70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2012 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko 2012ko deialdia onesten duena.

2009-2012 Enplegu Planean eta Nafarroako II. Osasun Planean xedaturikoarekin bat, langileen lan osasuna hobetzea eta lan istripuak gutxitzea oinarrizko helburua da. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen egoera materiala hobetu behar da, besteak beste.

Nafarroako Gobernuaren 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza hori banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emateko baimendu zen.

Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako 2012ko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 237.000 euroko gastua baimentzea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2012ko Gastuen Aurrekontuko "Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak" izeneko 76100 760000 7709 494100 kontu-sailaren kargura.

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

214.470,84

G/760000/7709/494100: Enplegu plana. Laneko arriskuei aurrea hartzeko inbertsioak

2012

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2012ko martxoaren 5ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Etxabarren.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Diru-laguntzaren xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen osasuna eta segurtasuna sustatzea eta bultzatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetan dauden laneko ekipoen baldintza materialak hobetzea, laneko baldintzetatik sortzen diren arriskuen aurrean babes-maila egokia lortze aldera.

2. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien beharra enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen plangintza prebentiboan jasotzen bada.

Zehazki, inbertsioetan egindako hurrengo gastuei emanen zaie diru-laguntza:

a) Enpresan 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik abian dauden laneko ekipoak edo makinak uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara egokitzea. Errege dekretu horretan laneko ekipoak erabiltzerakoan langileen segurtasuna eta osasuna babesteko gutxieneko xedapenak ezarri ziren.

b) 1995eko urtarrilaren 1a baino lehen enpresan martxan ziren makinen ordezko makina baliokideak, EBren markatuarekin, baldin eta zailtasun tekniko bereziengatik ezin badira 1215/1997 Errege Dekretura egokitu edo egokitzapenak makina berriaren prezioaren %40a gainditzen badu. Aukera horrek makina nahitaez kentzea ekarriko du.

c) 1215/1997 Errege Dekretura fisikoki egokitu ezin diren laneko ekipoak UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin ordeztea (UNE-EN 1263 araua segurtasun sareentzat; UNE-EN 12810 eta UNE-EN 12811 arauak aldamio modularrentzat; UNE-EN 60439-4 araua obra-multzoentzat, etab.). Aukera horrek ekarriko du enpresan normalizatu gabe dagoen ekipo osoa kentzea. Diru-laguntza, gehienez ere, enpresak eskabidearen unean duen kopuruari mugatuko zaio.

d) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira.

e) Pertsonentzako igogailuak eskuratzea, Makinei buruzko urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean aipatutakoak badira.

f) Lanpostuak egokitzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako.

2. Oinarri honetan xedatutakoaren ondorioetarako, inbertsioak diru-laguntza izaten ahal du makinak edo laneko ekipoak finantza errentamenduan edo leasing kontratuaren bidez eskuratzen badira; betiere, eragiketa guztiaren BEZa aurretik ordaindu beharko da kontratu hasieratik, eta kontratuan haren bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoak agertu beharko du.

3. Laguntza izan dezakeen gastuaren %25ekoa emanen da, BEZa kanpo, eta diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 13.500 eurotik gorakoa izanen.

3. oinarria. Onuradunak.

1. Onuradun izateko, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresen lantegiek Nafarroan kokatuta egon beharko dute, eta 1. oinarrian aipatu inbertsioak egin beharko dituzte 2012. urtean.

b) 100 langiletik behera izatea. Horretarako, urteko lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua.

Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Zehapen irmorik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan hutsegite oso larri bat edo bi hutsegite larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratzeko egunaren aurreko bi urteetan.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkatela frogatzeko, eskaeran interesdunak baimena emanen dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari hura frogatzen duten datuak diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizuneko aitorpena eginen du eskatzaileak eskabide orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

4. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2012ko urriaren 15ean bukatuko da.

Enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Salbuespen gisa, 2012. urtean deialdia argitaratu aurretik egin diren inbertsioetarako, eskabideak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunetik aurrera zenbatuta.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoan dagoen fitxa erabiliz. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, zerbitzuen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak. Gune horietan eskaerak aurkezteko moduari buruzko aholkuak emanen dira, eta, hartarako, aurreko lerroaldean adierazi bezala, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Sinadura elektronikoaren titularra eskabidean emandako datuen egiazkotasunaren erantzulea izanen da, bai eta eskabideari lotutako agiri elektronikoen benetakotasunarena ere.

3. Eskabidea ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da, eta agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta izen batekin (ad: "Eskabidea", "Aurrekontuak", eta abar).

a) Inbertsio-proiektua justifikatzen duen memoria. Bertan zehatz-mehatz azaldu behar dira oraingo egoera eta nolako aldaketak egin nahi diren. Egokitu beharreko ekipoen argazkiak, aldamioen krokisak, ekipoen edo ezaugarri teknikoen azalpen-liburuxkak eta abar sartu behar dira, eta egin beharreko inbertsioa erabat erakusten duen beste edozein informazio ere bai.

Memoriak hurrengo informazioa jaso beharko du:

-Inbertsioa zein arautegirekin datorren bat, arautegi horren aipamena.

-Erosi beharreko makinak edo ekipoak EBren adostasun adierazpen baten beharra badauka, haren kopia bat aurkeztuko da, fabrikatzaileak emana.

-Aldamio modularren kasuan, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, aldamioak UNE-EN 12811-1 arauko 4., 5. edo 6. motetako baldintza teknikoak betetzen dituela frogatzeko. Aurrekontuak edo proformako fakturak osagai bakoitzaren marka, modeloa eta mota zehaztuko ditu. Kasu horretan, eskabidearekin batean, zenbat aldamio normalizatu gabe dituen deklaratu beharko du enpresak, eta zehaztu zer prozeduraren bidez deuseztatuko dituen inbertsioa egin ondotik.

-Ekipoak 1215/1997 Errege Dekretura egokitzeko egiten bada eskabidea, ekipoa arau horretara egokitzeko azterlana ere aurkeztu behar da.

b) Proiektuaren kostuaren aurrekontua edo proformako faktura xehea. Aurrekontuko kontu-sailetan, eskuratu beharreko objektua identifikatu behar da; ezinbestekoa izanen da, baldin eta objektu horrek UNE araua edo EBren markatua bete behar baditu.

Diruz lagun daitekeen jardueraren gastuak (BEZa kanpo) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, obraren exekuzioaren kostuaren kasuan, edo 12.000 euroko zenbatekoa, ekipo ondasunen horniduraren kasuan, eskatzaileak hornitzailea eragimen eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du, gutxienez bi eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez.

c) Arriskuen ebaluazioan, diruz lagunduko den ekintza zuzentzailea proposatzen den zatiaren kopia, eta enpresaren prebentzioko jardueraren urteko plangintzaren kopia osoa.

d) Estalki hauskorrak kendu behar badira, honako hau ere aurkeztu beharko da:

-Egin beharreko obraren plano edo krokisak.

-Estalki berria hauskorra ez dela dioen ziurtagiri teknikoa edo, zapaldu behar ez den eremuren bat baldin badago, bertatik goitik behera erortzeko arriskua saihesteko neurri teknikoak adierazi.

-Estalkietara iristerakoan eta muntatzeko eta desmuntatzeko lanak egiterakoan goitik behera ez erortzeko hartu beharreko prebentzio eta babes neurrien plangintza zehatza.

