70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Oinarrizko elikadura emateko zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Udalak, 2011ko abenduaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Oinarrizko elikadura emateko zerbitzua arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2012ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 20an.

Jendaurreko epea burutu baita, inork ordenantza horren kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe, delako ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da, eta orain osorik ematen da argitara, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikulua aplikatuz. Ondotik ematen da haren testua, osorik.

Tuteran, 2012ko martxoaren 7an. -Alkatea, Luis Casado Oliver.

ORDENANTZA, OINARRIZKO ELIKADURA EMATEKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Oinarrizko baliabiderik ez duten edo/eta mendekotasun egoeretatik ondorioztatutako premiak dituzten pertsonendako zerbitzua sortzea proposatu da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Elikadura emateko zerbitzu hau sortuz, bertzeak bertze helburu hauek lortu nahi dira:

a) Halako egun kopuru batean mantenua erraztea adindunei. Horien barnean egonen dira 65 urtetik goitiko pertsonak, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 60 urte beteak dituzten pertsonak eta alarguntasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 55 urte beteak dituzten pertsonak.

b) Halako egun kopuru batean mantenua erraztea diru premia gorrian dabiltzan pertsonei eta prestazio ekonomikoak jaso zain daudenei.

LEHEN TITULUA

1. artikulua. Xedea: ordenantza honen xedea da Tuterako udalerrian oinarrizko elikadura emateko zerbitzua arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua: ordenantza honetan arautzen den zerbitzua Tuterako udal mugapean eginen da, gizarte zerbitzuen arloko udal eskumenen esparruaren barnean.

3. artikulua. Zerbitzuaren definizioa: gizarte izaerako zerbitzu publikoa da, xedea duena honakio hauek Udalak kontrataturiko elikadura zerbitzua erabiltzea: 65 urtetik goitiko pertsonak, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 60 urte beteak dituzten pertsonak, alarguntasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 55 urte beteak dituzten pertsonak, baita gizarte larrialdietako egoeretan daudenak, diru premia gorrian dabiltzanak eta iraupeneko gutieneko diru-sarreren prestazioren bat jaso zain daudenak ere.

BIGARREN TITULUA

Oinarrizko elikaduraren zerbitzua

4. artikulua. Sarturik dauden jarduketak: oinarrizko elikadura emateko zerbitzua da janari zerbitzua.

5. artikulua. oinarrizko elikadura emateko zerbitzuaren ezaugarriak: Oinarrizko elikadura emateko zerbitzua 2 modutan ematen ahalko da:

1.-Onuraduna etorrita, Tuterako Udalak horretarako izendatzen d(it)uen establezimendu(et)an.

2.-Etxeko janari zerbitzuaren bitartez.

HIRUGARREN TITULUA

Erabiltzaileak

6. artikulua. Nor erabiltzaile: erabiltzaile izateko betebehar orokorrak.

a) Nor erabiltzaile:

1. Herrian bizi diren adindunak, 65 urtetik goitikoak, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 60 urte beteak dituztenak, eta alarguntasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 55 urte beteak dituztenak.

2. Gizarte larrialdietako egoeretan daudenak, diru premian dabiltzanak eta iraupeneko gutieneko diru-sarreren prestazioen bat jaso zain daudenak.

b) Erabiltzaile izateko betebehar orokorrak.

Eskatzailea Tuterako udal mugapean erroldatuta egon beharko da, eskaera eguna baino urtebete lehenago.

7. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak. Oinarrizko elikadura emateko zerbitzuaren erabiltzaileek, edozein modutakoak izanik ere, eskubide eta betebehar hauek izanen dituzte:

Eskubideak:

a) Zerbitzua erabiltzea berdintasun baldintzetan.

b) Zerbitzuaren eta haren baldintzen gainean informazio aski eta egiazkoa biltzea.

c) Berari eraginen dion edozein esku-hartzeri buruz aldez aurretik informazioa jasotzea, baimen berariazkoa eta librea eman ahal izateko.

d) Udal zerbitzuetan dakiten informazioaren gaineko konfidentzialtasuna.

e) Kalitatezko zerbitzua jasotzeko eskubidea.

f) Bere banakako espedientean sartzeko eskubidea.

g) Emandako prestazioei eta zerbitzuari uko egiteko eskubidea.

h) Kontzesioan ezarri bezala eta aurrekontuko baliabideekin bat etorriz zerbitzua eskatzeko eskubidea.

