70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

209/2012 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, onura publikoko Urbasa eta Andia Mendietako artzaintza iraunkorrerako Natura 2000 laguntzei buruzko arauak onetsi eta 2012. urterako laguntzen deialdia egiten duena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 1259/2011 Ebazpenaren bidez, "Urbasa eta Andia Mendietako larre eta oihanak antolatzeko proiektua" izeneko dokumentu teknikoa onetsi zen.

Antolamendu proiektu hori Natur Parkearen funtzionamendua eta kudeaketa arautzen duten dokumentuetan ezarritakoarekin lotuta dago. Zehazki, uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretua, Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onesten duena; irailaren 7ko 198/2011 Foru Dekretua, uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana aldatzen duena; abenduaren 4ko 340/2001 Foru Dekretua, Urbasa eta Andia Mendiak erabili eta kudeatzeko Plan Zuzentzailea onesten duena; eta urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretua, "Urbasa eta Andia" izeneko Europar Batasunaren Intereseko Lekua Zainketa Bereziko Eremutzat jotzen duena.

Proiektuaren xede nagusia da bi mendi horietako larreen aprobetxamendu antolatua arautu, bultzatu eta sustatzea, bertan dauden beste aprobetxamendu batzuekin bateragarriak izanen direla eta ingurumen balioak zainduko direla bermatuz.

Besteak beste, larreen aprobetxamendu aldia arautzen du eta urte bakoitzeko apirilaren 15etik abenduaren 15era bitarte finkatzen.

Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 Erregelamenduaren bidez (Landa Garapenari Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez laguntzeari buruzkoa), Natura 2000 laguntzen Europar Batasuneko araubidea ezarri zen, Natura 2000 Sarean sartutako eremuak zaindu eta hobetzeko.

Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013ko Programak (LGP), Gobernuak 2007ko maiatzaren 7an onetsiak (ondoren Europar Batasuneko erakundeek onetsi zuten Batzordearen abenduaren 14ko EE (2007) 6163 Erabakiaren bidez), erregelamendu hori garatzen du eta Natura 2000 Laguntzen berariazko neurri bat sartzen du, bi ekintzekin; horietako bat Nafarroako Natura 2000 Sareko BILetan artzaintza iraunkorra sustatzera bideratuta dago.

Hori aplikatzeko beharrezkoa da Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak eta, hala bada, larreen entitate kudeatzaileak larre baliabideak antolatzeko planak edo proiektuak prestatu eta onestea.

Proposatutako laguntzak bat datoz Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013ko Programakoekin, eta horien bitartez konpentsatu egin nahi dira, ahal dela, Urbasa eta Andia Mendietako larreetan egin den artzaintza tradizionala egokitzeak dakartzan kostu gehigarriak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsarekin batera landa garapenerako finantzaturiko laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zen.

Ebazpen honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.-Onura publikoko Urbasa eta Andia Mendietako larreetan artzaintza iraunkorra egiteko Natura 2000 laguntzak eman, kudeatu, kontrolatu eta ordaintzeko araubide orokorra erregulatzen duten arauak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2.-Aipatutako laguntzak emateko 2012ko deialdia onestea. Laguntza eskaera 2012ko kanpainako eskabide bakarrari lotuko zaio. Eskabide horretan jasotzen dira nekazaritza produktu batzuei azaleragatik ordaindu beharrekoak, abeltzaintzako primak, kalte-ordain konpentsatzailea Nafarroako zenbait eskualdetan eta nekazaritza eta ingurumeneko laguntzak, besteak beste. Hori hala, bat datoz aurkezteko epea eta tokiei eta emate moduei buruzko baldintzak.

