazten den asmo berarekin.

Horietan guztietan, udal zerbitzuek eraman, kendu edo ezabatzen ahal dituzte debekaturiko lanabes, seinale eta gainerakoak, aldez aurretik errekerimendurik egin beharrik izan gabe, eta udal biltegian altxatu. Hortik eragindako gastuak, jarduera haiexen titularraren bizkar geldituko dira, zehapenak ere ezar badaitezke ere.

III. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

41. artikulua. Arau orokorrak.

1. Udal Administrazioari dagokio, eta hari baizik ez, erabilera publikoko bideetan, jabetza pribatukoak izanik ere, aparkatzearen eta zirkulazioaren antolamendua baimentzea. Horren ondorioz, ez da zirkulazioa mozten ahal, ezta inolako seinalerik edo adierazlerik paratzen ahal ere, halako baimenik gabe.

2. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere bidearen gainerako erabiltzaileei; zainduko da non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da. Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran.

3. Jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

4. Galtzadan geldituz gero, ertzetik ahalik eta hurbilena kokatuko da ibilgailua.

5. Auto-taxiak eta alokatzen diren bertzelako ibilgailu arinak Udal Administrazioak zehazten dituen tokian eta berak dioen gisan geldituko dira; gainerakoan, ordenantza honetan orokorrean ezartzen diren arauei hertsiki lotuko zaizkie gelditzean.

Auto taxiak erabiltzaileak eskatzen duen tokian gelditzen ahalko dira bezeroak hartu eta utzi beharrez, betiere trafikoari trabarik egiten ez badiote.

6. Autobusak, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak izan, udal agintaritzak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ez dira gelditzen ahalko, bidaiariak hartu edo uzteko.

Modu osagarrian, hiri barneko garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ezartzen diren geraleku-helmugetan eta erregulaziokoetan egoten ahalko dira.

Hiri garraioaren araua izanen da Iruñerriko Hiri Garraio Publikoaren Zerbitzu Publikoa arautzen duen ordenantzako aldaketaren testu bateginean jasorik dagoena, Iruñerriko Mankomunitateak onetsi baitzuen.

7. Eskola garraioaren eta haren geralekuen araua izanen da 443/2001 Errege Dekretuaren xedatua.

8. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere zirkulazioak edo erregelamenduzko edozein baldintza bete beharrak eraginez ez bada.

9. Gidariek ez dute zilegi izanen ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

10. Gidariek hogei zentimetro baino gutxiagoko tartea utzi beharko dute espaloiko zintarriaren eta ibilgailuko gurpilen kanpo aldearen artean.

Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

42. artikulua. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak.

1. Debeku da 5.000 kg baino gehiagoko gehieneko pisu baimendua aparkatzea udal mugapeko bide guztietan, zamalanak egiteko ez bada.

2. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

3. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

4. Zilegi da autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditzea eta aparkatzea hiri eremuetan; betiere gelditzea edo aparkatzea arriskutsua ez bada, legeari jarraikiz egiten bada, zirkulaziorako oztopoa edo arriskua ez bada eta ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzen bada. Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

a) Gurpilekin baizik ez badu zorua ukitzen (ez daude beheititurik hanka egonkortzaileak, ezta bertze edozein tramankulu ere).

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez delarik, hau da, ez dago leiho irekirik (leihoa irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik, eta abarrik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola urak eremu publikoan hustea. Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz pausatzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

5. Ibilgailu horiek gehienez ere 48 orduz, jarraian, egon daitezke aparkatuta, udal mugape osoko bideetan.

6. Autokarabanendako zerbitzugunetako eremuek (Plazaola kaleko ezkerraldean baitaude, naturaren gunearen ondoan) erabilerako arau berariazkoak izanen dituzte. Hori guztia ukatu gabe Berriozarko Udalak, bidezkotzat jotzen duenean, horiek aldatzeko edo handitzeko duen ahalmena.