Betebeharrak:

a) Zerbitzua ematen duten profesionalei lana erraztea, haiekin lan egitea eta zuzen eta errespetuz tratatzea, eta orobat establezimendura eta haren instalazioetara etortzen diren gainerako mahaikideak eta pertsonak ere.

b) Bere gizarte egoera baloratzeko beharrezko diren agiriak uztea udal zerbitzuen eskutan.

c) Egiten den zerbitzua emateko orduan edozer aldatzea dakarten inguruabar pertsonalen berri ematea udaleko teknikariei, behar bezalako aurrerapenaz.

d) Esleitutako diru ekarpena ezarri bezala ordaintzea.

e) Udaleko teknikariei bere egoera sozio-ekonomikoan izaten den edozein aldaketaren berri ematea.

f) Diru ekarpena ordaintzeko erabiliko den kontu korrontearen zenbakiaren eta banketxearen berri ematea Udaleko teknikariei, beharrezkoa denean.

g) Ematen den zerbitzua utziko badu, edo hartara agertuko ez bada, edo hari dagokion edozein aldaketa bada, horren berri ematea gutienez 24 ordu lehenago, eta horretarako arrazoiak zein diren adieraztea. Hala egiten ez bada dagokion zerbitzua kobratuko da. Salbuespenekoetan, banan-banan baloratuko da.

Betebehar horietako baten bat bete ezean, zerbitzua eten edo iraungiko da, erregelamendu honetan arautzen den prozeduraren arabera.

LAUGARREN TITULUA

Prestazioa eskuratzeko prozedura

8. artikulua. Zerbitzua eskatzen dutenen zerrendan sartzeko eskabidea. Ordenantza honetan arautzen den zerbitzuaren erabiltzaileen zerrendan sartzeko, interesdunak aitzinetik eskatu beharko du, organo eskudunari inprimaki normalizatua bidalita. Eskatzaileak sinatu, eta Udalaren sarrera erregistroan aurkeztu beharko du.

Prozesuaren edozein unetan, interesdunak uko egiten ahalko dio bere eskaerari; halakoetan, idatziz egin beharko du. Hala egiteak espedientea artxibatzea ekarriko du.

9. artikulua. Eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak:

1.-Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:

a) NANaren eta IFZaren fotokopia, baita familia liburuarena ere, adin txikikoak laguntzeko eskaera eginez gero.

b) Diru-sarrera guztien zinpeko aitorpena eta haien frogagiriak.

c) Udaleko gizarte zerbitzuen ustez interesgarria den bertze edozein agiri.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 35 f) artikulua aplikaturik, herritarrak salbuetsirik egonen dira aitzineko agiriak aurkeztetik, baldin eta Udalak horietariko edozein badu. Horretarako, interesdunek adierazi beharko dute delako agiria noiz eta zer organotan aurkeztu zuen, betiere bortz urte baino gehiago iragan ez bada hura aurkeztu zenetik.

Eskabidearekin batera aurkezten diren agiriak osagabeak edo akastunak badira, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean beharrezko agiriak aurkezteko edo antzemandako akatsak zuzentzeko. Bertzenaz, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela jakinaraziko zaio.

Datuak faltsutzeak edo ezkutatzeak zerbitzuaren eskatzaile izaera galtzea ekarriko du, sortzen ahal diren erantzukizunak deusetan ukatu gabe.

2.-65 urtetik goitiendako, erretiroaren edo baliaezintasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 60 urte beteak dituztenendako eta alarguntasunaren ondorioz pentsiodunak diren eta 55 urte beteak dituztenendako, aski izanen da Nafarroako Gobernuaren laguntza ekonomikoa eskatzeko behar diren agiriak aurkeztea, urteko haren deialdian ezarritakoaren arabera.

