99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48E/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 13koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako 2012ko deialdia onesten duena.

Ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak diru-laguntzak ematen ahal zizkiela artisautza enpresei egitura, errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo lehiakortasuna hobetzeko jardueretarako.

Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariaren 1998ko ekainaren 17ko Foru Aginduaren bitartez, foru dekretu horretan aurreikusten ziren diru-laguntzak emateko prozedura eta irizpideak ezarri ziren.

Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariaren urriaren 17ko 110/2002 Foru Aginduaren bidez eta abuztuaren 2ko 90/2001 Foru Aginduaren bidez, diru-laguntza horietako zenbait alderdi aldatu ziren.

Nafarroako finantza eta leasing entitateek emandako mailegu eta errentamendu finantzarioko operazioen interes puntuen hobariak dira aktibo finkoetan inbertitzeko aurreikusitako diru-laguntzak, merkataritzaren eta artisautzaren arloan eskuduna den departamentuaren eta entitate horien artean denboran zehar izenpetu diren lankidetza hitzarmenen babesean.

Diru-laguntza mota hori ez da eraginkorra, alde batetik hitzarmen horiek eguneratzeko zailtasunagatik, eta, bestetik, egungo inguruabar ekonomikoengatik, artisautza enpresek oso zaila baitute finantzazio iturriak eskuratzea, hain da eskasa kredituen eskaintza; hartara, eraginkorragoa da honelako proiektuak babestea ez itzultzeko diru-laguntzen bitartez.

Orobat, egokia da diru-laguntza horien araudia eguneratzea, alde batetik aspaldikoa delako araudi hori, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuak bidezkoa juzgatzen duelako, Nafarroako artisautza sektorearen bereizgarritasunak kontuan izanik, jarduera ekonomikoa eta lehiakortasuna enpresa horien merkatuan sustatzeko neurriak hartzea, haien inbertsioa bultzatuz Nafarroako artisautza suspertzeko asmoz.

Nafarroako Artisautzaren Kontseilu Aholku-emaileko kide diren artisautza elkarteei entzun ondoren, 2012ko otsailaren 14an.

Gobernuaren 2012ko otsailaren 29ko Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari banan-banan ebaluatzeko araubidean tramita dezan Nafarroako artisautza enpresentzako diru-laguntza.

Horrenbestez, Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 1eko 119/2011 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako diru-laguntzen 2012ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Aurrekontuko kreditu hauek baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

36.500,00

G/A10003/7701/431400: transferentzia, artisautza enpresen inbertsioak finantzatzeko

2012

4. Xedapen indargabetzaile bakarra.

Honako hauek geratzen dira indarrik gabe: Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariak 1998ko ekainaren 17an emandako Foru Aginduaren 2.1.a), 2.2.a), eta 8.2 artikuluak, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariak urriaren 17an emandako 110/2002 Foru Agindua, eta foru agindu honen aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau igortzea Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzura, Merkataritza Sustatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2012ko apirilaren 13an.-Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Nafarroako artisautza enpresentzako laguntzen araubidea arautzea da deialdi honen xedea, haien egiturak eta ekipamenduak modernizatzeko, lehiakorragoak izan daitezen eta haien egitura eta kudeaketa hobea izan dadin.

2. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzaren onuradunak izaten ahalko dira hurrengo baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak:

a) Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroko inskripzioa.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik egina egonen da inskripzioa, eta, edonola ere, diruz laguntzen diren jarduerak egitean indarra izan behar du.

b) Nafarroako artisautza enpresaren izaera berritzea, hala behar bada.

Laguntzarako eskaera aurkeztuta, Nafarroako Gobernuak artisautza enpresari 2 urterako egiten dion aitortzaren iraupena bukatzen bada, eskatzaileak hori berritzeko eskaera aurkeztu beharko du, eta diru-laguntza hori eskuratzeko baldintzak beteko ditu, betiere diru-laguntza eman baino lehen.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez egotea. Hori betetzen dela egiaztatuko da eskabide-orriko erantzukizuneko aitorpenaren bidez.

Zerga arloko eginbeharrak eta, kasua bada, Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinaraziko zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

3. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. 2011ko abenduaren 1etik 2012ko urriaren 31 bitartean, biak barne, egiten diren proiektuek jaso dezakete diru-laguntza.

Ondorio horietarako, gastua egin den eguna fakturatzen den eguna izanen da.

2. Aktibo finkoetan egiten diren inbertsio hauek jaso dezakete diru-laguntza:

a) Lanak egitea, artisautza jarduera aparte eta bereizita egiten den lantegi eta lokalak ezarri, modernizatu, zaharberritu, eraberritu edo egokitzeko.

Artisautza jarduera garatzeko baldintzak hobetzeko asmorik gabe, etxebizitza hobetzeko egiten diren lanak ez dira inolaz ere diruz lagunduko; soil-soilik, lantegirako egiten diren eraikuntza eta inbertsioen zati proportzionala laguntzen ahal da diruz, artisautzaren lanbidearekin lotura zuzena eta agerikoa baldin badute.

Diruz laguntzeko gastuen artean, proiektu teknikoaren prestaketa eta obra zuzendaritza sartzen dira.

b) Jarduera gauzatzeko premiazkoak eta ezinbestekoak diren makineria, instalazioak eta produkzio berariazkorako tresnak eskuratu, muntatu eta paratzea. Ondasun suntsigarriak, lehengaiak edo produktua prestatzeko behar diren gastuak baztertzen dira, bai eta bigarren eskuko makineria edo ekipoak eta bulegoko altzariak ere.

c) Gutxieneko inbertsioaren zerga oinarria 6.000 eurokoa izanen da 2.a) atalerako eta 2.000 eurokoa 2.b) atalerako.