7. Karabanendako zerbitzugunetako eremuen erabiltzaileek men eginen diete Udalak edo udaltzainek ematen dizkien jarraibide guztiei eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xeda dezake zerbitzugunetako eremuek bertze erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

8. Debeku da atoiak eta erdi-atoiak aparkatzea udal mugapearen barnean, Udaleko organo eskudunek baimena eman ezik.

9. Debeku da karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barnean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Dena den, ezin izanen da bertan egon 72 ordu baino denbora gehiagoz.

43. artikulua. Gelditzea.

Honelakoetan debeku da gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Higiezinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

d) BUS, eskola garraio eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

e) Taxi geralekuetan eta salgaien zamalanetarako erreserbaturiko tokietan.

f) Gelditzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

g) Bidaiarien garraio kolektiboko ibilgailuak Udal Administrazioak bidaiariak utzi edo hartzeko erreserbatu edo baimenduriko eremuetatik kanpora aparkatzen direnean.

h) Garraio publikoak edo bizikletek baizik ez erabiltzeko bide lerroetan.

i) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

j) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, non ez dagoen kontrako seinalerik.

k) Semaforoek araututako gurutzagune batean, gurutzagunea arautzen duten semaforoei eusteko zutoinek mugaturiko eremuaren barnean, seinaleek kontrakoa adierazi ezik.

l) Zirkulazioaren bi norabideko bideetan, norantzaren ezker aldean gelditzean.

m) Bigarren ilaran.

n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

o) Desgaitasuna dutenek bertze inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

p) Ibilgailu edo oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen edo larriki trabatzen duten bertze edozein tokitan.

44. artikulua. Aparkaldia.

Honelakoetan debeku da aparkatzea:

a) Gelditzeko debekua seinale zutikako nahiz etzanen bidez seinalaturik dagoen tokietan.

b) Espaloi, pasealeku eta oinezkoak ibiltzeko gainerako tokien gainean.

c) BUS, taxi, eskola garraio, erakunde ofizial eta larrialdiko zerbitzuen geraleku behar bezala seinalatuetan.

d) Zamalanetarako erreserbaturiko tokietan, erreserbarako behar diren seinaleen bidez ezarritako ordutegiaren barnean.

e) Aparkatzeak gidariei ikusi beharreko trafiko seinaleak ikustea eragozten dien tokietan.

f) Jendeari higiezinetara sartu edo handik ateratzea eragozten zaionean.

g) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

h) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

i) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragozten edo oztopatzen denean.

j) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan.

k) Espaloirik ez duten karrika urbanizatuetan, horretarako seinalaturik dauden tokietan izan ezik.

l) Desgaitasuna dutenek bertze inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

m) Pasabide behar bezala seinalatuetan, osoki nahiz partez.

n) Galtzadaren erdian, espresuki baimendurik egon ezean.

o) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo, bereizgarria jarrita ere, ibilgailua aparkaturik uztean udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

p) Oinezkoendako pasabideetan, txirrindulariendako pasabideetan eta bide gorrietan.

q) Luzetara aparkatzean, dauden seinaleen arabera baterian aparkatu behar bada.

r) Bide bazterrean.

s) Aldi batean bertzelako erabilera edo jarduketetarako okupatu behar diren tokietan. Toki horiek behar bezala seinalatu behar dira, gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago.

t) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai jarri delako, eta funtsean publizitate helburuekin, edo kalez kaleko salmenta baimendu gabean edo bertzelako jarduera ez zilegietan aritzeko, edo behin baino gehiagotan konpontzeko.

u) Landa eta orubeetan, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna denean.

v) Lorategien aldean.

w) Bide publikoko toki berean, hogeita hamar egun baliodun baino gehiagoan.

Nolanahi ere, jabeak egiaztatu behar du, berez edo bertze pertsona edo bitarteko baten bidez, bere ibilgailua ez dagoela behar ez bezala aparkaturik, seinaleak edo trafikoaren antolamendua nolanahi aldatu direlako; horretarako, berrogeita zortzi orduko epea izanen du gehienez, horretarako egun baliodunak kontatuko direla.

