70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Ribaforadako Udalak, 2011ko azaroaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2012ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 4an, interesdunek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten.

Jendaurreko epean erreklamazioak izan direnez, Udalak, 2012ko martxoaren 8an egin osoko bilkuran, haien gaineko iritzia eman ondotik, behin betiko onespena eman zion. Orain, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da haren testu osoa, ondotik heldu baita:

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Minusbaliatuak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dioenez, udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriek ibilgailua aparkatzeko erraztasuna izan dezaten, eta agerian da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren ondoriozko abantailen onura hartzen dutela.

Irizpide bera du Europar Batasuneko Kontseiluak; izan ere, desgaitasuna dutenendako aukera berdintasuna aipatzen duenean bidezkotzat jotzen du mugikortasun murriztuko pertsona guztientzat neurri gehigarri zehatz batzuk izatea haien integrazioa, lanean zein gizartean, laguntzeko. Hori dela eta, bidezkoa iruditzen zaio Europa osorako ekimen bateratua bideratzea desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko, haien zirkulazio librea bulkatu beharrez.

Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela sortu beharrez. Estatu kide guztiek elkarri onartutako eredu europar bakar baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz.

Mugikortasun arazoen mailak zehazteko irizpideak ezarri ziren Minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan. Egungo araudian, Nafarroako Foru Komunitate osoan ezin da bertze irizpiderik erabili "mugikortasun murriztua" edo "mugatua" ebaluatzeko, alor honetan indarra duten legezko eta erregelamenduzko aginduen ondorioak bete daitezen. Eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutari dagokio hura egitea, irizpideak batuta izatearen komenentziaz haratago baitoa. Izan ere, Nafarroan indarra duen legediaren arabera, Udal batek luzaturiko txartelek beste udalerrietan ere eragina dute.

1. artikulua. Xedea.

Desgaitasuna duten pertsonetan mugikortasun murriztua dutenek gidatutako ibilgailuentzat edo haiek daramatzatenentzat aparkatze txartela eskuratzeko prozedura eta haren erabilera arautzea ditu xede ordenantza honek, baita txartel hori Kontseiluaren 1998ko ekainaren 4ko Gomendioan hartutako ereduari egokitzea ere.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Mugikortasun murriztuko pertsona desgaituek aparkatzeko txartelak, ordenantza honetan aurreikusitako prozeduraren arabera emanak, Ribaforadako Udalaren lurralde eremurako balioko du, eta gaitasuna emanen dio titularrari aparkaleku erreserbatuak erabiltzeko eta pertsona desgaituentzat ibilgailua aparkatzeko ezartzen diren eskubideak izateko; bertzetik, Europar Batasuneko Estatu kide guztietan erabiltzen ahal da, Europako udal bakoitzak ibilgailuen antolamendu eta zirkulazio arloan ezarrita duenaren arabera.

Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazioek mugikortasuna murriztua dutenei emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Ribaforadako lurralde eremuan.

3. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Mugikortasuna murriztua duten pertsonendako aparkatze txartela eskuratu eta erabili ahal izateko baldintzak honakoak dira: bizilekua Ribaforadan izatea, mugikortasunari larri eragiten dion urritasun fisiko, zentzumenezko edo psikikoa izatea, balorazio unitate egokiko medikuek hori baieztatzen duen irizpen teknikoa eman izana, eta minusbaliotasuna %33tik gorakoa izatea.

4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

1.-Ordenantza honen I. eranskinean zehaztu dira aparkatzeko txartelaren ezaugarriak.

2.-Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.

b) Txartela aitzineko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

c) Txartela daraman ibilgailua desgaitasuna dutenendako erreserbatu eta seinalatuta dauden tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Denbora tarte mugatu batean aparkatzen ahalko da, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

e) Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

-Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

-Oinezkoen pasabideetan.

-Espaloi gainean.

-Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Txartelaren deuseztapena.

Txartela erabiltzeko baldintzak edo udaltzainen oharrak betetzen ez badira, gertatutakoa egiaztatu, eta txartela erabiltzeko eta aparkatzeko eskubideak galtzen ahalko dira.

6. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

Ribaforadako Udalari dagokio txartela ematea, ondoko prozeduraren arabera:

A.-Eskaera.

Interesdunak inprimaki bidez eskatuta abiatuko da espedientea. Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahal du. Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.

B.-Dokumentazioa.

Honako hau da eskaerarekin bat aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.-Eskatzailearen NANaren fotokopia.

2.-Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.

3.-Titularraren bi argazki, nortasun agirikoaren tamainakoak.

4.-%33tik gorako elbarritasuna duela, inguruabar sozialak kontuan hartu gabe, egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publikoa erabiltzeko desgaitasunen bat tarteko dela dioena.

5.-Medikuaren txostena, lesio muskulu-eskeletikoak edota beste lesio organiko nahiz funtzionalak dituela dioena, eta 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko larriki eragiten dioena, eta makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak nahitaez erabili behar dituela, edo bere harat-honatetarako aulki gurpilduna behar duela, edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak dituela erakusten duena.

6.-Agiria luzatzeagatik behar den ordainarazpena ordaintzea. Zenbateko hori gaurkotzen ahalko da, Udalbatzak urtero finkatzen dituen heinean, alegia, gainerako tasak, prezio publikoak eta bestelako ordainarapenak gaurkotzen dituen bezala.

C.-Ebazpena.

Alkate udalburuak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udal Erregistroan sartzen den egunetik hasita.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea administrazio isiltasunaren bidez ezetsia dela ulertuko da.

D.-Formalizazioa.

Aparkatzeko txartela emanik, titularrari aurkeztuko zaio sina dezan; gero, Udalak plastifikatu eta interesdunari eskuratuko dio.

Udalak, txartelarekin batera, hura erabiltzeko baldintzen laburpena emanen dio, bai Udalean bai Europar Batasuneko estatuetan bete beharrekoak jasoko dituena.

7. artikulua. Balioaldia

Txartelean berean zehaztuko da noiz arte balioko duen. Bi faktoreren mende dago: titularraren adina eta mugikortasunaren gaineko irizpeneko ezaugarriak, desgaitasun mailaren eta haren patologiaren arabera; alegia, behin betikoa edo aldi baterakoa den.

-18 urtez goitikoendako, 5 urteko balioaldia du txartela ematen den egunetik aitzina; betiere, irizpenak behin betiko mugikortasun murriztua agertu beharko du.

-Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordu arteko balioa izanen du.

-Titularra 18 urtez azpikoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da gehienez ere. Irizpenean mugikortasun murriztuaren iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.

8. artikulua. Txartelaren berritzea.

1.-18 urtez goitikoak, behin betiko irizpena dutenak: 6 urtean behin berrituko dute. Udalak non bizi eta erroldatuta den begiratuko du eta interesdunak nortasun agirikoaren tamainako bi argazki beharko ditu aurkeztu.

2.-18 urtez goitikoak, behin-behineko irizpena dutenak: balioaldia amaitzen den egunean berrituko dute. Kasu honetan, berritzeko, interesdunak mugikortasunaren gaineko irizpen berria aurkeztu beharko du, baita bi argazki ere, nortasun agirikoaren tamainakoak, eta non bizi eta erroldatuta dagoen frogatu.

3.-18 urtetik beheitikoak: aldi baterako balioa bukatzen den egunean berrituko da; ez da 2 urterako baino gehiagorako emanen eta interesdunak irizpen berria aurkeztu beharko du.

4.-Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.

5.-Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxean aurkeztu beharko du txartel zaharra.

6.-Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

7.-Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

-Arau-hausteak 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.

-Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

-Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.

-Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak eskubidearen titularrak ez direnak eramateko erabiltzea.

Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen honek indarra hartu baino lehen emandako txartelek balioa izaten segituko dute, harik eta iraungitze eguna iritsi arte.

LEHEN XEDAPENA

Txartela emateak eta berritzeak dagokion tasa sortuko du, eta eskatzaileak ordainduko du hori.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren eredu europarrari buruzko xedapenak

A.-Eredu europarraren arabera, hauek dira desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren neurriak:

-Luzera: 106 mm.

