70. ALDIZKARIA - 2012ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Ordenantza fiskala, okupatu gabeko etxebizitzen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2011ko abenduaren 20an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu ordenantza. Iragarki hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi da. Haren testu osoa ondotik ematen da.

ORDENANTZA FISKALA, OKUPATU GABEKO ETXEBIZITZEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Oinarria.

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. Tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatuaren babesean.

Zergapeko egintza.

2. artikulua. Zergapeko egintza udalerrian kokatzen diren eta okupatu gabetzat jotzen diren etxebizitzak edukitzea da.

3. artikulua. Zergapeko egintzari dagokionez, etxebizitzatzat joko da baldintza arruntetan pertsonen bizitegi izan daitekeen eraikuntza oro, aldi baterako zein luzaroan.

4. artikulua. Okupatu gabetzat joko dira urtean zehar lau hilabete baino gehiago okupaturik ez dauden etxebizitzak, salbuespen honekin: etxebizitza non, hango biztanle ez den batek urteko sasoi jakin batzuetan baino ez eta aisialdirako soilik erabiltzeko dena.

Ondorio horiei dagokienez, kontratua duten etxebizitza alokatuak okupatutzat joko dira.

5. artikulua. Ez da zerga hau ordaindu beharko etxegintzan edo etxe salmentan ari diren enpresek eraikitako etxebizitzengatik, horien lehen eskualdaketa egiten ez den artean.

Subjektu pasiboak.

6. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, herentzia banatu gabeak, ondasun komunitateak, eta gainerako entitateak, nortasun juridikorik izan ez arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen dutenak, baldin eta:

a) Okupatu gabeko etxebizitzen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean gozamenerako bestelako eskubide errealik ez denean.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamenerako eskubide errealen baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak.

7. artikulua. Zerga honetatik salbuetsirik egonen dira kasu hauetan daudenak:

a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legeriari jarraikiz.

b) Etxebizitzen titularrak arrazoi teknikoak, antolamendukoak zein ekoizpenekoak direla medio edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkien kontratuak direla bide edo toki-mugikortasunaren menpe daudelako, ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak badira.

c) Etxebizitzen titularrak administrazio publikoak badira.

Edonola ere, etxebizitza bakarra hartuko du salbuespenak, aurreko zenbakiko c) letrakoari dagokionean salbu, horrek denak hartuko baititu.

Zerga oinarria.

8. artikulua. Zerga-oinarria Hirilurreko ondasunen gaineko Kontribuzioaren ordainarazteko indarra duen bera izanen da.

Kuota.

9. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatu ondokoa.

Karga-tasa.

10. artikulua. Karga-tasa ordenantza honen eranskinean agertzen da.

Zergaren sortzapena.

11. artikulua. 1. Zerga 16. artikuluan aipatzen den jakinarazpenetik urtebete iragandakoan sorraraziko da lehen aldiz, etxebizitzak okupatu gabe jarraitzen badu, 3 eta 4. artikuluetan horren gainean egin den kalifikazioarekin bat.

2. Gerora, urte bakoitzeko lehenbiziko egunean sorraraziko da zerga.

Kuotak seihilekokoak izanen dira, seihilekoak naturalak izanen direlarik, eta horien barnean, zatiezinak eta txikiezinak.

12. artikulua. Subjektu pasiboek ondokoa eskatu ahal izanen dute, dagokion espedientea tramitatuz: etxebizitza okupatu denetik aitzinako zergaren sorrarazpen aldiari dagokion kuotaren heineko zatia itzultzea.

Zergaren kudeaketa.

13. artikulua. Okupatu gabeko Etxebizitzen Errolda egin beharko du Udalak, zergaren ordainarazpenerako.

14. artikulua. Aitzineko artikuluan xedatutakoari dagokionez, subjektu pasiboek aitorpena aurkeztu beharko dute, Udalak emandako ereduarekin bat eta 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, hutsik jo daitezkeen etxebizitzen berri emateko, zerga ezartzeko erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

15. artikulua. Aitorpenik aurkeztu ezean, edo aitorpenak akastunak badira, Udalak, bere kabuz edo salaketaren ondorioz, erroldan sartuko ditu aurreko lerroaldean aipatzen diren etxebizitzak, interesdunari entzutea emanda aldez aurretik espedientea tramitatuta.

16. artikulua. Erroldan sartu ondotik, Alkateak titularrari jakinaraziko dio zerga sortzeko urte beteko epea has dadin, 11. artikuluak xedatutakoarekin bat.

Alta eta bajen sistema.

17. artikulua. Behin erregistroa eraturik, eta aitzineko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, subjektu pasiboek edo horien administratzaileek edo legezko ordezkariek gertatu diren aldaketak deklaratu behar dizkiote Udalari, eta horretarako alta, baja eta jabari edo titulartasun deklarazioak aurkeztu behar dituzte, aipatutako egintzak ematen diren unetik ondoko 30 egun baliodunean.

18. artikulua. Subjektu pasiboek behar diren alta, baja eta aldaketen aitorpenak aurkeztuko dituzte, dokumentu fede-emaileekin batera, zeinetan gertatutako aldaketa kreditatuko den; horiek eraginkorrak izanen dira aldaketak zein seihilekotan gertatu eta hurrengo seihileko naturaletik aitzina, eta hari dagokion kuota ukituko du.

Arau-hausteak eta zehapenak.

19. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa.

Tributu kuota erdiesteko zerga-oinarriari aplikagarri zaion karga-tasa indarrean dagoen hiri kontribuzioaren tasaren %40 da.

Irurtzunen, 2012ko martxoaren 9an.-Alkatea, Juan José Iriarte Vitoria.

Iragarkiaren kodea: L1204021