IV. TITULUA

Ibilgailu abandonatuak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

45. artikulua. Definizioa.

Ibilgailu abandonatuak karrikatik kenduko dira, bere hartan epe mugarik gabe egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte.

Ibilgailu bat eremu publikoan abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

Bizikletak direnean, aski izanen da ibiltzea eragozten dioten hondaketak agerian izatea.

Ibilgailu bat abandonaturik dagoela uste izatekoa izanen da, orobat, eremu publikotik kendu eta altxatu denetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

II. KAPITULUA

Prozedura

46. artikulua. Prozedura.

Ibilgailuak eremu publikoan daudenean, Berriozarko Udalak, Udaltzaingoaren bitartez, ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta bortz egun naturaleko epea emanen dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

Ibilgailuak arriskuren bat sortzen ahal badu, hortik kenduko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Bizikletak badira, bortz egunen buruan udal altxatokira eramanen dira.

Aitzineko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ibilgailua udal altxatokira eramanen da.

Abandonaturik egoteagatik edo bertze arrazoiren batengatik ibilgailu bat altxatokira eramaten denetik bi hilabete iraganda, errekerimendua eginen zaio titularrari hamabortz eguneko epean horrek eraman dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidotzat hartuko dela.

Orokorrean eta bidezko arrazoirik izan ezean, ibilgailuak kentzeko eta altxatzeko gastuak horiek altxatokitik eraman aitzin ordaindu beharko dira.

V. TITULUA

Salgai arriskutsuen garraioa eta ibilgailu bereziak

I. KAPITULUA

Zirkulazioa

47. artikulua. Zirkulazioa.

1. Debeku da Salgai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren arriskuko 1 edo 2. etiketak eraman behar dituztenak Berriozarko udal mugapean barna ibiltzea, ez bada bertatik iragaten diren ingurabide eta zeharbideetan barna.

2. Ibilgailu horiek aipatu eremua zeharkatzeko, Udaleko organo eskudunaren baimena beharko dute. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

II. KAPITULUA

Aparkatzea

48. artikulua. Aparkaldia.

Guztiz debekatua dago 47. artikuluan aipatu ibilgailuek Berriozarko udal mugape osoan aparkatzea.

III. KAPITULUA

Ibilgailu bereziak

49. artikulua. Ibilgailu bereziak.

Beren ezaugarri bereziengatik, neurriengatik edo zamaren kokaeragatik Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baimenak behar dituzten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Berriozarko Udalari, Udaltzaingoak eman diezaien udalerrian barna gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua. Dagokion tasa, Berriozarko Udalaren behar den ordenantza fiskalean jasoa, sorraraziko da.

50. artikulua. Bertzelako ibilgailuak.

Debeku da Berriozarko udal mugapeko bideetan animaliek tiraturiko ibilgailuak ibiltzea, espresuki baimena eman eta hartan zer bidetan eta zer baldintzatan ibil daitezkeen adierazi ezik.

Trizikloak ez dira ibiltzen ahalko ez bide gorrietan ezta espaloietan ere, metro bat zabal baino gehiago badira.

VI. TITULUA

Seinaleak

I. KAPITULUA

Paratzea

51. artikulua. Ezartzea.

Udaleko organo eskudunak aginduko du kasu bakoitzean bidezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordezkatzea. Orokorrean, partikularrek ez dute zilegi izanen trafikoko edo zirkulazioko seinaleak paratzea, salbuespenak izan ezik, hala nola ibilgailuendako pasabideko seinaleak, Udaleko organo horrek behar den baimena eman ondoan.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

52. artikulua. Aplikazioa.

Hiriko sarbideetan paratzen diren seinaleek udal mugape osoan izanen dute indarra, halako karrika tarteren baterako seinale berariazkoak izan ezik.