3.-Laguntza hauetarako gastuaren baimena 2012ko kanpainako eskabide bakarraren aurkezpena arautzen duen foru aginduan sartu da. Laguntza hauek emateko aurrekontu kredituak Gobernuaren 2012ko urtarrilaren 11ko Erabakiaren bidez onetsi ziren, eta honela banatuta daude:

a) 100.000 euro 2012rako, 2012ko Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritza eta ingurumen neurriak eta konpentsaziorako kalte-ordainak. LGP LGENF" izeneko 74200 740002 4700 456300 kontu-sailaren kargura.

b) 100.000 euroko gastua, hurrenez hurren 2013ko, 2014ko, 2015eko eta 2016ko aurrekontuetan aurreko kontu-sailaren baliokide izanen diren kontu-sailen kargura.

4.-Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko otsailaren 29an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

1. Onura publikoko mendietako (hemendik aurrera OPM), hots, Urbasa Mendiko (6 zenbakia) eta Andia Mendiko (7 zenbakia) larreetan artzaintza iraunkorra izateko Natura 2000 laguntzak eman, kudeatu, kontrolatu eta ordaintzeko araubide orokorra ezartzea da arau honen xedea. Laguntza horiek Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013ko Programaren esparruan agertzen dira.

Laguntza hauen onura publikoa honako hauetan oinarritzen da: abenduaren 4ko 340/2001 Foru Dekretua, Urbasa eta Andia Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzailea onesten duena; urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretua, "Urbasa eta Andia" izeneko Europar Batasunaren intereseko lekua zainketa bereziko eremutzat jotzen duena; eta larre baliabideak antolatzeko proiektua. Dokumentu horiek Urbasa Andia Natur Parkearen kudeaketa iraunkorrerako printzipioekin lotuta daude, eta artzaintza iraunkorrerako laguntzak tresna eraginkor bat dira abeltzainek Urbasako eta Andiako ingurumen balioak zaintzen esku har dezaten, behar-beharrezkoa baita.

2. oinarria. Laguntzak jasotzeko baldintza orokorrak.

1. Onura publikoko Urbasa eta Andia Mendietako larreetan artzaintza iraunkorra izateko Natura 2000 laguntzak baldintza hauek betetzen dituztenei soilik emanen zaizkie:

a) Beren azienda Urbasa eta Andia Mendietako larreetara eramateko eskubidea izatea.

b) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea.

c) Ustiategiko azienda zentsua 15 AzLUkoa izatea gutxienez. Laguntza eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunetik behintzat bete behar da baldintza hau.

d) Rasa arrazako artaldeetan, larrean bi mendi horietako edozeinetan ibiltzen direnetan, ugalketarako 1.200 ardi izanen dira gehienez. Arau honen ondorioetarako, ugalketarako arditzat jotzen da gutxienez behin erditu den edo urtebete duen ardia.

e) Laguntzak jasotzen dituzten ustiategietako 10 AzLUk gutxienez, azken bost urteetako hirutan Urbasa eta Andia Mendietan ibilitakoak izan behar dute. Baldintza hori bete behar izatetik kanpo uzten dira nekazaritzako jardueran 2010. eta 2011. urteetan hasi direnak, eta nekazaritzako ustiategia baldintza hori betetzen zuen titular batengandik jaso duten titularrak.

f) Ardi-aziendaren titularrek Urbasako Guardetxean frogatu beharko dute bi mendietako larreetan sartzen diren artaldeek parasitorik ez dutela.

g) Abeltzain onuradunek Larreak Antolatzeko Proiektutik ateratzen diren jarraibide guztiak errespetatu beharko dituzte. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 12ko 1259/2011 Ebazpenaren bidez onetsi zen proiektu hori.

3. oinarria. Onuradunen konpromisoak.

1. Laguntzen onuradunek konpromisoa hartzen dute bi mendi horietako edozeinetara igotzen duten azienda guztiaren sarrera urte bakoitzeko maiatzaren 1era arte gutxienez atzeratzeko. Sarrera eguna zein den Urbasako Guardetxeko bulegoetan jakinarazi beharko dute onuradunek.

