99. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

174/2012 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, "Eguneko Zentroaren Zerbitzua Adinekoentzat" eta "Adinekoei Arreta Emateko Eguneko Landa Zerbitzua" sailkatzen dituena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak 44 artikuluan Nafarroari esleitzen dio gizarte laguntzaren arloko eskumen esklusiboa, eta, berariaz, haurrei, gazteei eta hirugarren adinekoei buruzko gizarte politikaren arlokoa.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, beste eskumen batzuen artean, behar diren neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak bermatzeko.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen duten gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezartzen dira.

Foru dekretu hori onetsi bazen ere, gaur egun baimenen arloan indarra duena maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua da, gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko azaroaren 13ko 9/1990 Foru Legea garatu zuena, bertan ezartzen baitira azpiegituraren, ekipamenduaren, langileen eta funtzionamenduaren gainean bete beharreko baldintzak, baimenei eta homologazioei buruzko beste foru dekretu bat onetsi bitartean.

"Eguneko Zentroaren Zerbitzua Adinekoentzat" eta "Adinekoei Arreta Emateko Eguneko Landa Zerbitzua" zerbitzu berri gisa hartu behar izateak haien bakarkako sailkapena egitera behartzen du 4. artikuluan aurreikusitako moduan, maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinean ezarri zirenetako bakar batekin ere ezin baitira parekatu. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da aipatu foru dekretuaren eranskinean ageri ez diren zentro edo zerbitzuak haietako bakar batekin ere parekatu ezin direnean, bakarka sailkatuko direla, Gizarte Ongizateko kontseilariak foru agindu bidez xedaturik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa onesten duen abuztuaren 24ko 136/2011 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretua garatzea, zerbitzu eta zentroen sailkapenean "Eguneko Zentroaren Zerbitzua Adinekoentzat" eta "Adinekoei Arreta Emateko Eguneko Landa Zerbitzua" sartuz, foru agindu honen eranskinean ageri den moduan.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratu eta biharamunean indarra hartuko duela ezartzea.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Mendekotasunerako Zerbitzuen Zuzendariordetzari, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiko Ikuskapen Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2012ko apirilaren 19an.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Elena Torres Miranda.

II. ERANSKINA

Gizarte zerbitzuen arloko baimen, arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzko maiatzaren 23ko 209/1991 Foru Dekretuaren eranskinaren "II. kapitulua. Zerbitzu eta zentroen sailkapena" garatu egiten da, ondoko puntu hauek gehituta:

2.10. Eguneko zentroaren zerbitzua adinekoentzat.

Definizioa:

Eguneko araubidea duen zentro ireki bat da, non narriadura fisikoa eta defizit funtzionalak dituzten adinekoei mantentze eta errehabilitaziorako zainketa ematen zaien, beren gizarte eta familia ingurunean segi dezaten.

Erabiltzaileak:

Mendekotasuna duten pertsonak, 65 urtez gorakoak.

Ematen diren zerbitzuak:

a) Zainketa orokorrak.

b) Funtzioen errehabilitazioa.

c) Okupazio eta mantentze terapia.

d) Gizarteratzeko laguntza.

e) Gizarte eta kultur jarduerak eta aisialdikoak.

f) Jantoki zerbitzua.

g) Familientzako aholkularitza eta orientazioa.

Langileak:

a) Zuzeneko laguntzarako langileak hauek dira: fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak eta langile laguntzaileak edo begiraleak.

b) Zuzeneko laguntzarako langileen gutxieneko proportzioa hau izanen da: erabiltzaile bakoitzeko 0,20.

c) Zuzendaritza, gainbegiratzea eta segimendua entitatearen arduradunen kargura izanen dira. Gainera, espezialitate hauetako zerbitzu profesionalak izanen dira, zentroarenak edo hitzartuak: medikuntza orokorra, erizaintza, psikologia eta gizarte lana.

Berariazko baldintzak:

a) Errehabilitazio tratamenduetarako eta gimnasiarako gela bat izanen da, behar diren aparatuez hornitua.

b) Terapia okupazionala egiteko gela bat izanen da.

c) Ordutegia zortzi ordukoa izanen da, egunero, baina zentroen ezaugarrien arabera malgua izan daiteke.

d) Zentroa, oro har, astelehenetik ostiralera irekiko da (larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik emanen).

e) Indarreko araudian ezarritako tarifa eta laguntzak aplikatuko dira.

2.11. Adinekoei Arreta Emateko Eguneko Landa Zerbitzua.

Definizioa:

establezimendu batean ematen den zerbitzua, egunez oinarrizko beharrei eta gizarte eta kultur arloko beharrei laguntza eta arreta emateko eta/edo haiek gainbegiratzeko, zainketen jarraitua bermatuz, ohiko ingurunean segitzeko erraztasunak emanez eta zaintzaileei lagunduz.

Erabiltzaileak:

65 urtetik gorako pertsonak.

Ematen diren zerbitzuak:

a) Jantoki zerbitzua.

b) Arropa garbitu eta lisatzeko zerbitzua.

c) Eguneroko bizitzako jardueretan laguntzea eta gainbegiratzea.

d) Osasuna sustatzeko eta osasunez zahartzeko jarduerak.

e) Estimulaziorako eta mantentze fisiko eta kognitiborako ariketak.

Gizarte trebetasunak garatzea gizartean parte hartu eta integratzeko.

Adineko pertsonen irudi soziala eta norberaren autoestimua hobetzeko jarduerak.

f) Aisia eta denbora libreko jarduerak.

g) Familientzako laguntza.

Langileak:

aipatutako zerbitzu guztiak emateko behar diren gutxieneko langileak. Zuzendaritza, gainbegiratzea eta segimendua entitatearen arduradunen esku izanen da.

Berariazko baldintza materialak:

egoitza zerbitzuei aplikatu beharreko betebehar orokorrak bete beharko dituzte, eta bereziki, honako hauek:

gutxienez, honako espazio hauek izanen dituzte, egoitza zerbitzuetarako arautzen diren baldintzetan gutxienez:

a) Sukaldea edo janaria jaso eta prestatzeko espazio bat.

b) Jantokia.

c) Biltegia.

d) Arropa garbitu eta lisatzeko gunea.

e) Erabilera anitzeko gela.

f) Bainugela eta komun egokituak, guztientzako irisgarriak.

g) Profesionalentzako bulegoa.

h) Botika-kutxa.

Iragarkiaren kodea: F1206546