3.-Aldi bateko diru arazoetan daudenek eta/edo udal zerbitzuetan tramitatzen diren diru prestazioen zain daudenek baliabidearen eskaera baizik ez dute aurkeztuko, erabili beharreko baliabideak eta pertsonak zehaztuz.

10. artikulua. Tramitazioa. Tuterako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Gizarte laneko langileek eginen dute eskaeraren tramitazioa, balorazioa eta ebazpen proposamena. Teknikariek aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa eta elkarrizketa bat eginen dute eta behar diren kudeaketa guztiak zerbitzua hartzeko premia baloratu beharrez.

a) Gizarte txostena-proposamena.

Gizarte Laneko zerbitzu teknikoek aginduzko gizarte txostena eginen dute. Hartan zehaztuko da:

1) Zerbitzua eskuratzeko eta eskaera aurkezteko baldintzak betetzen direla, baita zerbitzu mota ere: etorrita edo etxera eramanda.

2) Eskatzailearen eta, hala denean, bizikidetza unitatearen inguruabar pertsonalak, familiakoak eta sozialak direla-eta baldintzak betetzetik salbuetsi beharraren proposamen arrazoitua, hala denean.

3) Hala denean, zerbitzua ukatzeko proposamen arrazoitua.

11. artikulua. Ebazpena. Eskabidea aztertu eta baloratu ondoan, Gizarte Ongizatearen, Emakumearen eta Berdintasunaren zinegotzi delegatuari aurkeztuko zaio eta horrek ebazpen arrazoitua emanen du, eskatutako zerbitzua eskuratzeko eskabidea baiesteko edo ezesteko. Baiesten bada, pertsonari alta emanen zaio zerbitzuan, behar den programa informatikoaren bidez.

Eskaera Udalaren erregistroetariko batean sartu ondoko bi hilabetean eman beharko da, beranduenez, ebazpena. Eskaerak zuzentzeko eskatuz gero, epea eten eginen da, errekerimenduaren jakinarazpenetik hasi eta dagokionak eskatutakoa betetzen duen arte, edo, bertzenaz, ematen den epea iragan arte.

Aitzineko atalean aurreikusiriko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe eta ebatzi beharra ukatu gabe, eskabidea ezetsitzat jotzen ahalko da, interesdunak, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezan.

Aldeko ebazpenean honako alderdi hauek sartu beharko dira:

a) Eskaera zerbitzuaren erabiltzaileen zerrendari gehitzea.

b) Zerbitzuaren iraupena, mota, intentsitatea eta kostua, baita onuradunari dagokion diru ekarpena.

Kontrako ebazpenean ukoaren arrazoiak aipatu behar dira eta hori egokia izanen da, kasu hauetan:

a) Ordenantza honetan jendea onartzeko aipatu diren baldintzak betetzen ez direnean.

b) Eskatzaileak eskaera justifikatu duten premiak behar bezala eta berez, ahaideen laguntzaz edo bertzelako baliabide pertsonalen bitartez betetzeko aukera duenean.

c) Zerbitzuaren izaeragatik edo eskatzailearen bizilekuagatik, bertze administrazio publiko batek zerbitzua emateko eskumena duenean.

d) Zerbitzuak erabiltzaileari zein zerbitzua ematen duten langileei arrisku fisikoak edo/eta psikikoak eragiteko aukera dagoenean.

e) Behar bezala arrazoitutako bertzelako arrazoiak daudenean.

Ebazpena legeak ezarri epeetan eta moduan jakinaraziko da eta haren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da organo eskudunean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian edo zuzenean aurka egiten ahalko zaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, legeek ezarri epeetan eta moduan.

Zerbitzua egiten duen enpresari ere emanen zaio baiesteko ebazpenaren berri.

