209. ALDIZKARIA - 2013ko urriaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak urriaren 15eko 2271/2013 Ebazpenaren bitartez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko bederatzi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren urriaren 15eko 2271/2013 Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko bederatzi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; hori garatzeko eta betearazteko lanpostuak betetzeari buruz emandako Erregelamendua (azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia eta martxoaren 14ko 59/2005 Foru Dekretuaren bidez aldatua); Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abuztuaren 12an emandako 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa; ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarri hauek:

1.–Xedea.

Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko bederatzi lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia iragartzen da; lanpostu horiek 1096, 1274, 1282, 1326, 9724, 9725, 9726, 9727 eta 9728 zenbakiak dituzte plantillan, funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak dira eta Zerga Ogasuna erakunde autonomoari atxikita daude.

Lanpostu hutsak hautatzeko 10. oinarrian aipatzen den egintzan, lanpostu horien ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira, hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartutako aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

2.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.

2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

2.2. Lehiaketan beteko diren lanpostuak hauek izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldeak aipatzen duen kopurua handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere.

2.3. Esanak esan, izangaiek lekualdatze lehiaketetan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko “iraungitzeko” lanpostuak direnean edo antolatzeko arrazoiak direla-eta bete behar ez direnean.

3.–Betebeharrak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko, lehiatzaileek betebehar hauek izanen dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari diren funtzionarioek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berarekin dakar zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.4. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen diren langileek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

5.–Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

5.2. Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredua Interneten bidez lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko Aldizkari Ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

5.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira, salbu eta administrazio publikoetan emandako zerbitzuenak eta Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuak emandako ikastaroenak (hizkuntza ikastaroak izan ezik) horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Agiri horien kopia soilak aurkeztea aski izanen da, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatuko dituzte.

5.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu.

6.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

6.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

7.–Epaimahaiko kideak.

7.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako epaimahaia:

–Batzordeburua: Cristina Sarasa Villaverde andrea, Nafarroako Zerga Ogasuneko Tributuen arloko Doktrina, Dokumentazio eta Zabalkunderako Ataleko burua.

Ordezkoa: Cristina Ederra Urra andrea, Nafarroako Zerga Ogasuneko Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Ataleko burua.

–Epaimahaiko kideak:

1. Langileen ordezkari bat, Nafarroako Zerga Ogasuneko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Nafarroako Zerga Ogasuneko Langileen Batzordeak proposatua.

2. María Rosario Irigoyen Azparren andrea, Nafarroako Zerga Ogasuneko Administrazio Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: Adolfo Morales Gordo jauna, Nafarroako Zerga Ogasuneko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

7.4. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Merezimenduen kalifikazioa.

8.1. 5.3 oinarrian zehazten den bezala, merezimendu guztiak agiriekin alegatu eta frogatu behar dira izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkezten duenean; salbu eta administrazio publikoetan egindako zerbitzuen frogagiriak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak egindako ikastaroen frogagiriak (hizkuntza ikastaroak izan ezik), deialdia egin duen organoak zuzenean helaraziko baitizkio epaimahaiari.

8.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaltzen den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzeko baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

8.4. Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik izaten bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

9.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, eta lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, hasierako lanpostuen kopurua handitzeari buruzko ebazpena eman dezan, hala behar izanez gero.

10.–Lanpostu hutsak hautatzea.

10.1. Lehiatzaileek lortutako puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte lanpostu hutsak; horretarako, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ekitaldi baterako dei eginen du.

Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia Nafarroako Gobernuko iragarki oholean paratuko den idazkiaren bidez eginen da, bai eta Interneten bidez ere, helbide honetan: www.navarra.es, “Zerbitzuen Katalogoa”, “Enplegu publikoa” izeneko atalean, deialdiari buruzko oharrean.

Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiak zein zuzendaritza nagusiri, erakunde autonomori edo zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen beheragoko zein unitate organikori atxikirik dauden, ezin izanen dituzte horietako lanpostu hutsak hautatu, salbu eta udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialeko araubidea aldatzen bada.

10.2. Behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.–Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

11.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die lehiatzaileei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

11.2. Lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

12.–Aurkeztutako agiriak.

12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori esleipenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteren buruan hasiko da.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

13.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2013ko urriaren 15ean.–Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Lekualdatze lehiaketan onartua izateko eskabidea

Deialdiaren datuak:

Lanpostua:

Lanpostu kopurua:

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein zenbakitan argitaratu zen: ............ Data: .........................

Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria:

Helbidea:

Posta kodea:

Herria:

Probintzia:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Datu administratiboak:

Deialdian parte hartzeko aukera ematen dion lanpostua:

Zein departamentu, zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomori eta zein zerbitzuri atxikirik dagoen:

Behean adierazten den egunean burutza bat betetzen ari naiz:

Adierazi bidezkoa dena:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioa.

Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako estatutupeko langilea.

Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudun finkoa.

Nafarroako Parlamentuko langile finkoa.

Lanpostu horretan zein administrazio egoeratan dagoen:

Jardunean.

Zerbitzu bereziak.

Nahitaezko eszedentzia.

Eszedentzia berezia

Borondatezko eszedentzia.

Ondoko hauen proba eskatzen du:

Euskara*

Ingelesa*

Zamak erabiltzeko gaitasunari buruzko osasun azterketa*.

*Deialdian aurreikusita dagoenean bakarrik markatu.

Sinatzaileak ESKAERA egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta ADIERAZTEN DU, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

Eskabidearekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen frogagiriak aurkeztu ditut, .......(e)tik ........... (e)ra numeratuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

(Sinadura)

.................(e)n, 2012ko .............aren ..............(e)an

FUNTZIO PUBLIKOAREN ZUZENDARI NAGUSIA.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

OHARRA: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremanena kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du.

Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen zaio, urteko, deialdia argitaratzen den egunean onetsita dagoen antzinatasunari.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak proportzionalki banatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: puntu bat gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako.

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko lan hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horietako bakoitzeko 2 puntu gehienez.

–Euskaraz jakiteagatik: destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetarako 2,76 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu bada, eta destinoa eremu mistoan dutenetarako 1,38 puntu gehienez, betiere, plantilla organikoaren arabera, lanpostu horretan aritzeko euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen baldin bada.

Ondorio horietarako, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazi den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulu hori eduki ezik, hizkuntza eskola ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak espresuki antolatutako azterketen emaitzak ere erabiltzen ahalko dira; azterketa horiek bost zailtasun maila dituzte, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

Iragarkiaren kodea: F1314579