2. Laguntzen onuradunek konpromisoa hartzen dute aziendaren irteera urteko bakoitzeko abenduaren 1era gutxienez aurreratzeko. Horren berri Urbasako Guardetxeko bulegoetan eman beharko da.

3. Larreetan ardi-aziendaren bat-bateko zamak murrizteko laguntzak emanen zaizkie, soil-soilik, gehienbat rasa arrazako ardi-azienda duten ustiatiegien titularrei, baldin eta artaldeak ugalketarako 1.200 arditatik 1.000tara murrizten badituzte.

4. Laguntzen onuradunek gutxieneko zentsu bat eduki beharko dute ustiategian, laguntzen indarraldiko bost urteetan, hau da, 15 AzLU gutxienez. Horixe izanen da, gainera, ustiategi bakoitzetik larreetara urtero eramanen diren abelburuen gutxieneko kopurua, konpromiso aldiko urte bakoitzeko saria kobratu ahal izateko.

5. Laguntzen onuradunek bi hilabetez mantendu beharko dituzte, mendi horietako edozeinetan modu jarraituan sartzen direnetik hasita, sartzen diren 15 AzLUetako 10 gutxienez, guztirako kopuruetan.

6. Eman edo jasotako diru-laguntzak eta hartutako konpromisoak direla eta, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak egiten duen egiaztapen jarduketa oro onartu beharko dute laguntzen onuradunek. Horretarako, baimena eman beharko diete ikuskatzaileei mendi horietako edozeinetan ustiategiari lotuta dauden instalazioetan askatasun osoz sartzeko.

7. Laguntzen onuradunek parte hartu beharko dute antolatzen diren prestakuntza ekintzetan, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak ekintza horietara joateko esaten dienean. Horri dagokionez, konpromisoa betetzat joko da baldin eta onuradunaren ordez hark eskuordetutako pertsona bat joaten bada. Pertsona horrek, noski, ardura izan beharko du ustiategian.

8. Laguntzen onuradunek helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri eman beharko diote Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari.

4. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa eta urteko ordainketa zehaztea.

1. Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei laguntza bat emanen zaie urtero, bost urtez. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak ustiategi bakoitzari esleitzen dion larre azaleran oinarriturik kalkulatuko da laguntza hori.

2. Neurriaren xedeen kontrako gainprima saihesteko, laguntza jaso dezakeen gehieneko azalera 1,4 AzLU/ha-ko abeltzaintza dentsitatea aplikatzearen ondorioz lortutakoa izanen da. Ugalketarako ardiak eta ahuntzak Azienda Larriko Unitate (AzLU) bihurtzeko faktorea 0,15 da, behorren kasuan 1, eta behien kasuan 1 erditutako behiak badira eta 0,6, berriz, 6 hilabetetik beherakoak badira.

3. Bi mendi horietako edozeinetan aziendaren sarrera apirilaren 15etik maiatzaren 1era atzeratzen bada, eta irteera abenduaren 15etik abenduaren 1era aurreratzen bada, jasoko den prima 15 euro/ha-ko izanen da, titular bakoitzari esleitutako azaleraren araberako mailakatze hau aplikaturik:

NEURRIAREN XEDEKO AZALERA (HEKTAREAK)

PRIMAREN ZENBATEKOA

40 arte

Zenbateko unitarioaren %100

40tik 80ra bitarte

Zenbateko unitarioaren %60

80tik gora

Zenbateko unitarioaren %30

4. Laguntza osagarri bat emanen zaie rasa arrazako ardi-azienda duten abeltzainei artaldeak 1.200 burutik 1.000ra murrizteko konpromisoa hartzen badute. Laguntza 10 euro/ha-ko izanen da, 3. atalean aipatutako mailakatze bera aplikaturik.