-Aldatu beharreko estalkia fibroporlanezkoa bada, amiantoa manipulatu behar duten enpresak identifikatuko dira, amianto arriskua duten enpresen erregistroan (RERA) duten zenbakia barne, edo bertan izena emanik daudela frogatzen duen agiriaren fotokopia. Diru-laguntza kobratzeko, beharrezkoa izanen da aurretik amiantoa kentzeko lanaren plan espezifikoa onestea, martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan araututakoa.

e) Makinak eta ekipoak ordezten direnean (2. oinarria), haiek suntsitzeko erabiliko den prozedura deskribatuko da eskabidean, enpresaren bitartekoak erabiliz eginen den edo hondakin ez arriskugarriak kudeatzen dituen enpresa batek, zizaila edo zatitzailea duenak, eginen duen. Diru-laguntza kobratzeko, enpresak modu sinesgarrian frogatu beharko du suntsipena.

f) Lanpostuetan egokitzapen ergonomikoak egin behar badira, honako hauek aurkeztu beharko dira:

-Lanpostuaren azterketa ergonomikoa, gutxienez atal hauek dituena:

-Inbertsioa zer lanetan eginen den, horren azalpen xehea.

-Gihar-hezurretako arriskuaren ebaluazioa, berariazko metodologia onartua aplikatuz (Niosh, I.N.S.H.T.ren gida, Rula, Owas, IBV etab.). Ebaluazio horretan agertuko da noiz egin den eta zein teknikari eskudunek egin duen.

-Arrisku hori kontrolatzeko aplikatu beharreko neurri tekniko berariazko eta zehatzak.

-Gihar-hezurretako arazoei aurrea hartzeko enpresak ezarrita daukan plan integrala, besteak beste sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak biltzen dituena. Plan horretarako ezin da diru-laguntzarik jaso.

g) Makinak edo laneko ekipoak finantza errentamenduz edo leasing kontratuaren bidez eskuratzen badira, eragiketa guztiaren BEZa aldez aurretik ordaindu dela frogatu beharko da, eta kontratua aurkeztu, haren bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa erakusten duena.

5. oinarria. Laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

6. oinarria. Laguntza emateko ebazpena.

Lan Harremanen eta Arriskuen Prebentzioaren Atalak, aldez aurretik Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren txostena duela, eskabideak ebaluatuko ditu eta ebazteko proposamena igorriko dio organo eskudunari, bertan adierazita onuradunek diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskabidea aurkezten denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria. Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Inbertsioak gauzatu ondoren, onuradunek 2012ko abenduaren 14a baino lehen, egun hori barne, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, 4. oinarriko 3. atalean adierazitako moduan:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak aipatuta.

b) Egindako gastuaren eta ordainketaren frogagiriak.

c) Aldamio modularrak ordeztu diren kasuan, aldamioa suntsitu izanaren ziurtagiria erantsi beharko da, baita haien suntsipen partziala erakusten duten argazkiak ere.

2. Frogagiriak azterturik, instrukzio organoak ordainketarako ebazpenaren proposamena igorriko dio Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko.

8. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Inbertsioak 2012ko abenduaren 14a baino lehenago egin, hau da, egindako gastu eta ordainketen frogagiriak aurkezteko azken eguna baino lehen.

b) Diru-laguntzaren xedeko ekipoak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

c) Behar izatera, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea inbertsioak egiteari uko egin zaiola eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.-''De minimis" laguntzak.

Diru-laguntza hau "de minimis" laguntza da, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman zuen EE 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko edozein alditan.

Ondorio horietarako, enpresak behartuta daude araubide horri jarraikiz aurreko hiru zergaldietan hartutako diru-laguntzak adieraztera, eskabidea aurkezten dutenean. "De minimis" laguntzen baturak, diru-laguntza hau barne, gehieneko muga gainditzen badu, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxituko da, muga hori ez gainditzeko.

10. oinarria. Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Laneko ekipoak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak, deialdi honen xedekoak, bateraezinak dira Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak industria inbertsiorako ematen dituen laguntzekin; laguntza horiek alternatiba gisa eska ditzakete enpresek.

11. oinarria. Gora jotzeko errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F1203805