70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2011ko abenduaren 13an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Elizagorriko, Lodosako, Mendabiako, Sartagudako eta Sesmako Mankomunitatearen etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aldaketa (2012ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 19an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2012ko martxoaren 7an.-Mankomunitateko burua, Fabiola Martínez Sancho.

ERANSKINA

2. artikulua. Horren ordez testu hau izanen da:

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean dauden printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona hemen:

a) Unibertsaltasuna: botere publikoek bermatuko dute gizarte zerbitzuez baliatzeko biztanle guztiek duten eskubidea, berdintasun, ekitate eta birbanaketaren zuzentasun irizpideen arabera. Halere, zenbait zerbitzu zehatzez baliatzeko bete beharreko baldintza bereziak ezarri ahalko dira.

b) Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatu beharko dute, sistemaren funtzionamendurako eta koordinaziorako beharrezkoak diren giza baliabideak eta bitarteko tekniko eta finantzarioak arautuz eta jarriz.

c) Berdintasuna: Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan gutxieneko prestazio homogeneoak egotea bermatu beharko du.

d) Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari laguntzera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatu, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

e) Hurbiltasuna eta deszentralizazioa: gizarte zerbitzuak pertsonengandik ahalik eta hurbilen eman beharko dira, kontuan harturik haien izaera eta ezaugarriak.

f) Herritarren partaidetza: botere publikoek pertsonek, taldeek eta entitateek sistemaren funtzionamenduan parte har dezaten sustatu eta bermatu beharko dute.

g) Laguntza pertsonalizatua eta integrala: gizarte zerbitzuen sistemak erantzun integrala eman beharko die behar sozialei, behar horien berri izatea ahalbidetuko duen laguntza pertsonalizatuaren bidez.

h) Prebentzioa: gizarte zerbitzuen sistemak premia sozialeko egoerak gertatzeko arriskua saihestera bideratuko ditu batez ere bere jarduketak eta zerbitzuak.

i) Normalizazioa: gizarte zerbitzuen lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte har dezatela, ahal delarik.

j) Autonomia sustatzea: gizarte zerbitzuen sistema lagungarria izanen da pertsonek behar den gaitasuna beregana dezaten norberaren bizimoduari buruzko erabaki pertsonalak hartzeko eta lehentasunak hautatzeko, baita beste arlo batzuetan (gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan, hezkuntzan) parte hartzeko eta moldatzeko.

k) Planifikazioa eta ebaluazioa: botere publikoek ordenan planifikatu beharko dituzte gizarte zerbitzuen esparruan jarraitu beharreko jomugak, estrategiak, politikak eta jarraibideak, bai eta arazo sozialen eta haiek eragiten dituzten arrazoien berri izateko erabili behar diren bideak eta ekintzak ere, aldizkako ebaluazioaren arabera egoki diren aldaketak ezarriz.

l) Administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza: botere publikoek ziurtatu beharko dute gizarte zerbitzuen sistemaren berdintasuna, eta ahal den efizientzia eta eraginkortasun handienez funtzionatzen duela, horretarako haien arteko eta ekimen pribatuarekiko koordinazio eta lankidetza bideak bultzatuz.

m) Kalitatea: Nafarroako Gobernuak bermatuko du gutxieneko kalitate estandarrak izatea gizarte zerbitzuen sisteman, eta estandar horiek hobetzea sustatuko du.

n) Boluntarioen lanaren sustapena: botere publikoek herritarren elkartasunezko lankidetza sustatuko dute gizarte zerbitzuen esparruan, boluntarioen elkarteen parte-hartzearen bitartez, betiere, parte hartze horrek ekartzen ez badu behar diren zerbitzu profesionalak ordezkatzea.

5. artikulua. Lerroalde hau gehitu da:

ELZk laguntza emanen die esku-hartzeko programan islatutako bizikidetzako unitatea osatzen duten pertsona guztiei, eta eten eginen da, edo erabiltzaileari bakarrik laguntzera mugatu, normalean bizikideak ez diren pertsonak etxean daudenean.

6. artikulua. "Familia-langilea" atalaren bigarren lerroaldea aldatu da, hona hemen testua:

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio, heparina eta intsulinaren injektagarriak izan ezik.

9. artikulua. Honako lerroalde hau gehitu da:

Kanpoan daudenean: erabiltzaileek, gutxienez hilabete batez etxetik kanpo daudenean, ospitalean daudenean izan ezik, haiei dagokien gutxieneko tarifa ordaindu beharko dute plazaren erretserba bermatzeko.

"Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa" atalean, lehendabiziko tartearen ordez honako hau izanen da:

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG > %105 OAEAP

Prezio publikoaren 0,07 0,88 €

11. artikulua. "Iraungipena eta etena" atalean, etenaren ordez honako testu hau izanen da:

Etena: zerbitzua denbora baterako etetea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Gutxieneko tarifa kobratuko da, plaza erretserbatzeko.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenaldietan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia aipatu aldia baino luzeagoa bada, eskaera kontuan hartuko da zerbitzuaren egoeraren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1203884