5. Larreak banatzerakoan kontuan hartu behar diren ustiategiko AzLUak, 2. puntuan aipatutako abere dentsitatea kalkulatzeko eta 4. puntuan artaldea murrizteagatiko primarako aipatutako buru kopurua kalkulatzeko, honako hauek izanen dira: Urbasa eta Andia Mendietako larreetan sartzean abeltzainak jakinarazitakoen arteko txikienak eta laguntzen araubideari atxikitzen zaion urteko maiatzaren 1ean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuak dituenak.

6. Azalera eta AzLUak kontuan harturik, 2012-2016 aldian onuradun bakoitzari eman beharrekoa kalkulatuko da, eta hori izanen da konpromiso aldian urteko ordainketa eskaerei aplikatuko zaien gehienekoa.

7. Kontzesioaren ondorengo urteetako urteko ordainketaren zenbatekoa kalkulatuko da urte bakoitzean kontuan hartu beharreko AzLUen eta azaleraren arabera, emandako zenbatekoaren gehienekoa ezarrita.

5. oinarria. Laguntza emateko lehentasun irizpideak.

1. Deialdi honetako laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartutako eskaeren zenbatekoak aurrekontuetako mugak gainditzen baditu, onuradunak hautatzeko lehentasun irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Ustiategi bakoitzak bi mendi horietako larreetan zenbat aprobetxamendu kanpaina egin dituen: zenbat eta aprobetxamendu kanpaina gehiago, orduan eta lehentasun handiagoa laguntzak jasotzerakoan.

b) Nekazari gaztea izatea. Gazteenek izanen dute lehentasuna.

c) Emakumea izatea. Gazteenek izanen dute lehentasuna.

6. oinarria. Laguntzaren araubidean sartzeko eskaera eta laguntza ordaintzeko eskaera.

1. Arau honetan agertzen diren laguntzen araubideari atxikitzeko, ustiategiko titularrak eskabide bat aurkeztuko du, honako hauek jasotzen dituen laguntza eskabide bakarrari lotuta: zenbait belarki-labore, ordainketa bakarra, nekazaritzako eta ingurumeneko neurriak eta kalte-ordain konpentsatzailea eremu behartsuetan eta menditsuetan. Hori guztia, 2012ko kanpainarako aurkezpena egiteko ezarritako baldintzei jarraikiz.

2. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Nekazaritza Zerbitzuak proposaturik, laguntza emateko ebazpena emanen du 6 hilabeteko epean gehienez, eta epe hori igarota ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Konpromisoaldiaren bigarren urtean eta hurrengoetan, onuradunak urtero eskatu beharko du laguntza hau ordaintzeko, kanpaina bakoitzeko laguntzen eskabide bakarrean.

7. oinarria. Neurriaren jarraitasuna.

1. Finantza baliabideek horretarako aukera ematen badute, konpromisoaldiak luzatzeko eskaera deitzen ahalko hurrengo kanpainetarako, honako baldintza honekin:

-Laguntzaren onuradun batek konpromisoaldia luzatu ahal izanen du, baldin eta bere ustiategiaren tamaina handitu eta ardi-aziendako 1.200 buru gainditzen baditu aldi horri gelditzen zaion denborarako, betiere hasierako konpromisoaldiaren hiru bosten baino gehiago igaro ez badira. Luzatzeko txosten bakarra onartuko zaio onuradun bakoitzari.

2. Konpromisoaldian onuradunak beste pertsona bati eskualdatzen badio laguntzen araubide honen xedeko ustiapena, osorik edo zati batean, lagapen-hartzaileak betetzeke dagoen konpromisoaldiarekin jarraitu ahal izanen du, betiere foru agindu honen 2. eta 3. puntuetan ezarritako baldintzak eta konpromisoak errespetatzen baditu. Bestela, onuradunak derrigorrez itzuli beharko ditu jasotako laguntzak gehi dagozkion korrituak, zenbatekoak Espainia barrenean berreskuratzeko korritu-tasa aplikatuz, onuradunak diru-laguntza jaso zuenetik itzultzen duen arte kalkulatuak.