3. Ez dira diruz lagunduko hurrengo gastuak:

-Edozein motatako zergak, lizentziak eta tributuak.

-Merkataritza lokala erosteko inbertsioak.

4. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioen zenbatekoaren %50ekoa izanen da diru-laguntza, gehieneko muga hauekin:

-2.a) atalean ezarritako inbertsioak: 6.000 euro proiektu bakoitzeko.

-2.b) atalean ezarritako inbertsioak: 3.000 euro proiektu bakoitzeko.

5. Diru-laguntza eskatzen duen enpresak berak eginiko lanak ez dira diruz lagunduko.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskabideak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarrería karrika, 1, - 31001 Iruña) aurkezten ahal dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

3. Eskaera Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarrería, 39; 31001 Iruña) eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen da, eta dokumentazio hau erantsiko zaio:

a) Diru-laguntza eskatu duenaren erantzukizuneko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku urratzen ez duela adierazten duena.

b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko aitorpena, "de minimis" laguntzak barne.

c) 6. oinarrian zehaztutako dokumentazioa, 2011ko abenduaren 1etik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bitartean egin diren inbertsio proiektuen kasuan.

d) Ondoko dokumentazio hau, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2012ko urriaren 31 bitartean egin gogo diren inbertsio proiektuen kasuan:

-Egin beharreko inbertsioak deskribatzen dituen memoria, ondoko alderdi hauek zehaztuko dituena:

  • Gastuen kontzeptuak, egin beharreko inbertsioen zenbatekoak eta gauzatzeko faseak.
  • Zergatik egin behar diren inbertsio horiek eta noraino diren baliogarriak produkzio prozesuan.

-Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituzten aurrekontuak, proiektuak edo proforma fakturak. Diru-laguntzak kalkulatzeko, ez dute balio izanen eskatzaileak berak egindako estimazioek.

Foru agindu honetan aipatzen diren aitorpen eredu eta inprimaki guztiak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (http://www.navarra.es) eskuratzen ahalko dira.

5. oinarria. Diru-laguntza ematea.

1. Deialdi honetako diru-laguntza hauek banan-banan ebaluatzeko araubidearen bitartez emanen dira. Hortaz, eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Horrela, aurrekontuko baliabideak amaitutakoan, gainerako eskabideak atzera botako dira.

2. Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak aztertuko ditu eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.

3. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak isiltasun administratiboaren bidez ezetsi direla ulertuko da.

4. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. oinarria. Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak egin ondoren, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte eta, horretarako, jarraian adierazten diren lekuetan eskuratzen ahal den formularioa erabiliko dute: Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataria (http://www.navarra.es/home_es/Servicios). Honako dokumentazio hau erantsi beharko da:

a) 3.1 oinarriko gastuen aldian egin diren gastuen zerrenda baloratua eta zehatza.

b) Egindako gastuen fakturen kopia. Diru-laguntza eskatu duenaren izenean eginak izanen dira faktura guztiak, eta Fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuari jarraituko diote.

c) Egindako gastuen ordainketa justifikatzen duten banku agirien kopia.

d) Egindako inbertsioen froga grafikoa.

e) Obra lizentzia, obrak egiten badira lantegi eta lokaletan.

2. Ekintzen gaineko frogagiriak epe hauetan aurkeztu beharko dira:

-2011ko abenduaren 1etik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bitartean, biak barne, egiten diren jarduerak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.

-Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2012ko urriaren 31 bitartean, biak barne, egiten diren jarduerak: 2012ko azaroaren 16ra arte, egun hori barne.

Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak justifikatzeko ezarritako epean agirietako baten bat aurkeztea ezinezkoa bada, eskatzaileak horren arrazoiak azaldu beharko ditu eta epearen luzapena eskatu, instrukzio organoak onar dezan eta interesdunari epe berria jakinaraz diezaion.

7. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko dute.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena epe hauetan emanen da:

-2011ko azaroaren 1etik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bitartean egiten diren jardueren kasuan, kontzesioarekin batera eginen da ordainketa.

-Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 2012ko urriaren 31 bitartean egiten diren jardueren kasuan, aurreko oinarrian zehaztutako dokumentazioa aztertu ondoan eginen da ordainketa.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko, eskaintzen den aitorpenaren ereduan eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.

b) Egindako gastu eta ordainketak justifikatzea, 6. oinarrian xedatutakoaren arabera.

c) Diru-laguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren bizitza baliagarriak iraun bitartean, laburragoa bada.

d) Behar bezalako publizitatea egitea diru-laguntza honen xede diren jardueren finantzaketa publikoa dela.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko baldintzetakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta "de minimis" izaera.

1. Foru agindu honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduera beretarako emandako beste laguntza batzuekin. Halaber, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak artisautza sektorerako ematen duen beste edozein laguntzarekin bateraezina da diru-laguntza hau.

2. Foru agindu honetan ezarritako diru-laguntza "de minimis" laguntza da, abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (EEAO L 379, 2006ko abenduaren 2koa).

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

10. oinarria. Diru-laguntzaren jarraipena eta kontrola.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen jarraipen eta kontrol jarduketak eginen ditu, onuradunek deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko.

Era berean, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak badauka diru-laguntzaren xede diren obrak in situ ikuskatzeko ahalmena, eta, ikuskatze lan hori oztopatu edo eragotziz gero, diru-laguntza itzuli beharko da.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.es/home_es/Servicios), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1205916