-Zabalera: 148 mm.

B.-Aparkatzeko txartela urdin argia izanen da, aulki gurpildun bat, atzealde urdin ilunean, errepresentatzen duen sinbolo zuria izan ezik.

C.-Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelak aurrealdea eta atzealdea izanen ditu, haietako bakoitza bi zatitan banatua: Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:

-Aulki gurpildunaren sinboloa, txuriz, atzealde urdin ilunaren gainean.

-Aparkatzeko txartela zein egunetan iraungitzen den.

-Aparkatzeko txartelaren zenbakia.

-Agintari edo erakunde emailearen izena eta zigilua.

Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:

-"Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela", letra handitan inprimatua. Horren ondotik, tarte aski utzita eta letra txikitan, "Aparkatzeko txartela" Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetan.

-Idazkun hau: "Europako Erkidegoen eredua".

Atzean, Espainiaren bereizgarria: E letra Europar Batasunaren barrenean: hamabi izarreko zirkulua.

Atzealdearen ezkerrean honako hauek agertuko dira:

1.-Titularraren deiturak.

2.-Titularraren izena; titularraren sinadura edo baimenduriko bestelako markaren bat, legedi nazionalak halakorik aurreikusten badu betiere.

3.-Titularraren argazkia.

Atzealdearen eskuinean honako hauek agertuko dira:

1.-Ohar hau: "Txartel honek erakusten du titularrak baduela baimena aparkatze erraztasunak erabiltzeko, Europar Batasuneko zein estatutan dagoen, bertako legeriaren arabera".

2.-Ohar hau: "Txartela erabiltzen denean, ibilgailuaren aurreko aldean jarriko da, txartelaren aurrealdea aise ikusteko maneran, kanpotik kontrolatzeko".

II. ERANSKINA

Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren eskabidea

Pertsona ezinduaren datuak.

Izena: ............................., NAN zenbakia: .............., bizitokia: ........................., karrika: .........................., PK: ........................ eta telefonoa: ..........................

Legezko ordezkariaren datuak.

Izena: .........; NAN zenbakia: ..........; bizitokia: ..............; karrika: ........... P.K.: .......; eta telefonoa: ............, gorago aipatu pertsona desgaituaren legezko ordezkari gisa.

ESKATZEN DU:

Desgaitasuna dutenendako aparkatze txartela ematea, atzealdean ageri diren baldintzen arabera, indarra duen honako ordenantza honetan xedatutakoari jarraikiz: Pertsona ezinduentzako aparkatze txartela Europako eredura egokitzen duen eta hura eskuratzeko baldintzak ezartzen dituen ordenantza.

Ribaforadan, 2.........ko ................aren ....../e)an

Zuk emandako datuak sartuko dira AEPDko fitxategi batean edo gehiagotan, Ribaforadako Udala horien erantzulea baita. Datuen helburua da agirien erregistroa mantentzea, zure eskabidea kudeatzea eta tokiko entitatearen beste zernahi helburutarako, zein den eskabidearen helburua ikusita. Erabili ahalko dituzu sartzeko, zuzentzeko, kentzeko edo aurka egoteko eskubideak, idazkia igorriz Ribaforadako Udalari (S.F. Javier, 1, 31550 Ribaforada (Nafarroa).

DESGAITASUNA DUTENEK APARKATZEKO TXARTELA ERABILTZEKO BALDINTZAK

-Baimen hau norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularrak berak gidatu beharko du ibilgailua edo beste norbaitek, titularra barrenean dela.

-Horretarako seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du, baita aparkatzea debekatua dagoen tokietan ere behar-beharrezko denboran, salbuespen hauekin:

-Oinezkoendako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoendako pasabideak.

-Gelditzea debekatua dagoen tokian.

-Pasabideak edo larrialdiko irtenbideak oztopatzen diren tokietan.

-Zirkulazio lerroak murrizten dituzten tokietan ("bigarren ilara").

Udaltzainen oharrei kasu egin beharko zaie une oro.

Iragarkiaren kodea: L1204122