Oinezkoendako lehentasun eremuen eta zirkulazio murriztuko edo aparkatze mugatuko gainerako aldeen sarreretan paratzen diren seinaleek delako perimetroko barne bide guztietan izanen dute indarra, bertze seinale batek salbuespena adierazi ezik.

II. KAPITULUA

Edukia

53. artikulua. Edukia.

Partikularrek ez dute libre seinaleak paratzea (hotelak, jatetxeak, garajeak...), Udalak baimendu behar dituen salbuespenak izan ezik. Ez da baimenik emanen trafiko seinaleen gainean nahiz ondoan plakarik, afixarik, iragarkirik edo bertzelakorik paratzeko, nahasmendua ekarri, haien ikusgaitasuna edo eraginkortasuna murriztu edo bidearen erabiltzaileei arreta galarazten ahal badie.

Trafikokoak ez diren seinale guztiak berehala kenduko dira, behar bezala baimendurik ez badaude edo udal baimenaren baldintzak betetzen ez badituzte, Bide publikoa arautzen duen udal ordenantzan ezarritakoari jarraikiz bidezko izan daitekeen zehapena aparte utzirik.

Zirkulazioko Seinale eta Bideko Marken Katalogo Ofizialean ohartarazi, jakinarazi, agindu edo arautu nahi denari dagokion esanahia duen seinalerik ez bada, Udalak onetsiko du egokiena iruditzen zaion seinale eredua edo seinale multzoa.

Delako seinalea edo seinale multzoa diseinatzeko, ahaleginak eginen dira aipatu katalogoko forma, sinbolo eta hiztegi berariazkoak erabiltzeko, oker egiteko biderik eman gabe.

54. artikulua. Bidegorriak.

Bidegorriek seinale berariazkoak izanen dituzte, zutikakoak nahiz etzanak. Seinale etzanek zirkulazioaren norantza adieraziko dute, eta ohartaraziko hurbil dela oinezkoendako pasabidea, semaforoa edo gurutzagunea. Zutikakoek oinezkoekin partekatzen diren eremuak arautuko dituzte, baita semaforoak dituzten gurutzabideetan nahitaez egin behar diren geldiketak ere, eta ibilgailu motordunen gidariei ohartaraziko diete txirrindulariak heldu direla zirkulazioaren bi norantzetan. Seinale horiez gain eta horien osagarri, Udalak bertze seinale batzuk ere paratzen ahalko ditu, argibideak emateko eta jendeak kasu emateko.

Galtzadak gurutzatzeko seinaleak honelakoak izanen dira: marra bikoitz etena, zuria, 0,40 m zabal eta 0,50 m luze, tarte bera dagoela hurrengo markaraino eta bi marren artean tarte aldakorra dagoela, bide gorriaren zabalera zein den eta horrela.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak. Zuhurtasunezko neurriak

II. KAPITULUA

Ibilgailuak ibilgetzea

55. artikulua. Ibilgailuak ibilgetzea.

1. Udaltzaingoko agente eta laguntzaileek ibilgailu bat ibilgetzen ahalko dute, hura erabiltzeak zirkulaziorako, pertsonendako edo ondasunetarako arrisku larria ekartzen ahal badu bide segurtasunari buruzko araudiko aginduak ez betetzeagatik, baita honelakoetan ere:

a) Istripuren edo matxuraren bat izan eta segurtasun baldintza ohikoetan bidean jarraitu ezinik gelditzen denean edo galtzada hondatzen duenean.

b) Gidaria gaizkitu eta ibilgailua normaltasunez eraman ezinean gelditzen denean.

c) Ageri denean gidaria edari alkoholdunen eraginpean dagoela, edo droga toxikoak edo sorgorkariak hartu edo bere organismoan sartu dituenean, edo botiken edo bertzelakoen eraginpean dagoenean, horiek gidatzeko gorputzez nahiz buruz behar den egoera bertzelakotzen badute.

d) Gidariak alkohola, sorgorgarriak edo gisako bertze gai batzuk hautemateko probak egin behar baditu eta horiei uko egiten dienean edo proba horiek eginda, araudian gehienekotzat jotzen diren parametroak baino handiagoak ateratzen direnean.