3. Onuradunak nekazaritza jarduerak behin betiko uzten baditu, kontzesioa eskatu zenetik hiru urte baino gehiago igaro badira, eta ondorengoak ezin baditu konpromisoak bere gain hartu, ez dira jasotako laguntzak itzuliko.

4. Hartutako konpromisoekin aurrera egitea eragozten duten ezinbesteko kasuetan, ez da inolako diru-itzultzerik eskatuko. Ezinbesteko kasuak honako hauek izanen dira:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

c) Ustiapenaren zati handi baten desjabetzea, konpromisoa hartu zenean ezin baldin bazen aurreikusi.

d) Hondamendi natural larriak, laguntzaren xedeko azalera ukitzen dutenak.

e) Eritasunak agertzea, horiek desagerrarazi edo menean hartzeko ustiapeneko onuradunak neurriak hartzera behartzen dituztenak (betiere Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak gainbegiraturik).

5. Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuari ezinbestekoen berri eman beharko zaio, ezinbestekoa gertatu eta hamar egun baliodunean gehienez ere.

8. oinarria. Jarraipena eta kontrola.

1. Nekazaritza Zerbitzuak neurriaren jarraipen administratiboa eginen du.

2. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak Parkera sartzen den azienda kontrolatuko du, ustiategi bakoitzari dagokion aprobetxamendu azalera esleituko dio eta neurria kontrolatzeko beharrezkoak diren landa kontrolak eginen ditu.

3. Abeltzaintza Zerbitzuak abere-mugimenduen gidak emanen ditu, eta horiek Urbasa-Andia Natur Parkean bertan egiten diren kontrolak abiaraziko dituzte.

9. oinarria. Onuradunek baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Behin laguntza emanda, 2. oinarriko baldintzetakoren bat betetzen ez bada, ez eta 3. oinarriko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletako konpromisoak ere, dagokion kanpainaren urteko ordainketa galduko da. Konpromisoaldian bi urtez, elkarren segidan edo ez, bete ezik, titularra laguntza araubide honetatik baztertuko da eta harturiko dirua itzuli beharko du.

3. 3. oinarriko 6., 7. eta 8. ataletako konpromisoak betetzen ez diren lehen urtean, laguntzaren zenbatekoa %20 murriztuko da, konpromiso bakarra bete ez bada; eta %40 murriztuko da bi konpromiso edo gehiago betetzen ez badira. Konpromisoak betetzen ez diren bigarren urtean, laguntza %40 murriztuko da konpromiso bakarra betetzen ez bada, eta %80 bi konpromiso edo gehiago betetzen ez badira. Hirugarren urtea egiten bada bete gabe, titularra laguntzaren araubidetik kanpo geratuko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

4. Jasotako zenbatekoak itzuli beharra eragiten duten ez betetzeek berekin dakarte berandutze korrituak eskatzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5. Baldintzak bete ezean, murrizketak eta bazterketak aplikatuko dira, landa garapenari laguntzeko neurriei kontrolaren eta baldintzen prozedurak aplikatzeari buruz Batzordeak abenduaren 7an emandako 1975/2006 (EE) Erregelamenduaren 22. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

1. Laguntza honen bateraezintasunak, oro har, Batzordearen irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamendutik sortzen direnak dira. Erregelamendu hori Landa Garapenari Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) eta hura garatzen duen araudiaren bidez laguntzeari buruzkoa da.

2. Nolanahi ere, laguntza hauek bateraezinak dira Errege Bardean ibiltzen den ardi-aziendarentzako Natura 2000 laguntzekin, bai eta etorkizunean mendiko larreetan larratze iraunkorra sustatzeko ezar daitezkeen Natura 2000ko beste laguntza batzuekin, horien onuradunak nekazaritzako ustiategietako titularrak badira.

11. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian, www.navarra.es, jarriko ditu ikusgai emandako diru-laguntzak, honako datu hauekin: deialdia, laguntza zein programari eta zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1203470