12. artikulua. Zerbitzurako onarpena. Zerbitzurako onarpena eginen da zerrendako ordenari jarraikiz, zerbitzua emanen dela erabaki eta gero. Lehentasuna emanen zaie gizarte larrialdietako egoerei, diru premia gorrian dabiltzanei eta iraupeneko gutieneko diru-sarreren prestazioren bat jaso zain daudenei.

13. artikulua. Erabiltzailearen ziurtagiria. Zerbitzurako onartua izan denak iraupen zehatzeko ziurtagiria izanen du, aintzatetsi zaion azken zerbitzu eguna arte indarra izanen duena.

BORZGARREN TITULUA

Parte hartzea zerbitzuaren kostuan

14. artikulua. Parte hartzea kostuan. Oinarrizko elikadura emateko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantzan ezartzen denari jarraikiz eginen da.

SEIGARREN TITULUA

Zerbitzuaren egokitzapena eta jarraipena

15. artikulua. Jarraipena eta ebaluazioa. Zerbitzuak onuradunen premietara nola egokitzen diren aztertzeko jarraipen etengabea eginen dute udal zerbitzuek, aldaketa egokiak proposatuta eta, onuradunekin batera, proposaturiko helburuak zein neurritan betetzen diren ebaluatuta.

ZAZPIGARREN TITULUA

Zerbitzuaren etendura eta amaiera

16. artikulua. Zerbitzuaren etendura eta amaiera.

16.1. Zerbitzua aldi baterako etetea. Behar den espedientea abiatuta, eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez eta Gizarte Ongizatearen, Emakumearen eta Berdintasunaren Alorreko zuzendaritzak proposaturik, erabakiko da zerbitzua aldi baterako etetea, interesdunari entzutea eman ondoan. Onuradunari ebazpen hori jakinaraziko zaio, baita, hala behar badu, zerbitzua egiten duen entitateari ere, legeak eskatzen dituen epeetan eta legeak eskatzen dituen formalitateak eginda.

Etenik dagoen epean eskatzaileak ez du kuotarik batere ordainduko zerbitzu honengatik.

16.2. Kontratuaren amaiera. Zerbitzua honelako arrazoiengatik amaituko da zuzenean:

a) Ezarritako epea bukatu delako.

b) Erabiltzaileak uko egin diolako edo hil delako.

c) Onuraduna bertze udalerri batera aldatu delako.

d) Onuraduna bertze baliabide edo programan sartu delako.

e) Zerbitzua ematea ekarri zuen beharra desagertu delako edo zerbitzua eskuratzeko eskatzen diren baldintzetariko bat galdu delako.

g) Zerbitzua emateko kontuan hartu diren datuak ezkutatu edo faltsutu direlako.

l) Zerbitzuaren jarraipenerako eskatzen ahal diren agiriak aurkeztu ez direlako.

h) Elikadura zerbitzua modu batean nahiz bertzean ematen duten langileei modu fisikoan nahiz psikologikoan eraso egin zaielako.

k) Zerbitzuaren bi ordainagiri ordaintzeko tenorean gibelatu delako, arrazoirik gabe.

l) Erregelamendu honetan erabiltzaileendako aurreikusten diren betebeharrak behin eta berriz bete ez delako (ordainagiriak epez kanpo ordaindu direlako).

m) Arrisku fisiko eta/edo psikikoak direlako, bai erabiltzaileendako bai zerbitzua egiten duten langileendako, Gizarte Laneko zerbitzu teknikoek aitzinetik balorazioa eginda.

n) Erabiltzailearen txartela uztea hirugarrenek erabil dezaten.

Prestazioa amaituta erabiltzaileak agertzen badu zerbitzura itzultzeko borondatea, berriz ere eskaera egin beharko du eta hura ordenantza honek zehaztu bezala tramitatu.

Zerbitzua amaitu ondoren erabiltzaileak zerbitzuaren zenbait ordainketa egin ez baditu, horiek ordaintzeko eskatuko zaio, zerbitzua berriro eman aitzin.

Iragarkiaren kodea: L1203871