e) Gidariak gidabaimenik ez duenean edo aldean duena baliozkoa ez denean.

f) Gidariak gidabaimena edo horren ordezko baimena aurkezten ez eta haren nortasunaz eta helbideaz dudak daudenean.

g) Ibilgailuaren kanpo egoera dela-eta uste izatekoa denean arriskugarria dela, galtzadan kalte egin dezakeela edo haren kargaren parte bat eremu publikora erortzen ahal zaiola.

h) Dabilen ibilgailu baten garaiera edo zabalera handiagoak direnean Bide Segurtasunari buruzko Legeak edo haren Erregelamenduak, edo ibilgailuaren beraren baimen bereziak, halakorik badu, baimentzen dituenak baino.

i) Bidaiarien kopuru edo kokaeraren ondorioz edo garraiatzen diren gauzen kokaeraren ondorioz, gidariak mugitzeko eta ikusteko dituen aukerak modu nabarmen eta arriskutsuan murrizten direnean.

j) Kateak edo pneumatiko bereziak erabiltzea nahitaezkoa izan eta ibilgailua horiek gabe ibiltzen denean.

k) Ibilgailuak nahitaezko asegururik ez duenean.

l) Motozikleta edo ziklomotor bateko gidaria babes-kaskorik gabe ibiltzen denean.

m) Ibilgailuak ateratzen duen asotsa eta aireratzen dituen gas eta keak indarra duen legeriak ezarritako mugak baino handiagoak direnean, gabezia hori zuzendu arte.

n) Ibilgailuari baimendu gabeko erreforma handia egin zaionean.

2. Ibilgailua ibilgetzeak ekartzen dituen gastuak titularraren bizkar izanen dira; horrek ordaindu beharko ditu edo ordaintzea bermatu, neurri horiek kentzeko aldez aurreko baldintza gisa, ukatu gabe ere defendatzeko duen eskubidea ezta erantzukizuna erantzuleari pasatzeko aukera ere, Administrazioak harengatik hartu baitu delako neurria.

3. Udal agintaritzak adierazten duen tokian gauzatuko da ibilgetzea, eta ez da indargabetuko harik eta hura ekarri duten akatsak zuzendu edo ibilgailua agintaritza horrek zehazten dituen baldintzetan kentzen ez den arte, aitzinetik behar den tasa ordainduta, horrela ezarri bada.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

56. artikulua. Ibilgailuak eremu publikotik kentzea.

Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eta Udaltzaingoko laguntzaileek eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eramaten ahalko dute, honakoetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Arau-haustea dela eta ibilgailua ibilgetuta, arau-hausleak ez badu frogatzen bere ohiko bizilekua lurralde espainarrean duela eta isunaren zenbatekoa ez ordaintzera edo haren ordainketa ez bermatzera tematzen denean.

e) Ibilgailua udal agintaritzak paratzen dituen aparkatze mugatuko tokietan aparkaturik gelditzen denean.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

57. artikulua. Arriskua eta trafikoa larriki trabatzea.

Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua 58. artikuluaren a) atalean adierazitako egoeran dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela:

a) Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, bertze gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

d) Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo espaloian elbarriak pasatzeko oketsean aparkatua dagoenean.

e) Ordutegi erreserbatuaren barnean pasabide bat osorik edo partez okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan eta halako lanak egin gabe.

g) Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

i) Desgaitasuna dutenendako toki erreserbatuan aparkatua dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealeku, bide gorri edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatua dagoenean, osorik nahiz partez, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik heldu diren gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

o) Galtzadan aparkaturik egonda zirkulazioa trabatzen duenean.

p) Oinezkoendako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

q) Eremu partekatuetan, oinezkoendako eremuetan aparkaturik dagoenean.

r) Landetan aparkatua dagoenean, hara sartzeko modu bakarra espaloietan barna baldin bada.

s) Lorategien aldean aparkaturik dagoenean.

t) Garraio publikorako erreserbaturiko bide lerroetan aparkaturik dagoenean.

u) Taxien geralekuetan aparkaturik dagoenean.

v) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

Ebatsia denean edo, behar bezala frogaturik, ibilgailua titularraren borondatearen kontra bestela erabiltzen denean izan ezik, ibilgailua kentzen bada, horren ondoriozko gastuak titularraren kontura izanen dira; eta horiek ordaintzea edo haien ordainketa bermatzea aldez aurreko baldintza izanen du ibilgailua itzuliko bazaio. Horrek ez du deusetan ukatzen errekurtsoa aurkezteko duen eskubidea, ezta gastu horiek istripua eragin, ibilgailua abandonaturik utzi edo arau-haustea egin duen lagunari kobratzea ere, egitate horietariko batengatik eraman badiote ibilgailua.

58. artikulua. Bertzelako kasuak.

Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte honelakoetan:

1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

3. Larrialdietan.

Inguruabar horien gaztigua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

59. artikulua. Kentzeko lanak bertan behera.

Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere, behar den ordenantza fiskalean kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaintzen bada.

III. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

60. artikulua. Prozedura.

Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura izanen da Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan ezarria, eta hartan aurreikusirik ez daudenetan, berriz, aplikatuko da Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsia.

61. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izanen da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den bertze araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

62. artikulua. Berehalako ordainketa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogeita hamar egunean %50 merkeago ordainduko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzeak dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozeduraren amaiera ebazpen espresurik eman behar izan gabe, dagozkien errekurtsoak paratzen ahalko badira ere.

63. artikulua. Instrukzioa.

Ordenantza honetan arautuaren kontrako arau-hausteengatik irekitako espedienteak horretarako Udalak izendatu duen pertsonak instruituko ditu, indarrean dagoen legediaren arabera. Hori kanpoan izateagatik edo legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, horretarako Udalak izendatzen duen pertsonak ordeztuko du, indarrean dagoen legediaren arabera. Hura burututa, Udaleko organo eskudunak bidezko ebazpena emanen du.

64. artikulua. Udalak eskumenik ez duenean.

Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Berriozarko Udaltzaingoak salaketa eginen du, eta horren ondotik Berriozarko Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

65. artikulua. Gidabaimena bertan behera uztea edo kentzea eta puntuak galtzea.

Diru zehapenarekin batera, gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena eta puntuen galera ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere zehapena Udalaren eskumenekoa duten egitateak badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidabaimena edo gidatzeko lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko edo esleituriko puntuetako bat galtzeko zehapena ezar dezan, hala behar badu.

66. artikulua. Helbidea, jakinarazpenetarako.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren, ageri dena izanen da. Interesdunak bertze helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra ez bada.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa.–Izatezko egoerak.

Ordenantza hau aldarrikatu eta indarra hartzean diren izatezko egoerak legeztatu beharko dira eta ordenantza honekin bat egin, egitatezko egoera horiek noiznahitik etorrita ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak. Hain zuzen ere, indarra hartzen duenean indargabetuta geldituko da Trafikoari buruzko udal ordenantza, 1998ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abenduaren 21ekoan.

Bigarrena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

1. ERANSKINA

Honako hauek izanen dira Berriozarko udal mugapean oinezkoendako lehentasun eremuak edo sarbide murriztukoak; hori guztia ukatu gabe Berriozarko Udalak, egokitzat jotzen duenean, horiek aldatzeko edo handitzeko duen ahalmena.

Foruen plaza.

Basoa parkea.

Habanako pasealekua.

Euskal Herria plaza.

Plazaola pasealekua.

Nafarroako Emaileen plaza.

Sorgina plaza.

Iparralde plaza.

Bizkargain plaza.

Hegoalde plaza.

Haurren plaza.

José Luis Camporen Txokoa.

Extremadurako plaza.

Andaluziako plaza.

Berriozarren, 2013ko irailaren 2an.–Alkatea, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: L1313970